Net Hurbil: Helikoptero eta bulldozer berdinak Gazan eta Iraken


2005eko otsailaren 13an
Erik Schechter Jerusalem Post egunkari israeldarreko kazetaria da eta gai militarretan aditua. Bere elkarrizketa eta erreportaietan nabari da kontakto onak dituela bai Israelgo eta bai Estatu Batuetako armadetako buruzagien artean. Urtarrilaren 20an World Press aldizkariaren web gunean plazaratu du Irak zergatik ez den Zisjordania (Why Iraq is not the West Bank) izenburua daraman artikulua. Bertan analizatu ditu israeldarrek Palestinako intifadaren kontra lortu omen duten garaipena eta amerikarrek Iraken orain arte atera dituzten emaitza eskasagoak.

"Azken bi urte hauetan »hasi du artikulua Schechterrek» gerra urbanoan trebatutako Israelgo Defentsa Indarrek aski emaitza onak lortu dituzte Zisjordaniako hirietan, milaka terrorista hil edo harrapatuz eta haien helburuak hankaz gora boteaz. Aldiz, amerikarrak Iraken »israeldarren taktika berberekin entrenatu ziren arren» etxetik urrun daude, etsai gogorragoa dute aurrean, han mugak zulo handiagoak ditu eta gainera nazio bat eraikitzeko desafioa daukate. Emaitza hain garbiak ez dituzte lortu".

Irakurlea berehala ohartuko zen alde batekoen bertsioa eskainiko diola Schechterrek, alde bateko militarrak eta beren taktikak. Hain zuzen, horrexegatik da hain interesgarria bere analisia, Inperioko "zintzoen" ikuspegia era gordinean damaigulako.

Kazetariak kontaktatu dituen buruzagi militar israeldarrak kontent agertu dira intifadaren kontra lortutako emaitzekin. 2000ko irail bukaeran orduan oposizioan zegoen Ariel Sharonek Jerusalemgo Tenpluaren Mendira igotzea erabaki eta palestinarrak probokatu zituenean, haren kontrako erreakzioz sortu zen Al Aqsa-ko intifada. Bigarrena. Lehendabizikoan (1987-92) harriekin egin zieten aurre israeldarrei gazte palestinarrek. Bigarrenean tresna gogorragoak erabili dituzte.

Bigarren honetan armak erabili dituzte militante palestinarrek, bide bazterretan soldaduei enboskadak egiteko, bonbaz hornitutako militante suizidak bidaltzen hasi ziren Israel barrura, zenbait kolonia »Jerusalem ondoko Gilokoa batez ere» tirokatu egiten zuten gauez... Baina erreakzionatzerakoan militar israeldarrak oroitzen ziren Beiruten gertatutakoaz, eta hasieran ez zituzten oinezko soldaduak bidali nahi gertuko erasoetara, hilak eta zaurituak izango zituzten beldurrez. Urrutitik jaurtitzen zieten su masiboa palestinarrei.

Helikopteroak eta bulldozerrak

2002ko martxoan militarrek berpentsatu egin zuten planteamendu hau, beraiek diotenez, hilabete hartan 22 bonba suizidatan 133 herritar judu hil zizkietelako. Apirilean Defensive Shield operazioa jarri zuten martxan: Zisjordaniako hiriak kontrolez inguratu zituzten, "keter" koroa izenekoarekin, eta infanteria bidali zuten bulldozer blindatuen atzean babestuta.

Bulldozerrek "lan sistema" berria ezarri zuten etxeetan gordeta zeuden militante armatuen edo bonba-tranpaz hornitutako ateen leherketen arriskuak saihesteko; aterik ez jo eta ezta ireki beharrik gabe, etxearen horma zulatzen zuten bulldozerrek. Bi pisuko makina erraldoi horiek ezin zituzten hondatu ez bonbaz eta ez granadaz, eta horiekin Nabluseko Balata errefuxiatu zelaiaren bi hektareatako etxe guztiak birrindu zituzten. "Operazioak bukatu zirenerako, milaka militante errenditu egin ziren eta errefuxiatu zelaiek beren gotorleku fama han galdu zuten" idatzi du Schechterrek.

Blindatu erraldoi horiez gain aireko sua ere erabili du Israelek Intifada garaian. Hainbat aldiz eraso dituzte Palestinako polizietxeak, militanteei misilak jaurti dizkiete... Eta horiekin lotuta, militante palestinarren kontrako eraso eta hilketa selektibo legez kanpokoak ugaldu dituzte.

Hilketa selektiboetaz kazetariari Nehemia Dagan jeneralak esan dio "bonba suiziden arriskua areagotu ahala, pasatu gara terrorista soilak akabatzetik planifikatzaileetaraino iristera". Horrela iaz bertan Ahmed Yassin Sheik paraplejiko zaharra hil zuten israeldarrek lehendabizi, eta haren oinordeko Abdel Aziz Rantisi geroago. Militar israeldarrak kontent daude emaitzarekin, geroztik bost hilabete pasa omen ziren-eta bonba suizidarik gabe.

Intifadaren kontrako estrategiaren emaitzak onak direla uste dute militar horiek. 2004 bukaera bitartean 990 israeldar hil dira eta 3.500 palestinar. Hauetatik zenbat ote ziren militanteak? Palestinako Ilargi Gorriak esan duenez, hildako palestinarren %74 16 eta 40 urte arteko herritarrak ziren eta ia denak gizonezkoak. Bozeramaile militarrek lasai diote ondorioz hildakoen %58 izango zirela terroristak, gutxienez.

Jenin-etik Fallujah-ra

Irakeko okupazio gerran militar yankiek israeldarren taktiketako batzuk erabili dituzte. Fallujah da adibideetako bat. Iazko martxoan egin zuten hiri horretako erresistentzia suntsitzeko lehen ahalegina, baina zenbait jeneralen ustez politikariek (iritzi publikoaren beldurrez) eskua sartu zutelako zintzilik utzi zuten operazioa.

Azaroan egin zuten hurrengo saioa, eta oraingoan hiria erabat inguratu zuten Phantom Fury operazioan; kontrolgunez inguratu zuten eta airetik piloturik gabeko "erlamando" (drone ingelesez) abioi txikiz kontrolatu zuten barruko guztia. Hauek ere Israelek asko erabiltzen ditu Palestinan.

Tankeak sartu zituzten yankiek hiriko kale estuetatik eta infanteriari bidea ireki zieten D9 bulldozer blindatuak ere bai, etxeak zulatuz eta bonba-tranpak saihestuz. Orain emaitzekin kontent omen daude militar amerikarrak.

Aurrez AEBetako militarrek aztertuak zituzten israeldarren taktikak; Jenineko kanpamenduaren inbasioa adibidez. Ameriketan bazuten infanteria entrenatzeko sasi-herri arabiar bat »aktore arabiera hiztun eta guzti» baina Israelek horretarako duen instalazio batean ere entrenatuak ziren armada yankiaren atal batzuk.

Amerikarrek hala ere ez dute beren eredu israeldarrek adinako garaipenik lortu. Mila soldatuz goitik galduak dituzte jada Iraken, eta etxeko populazioaren zati handi bat (erdia) gerraren kontra jarri da. Gerrak Irakeko hauteskundeen ondoren segiko duela gauza ziurra da. Erresistentziako militante kopuruak gora egin du, 2004 hasieran kalkulatu ziren 5.000tik udazkeneko 12.000raino. Irakeko Gobernu Probisionalak uste du jazartuak 20.000tik gora direla. 1.300 polizia irakiar hil dituzte, eta bonba auto eta suizidak ugaritu egin dira.

Zergatik? Errore batzuk amerikarrek beraiek eginak dira; adibidez, gerrara Humvee auto ahulegiak bidaltzea. Baina aurrean palestinarrak baino etsai gogorragoarekin egin dute topo. Irakiar erresistente asko lehen Saddam Husseinen armadan ibili ziren, eta herrialde osoan barreiatutako armategietatik hornitu dira. Palestinarekin muga egiten duten Egipto eta Jordaniak asko estutu dute fronteraren gaineko kontrola, baina Iraken mugak nola kontrolatu?

Israelek palestinarren bonba suizidak geldiarazteko beste arma latz bat erabili du: eraikitzen ari den harresia. Seguru daude oso eraginkorra dela (eta etorkizunean ez dute kendu nahiko, noski). Irak inguruan aldiz harresirik ezin da eraiki.

Beste ezberdintasun bat Palestinako Gobernua bera da. Israelek garbiketa operazio bat egiten duenean, Mukatako gobernuari dagokio ondoren hondakinak biltzea eta gauzak konpontzea. Iraken aldiz amerikarrek egin behar dute dena, erresistentzia suntsitu eta administrazio berria eraiki.

Azkenik, Israelek palestinar militanteei egur handia Inteligentzia brigadekin ematen die. Eskualdeka daude brigada horiek antolatuta eta mugimendu ahalmen handia dute; Shin Bet zerbitzu sekretuarekin eta poliziarekin ere eskualdeka daude lotuta, eta horiek atxilotutako palestinarrei eta kolaboratzaileei ateratzen dieten informazio iturriaren laguntza dute. Amerikarrak aldiz oso berandu hasi dira arabieraz dakien jendea erabiltzen. Asko dira ere uste dutenak oker egin zutela Saddamen armada osorik etxera bidaltzen. Newsweek astekariak berrikitan jakinarazi zuen unitate sekretu eta kamuflatuak ari zirela antolatzen Koalizioko indarrak, batez ere xiitez eta kurduz osatuak.

Jakina da Israelgo militarrak oso sartuta daudela Irakeko gerran, eta haiek ere ikasi nahian ari dira Iraken sozio amerikarrek sufritzen dutenarekin. Jeneral batek aitortu dio Schechter kazetariari gerra urbano bat ez dela irabazten hain erraza. "Ezin dugu pentsatu Zisjordaniakoa gerra bat denik. Etsaiek arma larriak eduki izan balituzte, gure helikopteroak desagertuko ziren begi-bistatik".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude