Ez da gauza bera galesez ala ingelesez erditzea

  • Ez da gauza bera pediatrak umeari zer esaten duen ulertzea eta ez ulertzea. Ez da gauza bera buru gaixotasuna izan eta osasun profesionalek norberaren jatorrizko hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan egitea. Euskaldunok bezala pairatzen dituzte horrelako egoerak gales hiztunek.

Eiry Miles galestarrak erditze zaila izan zuen eta hala kontatu zuen: “Emaginak galesez hitz egin zidan. Zoragarria izan zen. Nik ulertzeko moduan azaldu zidan egoera eta lasaitu ninduen. Egoeraz nire hizkuntzan hitz egin ahal izatea berezia izan zen”.
Eiry Miles galestarrak erditze zaila izan zuen eta hala kontatu zuen: “Emaginak galesez hitz egin zidan. Zoragarria izan zen. Nik ulertzeko moduan azaldu zidan egoera eta lasaitu ninduen. Egoeraz nire hizkuntzan hitz egin ahal izatea berezia izan zen”.

Presaka daramate emakumea ospitaleko operazio-gelara. Haurdun dago eta erditzea ez da aurreikusten erraza. Ama izatear dagoen emakumeak bere ezkerretara gizon gazte bat dauka. Emakumearen eskuan tutu bati eusten dio. Galesez egiten dio, ez ingelesez. Heledd ap Gwynfor haurduna ez da inoiz ahaztuko gizon hartaz: “Urrea balio zuen hark niri galesez egiteak, konturatzen nintzen gero eta lasaiago nengoela berari esker. Emaginarekin baino errazago adierazi nezakeen sentitzen nuena”. Baina lanorduak lanordu dira eta erditzen ari zela ondoko langile guztiek alde egin zioten eta berriak etorri ziren: “Gazteak esan zidan joan egin behar zuela. Bihotzak pott egin zidan, zeren hitz egiten zidan bitartean lasaitzen ari nintzen”.

 The Guardian agerkari britainiarrak irailaren 20an jaso du adibide hau. Ondoren kontatuko ditugun adibide gehiago ere jaso ditu. Izan ere, Galesko Hizkuntza Politikaren eskutik osasun zentroetan gales hiztunak euren hizkuntzan artatuak izateko kanpaina abiatua dute. Aled Roberts da Galesko Gobernuaren Hizkuntza Politikako ordezkari nagusia eta hark adierazi du gales hiztunak sufritzen ari direla, eta batzuk arriskuan egon daitezkeela osasun zentroetako profesionalek haien jatorrizko hizkuntzan hitz egiten ez badute. Hala dio berak: “Jatorrizko hizkuntza badu galesa, hizkuntza horretan egitea beharrezkoa da beretzat, ez da aukera”. Pazientearen hizkuntza eskubideez baino, osasuna bera arriskuan jartzeaz ari da eta horregatik beharretik ari da hizketan Roberts. The Guardian agerkariak hainbat gales hiztunen gertaerak eta profesionalek emandako iritziak jaso ditu.

Tutik ulertzen ez duten umeak

Eiry Miles andrea ere, erditze zaila ari zen pairatzen. Izuak hartu zuen medikuari ulertu zionean hiltzeko arriskuan zegoela: “Emaginak ordea, galesez hitz egin zidan. Zoragarria izan zen. Nik ulertzeko moduan azaldu zidan egoera eta lasaitu ninduen. Egoeraz nire hizkuntzan hitz egin ahal izatea berezia izan zen”.

Tomos Owens profesionalak gaixoen %90arekin galesez egiten du. Langile horrek nabaritu du gurasoek estimatzen dutela haien seme-alabekin galesez hitz egiteko gai den norbait egotea, zeren: “Zailagoa da umeak zuregana hurbiltzea eta miatzen uztea, ulertzen ez duten hizkuntzan egiten badiezu”. Aled Roberts hizkuntza ordezkariak beste gai bat jarri du mahai gainean: osasun langileek haurraren hizkuntza ez dakitelako gurasoek itzultzaile lanak egiten badituzte, zer gertatzen da haurra babesteko prestatuta dauden neurriekin?

Pneumonia harrapatu eta birika batek lan egiteari utzi zion. Etxetik ehun kilometrora zegoen ospitalera eraman zuten Sian Elin Williams gales hiztunaren ahizpa. Hala dio ahizpak: “Gaztea zen orduan, gales hiztun ginen etxean, hain zen garrantzitsua berarentzat medikuari nola sentitzen zen bere hizkuntzan kontatzea. Etxetik urrun zegoen, baina galesez egiteak erosoago sentiarazi zuen, arrotza zitzaion hizkuntzan egitea beste kontu bat izango zen”.

