"Munduko herrialde gehienetan LGTBI komunitateko pertsonek ez dute inongo babesik"

  • 8.000 kilometroko bidaia egin dute Otrans erakundeko kide Stacy Velásquezek eta Guatemalako kongresista ohi Sandra Moranek. Lumaltik Herriak elkarteak Euskal Herrira ekarri ditu Guatemalako pertsona transexualen eskubideen egoerari eta haien defentsari buruz hitz egitera.

Argazkia: Hodei Torres.
Argazkia: Hodei Torres.

Zertan datza Otrans Guatemala elkartearen jardunak?

S. Velasquez: Pertsona transexualen giza eskubideak defendatzen ditugu. Ikerketa soziala, intzidentzia politikoa... gure egunerokotasunean daude. Azken aldi honetan, gainera, mugimendu feministara asko hurbiltzen ari gara, hainbat lanketa eramaten dugu elkarrekin aurrera.

Noiz hasi zinen trans mugimenduan militatzen?

S. Velasquez: Otrans 2004an sortu zen, eta ni 2005etik ari naiz bertan, baina 14 urte nituela hasi nintzen elkarte eta antolakunde ugaritan lanean, garai horretan hasi baitzitzaidan pizten kontzientzia politikoa.

Guatemalan pertsona transexualen eskubideen alde borrokatzen den lehen erakundea al da Otrans?

S. Velasquez: Guatemalan lehen elkartea izan da, bai. Erakunde berezia izan zen hasiera-hasieratik, transentzat, transengandik eta transen alde lan egiteko lekua zelako. Hasiera zaila izan zen; Guatemala, El Salvador, Nikaragua eta Hondurasko emakume transexual talde murritz bat antolatzen hasi ginen, baliabiderik eta laguntzarik gabe. 2009an lortu genuen Guatemalako Gobernuak gobernuz kanpoko erakunde gisa aitortzea.

2018ra arte Munduko Osasun Erakundeak transexualitatea gaitz mentala zela zioen.

S. Velasquez: Mundu matxista, patriarkal eta homofoboan bizi gara. Munduan desberdintasun soziala handiegia dago, eta herrialde gutxik ditu programa sozial aurreratuak. Hau dela eta, munduko herrialde gehienetan LGTBI komunitateko gizabanakoek ez dute inongo babesik; gainera, historikoki baztertuak eta zigortuak izan gara. Horregatik, gu bezalako erakundeak hil ala bizikoak dira komunitate hartako pertsonek bizitza hobea izan dezaten. Guatemalan, adibidez, Otrans erakundetik egin genuen presioagatik lortu genuen Trans Pertsonentzako Osasun Arreta Integralerako Estrategia Nazionala ezartzea, eta honi esker hainbat motatako laguntza eskaintzen dugu: arreta psikologikoa, fisikoa eta ziklo hormonalen inguruko aholkularitza. Horrez gain Bortxazko Heriotzak eta Trans Pertsonen Giza Eskubideen Behatokia zabaldu genuen, diskriminazio eta bortxazko egoera guztiak aztertu eta ikertzeko.

Zuen presentziak aldaketarik ekarri al du Guatemalako legedian?

“Estatuaren makinaria iristen ez den landa eremuetan LGTBI eta beste esparruetako ekintzaileak hiltzen ari dira”

S. Velasquez: Diputatuarekin (Sandra) batera 52.78 iniziatibarako mahai teknikoa osatu genuen, aurreiritziengatik edo gorrotoagatik egindako krimenak zigortzeko, baina Errepublikako Kongresuak atzera bota zuen. Behatokia sortzeak ere lan handia eskatu zuen, baina orain pertsona askok eskertu egiten digu, haien eguneroko bizitzan oso lagungarria baita. Eta kalean ere nabaritu da; geroz eta jende gehiagok publikoki salatzen ditu erasoak. Baina lan asko dugu aurretik oraindik. Latinoamerikako Trans Pertsonen Egoeraren Dokumentaziorako Zentroaren azken ikerketaren arabera, guk dokumentatzen ditugun erasoen %15a bakarrik salatzen da komisaldegi eta epaitegietan, eta salaketa horien %15a bakarrik ikertu dira. Guretzat justizia hutsala da, eta gobernua ere gure eskubideen egoera ezkutatzen saiatzen da.

Noiztik ezagutzen duzue elkar zuek biek?

S. Velasquez: Duela hamar urte inguru esango nuke.

S. Moran: Mugimenduaren barruan ezagutu genuen elkar. Ni diputatua izan aurretik mugimendu sozialetan eta feministan aritu naiz militatzen, eta horretan nabil orain, baita diputatua nintzenean ere. 1994an Alianza izeneko emakume feministen antolakundean sartu nintzen, eta Otrans sortu zenean hasieratik izan genuen haiekin elkarlanean aritzeko interesa. Hainbat erakunderekin eta elkarterekin erlazioa eta aliantza ehuntzen aritu gara, denok batera indartsuago garela uste baitugu.

Argazkia: Hodei Torres.

Mexiko eta Kolonbia bezalako herrialdeetan, hilketa eta biolentzia tasa oso altuekin, lider sozial asko hiltzen ari dira. Egoera antzekoa al da Guatemalan?

S. Moran: Giza eskubideen aldeko ekintzaileen hilketa asko dago, baita LGTBI kolektiboko pertsonenak ere. Hauek landa eremuan gertatzen dira batez ere, estatuaren makinaria ez baita leku guztietara iristen, eta boterearen eta biolentziaren monopolioa talde armatuen esku geratzen da. Argi daukagu zein den egoera, eta badakigu erasoa jaso ala eraila daitekeela edonor.

Biolentzia eta ziurgabetasun handiko herrialde hauetan nola dago baldintzatuta pertsona militanteen eta LGTBI kolektiboko kideen bizimodua?

S. Velasquez: Guatemalan LGTBI izate hutsak arriskua dakar, jendeak ez baitu zure izatea onartzen. Gorrotoaren ideologia oso sustraituta dago gizartean, baita eskoletan ere. Duela gutxi arte setio-egoera ezarrita zegoen Guatemalako eskualde batzuetan; setio-egoera amaitu eta hurrengo egunean hamabost urteko neska trabesti bat hil zuten buruan zortzi tiro joz. Nire ustez, trans pertsona giza eskubideen defendatzailea da, izate hutsagatik bakarrik. Trans pertsona autobusa hartzera edo ogia erostera doanean, diskriminatuta dago; beraz, minuturo giza eskubideak defendatzen ari da.

S. Moran: Halako pertsonen egunerokotasunean beldurra dago. Edozer egiten duzula, bazterkeria edo erasoa jasotzeko beldurrez zaude. Nik, adibidez, publikoki adierazi nuen lesbiana naizela, eta kontu handiz pasa behar izan ditut Errepublikako Kongresuan izan naizen lau urte hauetan. Genero Identitatearen Legea eztabaidatu genuenean edo bestelako lege batzuk proposatu genituenean, Eliza katolikoak deituta 2.000 pertsona baino gehiago atera ziren kalera nire aurka. 2017a zen, tentsioz beteriko bi hilabete pasa nituen; nindoan lekura nindoala, denbora guztian alertan nengoen, alde guztietara begiratzen, erasoa jasan nezakeelako sentsazioa nuen. 2018an ere 40 egunez abortuaren aurkako pertsona batzuk Kongresuaren atean egon ziren eguneko 24 orduetan, eta beldurra pasa nuen askotan.

Zuk jasan duzu erasorik, Stacy?

S. Velasquez: Gure erakundeak lau alditan pairatu ditu gu beldurrarazteko erasoak. Behin, gure egurrezko atean labanaz “hutsik hilko zara” idatzi zuten. Behin baino gehiagotan kalez jantzitako poliziak informazioa lortzeko galdera mordoa egitera etorri izan dira, “zer egiten duzue erakundean?”, “zeinekin duzue harremana?”, eta halakoak esanez. Duela gutxi abortuaren eta berdintasunezko ezkontzaren aurkako emakume bat hurbildu zitzaigun “hilko zaituztet!” oihuka. Okerrena da urteen poderioz onartu behar ez genituzkeen eraso hauek normalizatu egin ditugula. Beldurgarria da.

Zeintzuk dira eraso edo hilketen egileak?

S. Moran: Guatemalan jende ultrakontserbadorea ari da iristen boterera, jende ebanjelikoa. Orain adibidez LGTBI pertsonen barruan deabrua dagoela esaten hasi dira, gu satanizatzen, eta politika faxistak egiten. Pertsona indigenen, emakumeen, homosexualen eta transexualen aurka daude. Oxfamen ikerketa baten arabera, Guatemalako aberastasuna familien %2aren esku dago. Hildakoak ikusten badituzu, denak pobreak dira. Jende pobrea hiltzen dute, ez aberatsak. Jende aberatsa bizi den herri eta auzoetan hilketa tasa oso baxua da auzo pobreenekin konparatuta. Aberaskumeek hauteskunde garaian bakarrik zapaltzen dituzte auzo txiroak, eta 20 poliziaz inguratutako auto blindatuetan egiten dute.

Hain larria al da egoera?

“Bazterkeria eta erasoen aurrean guk argi dugu antolakuntza dela erresistentzia egiteko modu bakarra”

S. Moran: Iparraldeko Triangeluan [Guatemala, Honduras eta El Salvador] indar kontserbadoreek hazten jarraitzen badute, azkenean gure herrialdeak utzi beharko ditugu. Bitartean, bazterkeriaren eta erasoen aurrean guk argi dugu antolakuntza dela erresistentzia egiteko modu bakarra.

Zer-nolako inplikazioa dute gobernuek, enpresek, polizia indarrek eta paramilitarrek hilketa hauetan?

S. Moran: Gobernuak eta enpresek erakunde paraleloak sortu izan dituzte Poliziarekin eta armadarekin batera jarduteko. Militar ohiek eta israeldarrek entrenatutako indar paramilitarrak dituzte enpresek, polizia pribatu gisa, giza eskubideen aldeko ekintzaileei jarraipen eta kriminalizazio zorrotza egiteko. Eta gobernuak espazio legalak zabalduz laguntzen diete. Azken urteetan gainera mara gaizkile-taldeak hazi egin dira, eta eremu gehiagotan jarduten dute. Talde hauetako sikarioek geroz eta gutxiago kobratzen dute norbait hiltzeagatik, beraz, gaur egun jende askok ordain dezake edozeinen hilketa.

Argazkia: Hodei Torres.

Narkotrafikoa zertan da?

S. Velasquez: Narkotrafikoa ere lekua irabazten ari da, eta eskualde batzuetan estatuaren gainetik dagoen boterea dira. Beldurgarria da biolentzia ezartzeko duten inpunitatea; egun batean zure etxeko sarreran hartu zaitzakete eta ilea moztu edo hil egingo zaituztela mehatxu egin. Erabateko kontrol soziala ezartzen dute, bizitzak eta jokaerak baldintzatzen dituzte. Eskualde batzuetan, adibidez, 19:00etan etxeratzeko agindua ezarri dute haien lana askatasun osoz egiteko. Eta etxetik ateraz gero, berehala hilko zaituzte zu eta zure familia, ziur izan.

Preso politikorik ba al da Guatemalan?

S. Velasquez: Bai, asko. Preso politikoen epaiak irakurtzen badituzu gainera, konturatuko zara salaketa jarri dutenak enpresak direla. Preso politiko hauek ez daude ziegan politikagatik, kapitalismoagatik baizik. Moralesen, adibidez, laku bat zaintzen zuten hiru arrantzale kartzelan sartu ditu enpresa batek, haien esanetan, jabetza pribatua inbaditu dutelako. Bere lurrak saldu nahi ez zituen nekazari bat ere kartzelan sartu berri dute.


ASTEKARIA
2020ko urtarrilaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guatemala
Guatemalako presidente kargua hartu du indigenen babesa duen Bernardo Arevalok

Inbestidura ekitaldia hamabi orduz atzeratu da, Kongresuak ohiko lege-prozedura batzuk atzeratu dituelako eta Bernardo Arevalo agintera ez iristeko azken momentuko saiakera batzuk egon direlako. Arevalok “autoritarismoaren” aurkako mezua helarazi du.


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Guatemalako hauteskundeak baliogabetzea eskatu du fiskaltzak

Guatemalako fiskaltzaren helburua da hauteskundeak irabazi zituen Bernardo Arevaloren kargua hartzea eragoztea. Arevalok “ustelkeria amaitzea" hitzeman zuen.


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude