Joseba Iriondo: «Irakeko oroimena bizirik dago, baina betiko Joseba naiz»

  • Jakin-mina da Joseba Iriondoren bertuteetako bat. Mutikotan, ikastolatik irteeran aitarekin ezagutu zuen Herri Irratiko mikrofono eta kableen kazetari mundua. Urte batzuk geroago, institututik pipar eginda, aitak harrapatuko zuen beldurrez trebatu zen surfean. Kantauri osoko lehen surf irakaslea izan zen. Eta euskarazko komunikazioan ere, gerra kazetaritzan eskola sortu du. Ahal duenero, abentura bila irteten du surf oholarekin, eta ahal balu, oraintxe itzuliko litzateke gerra egoeraren batera albiste freskoak harrapatzera.

Madrilen korrespontsal aritu zinen 3 urtez. Nolakoa da korrespontsal lana?
Madrilekin harremanak amodio-gorrotozkoak dira. Gutxienez 12 ordu lan egiten genituen egunero, eta bi asteburuz behin ere bai. Oso gogorra da, bi pertsona bakarrik daudelako han, eta gertakizun asko daudelako kontatzeko. Gure garaian izan ziren Lasa-Zabala eta Segundo Mareyren kontuak, eta auzitegietan lan handia zegoen. Kongresuko kontua ere orain baino korapilatsuagoa zen eta ikaragarri lan egin behar izan genuen.
Hiru urteren bueltan handik ospa egiteko beharra sentitzen nuen, estresak jota. Muga bat du lan horrek. ETB-k epe motzerako lan gisa dauka antolatuta hura. Nahiago du jendea 3 urtez edukitzea pot egin arte, lasaiago eta epe luzez baino.

Afganistanen eta Iraken aritu zara kazetari. Gerratik aldatuta etortzen zara?
Itzuli eta hasierako egunetan kokatu ezinik ibiltzen gara, baina gero konturatzen naiz hura beste mundu bat dela, eta han sentitzen nituen gauzak han utzi nituela. Han, jendearen sufrimenduarekin sentiberatasun handiagoa izaten dugu, eta hemen ez hainbeste. Han gaudenean pentsatu izan dut, "honek betirako aldatuko nau" eta hona itzultzean konturatu naiz betiko Joseba naizela. Barruan zerbait geratzen da, eta oroimena bizirik dago, baina neure burua ikusi dut etorri eta hiru hilabetera kotxea aldatu nahirik. Horrelakorik pentsatu ere ez nukeen egingo Iraken, gerra baten erdian nengoenean. Bost axola autoa, eta kontsumismoa. Han gauza asko erlatibizatzen dira, baina hona etortzean ez dira kontuan hartzen. Tamalgarria da, baina horrela da. Ezin dira hango sufrimendu denak hona ekarri eta hemen martiztar bat izan.

Hemen nolako informazioa jasotzen dugu, munduaren beste puntako gerrez?
Kazetariek lan zintzoa egiten dute. Bakarren batek gauzak ezkutatuko ditu, baina funtsean hara doan kazetaria ez da hain bihotz gogorra, jendearen sufrimenduarekin ahazteko, eta horri arretarik ez eskaintzeko. Kazetari bati gerra egoeran entzuten dizkiodan gauzak sinisten dizkiot. Badakit gauza asko isiltzen ari dela, baina badakit esaten didana benetan gertatu dela.
Agentziak beste kontu bat dira, batik bat diktaduretan, eta sasi-diktaduretan. Informazio hori kontuz hartu beharrekoa da. Askotan gobernuek eskua sartzen baitute.
Tamalgarriena da, munduan leku asko daudela ahaztuta. Ezin da leku guztiei buruz egunero hitz egin, luze joko lukeelako. Baina arreta gehiago ipini behar zaie beste leku batzuei.

Zuen inguruan ibili ziren kazetari denek izan zuten informatzeko jarrera bera?
Badirudi, han kazetari pila geundela, baina irudi hori distortsionatuta dago. Bagdad bonbardatu zutenean 300 kazetari bakarrik geunden, eta haietatik 30etik gora Espainiako estatukoak. Estatubatuar gutxi zeuden, CNN kateko inor ez zegoen... Ingalaterrako BBC han zegoen, eta kate horren informazioa izan zen guretzat sinisgarriena.
Espainiako Gobernuaren presioei amore eman behar izan zien komunikabide publiko bateko kazetariren batek. Lan erdi duina egin zuen hark. Beste askok oso lan duina egin zuen.


Irudi asko grabatzea debekatu zizuen Irakeko gobernuak.
Ez zegoen ez leku publikorik, zubirik, ministeriorik, eraikuntza ofizialik eta hiritarrik grabatzerik. Biktimak eta haien sufrimendua besterik ezin zen grabatu. Egia zen sufrimendu hori dena, baina erakutsi ezin genuen aldea ere hor zegoen. Grabatu ezin genuenez, ikusitakoa kontatu egiten genuen. Irratian entzundakoekin, han kontatzen zigutenarekin eta amerikarrek esandakoarekin erdibideko bertsio bat, ahalik eta zintzoena egiten saiatu ginen. Ez genuen hanka gehiegi sartu. Iraken inork ez zuen eman «scoop» edo lehen berririk, gutxi gorabehera denek zekitena kontatzen genuen, ageri agerikoa zena.

Zibilekin egiten ari zirena kontatu ahal izan duzue.
Gerra honen abantaila handiena hori izan da. Afganistanen ez zen erakutsi, bonbardaketek iraun zuten unean inor ez zegoelako barruan, Al Jazira salbu, eta horrek sinesgarritasuna kentzen die albisteei.
Gure lanak min egin die Irak erasotzen ari zirenei. Esango nuke Jose Cousorena ere horregatik gertatu zela. Gerra hasi baino lehenago Espainiako Gobernuarengandik presio handia jasan genuen, Iraketik alde egiteko eskatuz.

Bertako herritarrek zer zekiten gertatzen ari zenari buruz?
Bertakoak erabat manipulatuta zeuden. Bi telebista kate bakarrik zituzten, biak ofizialak, Irakeko gobernuarenak, eta haietan ez zuten informaziorik ematen. Albistegi bakarra zegoen, eta gezurra besterik ez zuen esaten. Horrelakoetan jabetzen gara hizkuntzen garrantziaz. Ingelesez zekitenek ingelesezko irratiak entzunda bazekiten gutxi gorabehera, zer gertatzen ari zen, baina oso gutxi batzuk ziren horiek.
Irakeko herriak telebistaz jasotzen zuen mezua zen amerikarrei aurre egiteko gai izango zirela. Ahalik eta gehien saiatzen ziren Sadamen eta ejertzitoaren irudia zabalduz, herritarren gogoa eta sinismena bero mantentzen.

Gerrarekin batera, nola joan zen herritarren jarrera aldatzen?
Irakiarrek ikusi zutenean amerikarrak ibaiaren beste aldean zeudela, goitik behera erori ziren hasieran errepikatzen zizkiguten hitzak: "Gure arima eta odola emango ditugu Sadam Husseinen alde". Dena bi egunetan ahaztu zuten, ohartu zirelako gezur batean bizi zirela. Amerikarrak inbasore bezala ikusten zituzten. Jendeak garbi zuen: "ni ez nago Sadamen alde, baina amerikarrak etortzen badira, nik ere pistola hartu eta aurre egingo diet".
Tira, gerraren lehen zati hartan ez zuten arrazoirik, nabarmena zelako amerikarrek azkar baino azkarrago lortuko zutela Bagdad erdiraino iristea. Baina luzera begira, orain ohartzen gara amerikarrei min handia egiteko gai badirela. Askok pentsatzen zuten amerikarrek Bagdad hartu baino lehen borroka "kalez kale eta etxez etxekoa» izango zela. Ez zen horrelakorik gertatu, baina orain, gerra ondoko gerra honetan, ari da gertatzen.

Irakeko herria gerrarako antolatuta ikusten al zen kalean?
Sadamek 3.000 tanke zituen eta haietatik gehienak suntsitzeko gaitasun handikoak. Baina Bagdad barruan ez genuen tanke bakar bat ikusi 23 egunetan. Harrigarria zen, troparik ez zegoen hiri barruan. Bagdad zaindu behar zen, baina Bagdad barruan sekula ez zen liskarrik izan. Dena kanpoan gertatuko balitz bezala zen. Bagdad inguruan babes eraztunak osatu zituzten, eta haietan soldadu piloa zegoen.

Bonbardaketak nolakoak izan ziren?
Oso gogorrak. Hiru egunez egon ziren minutu eta erdiro bonba bat botatzen. Hiru egunetan 3.000 bonba bota zituzten. Tona bateko bonbak bata bestearen atzetik. Gauak egin genituen hotela dar-dar batean zegoela, baina bonba hotsik entzun gabe, 30-40 kilometrora ari zirelako botatzen. Eta pentsa dardara zenbaterainokoa zen, sarrailan zintzilik zeuden giltzek ere klin-klin hotsa ateratzen bazuten!
Bonbardaketa gehienak zehatzak izan ziren. Baina %10ek huts egin zuten eta haiek herritarrak hil zituzten.

Espainiako Estatuak zer babes eman dizuete?
Hutsaren hurrengoa. Eman ziguten gauza bakarra izan zen gasen kontrako maskara bat, eta gainera sinatu behar izan genuen gerra amaitutakoan maskara itzuliko genuela. Oraindik ez ditugu itzuli, gerra ez delako amaitu. Ez genuen enbaxadako inor ezagutu, denek ospa egin zutelako.
Couso hil zenean, Espainiako Ministerioak bere burua zuritze aldera esan zigun hegazkin bat ipiniko zigula itzultzeko. Baina hegazkinarena zentzugabea zen, hura hartzera Bagdadeko aireportura joan behar genuelako, eta fronte bat zeharkatu beharko genuelako.
Gainera probokazio moduko bat izan zen gehienontzat: "A bai? Trillok hau dio? Bada justu kontrakoa egingo dugu". Denok alde egiteko gogoa geneukan, eta ikusi genuenean Jordaniatik jendea autoz zetorrela, auto horiek hartu eta konboi bat osatuta ospa egitea erabaki genuen.

Soldadu amerikar batzuekin topo egin zenuten...
Ez zekiten tutik, zer gertatzen ari zen. Bertako egoera politikoaz ere ez dakite ezer. Armadako buruek esaten zieten "zuen helburua aurreko guardia errepublikarraren talde hori jotzea da", eta gero hurrengo agindua ematen zieten. Baina bi hilabete zeramatzaten desertuan galduta eta ez zekiten gerra nola zioan. Iritsi eta berehala chicano batek galdetu zigun ea gerra amaitu zen!
Bagdadera sartu ziren soldaduek egun asko zeramaten etengabe borrokan. Nik bati galdetu nion tankeetan txandarik egiten ote zuten, eta barre egin zidan. Pentsatzen dut zerbait hartuko dutela hiru egunez borrokan irauteko.

Bertako hiru giza taldeak xiitak, sunitak eta kristauak, nola daude gizartean kokatuta?
Sunniak dira goi mailan daudenak, eta azken urteetan boterea izan duten bakarrak dira. Gobernuan bazegoen kristauren bat, eta erosteko ahalmena ere badute. Kristauek orain artean behintzat bakea izan dute. Gizartean gehienak, %60, xiiak dira. Pobreenak dira, Sadamek behin eta berriz zanpatuak. 1991z geroztik txiki-txiki egin zituen, babes eman ziotelako Irango gobernuari. Giza talde hauek oso banatuta daude, fisikoki ere talde bakoitza bere auzoetan bizi da, eta oso gutxi nahasten dira.

Sadamek, indar militarraz gain, nola mantentzen zuen boterea?
Komunikabideak zorrotz kontrolatzen zituen, telebistek berak nahi zuena bakarrik jasotzen zuten. Alegia, bere eta bere soldaduen irudiak, behin eta berriz. Horrek sinestarazten zion gizarteari ahalmen militar handia zuela oraindik ere Irakek, eta ez zuen hainbesterakoa, nahiz eta aurreko garai batean izan zuen. Polizia sekretua ere oso eraginkorra zen, beldur horrekin jendeak ezin zuelako ez hitzik egin, ezta protestarik ere.
Hala eta guztiz ere, eta 12 urteko blokeoa jasan zuela kontuan hartuta, ongi bizi zen jendea, bizi baldintza egokiak bazituen, bizimodu duina zuten.

Amerikarrekin zer irabazi eta galdu dute?
Hitz egiteko askatasuna irabazi dute. Baina horrekin batera galdu dute bizi baldintza duina. Ez daukate argirik, ez urik...
Gizartean kaos handia dago. Diktaduran gaizkile denak giltzapetu egiten zituzten. Orain, berriz, ez dago aginterik. Eta poliziari ez diote jaramonik egiten. Edonork esaten dizu "ba, hemen ez dago legerik!" Lapurretak hasi dira, bahiketak... Gaizkileek nahi dutena egiten dute.

Orain hauteskundeak jarriko omen dira abian. Nola ikusten duzu prozesu hori?
Ez daukat batere konfiantzarik. Iraken gehienak xiiak dira, baina ikusi arte ez dut sinesten amerikarrek agintea emango dietenik. Harremana estutu daitekeelako Iran eta Irakeko xiien artean. Xiiak agintean jarrita, gero eta garrantzia handiagoa izango luke islamak eta Coranak konstituzioan.
Pentsatzen dut azpijokoren bat erabiliz panpinen bat jarriko dutela berriro agintean.

Irakek suntsipen handiko armak zituela izan zen aitzakia gerra hasteko. Garbi duzu hori gezurra dela. Zein da, zure ustez, gerrarako benetako arrazoia?
Koltxoi edo babesleku handia ematea Israeli. Zonalde hori lasaitzeko gauza handia da Sadam parean ez egotea eta Irak kontrolatu eta bereganatuta, Iran isolatuta geratzen da. Jokaldia borobiltzeko, Irakek munduko petroliorik merkeena duenez, eta munduko bigarren petrolio poltsarik handiena, gerran negozioa egiten dute.

Irudi gordinekin jokatzen da sarri gerretan.
Ali mutikoaren kasua izan zen ezagutu genuen gogorrena. Bagdadetik ihes egin zuen bere familiak, eta bonba batek harrapatu zuen familia osoa. Bere familia dena hil zen, berak bi besoak galdu zituen eta sabelaldea erreta zeukan. Erietxean mutikoak zuen itxura oso gordina zen, eta saiatu ginen erakusten informatu bakarrik egiten zuten irudiak, bere sabelaldearen xehetasunik eman gabe. Hura baino gogorragoak ziren argazki batzuk eman zizkiguten, hil zen bere familiarenak.
Haiek ezin ziren erakutsi. Uste dut horrelako irudi gordinak erakutsiz ez dela ezer lortzen. Norberaren morboa asetzeko bakarrik balio du. Hitz hutsez esanda ere, jendeak ulertzen du hil egin direla, eta beraz, euren buruak erditik puskatuta, begiak kanpoan dituztela, eta sabela ahoan sartuta daukatela erakusteak ez du ezer konpontzen. Baina argazki horiek Interviu aldizkariak argitaratu zituen.

Hemendik aurrera zer asmo dituzu?
Gustatuko litzaidake bidaia berriren bat egitea. Baina ETB telebista txikia da, eta beretzat oso garestia da. Ulertuko nuke bertan geratu behar izatea. Pozik nago nazioarteko gaietan ere erreferente izatea lortu dugulako: lehen, horrelako gatazka bat gertatzean jende denak TVE jartzen zuen, eta orain estatu mailan hori asko aldatu da. Espainian T5 ere jartzen dute, eta Hego Euskal Herrian ikusentzuleak gu aukeratu gaitu kanpoko gerraren berri jarraitzeko.

Curriculuma
jaio: Azpeitian, 1969n.
hazi: Zarautzen.
bizi: Getxon.
kazetaritzan lizentziatua

ibilbidea:
Euskadi Gaztean hasi zen, 1989-1995 urte artean.
Ondoren, Madrilen aritu zen korrespontsal, 1996-1999 artean.
Egun, albistegietako aurkezle da, 1999z geroztik.
Gerrako kazetari: 2001-2002 urteetan, lau aldiz ibili zen Afganistanen. 2003an, Iraken aritu da.

Argitalpenak:
»Palestina hotela», 2003.

Kirola: Surfean Espainiako txapeldun orde izan zen 1987an. Egun, surfean jarraitzen du eta triatloiak egiten ditu.


Txankletetan OPUSen
«Institutua bukatzean txima luzeak nituen, eta egun osoa pasatzen nuen surfean. Aitak tximetatik helduta eraman ninduen Iruñeko Opusera ikastera. Aldaketa gogorra izan zen niretzat. Lehen egunean, eguraldi ona egiten zuela-eta, txankletetan eta kamiseta batekin joan nintzen klasera. Opus orain baino zorrotzagoa zen, eta jendeak arraro begiratzen zidan. Iruñeko arrandegietan egoten nintzen, bertako itsaso usaina esnifatzen!»

Gerrak markatutako gizartea
Iraken sarraskiak ikusi dira, baina ez da jendea aldatzeraino iritsi. Afganistanen bai. Afganistanen haurrek ia ez dute barrerik egiten, ez dutelako heriotza besterik ezagutu. 23 urteko pertsona batek jaio zenetik orain arte ez du sarraskia besterik ezagutu, eta horrek gizakia gogortu egiten du. Horrek ez pertsonak bakarrik, belaunaldi, gizarte eta kulturak ere markatu egiten ditu.

Giza ezkutuak eta brigadistak
Giza ezkutuak dira, bonbardaketak oztopatzeko bere burua erdian jartzen dutenak. Baina hauen bidaia sasi-alternatibo pijo hutsa zen. Lotsagarria. Irakeko gobernuak esan zien ezin zutela erietxean gelditu, hura ez zutela bonbardatuko eta gainera enbarazu egiten zutela. Eta ura garbitzeko zentral baterako joateko. Giza ezkutuek erantzun zuten zentral hura bonbardatu egingo zutela, eta ez zutela han jarri nahi. Eta alde egin zuten.

Aldiz, brigadistek konpromiso erabatekoa zuten. Bukaera arte geratu ziren. Trillok esan zuen Irakeko Gobernua babestu zutenez, eurak ere helburu militar zirela. Beldur handia pasatu zuten. Ez zekiten soldadu amerikarrek nola hartuko zituzten.

Bertsoa

Gerra hain da gogorra,
latz eta tristea
kosta egiten dela
zer den sinistea.
horregatik egin da
notizi eskea,
ez bakarrik argazki
hau edo bestea,
baizik testigantza bat
iristaraztea


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude