"Elebitasunak ez, eleaniztasunak salba gaitzake"

  • Goxo, eta era berean gordin, hitz egiten du Carme Junyent hizkuntzalariak. Ez daki katalana salbatuko den, desagertzeko bidean dauden hizkuntzen sintoma berberak agertzen dituelako. Ez daki bere bilobek katalanez egingo duten. Lo ez geratzeko arrazoi sendoak daudela dio, eta bereziki Kataluniako Hezkuntza Saila kritikatu du, katalanez irakasten ez duten ikastetxe pila bat haren kargu dituelako.

    Horregatik, zanpatutako hizkuntza salbatzeko formulak bilatu behar dira. Munduan nora begira dagoen galdetu diogu, ereduak non dauden, eta balio duen eredurik ez dagoela erantzun digu. Hizkuntza menperatzaileen atzaparretatik askatzeko estrategiak asmatu behar dira. Gaztelania-katalana bitasuna apurtu eta komunitate eleanitzera bidea egitea proposatzen du, “horrexek salba gaitzake”. Elebitasunaren eskema alboratu eta eleaniztasunari heldu. Herrialde Katalanetan hitz egiten diren ehunka hizkuntzetan arreta jartzea eskatzen du, haien hizkuntzak ez estigmatizatzea, eta katalan hiztunek sinestea beste hizkuntzetako kideek ere nahi dutela katalana, hizkuntza menperatua izanik ere, ikastea eta erabiltzea.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Elebitasuna baztertzeko ordua

Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades (mehatxatutako hizkuntzen ikerketarako taldea) taldeko kidea zara. Zertarako sortu zenuten taldea eta zein lan ari zarete egiten?

Unibertsitateko ikasle talde batek eta nik sortu genuen. Maila akademikoan tradiziorik ez zuten hizkuntzak aztertu nahi zituztenek aukera izatea zen asmoa. Alabaina, urte haietan ezin genuen aurreikusi denbora gutxian gertatuko zena. Toki guztietatik jendea etortzen hasi zen eta hizkuntzak iristen hasi ziren. Guk maila unibertsitarioan ikertu nahi genituen munduko hizkuntzak, baina hizkuntzak hona etorri ziren. Hasieran, Bartzelonan ez zen ikusten, kostara eta Lleidara etorri ziren nekazaritzan aritzera. Ikastetxe haietako irakasleak izan ziren lehenak kezkatzen, haiek ari ziren katalana irakasten ikasle haiei. Orain asko kostatzen da garai hura gogoratzea, baina irakasleek ez zekiten desberdintzen amazigera eta arabiera. Marokoarrek arabieraz aparteko hizkuntzaren bat hitz egin zezaketenaren arrastorik ez zuten eskoletan.

Nola guk halako hizkuntzak aztertzen genituen guri deika hasi ziren, hitzaldiak ematen hasi ginen, informazioa eskatzen ziguten. Lehen lerroan jarri ginen. Herri haietara joanez konturatu ginen gizartea aldatzen ari zela. Eta konturatu ginen, ikastetxeetan, etorri berriak ziren ikasle guztiak tratatzen zituztela gu tratatzea nahi ez dugun bezala: marokoar guztiek arabieraz egiten zuten, amazigera ez; pakistandar guztiek urdua, eta ez punjabiera; Hego Amerikatik etorritako denek espainiera egiten zuten. Orduan pentsatu genuen aniztasun errealera gerturatu behar genuela ahal genuen guztia. Hau da, jakin behar genuen zein hizkuntza hitz egiten zituzten.

Inbentarioa egin genuen. 300 hizkuntzaren erreferentziak dauzkagu. Trenean ere entzungo duzu datu hori. Dagoeneko hizkuntza zenbaketa ez da gure helburu nagusia, badakigu zenbat diren. Lerro berria ireki genuen: zer egingo dugu hizkuntza horiekin katalanarekiko?

Beraz, katalanaren normalizazioaren ikuspegitik zertarako darabilzue egindako lan hau?

Hainbat alderdi daude, zeren guk mehatxatutako hizkuntzen gaia lantzen dugu, ordezkapen prozesuak, eta abar. Gu tratatzea nahi ez dugun moduan haiek tratatzeak esan nahi zuen espainieraren blokean kokatzen ginela, hau da, hitz egiten dutena hitz egiten dutela, pertsona ezezaguna den neurrian, arazorik ekarriko ez dizun hizkuntzan hitz egiten diozu, eta kito. Alegia, desberdina dela iruditzen zaien orori espainieraz egiten diete denek.

Horrek esan nahi du gizartean txertatzea askoz zailago dutela zeren “zu ez zara hemengoa” esateko modu bat da. Jarrera horrekin mehatxua elikatzen ari ginen, horretan ari gara egia esan. Izan ere, hazten ari den hizkuntza bakarra dago: espainiera.

"Zanpatutako herrietako kideak gara, eta ez zaigu burutik pasatzen gure taldekoa ez den pertsona batek gure hizkuntzaz interesik izan dezakeenik"

Katalanaren normalizazioari dagozkion datuek behera baino ez dute egin. Orain dela hogei urte esaten nuen eta denetarik erantzuten zidaten. Batez ere katalana lehen hizkuntza duten biztanleen datuez ari naiz eta atzerakada ez da migrazioen ondorioa. 90eko hamarkadan jada gauza batzuk ikusten ziren. Orduan idatzitako artikulu batean aurreikuspen batzuk egin nituen, nik uste baino azkarrago joan da kontua, joera oso garbia zen. Baliteke migrazioek egoera larriagotzea, baina ez hainbeste, zeren lur eremua zabalik dago, hau da, guk gure burua ez badugu tratatzen hizkuntza menperatzailearen parte bagina bezala, litekeena da jokabide horrek gure alde jokatzea. Datuak ikusi genituenean hori pentsatu genuen. Hizkuntzak noiz hiltzen diren badakigu, hainbeste hil dira! Orduan, beste galdera bat egiten diogu gure buruari: hizkuntza asko hil dira eta horiek izan dituzten presio berberak jasandako beste batzuk ez dira desagertu, zergatik ez dira desagertu?

Erantzunak asko dira, baina datu bat errepikatzen da: hizkuntza aniztasun handiena dagoen eremuetan, komunitate eleanitzetan daude bizirik dirauten hizkuntza horiek. Ez dira komunitate elebidunak, hiztun denek lau edo bost hizkuntza hitz egiten dituzte. Zuk hizkuntza batean funtzionatzen baduzu, eta beste bat agertzen bada eta lehen duzunaren funtzioak betetzen baditu, ordezkatzen duzu eta kito. Baina hainbat hizkuntzatan funtzionatzen baldin baduzu eta beste bat agertzen bada, bat gehiago da.

Europako egitasmo batean ari ginen lanean, desagertzen ari ziren hizkuntzak oinarri zirela. Gogoan dut nola lankideek esaten zuten zein zaila zen hiztun berriak lortzea. Baina kontua da egitasmo hartan garbi ikusten zela hizkuntza haiek elebitasunak jota hil zirela, ordezkapen prozesua eman zen eta desagertu ziren. Balkanetan berriz, hizkuntza asko bizi dira elkarrekin, inork ez dio utzi bere hizkuntza hitz egiteari eta ez da ordezkapen prozesurik izan.

Argazkia: Dani Blanco.

Gizarte eleanitzetan ere, esate baterako Katalunian, hizkuntza bat gailenduko da, ordea.

Jakina. Lehendabizi sinetsi behar dugu komunitate eleanitza garela. Nik uste dut honek salba gaitzakeela. Afrikan, Txiapasen, Ozeano Bareko toki askotan, jendeak bizitzako hainbat eremutan hainbat hizkuntza darabil, eta ez dira hizkuntzak desagertzen.

Ez dira desagertzen, baina zenbateraino daude normalizatuta, eta ez dakit oso ondo zer esan nahi duen normalizazioak. Funtzio zehatz bakoitza hizkuntza batean betetzen dute?

Orokorrean bai. Kontua da harremanetarako hizkuntzak izan behar dutela. Alboko herrikoekin harremanak izan behar badituzte, bada haien hizkuntza hitz egiten dute eta beste herrikoek beste hainbeste. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dute eta ez daude hierarkizatuta.

Hizkuntza menperatuek aurrera egiteko bidea eleaniztasuna dela diozu, elebitasuna baztertuta. Badirudi Katalunian diskurtso mailan landu duzuela teoria hori. Zeuena egin duzue?

Horretan ari gara. Uste dut orain ikastetxeetan nahikoa kontzientzia dutela daukaten aniztasunaz. Orain dela hogei urte ez. Eskoletan hizkuntza aniztasuna nola lantzen zuten jakiteko egitasmoa genuen eta aniztasun handia zuen eskualde bateko ikastetxe guztietara joan ginen. Udal eta guraso elkarte guztiekin hitz egin genuen eta emaitza harrigarrienak irakasleenak izan ziren. Alkateek eta zinegotziek ideiak askoz argiago zituzten, bazekiten herrian zein hizkuntza hitz egiten ziren, eta aldiz, ikastetxe berean aurkitu zenezakeen matematikako irakaslea hogei hizkuntzen zerrenda egiteko gai zena eta ingeleseko irakasleak esango zizun katalana, gaztelania eta marokoarra hitz egiten zirela.

Katalan hiztun askoko beste eskualde batean emaitza berak izan genituen. Han ikusi genuen irakasleak gaizki formatuz gero emaitza okerrak ateratzen zirela. Institutuko bost irakaslek zioten swahilia hitz egiten zuten ikasleak zeudela eskolan. Nik banekien dozena bat hiztun zeudela Katalunian eta ez zeudela han. Beste institutu batzuetan ere esan zidaten swahilia hitz egiten zutela ikasleek. AEBetan hizkuntzen inguruko formazioa ematen dietenean esaten diete Europan errusiera hitz egiten dela, eta beraz, Europako umeak badituzu ikasgelan, bada errusieraz egiten dute.

"Kanpotik etorritakoek diote gizartean txertatzeko askoz hobea dela katalanez aritzea. Ez dute esaten lanerako behar dutela. Haientzat katalana elkarbizitzarako hizkuntza da, harremanetarakoa"

Irakasleak ikasle txarren pare aritu dira, hau da, galdetegia etorri zaienean bete eta kito, ez zaie bururatu ikasleei galdetzea.

Afrikan asko erabiltzen den hizkuntza da swahilia, jakina, baina hemen ez dago. Jaso duten formazioari esker hizkuntza gehiagoko zerrendak egiteko gai dira irakasleak, baina ez haien ikastetxean hitz egiten direnena. Formazio okerra.

Maila diskurtsiboan behintzat barneratu duzue hizkuntza komuna ez dela gaztelania edo ez duela izan behar?

Ez duela izan behar. Teoria barnera dezakezu, baina praktikan jendeak ez du horrela funtzionatzen. Duela egun batzuk jatetxea duen lagun bati esan nion. Berak gaztelaniaz egiten die langile guztiei. Langileetako bat Errusiakoa da, txikitan etorri zen eta katalanez egiten du, nik berarekin katalanez egiten dut. Berarekin katalanez ari nintzela laguna etorri zen eta gaztelaniaz egin zion. Ezin izan nion eutsi eta esan nion: “Ez ezazu gaizki hartu, baina zergatik egiten diozu gaztelaniaz?”, eta berak: “Ez dakit”. Jokabide atabikoa da.

Talde batek kanpaina oso interesgarria abiatu du. Kanpotik etorri dira eta ez dute lortzen jendeak haiei katalanez hitz egitea. “No em canviïs la llengua” du izena sare sozialetan jarri duten kanpainak. Hau da, ikusten nauzunean, daukadan azal kolorea daukadala, ez ezazu hizkuntza aldatu, segi katalanez.

Maila diskurtsiboa eta praktika zein desberdinak diren halako kanpaina bat abian jarri beharrak adierazten du.

Psikoanalisi kolektiboa beharko genuke [barrez ari da].

Bada psikoanalizatu nazazu. Pakistandarren artean ohoragarrienari, bere txapel, bizar zuri eta guzti, ezin diot “kaixo, egun on” esan, ahalegin ikaragarria da. “Buenos días” ateratzen zait.

Analizatu diren hizkuntza gutxiagotutako edo menperatutako guztietan hiztunek horixe egiten dute.

Ezezagunari edo kanpokoa dela nabarmen antzeman diogun horri hizkuntza menperatzailean.

Kanpokoa dela esateko modu bat da.

“Guraso asko ezagutzen ditut umeak ikastetxe kontzertatuetara eramaten dituztenak, eskolak katalanez eman diezazkioten”. Argazkia: Jordi Borràs.

Hala jokatzen duenak uste du hori?

Batez ere besteak interpretatzen du hala. Askok urteak daramatzate hemen, edo hemen jaio dira, eta horiek daramate gaizkien.  

Itxura exotikoa duen senidea dut eta ikusten dutenean espainieraz egiten diote. Berak katalanez egiten die eta besteek gaztelaniaz segitzen dute.

Nire aitarena ez dizuet kontatu. Koinata suitzarra dut eta katalana gaztelania baino askoz hobeto hitz egiten du. Nire aitak hil arte gaztelaniaz hitz egin zion eta esaten zuen koinatak eskatu ziola gaztelaniaz egiteko, baina nik banekien ez zela hala. Koinatak beti pentsatu zuen baztertu zuela. Koinatak esaten zuen: “Beti gaztelaniaz egiten dit!”, eta nik ez nion behin ere esan: “Aita ez da konturatu zuk katalanez egiten duzula, eta seguru nago aita ez zela inoiz konturatu ez zuela katalanez egiten”.

Zer gertatzen da gure garunean horrela jarduteko?

Zanpatutako herrietako kideak gara, eta ez zaigu burutik pasatzen gure taldekoa ez den pertsona batek gure hizkuntzaz interesik izan dezakeenik. Guk beti gureari uko egin behar izan diogu eta ikasitako jokaera da.

Ahalduntzerik eza?

Ziurrenik. Ez duzu arazorik bilatu nahi. Ehunka adibide eman nitzake. Nire lagun batzuk katalan hiztunak dira, baina beraien artean espainieraz egiten dute. Espainieraz ezagutu zuten elkar eta orain hala jarraitzen dute.

Iritsi berriari zein hizkuntza-harrera egiten zaio?

Ez dakit ofizialki zer dagoen hauei harrera egiteko. Kontatzen dutena da, baldin eta kontatzen badute, konturatzen direla hemen bizitzeko eta gizartean txertatzeko askoz hobeto dela katalanez aritzea. Ez dute esaten lanerako behar dutela eta horrelakorik. Haientzat katalana elkarbizitzarako hizkuntza da, harremanetarakoa. Etekin soziala ateratzen diote. Agian, gero eta gutxiago gertatzen da beraiek gero eta gehiago direlako, baina katalana hitz egiten baduzu katalana zara. Orokorrean jendeak asko eskertzen du kanpotik etorritakoak katalanez egitea.

Katalanaren ezinak

Esan izan duzu hiztun berriak lortzea zaila dela. Zergatik?

Orain diskurtso hau guztia kontra daukagulako, orain dela urte batzuk errazagoa zen. Antikatalanismoa ez zen hain agerikoa.

Okerrera egin du?

Bai, Ciudadanosek denbora asko darama hemen.

"Ez gaude atzeraezinezko garaian, baina azkar ibili behar dugu katalana salbatzeko"

Hiztun berriak lortzea zaila dela esaten duzunean zer esan nahi duzu?

Hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Batetik, inkestetako datuak daude, esate baterako katalana lehen hizkuntza dutenenak. Kopurua bost urtean behin jaisten ari da. 1975ean esaten zen %50ean geundela eta gaur egun katalana lehen hizkuntza %30ak du.

Beste datua katalana egunerokoan erabiltzen dutenena da. Hau azpimarratzen dute ondo goazela esateko. 2018ko inkestan, zortzi eremu geografikoetatik bostetan %50ak baino gehiagok esaten du katalana egunerokoan erabiltzen duela. Katalana gehien erabiltzen den eremuan, Terres de l’Ebren, %72k erantzun du egunero erabiltzen duela, orain dela hogei urte %90 inguruan zebiltzan. Hogei urtean hogei puntu behera. Gironako eskualdean, hau ere nukleo gogorra, %54. Penedès Kataluniaren iruditerian katalana da: %38. Desagertze bidean den hizkuntzaren sintomak dira.

Hiru eremu esanguratsu daude: katalana lehen hizkuntza dutenak, katalanarekin identifikatzen direnak [ez dute lehen hizkuntza, baina bere hizkuntzatzat hartu dute] eta katalana egunero erabiltzen dutenak. Hirurak ari dira jaisten eta erritmo berean.

Hitz egin dezagun irakaskuntzaz. 80ko hamarkadan antzeman zen eskolaren bidez hizkuntza ezagutzak gora egin zuela. Eskolatik kanpo katalanik ez zegoen tokietan murgiltze eredua ezarri zen. Zer gertatu zen? Institutua inork ez zuela ukitu. Hondamendia izan zen, zentzu guztietan.

Gaur egun berdin gabiltza. Batzuek uste dute hau metropolialdean baino ez dela gertatzen, baina edonon gertatzen da. Txio bat irakurri nuen lehengoan, emakume bat ikasketak egin zituen institutura itzuli zen eta ikasle denak gaztelaniaz ari ziren hizketan. “Zer ari da gertatzen?”, zioen txioak. Inoiz katalanez hitz egin ez duen ikasle asko dago eta Hezkuntza Sailak sekula ez dio heldu gaiari. Sinetsi dugu eskolak katalanez ematen direla eta ez da hala.

Argazkia: Jordi Borràs.

Alegia, Bigarren Hezkuntzan ez dute pentsatu murgiltze eredua erabiltzea ala ez dute kontuan hartu katalana ez dakiten gaztetxoak egon daitezkeela Bigarren Hezkuntzan?

Ez da inoiz planteatu Bigarren Hezkuntzan murgiltze eredua ezartzea. Egintzat ematen zen komunikazio-hizkuntza katalana zela eta gezurra esaten da lotsagabeki. Ikasle askok esan didate Lehen Hezkuntzatik Bigarrenerako jauzian katalana ahaztu dutela. Eta esaten dute ezetz, ez dela hala…. Nire semearena, behintzat, ezin didate eztabaidatu. Semearen institutuko guraso bilerara berandu heldu nintzen, eta gaztelaniaz ari ziren. Bukatutakoan guraso batzuei galdetu nien zergatik egin zuten bilera gaztelaniaz eta erantzun zidaten bilera hasieran galdetu zutela nola egin. Baina zer galdetu behar da, eskolako hizkuntza katalana bada? Semearen tutoreak inoiz ez zidan katalanez egin. Ikasgaiak denak gaztelaniaz ziren, jakina. Semeari galdetu nion ikasgaiz ikasgai zein hizkuntzatan ikasten zuten eta gimnasia ere gaztelaniaz ematen zuten. Eskola kontseiluan nengoen eta esan egin nuen. Orain okerrago da! Semearenak duela hemezortzi urteko kontuak dira.

Guraso asko ezagutzen ditut umeak ikastetxe kontzertatuetara eramaten dituztenak, eskolak katalanez eman diezazkioten. Institutuan egoera aldatzen saiatu dira, baina ez dute ezer lortu.

Harrituta gaude kontatzen ari zarenarekin.

Badakit, horregatik didate halako ezinikusia.

Katalana lehen hizkuntza dutenak gero eta gutxiago dira, eta are gutxiago izango dira kanpoko hizkuntzak badatoz. Era berean, eskolak ez du bermatzen hiztun gehiago izatea. Familian bermatzen ez zena eskolan bermatzen zen, bai behintzat murgiltze eredua aplikatuta. Familian bermatu ezin dena eskolan ere bermatzen ez bada?

Orain hasi da jendea konturatzen ordezkapen prozesuan gaudela. Eztabaida hau askotan atera da. Uste dute burutik pasatzen zaidan edozer esaten dudala. Duela hilabete batzuk Hizkuntza Politikako zuzendari orokorrarekin egon nintzen irratsaio batean eta ahal zuen guztia egin zuen nire izena zikintzeko. 2018ko datuek pixka bat hobera egin dute, baina 2003tik 2013ra 96.000 hiztun galdu dira, eta galeran ez dauka zerikusirik immigrazioak. Eman dezagun ehun katalan hiztun daudela eta 100.000 migratzaile iritsi direla. Ehun horiek ez dira mugitzen. 96.000 horiek non daude? 2018ko datuak zioen 40.000 errekuperatu direla. Dena dela, galeran gara.

Kanpotik datozenak hizkuntza ikasten ari al dira?

Daturik ez daukat. Ez dute esaten. Ikasteko aukera asko ez dago. Ordu kopuru bat egiteko exijitzen diote eta betetzen dutenean utzi egiten dute.

Ordu batzuk derrigor egin behar dituzte.

Bai, baina paperak lortzeko gaztelania behar dute.

Aipatu dituzu gurasoengandik katalana jaso ez dutenak, baina haien seme-alabekin katalanez egiten dutenak. Irabazi bat dago. Nola mantentzen da hori? Etxeko hizkuntzak zer garrantzi du? Seme-alabek mantendu dute?

Oso ohikoa izan zen 70-80ko hamarkadetan. Nire belaunaldikoek kanpotik etorritako gurasoekin gaztelaniaz egiten zuten eta umeekin katalanez. Gaur egun ez dut horrelakorik sumatzen. Mereziko luke aztertzea zer ari den gertatzen transmisioarekin, zeren nire laborategi partikularrean [bere jaioterriaz ari da, Masquefa, Bartzelona erdialdean dagoen Anoia eskualdeko herria] ikusten dut nire lagunen bilobei gurasoek gaztelaniaz egiten dietela. Nire lagunak betiko katalanak dira.

Ezagutza transmititzen da, baina ez dira ari erabiltzen hurrengo belaunaldiarekin. Ordezkapen prozesua ari da gertatzen…

Horra iristen ari gara, oso aurreratuta dago, baina badiotsut, nire susmoak dira, horrelako daturik ez daukagu.

“Inoiz katalanez hitz egin ez duen ikasle asko dago eta Hezkuntza Sailak sekula ez dio heldu gaiari. Sinetsi dugu eskolak katalanez ematen direla eta ez da hala”. Argazkia: Jordi Borràs.

Eleaniztasunaren diskurtsoa ikastetxeetara ekarrita, nola litzateke praktikan?

Umeen hizkuntzak ezingo ditugu ikasgeletan irakatsi, hori ezin dugu egin, haien herrialdeetan ere ez da egiten halakorik. Irakasleek jakin behar dute, ordea, ikasle hauek zer ekarpen egiten dioten eskolari, balioa eman behar zaio ekarpenari. Oraindik, toki askotan, ikasketetarako arazotzat hartzen da etxeko hizkuntza. Ikusmolde aldaketak asko balioko luke. Izan ere, ume askok ez du bere hizkuntza hitz egin nahi, estigmatizatuta sentitzen dira eskolan esaten dizkioten gauzengatik. Unibertsitatean kanpotik etorritako ikasle asko dauzkat eta denei autobiografia linguistikoa idatzarazten diet. Askok adierazi dute estigmatizatuta sentitu direla haien hizkuntza hitz egiteagatik. Beste askok pena dute etxeko hizkuntza irakatsi ez diotelako. Gaia landu behar dugu eta azkar gainera, zeren jende hau egonkortzen ari da eta aukera galduko dugu.

Zer egin behar da azkar?

Baldintzak jarri behar dira haien hizkuntza ez dezaten bizi estigma moduan, eta gutxienez haien familietan transmititu dezatela.

Irakaslea banintz, haien hizkuntzak baloratu ditzaten adoretu behar ditut ikasleak?

Adoretu ez.

Haienak balio duela sentitzea lortu?

Gironan esan zidaten badirela familia afrikarrak umeei gaztelaniaz egiten dietenak. Arazoa da, zeren gurasoek ez dute ondo hitz egiten espainolez eta haurrek etxeko hizkuntza ez dute ikasten. Gainera, zailtasunak dituzte eskolan edozer gauza ikasteko, zeren ez daukate hizkuntza bat bera ere lehen hizkuntza dena. Gurasoek ulertuko balute haien hizkuntza emanda baliabide gehiago ematen ari direla umeei beste gauza batzuk ikasteko, jokaera aldatuko lukete. Espainieraz egiten diote mesede egiten ari direlakoan, eta kontrakoa da, gero konpontzea zaila den arazoa sortzen ari dira.

Bizilagunen hizkuntzak lardaskatzearen garrantzia

Ikastetxean hitz egiten diren lau hizkuntzetako oinarriak ikastea komeni da? Horrela esanda, agian asko sinplifikatzen ari gara gaia, ez dakit…

Bai, baina hemen jatorrikoek bezala ikasi nahi ditugu hizkuntzak. Hortik ere askatu beharko genuke. Mariano Rajoyren eta Ana Botellaren ingelesez hitz egiteko moduaz barre egitea oso suntsikorra da. Horren arabera, ingelesa bai ala bai jakin behar da. Zergatik? Agian beste hizkuntza bat hobeto datorkizu. Hizkuntza jatorrikoek bezala ikastea sakralizatzen bada, gerta daiteke bete ezin duzun helburua izatea. Aldiz, aniztasunetik gertu egon zaitezke, “kaixo” eta “agur” esan dezakezu hainbat hizkuntzatan, eta horrela ari zara adierazten parekoa ez duzula arbuiatzen hitz egiten duen hizkuntzagatik.

"Gironan esan zidaten badirela familia afrikarrak umeei gaztelaniaz egiten dietenak. Arazoa da, zeren gurasoek ez dute ondo hitz egiten espainolez eta haurrek etxeko hizkuntza
ez dute ikasten"

Harrituta gaude. Duela hogei urte ere kontu hauez hizketan ari ginen: ikastetxeko hizkuntzen berri ematea ikasgeletan, hizkuntzok balioan jartzea… Uste genuen Katalunian hizkuntza-harrera kontuak sistematizatuago zeudela.

[Barre egin du]. Ni ere harritzen naiz. Nire bizitzan ehun bat institutu ezagutu ditut eta ikasi dut alde handiak daudela irakasletik irakaslera. Hezkuntza Sailak materialak prestatuak ditu, ama hizkuntzak irakatsi dituzte eskoletan… Baina beste gauza bat da egindako lana zer bilakatzen den, alegia, poloniera eta portugesa zer diren erakusten aritu dira eskola batzuetan. Hau da, hizkuntza aniztasuna hizkuntza handiekin lotu dute eta ikastetxeko errealitatea ez dute aztertu.

Lehen esan duzu irakasle batek zioela marokoarra hitz egiten zela bere ikastetxean.

Matematikako irakaslea ikastetxeko hogei hizkuntza identifikatzeko gai zen eta ingelesekoak zioen marokoarra, katalana eta gaztelania hitz egiten zirela. Konturatu ginen aniztasuna katalanarekin lotzen zutela. Espainierako eta ingeleseko irakasleak oso ahul zebiltzan aniztasunean. Joan institutura lanen bat egiten ari ginela eta, “itxaron pixka bat, katalaneko irakaslea eskolak ematen ari da momentu honetan”. Hizkuntza aniztasunaz katalanekoak bezala, beste edozein hizkuntzatako irakaslek kezkatu beharko luke.

Espainieraren eta katalanaren ondoren gehien hitz egiten den hizkuntza amazigera da?

Bai, Rifeko [Maroko iparraldeko eskualde menditsua, amazig lurraldea] asko dago hemen. 2002 inguruan, 60 ikasle marokoar zeuden institutu batean nengoen. Mailaz maila hizketaldia izan nuen ikasleekin. Bati galdetu nion ea amazigera hitz egiten zuen. Hortaz, esan behar da, amazigera hitz egin arren, galdetuz gero ez dutela halakorik aitortzen. Dezente zirikatu nituen eta azkenean batek esan zuen amazigera egiten zuela. Beraz, lau hizkuntza egiten zituen: katalana, espainola, amazigera eta arabiera. Eta galdetu nuen: “Bada norbait gehiago lau hizkuntza hitz egiten dituena?”. Ikasgelako marokoar guztiek esan zuten lau hizkuntza hitz egiten zituztela, denak amazigak ziren. Jolas-orduan etorri zitzaizkidan eta galdetu zidaten: “Zuk nola dakizu hori dena?”. Haiek ere uste dute inork ez dakiela kontu horiez. Orduan galdetu nien ea institutuan zenbat amazig zeuden. Bi izan ezik, denak ziren amazig.

“10 urteko umeak, guraso katalan hiztunak dituztenak, beraien artean espainieraz ari dira”. Argazkia: Dani Blanco.

Latinoekin gauza bera gertatuko al litzaiguke?

Ziurrenik bai. Neska boliviarra ezagutu nuen, gaztelania hiztun elebakarra. Birramona kitxu elebakarra zen, amamak espainiera ikasi zuen, amari espainiera transmititu zion nahiz eta amak kitxua ulertzen duen. Hori dena jakin ahal izan nuen ikasle boliviarrari autobiografia linguistikoa idaztea eskatu niolako. Orain dela urte batzuk argentinarren elkarte bat ezagutu nuen eta kitxua ikasten hasi ziren, berreskuratzen ari ziren. Beraiek esan zidaten hemen gertatzen dena ikusita han gertatzen dena ulertu zutela. Hango hizkuntzak bazter utzita bizi izan dira eta orain konturatu dira han ere badirela hizkuntzak.

Zuk, unibertsitateko irakasleak, autobiografia linguistikoa idatzarazten diezu ikasleei, baina herritar soilak nola gerturatu behar du Latinoamerikako pertsona batengana? Amamaz eta aitaitaz galdetuko diot? Haren gurasoen hizkuntzez?

Batik bat argi utziozu badakizula gaztelania hitz egiten duela. Asko mindu egiten dira. Hasieran askotan gertatzen zitzaigun, zuzenean galdetzen bagenien kitxua hitz egiten zuten, “indiar deitu didazu” bezala hartzen zuten. Ez zuten ezer esaten. Galde diezaiokezu: “Gaztelaniaz gain beste hizkuntzaren bat hitz egiten al duzu?”.

Adibidez, fakultatean hiru neska ekuadortar sartu ziren lan bila eta jarleku berean eserita geunden haiek eta ni. Kitxuaz ari ziren hizketan. Lan bila zetoztela-eta kontatu zidaten eta halako batean galdetu nien: “Zein hizkuntzatan ari zineten hizketan zuen artean?”. Erantzuna: “Gaztelaniaz”. Orain beste era batera egingo genituzke galderak.

Hurrengo belaunaldia nola sozializatuko da gaztelaniaz, katalanez ala etxeko hizkuntzan?

Anai-arreben artean gaztelania-katalana egiten dute eta gurasoekin etxeko hizkuntza.

Hurrengo belaunaldian etxeko hizkuntza etxetik desager daiteke.

Bai.

Herritarrok haiengana hurbiltzeko jarrera boluntarista izan dezakegu eta gure hizkuntzara gertura daitezen saiatu, baina azken finean, edonor jabetzen da katalana edo euskara ez dela beharrezkoa. Hizkuntza garrantzitsua gaztelania da. Hori gainditzeak ahalegin gehigarria eskatzen du. Paperak eskuratzeko, formazio sistema guztia, integrazio bide guztiak gaztelaniaz dituzte.

Hemen egiaztatzen dute agian ez dela horrela.

Nola?

Euskara eta katalana ikasita abantailak izango dituztela konturatzen dira, espainiera ikasteagatik inork ez die ezer emango. Jendeak espero ez duen hizkuntza ikasteak baditu etekinak.

Lan boluntarista garrantzitsua dela esaten ari zara.

Ez zaigu besterik geratzen, bestela desagertuko da.

Katalana mehatxupean dagoela diozu. Zein dira sintomak?

Lehen esan dizuet, zifrak behera ari dira egiten etengabe, salbu eta katalanarekin identifikatzen diren biztanleen kopurua. Gainerakoan, itxaropenerako daturik ez dago.

Bestalde, gazteen arteko erabilerak aztertzen badituzu, aisialdiko hizkuntza, harremanetarako hizkuntza, bada gauza berri bat: 10 urteko umeak, guraso katalan hiztunak dituztenak, beraien artean espainieraz ari dira. Nire laborategian, katekesiko irakasleari galdetu nion eta esan zidan adin horretakoak hasiak zirela gaztelaniaz hitz egiten. Galdetu ziela zergatik egiten zuten gaztelaniaz, eta erantzuna: “Katalana eskolako hizkuntza da”. Berria da hemen, nik ez nuen ikusi.

Zein mundutan bizi diren. Garai bateko sozializazio bideak era batekoak ziren eta hauenak internet eta sare sozialak dira.

Erreferente kultural katalanak dituen azken belaunaldia orain 30 urte dituztenena izango da. Ez dakit estatistika hau sinetsi ala ez, baina Canal Super3k [Kataluniako Telebista publikoak umeentzako duen katalanezko katea] 0,6ko audientzia dauka.

Aisialdia giltzetako bat dela esan nahi duzu.

Bai, baina ez didate kasurik egiten. Kirolean eta aisialdian gastatu izan balitz dirua, ez ginen egongo orain gauden bezala.

Elkarrizketatzaileak eta Carme Junyent Bartzelonako kaleetan, elkarrizketa bukatuta. Argazkia: Dani Blanco.

Katalana, hizkuntza mehatxatua. Zein etorkizun aurreikusten duzu?

Nik uste dut salbatuko dugula. Horretarako egiten dut lan behintzat. Ez nuke esango atzeraezinezko garaian gaudenik, baina azkar ibili behar dugu. 1989an Gironako batzuek artikulua atera zuten esanez katalanaren ordezkapen prozesua 50 urte barru burutuko zela, alegia, hogei urte barru, hain zuzen, katalana lehen hizkuntza bezala jaso duen azken belaunaldiak seme-alabekin espainiera erabiliko duenean. Bazterrak ederki aztoratu ziren, bi autore horietako batek ez du berriz inoiz katalanaz idatzi, traumatizatuta geratu ziren. Oraingoz, egin zuten aurreikuspena betetzen da. Esan dizuet guraso katalanak dituzten 10 urteko umeak espainieraz ari direla. Horiek hogei urte barru izango dituzte umeak.

Umeok zein transmisio egiten duten ikusi beharko da.

Oraingoz esan zutena betetzen ari da. Badira beste sintoma batzuk ere, adibidez, jarrera aldaketa 1973 eta 1983 urte artean jaiotakoen artean.

1994an institutu bat bisitatu nuen eta espero nuen giroa aurkitu nuen, giro independentista esango dugu. Hurrengo urtean berriz joan nintzen eta jarrera aldaketa sumatu nuen: “Niri berdin dit gaztelaniaz edo katalanez egin, elebiduna naiz…”. Arraroa egin zitzaidan. Bada, jarrera aldaketa hori hurrengo urtean unibertsitatean antzeman genuen. 1996an iritsi ziren unibertsitatera ikasketa guztiak katalanez egin ahal izan zituzten lehenengo ikasleak. 1978koak ziren. Ez dut esango urte batetik bestera jarrera aldatu zutenik, baina 1973 eta 1983 urte artean jaiotakoengan aldaketa sumatu genuen.

Zein da egoera iraultzeko palanka?

Egoeraz jabetu behar dugu eta aldatu nahi izan behar dugu. Horregatik diot oraindik garaiz gabiltzala, baina egin behar dugu. Jendea konturatzen hasi da. Gaur egun ohikoa da Bartzelonan nonbaitera joan eta norbaitek katalanez ez ulertzea. Edozein herritan ere gerta dakizuke. Mundu guztiak ikusten du.

Jendea konturatzen ari da, beraz?

Nik uste dut baietz. Jarrera aldatzea ordea, oso zaila da. Baina ea lortzen dugun ikusaraztea jarrera aldatzen ez badugu gureak egin duela. Nik behintzat ez dut itxaropena galdu nahi. Oraintxe bertan ez daukat hain garbi nire bilobek katalanez egingo duten.

Oso kritikoa zara hizkuntza politikekin eta hizkuntzaren ofizializazioarekin.

Hizkuntza politika honek 40 urte ditu. Ez dabilela konturatu bazara, halako batean zuzendu beharko duzu, nik uste. Baina segitzen dute esaten dena ondo dagoela.

Ofizialtasuna beste gauza bat da. Balizko errepublika katalanaren testuinguruan atera zen gaia. Katalana hizkuntza ofiziala [ofizial bakarra] ez bada, arazo handia izan dezakegu egunen batean Ciudadanosek hauteskundeak irabazten baditu. Kontua da ordea, bide horretan daudela gure zain. Hizkuntza ofizial deklaratzeak arazo gehiago sor diezazkiguke ez deklaratzeak baino. Kontua da katalanez funtzionatzea, behar diren itzulpen zerbitzu guztiak erabilita, baina herriko hizkuntza katalana izan dadila. Hizkuntza bakarra izendatzen baduzu ofizial, haserre guztien erdian zaude.

Balizko errepublikaren testuinguruan kokatzen duzu iritzi hori.

Eta orokorrean. 1996an Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala egin genuen Bartzelonan eta boliviar batek esan zidan: “Zergatik ez zatoz azaltzera ofizialtasuna ez dela hain inportantea? Hainbeste energia xahutu horretan eta azkenean ez da ezer lortzen”. Ofizialtasuna doan da. Orain dela hogei urte ehun hizkuntza ofizial ere ez ziren izango munduan, gaur egun milaka daude.

Baina ofizialtasunik gabe?

Ez da ezer aldatu. Kolonbian, Argentinan, Afrikako ia herrialde guztietan dituzte hizkuntza ofizialak. Eraginik izan dutela antzeman duzue? Inondik ere ez. Ez diezadatela ziririk sartu. Hizkuntza ofizial bakarra aldarrikatzeko zalaparta edukiko dugu eta berdin desagertuko gara! Formula berriak bilatu behar ditugu, zeren orain ez dago funtzionatzen duen formularik.

Bartzelonan eleaniztasuna zertan konkretatuko litzateke?

Neurri batean funtzionatzen du. Pauso bat falta zaigu… saltokiaren kanpoan agian ez dago kartela katalanez, baina barrura sartu eta katalanez egin didate. Hori lortu behar dugu. Errotuluak-eta zein hizkuntzatan dauden berdin dit, ezertarako balio ez duten borrokak dira, Ciudadanos eta gainerakoak aztoratzeko balio du. Errespetuaren bidez elkarrekikotasuna bultzatzea da kontua. Saltokian sartutakoan ez dezadala albo batean utzi behar nire hizkuntza.

Katalanez bizi nahi duzu.

Bai, eta hori bermatzeko modua aurkitu behar da. Esate baterako, ospitalean hil behar badut, nik katalanez hil nahi dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalana
Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


2024-02-18 | Cira Crespo
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]


Bat, txikia eta librea

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]


Europar Batasunean katalana ofizialtzea lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik

Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.


Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]


Eguneraketa berriak daude