Errealitatearen bidez kontatutako istorioak

  • Martxoaren 2an zabalduko dizkio ateak Iruñeak zinema dokumentalari eta hilaren 7ra arte gertuko eta urruneko obrak bilduko ditu Punto de Vista jaialdiak ikuspegi kritiko, sortzaile eta esperimentalez. Aste osoan egongo dira ikusgai lan ugari, baita zinemarekin zerikusia duten formakuntza saioak ere Baluarten, Iruñeko Filmategian, Uharte Arte Garaikideko Zentroan, Iruñeko Planetarioan, Gayarre Antzokian eta Katakraken.


2020ko martxoaren 03an - 11:52
Oskar Alegriaren 'Zumiriki' filmak ikusumina eragin du aurtengo Punto de Vistan.

1993. urtean sortu zen Iruñean bideo-sorkuntzaren inguruko jaialdi bat, ikus-entzunezkoan sormena lantzen zuten filmen bultzatzaile zena, eta haren ondorengoa da Punto de Vista. Jaialdi hartan bazegoen dokumentalari eskainitako atal oso bat, eta horren bilakaera da aste honetan hamalaugarren ediziora iritsi den nazioarteko jaialdia. Dokumentala topagune bezala planteatzen da bertan, generoaren konbentzioak gainditzeko eta berritzeko borondatez ari diren errealizadoreek elkarren bilaketak ezagutu eta ikuslegoarekin partekatu ditzaten. Filmetan dagoen konpromiso etikoa baloratzea da jaialdiaren premisetako bat, antolatzaileen ustez arte adierazpenak berak ere eduki behar baitu prozesu koherentea. Bertan lehiatzen diren lanek errealitatera hurbiltzeko moduak proposatzen dituzte, ez-fikziozko zinemaren ospakizuna da jaialdia.

 

 

Gerard Ortínen 'Reserve'.

 

 

Nazioarteko filmez gain, badira euskal zinema dokumentalari eskainitako espazioak ere. Aurten, esaterako, Oskar Alegriaren Zumiriki (2019) lanak inauguratuko du jaialdia, Nafarroako Pirinioetako basoan ezkutatu den naufrago baten inguruko filmak. Sail Ofizialean Gerard Ortín zuzendari katalanak zuzendutako Reserve filma eskainiko dute, zeina Pirenaika eta Tractora Koop euskal ekoiztetxeek ekoitzi duten. Reserve otsoaren desagerpenaren inguruan hausnartzen duen 27 minutuko pieza da, protagonista duen animaliari zeharka gerturatzen zaiona. Otsoentzako tranpen hondarren bidez, Ameriketako Estatu Batuetatik inportatutako harrapakari gernuaren bidez, hegazti sarraskijaleak elikatzeko hondakindegiaren bidez eta animalien erreplikei tiro egiten dieten arkularien bidez, lurralde bateko oreka ahularen inguruko kontakizuna eraiki du Ortínek, eta gizakien eta gizaki ez direnen arteko harremanaren inguruan galdekatzen du. Beste herrialdeetan hautatuak izan diren filmekin batera lehiatuko da sari nagusienen bila.

 

 

'Gorria', Maddi Barberren pelikula, X-films atalean ikusia hal izango da.

 

 

Ildo berean, X-films deritzon atalean, Maddi Barberrek urtebetean landutako Gorria proiektua erakutsiko da. Punto de Vistak pasa den urtean saritutako egitasmoa da, zuzendariak 16 milimetroko film-euskarrian gauzatu duena. Barberren lanak bide ezberdin batetik heltzen dio Ortínen bilaketarekin zerikusia duen gaiari. Gorria-k fokua jartzen du Lakaben egiten den artaldeen zaintzan eta hilketan, zeinak alternatiba proposatzen dion animalien industrian nagusi den gauzak egiteko moduari. Herri baten sinesmenetara eta erritualetara hurbilketa da obra, eta beste espezie batzuen kudeaketaren dudak eta kontraesanak gorpuzten ditu bere irudietan. Bi zinemagileen lanak elkarrizketa gisa beha daitezke, bai ikuslegoarekin, bai inguruarekin, baita elkarren artean ere.

Gainera, Paisaia sailean, Ione Atenea, Arnau Padilla, Peru Galbete, Lur Olaizola, Ainhoa Gutiérrez eta Jesús María Palaciosen filmak ere eskainiko dira aurten. Hego Euskal Herriko dokumental ekoizpenari dagokionez, pelikula berri eta ausartenak biltzen dituen saila da Paisaia, arakatze estetiko eta narratiboaren ariketa irekitzat planteatzen diren obren lagina. Proposamen ausartak baloratzen ditu jaialdiak, bilaketari garrantzia ematen diotenak, dokumentalaren alorra bera zabaltzen lagunduko dutenak. Aurten, memoriaren kontzeptuarekin loturiko galderak planteatzen dira sail horretan hautatutako filmetan. Zinemagile bakoitzak hainbat adiera –memoria intimoa, familiarena, kolektiboa, historikoa– landu ditu eta, bakoitzak bere adierazpen estetikotik edo narratibotik, gizakiaren behar jakin bat aztertu du: memoria kontakizun moduan finkatzeko premia, edo filmatzearen eta idazketaren bitartez manipulatzeko beharra. Sailak bi proiekzio proposatzen ditu lanak ikuskatzeko: batetik, Ione Atenearen Enero film luzea; bestetik, Padillaren Para ver lo que quiero ver necesito más que los ojos, Galbeteren Ura sartu zen barrura, Olaizolaren Xulia, Gutiérrezen Medvedek eta Palaciosen Labo laburmetraiak biltzen dituen proiekzioa.

 

 

'Ura sartu zen barrura', Peru Galbete.

 

 

Galbeteren bigarren laburmetraia da Ura sartu zen barrura. Musikari gisa ere aritzen den zuzendari honek Uharte zentroan garatu du lana, artistentzako eskaintzen duen espazioan. Musikaren eta irudien arteko zuzeneko esperimentazioa izaten hasi zenak hamasei minutuko filmean aurkitu du, azkenean, oreka. Txikitan bere etxean jasandako uholde batek abiarazten du proiektua; uriola bat, zeinetan etxekoak bizirik atera arren, etxearen behealdean zituzten oroitzapen asko galdu zituzten. Diapositiba batzuk besterik ez zituen berreskuratu aitak, banan-banan garbitu zituenak. Horrela, uraren arrastoak emandako esanahietan murgiltzen da Galbete, galdera batekin: ez al dute hobeto kontatzen iragana gertakizunak beren azalean bizi izan dituzten argazkiek?

Tarragonako Francisco Franco Unibertsitate Laboralean oinarritzen da, bere aldetik, Jesús María Palaciosek jaialdian erakutsiko duen obra. Labo izendatzen duen lanak paseo bat proposatzen du unibertsitatearen eraikinaren memorian barrena. Bi zentzutan: eraikuntzak dituen korridoreetan barrena arakatzen du eta, era berean, eraikin horietan bizi izan zirenen oroitzapenetara gerturatzen da. Filma gure iraganera joateko bidaia da, gure orainaldia eta etorkizuna hobeto ulertu ahal izateko. Gaiak, gainera, zuzenean interpelatzen ditu azkenaldian Espainiako diktaduraren buru izan zenaren inguruan mugitzen ari direnak. Lana 2019ko Kimuak katalogoaren parte da eta Documenta Madrid jaialdian estreinatu zen duela ia urtebete. Zuzendari donostiarrak hiru film labur landu ditu honen aurretik, eta metraje luzean ere aritu da, Distantziak 2015eko talde-ekoizpenean hain zuzen ere.

 

 

'Enero', Ione Atenea.

 

 

Ione Atenearen Enero filma da saileko film luze bakarra eta zuzendariaren lehen pelikula da. 69 minutuko lanak zahartzaroaren erretratu intimoa egiten du, laurogei urte pasatxo dituzten bi emakumeren historien bitartez: zinemagilearen bi amonak. Kamerak zahartzen ari diren gorputzen materialtasuna eta keinuak jasotzen dituen bitartean, emakumeek beren bizitzaz, denboraren iragateaz eta heriotzaz hitz egiten digute. Lan honen prozesuan, zinemagilea bere amonekin batera joan zen emakume bakoitzaren sorterrira. Bidaia batean Galiziako kostaldeko itsasora joan zen, Manolitak handik emigratu baitzuen duela berrogei urte baino gehiago; beste bidaian berriz, Nafarroako Lerga herrira. María Jesús han jaio zen, eta hara itzuliko omen da hiltzen denean. Zuzendariak dio jakin nahi zuela nola bizi daitekeen norberaren denbora naturala amaitu denean, eta bere amonentzako amodiozko gutun gisa ulertzen du filma. Zoritxarreko izan daitekeenari alde positiboa bilatu nahi izan dio Ateneak, eta aldi berean denboraren iragatearen inguruan pentsatu. Ez da lehen aldia zuzendari eta artista honek zahartzearen eta eraldatzearen inguruko lana egiten duena, 2016an Nafarroako Artista Gazteentzako diru-laguntza jaso baitzuen 24/07 obrari esker: bertan, aitona izandakoaren alzheimerrarekin lotutako gaiak bildu zituen, gerora liburu bezala argitaratuko zituenak. Dokumentala Hiruki Filmakek ekoizten du, Ateneak Garazi Erbururekin eta Marina Lameirorekin partekatzen duen ekoiztetxeak.

Dokumentala ulertzeko bestelako modua proposatzen du Punto de Vista jaialdiak eta Euskal Herriko zinegile berritzaileenen lanak ikusteko aukera eskainiko du aurtengo edizioan ere

Lanen eta errealitatearen arteko lotura dira film hauetan aipagarri, eta uste dut hori dela gizartearekiko garrantzitsu bihurtzen dituena. Beharbada, historia hauek ezin dira beste modu batera kontatu. Dokumentuaren egiazkotasunarekin jokatzen du sarritan lan mota honek, hori bera zalantzan jarri eta fikziozko gertakariekin filma osatzeko. Aspaldi hautsi zen kamera batek “aurrean dagoena bere horretan” filma dezakeenaren mitoa, eta atzean utzi ditugu –eskerrak– XIX. eta XX. mendeetan zehar herrialde “exotikoetara” egindako antropologoen bidaietatik ekartzen zituzten interpretazioak itsu-itsuan sinesteko garai bateko joerak. Egun, errealitateari marko bat ipini eta nondik begiratu proposatzen du bere buruaz kontziente den dokumentalak. Zinegileak etikoki jardutea zor dio aurrean duenari, eta beharra sentitzen du ikuslegoari argitzeko nor den kontatzen duena, eta zein izan den bere harremana film horrekin. Finean, jaialdiaren izena daraman ikuspuntua da film dokumentalek eskaintzen dutena. Memoriaren kasuan, gainera, ezaugarri garrantzitsua da errealitatearekiko harreman hori, euskarri bat izan dezagun haren arabera kokatzeko. Egiarik ez dago, helduleku bat baizik.

Dokumentalaren gaur egungo egoera ez da, bortxaz, beti horrelakoa izan. Filmak eta dokumentalak elkarren artean bereizten ditugu egunerokoan, batzuk besteen barnean sartu ezinik. Pelikulak denbora pasarako entretenigarri dira; dokumentalak, informazioa –gehiegi– ematen duten ikasteko tresna –aspergarriak–. Jaialdi honek, Euskal Herrian eta mundu mailan lanean ari diren zinemagile askok bezala, bestelako harremana proposatzen du: ezagutu, gozatu eta pentsatzeko aukera eskaintzen duen era bat. Bien artean topa liteke, agian, konbinaketa ona, errealitatearen bidez istorioak kontatzeko. Gure baitan dago, hortaz, dakartzagun aurrejuzguak deseraikitzeko gaitasuna.

Honen inguruan hausnartzeko gonbita luzatzen dizuet, Iruñeko areto nahiz kaleetan aste honetan. Ireki dezagun, behintzat, eztabaidarako tartea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punto de Vista festibala
(Besteen) Etxeko leihotik begira

Sartzen zara areto handi batean eta badira: besaulkiak, beltzez jantzitako pertsonak sarrerak eskatzen, linternak, urrutian aurkezle bat mikroa eskutan, aspaldiko lagunak pelikula aurretik urtebeteko bizipenak bi minututan laburtu nahian. Argiak itzaltzen dira eta ilunpean,... [+]


2022-03-13 | Kepa Matxain
Arantza Santesteban
"Gutako bakoitzaren intimitatean intimitate komun bat dago"

Kartzelatik atera eta sei urtera, orduko argazki eta gutun artxiboa errepasatzean, ohartu zen Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) lehen aldiz esku artean zeukanaren dimentsioaz. Orduan hasi zen forma hartzen 918 gau, bere militantzia-esperientzia kontatzen duen filma. Iaz... [+]


Punto de Vista 2022
Bertakoa eta nazioartekoa

Martxoaren 14tik 19ra bitarte ospatuko da Iruñeko Punto de Vista jaialdia, Baluarte Aretoan eta inguruetan. Jone Atenea iruindarraren Los caballos mueren al amanecer (2022) filmak irekiko du zinemaldia eta beste hainbat euskal zinemagile ere izango dira protagonista... [+]


María Salgado
Kresala, zaldizkoak eta hiru dimentsiodun poemak

Uda garaiko egun bero horietako bat da, Kontxako hondartza jendez lepo dago, eta egunero bezala, aldiro, megafonia pizten da. Megafoniatik entzuten diren hasierako hiru tonuen ondoren, ohiko ahotsaren eta mezu programatuen ordez, guztiz ezezaguna egiten zaigun ahots bat entzuten... [+]


Ikuspuntu jaialdia
Ez diren gauzak ere badira

Hilaren 15ean izan zen Ikuspuntu jaialdiaren hasiera-ekitaldia Iruñeko Baluarte Jauregian. Marina Lameiroren Dardara filmak ireki zuen zinema astea, Berri Txarrak musika taldearen azken biran errodatutako lanak. Bata bestearen atzetik, hamaika film ikusteko parada izan... [+]


Eguneraketa berriak daude