Minbizia duten gaixoak artatzen dituzten erizaintza taldeak gidatzen ditu Manon Williamsek. Argi du oso garrantzitsua dela gaixoei eta senideei galesez hitz egitea: “Jaso behar duen informazioa hari mutur askokoa izan daiteke. Era berean albiste txarrak jasotzeko ere oso garrantzitsua da, egoeraz galesez hitz egiteko aukera izatea behar dute momentu horietan”.  

Dementzia daukaten hiztunak

Zer gertatzen da arazo psikologiko eta psikiatrikoak dituzten gaixoekin? Hizkuntza erreminta berebizikoa da haien gaitzen diagnostikoak egiteko eta gero artatzeko. Alabaina, zein garrantzi ematen zaio osasungintzan? Edwin Humphrey psikiatriako erizainak ezagutu ditu dementzia testen bidez diagnosia ondo egin ez zaien gaixoak. “Duela gutxi emakume bati dementzia testa egin dio mediku batek ingelesez eta horren ondorioz egin duten diagnosia kaskarra izan da. Dementzia aurreratua duela ondorioztatu dute. Gaixo horrekin hizketan aritu naiz eta konturatu naiz diagnosia dioena baino hobeto dagoela. Berriz egin diogu testa, oraingoan galesez, eta emaitza hobea eman du”. Humphrey psikiatriako erizainaz gain, musikaria ere bada. Konturatu da ingelesez abesten duten kantarien musika jarritakoan gutxiago erreakzionatzen dutela gales hiztunek: “Aldiz, galesezko kantak jarritakoan segituan aurpegia pizten zaie”.

Glenda Robertsek dementzia dauka. Berak dio konturatu dela ingelesez, bere bigarren hizkuntzan, gero eta kaskarrago hitz egiten duela: “Jatorrizko hizkuntzara itzultzen ari naiz”.

Zenbat osasun langilek dakite galesa?

Ez dakite zenbat diren, ez dute zenbaketarik egin. Aled Robertsen esanetan, aldeak handiak dira Galesko eremu batzuetatik besteetara. Osasungintzako sail batzuetan gales pixka bat egin dezakete ia langile guztiek, beste batzuetan bostetik batek ere ez daki. Langile gales hiztunak detektatzeko sistemarik ez dago, eta beste hainbeste gertatzen da gaixo gales hiztunekin. Hala, hizkuntzak eta hiztunek itzalean jarraitzen dute.

Ikerketa gutxi, kontzientzia are gutxiago

2017ko EHUko Udako Ikastaroetan, Osasuna eta Hizkuntza jardunaldietan, Leire Erkoreka psikiatrak hitz egin zuen, besteak beste. Psikiatrian eta psikologian pazienteari bere hizkuntzan egitearen garrantziaz ari zen. Aldiz, aitortu zuen, nazioartean, gaiaren inguruko oso argitalpen gutxi dagoela, eta berak batez ere eskizofreniari lotutakoa aurkitu duela. Material urria aztertu eta ondoko ondorioa azaldu zuen: “Gaixoek ama hizkuntzan sintoma psikotiko larriagoak agertzen dituzte bigarren hizkuntzan baino. Neurologoek eta hizkuntzalariek ez dakite oso ondo hizkuntza bakoitza garunaren zein tokitan lantzen den, baina badirudi zentzuzko hipotesia dela ama hizkuntza emozioekin lotzea eta bigarren hizkuntzak errealitatera lotzen gaituela. Bigarren hizkuntza erabiltzen dugunean hizkuntzaren igorpenari arreta handiagoa jartzen diogu, eta beraz errealitateari lotuago gabiltza.

Beste lan batek dio gure oroitzapenak emozioei lotuta daudela eta emozio horiek hizkuntza bati lotuta. Agian, erabili daiteke bigarren hizkuntza oroitzapen horiek errekuperatzeko? Badirudi bigarren hizkuntzaren erabileraren bidez emozioak estali daitezkeela, eta beraz, terapeutak erabili dezake pazientearen bigarren hizkuntza oroitzapen traumatikoak hobeto ateratzeko”.
Leire Erkorekak Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean egiten zuen lan eta ondoko bi datuak eman zituen: Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, helduen artatze psikiatrikoan langileen %38k du euskarako B2 maila, eta umeekin lana egiten dutenen %47,6k. B2 mailak ez du bermatzen kontsulta euskaraz ematea.

Eskubidez behar luke euskaraz edo galesez osasun arreta jasotzea. Ez da beti hala gertatzen. Beharra dagoenean ere ez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galesera
2022-11-14 | Sustatu
Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd

Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa irten berri da merkatura, 12 asteko denboraldi batekin eta Cwis Bob Dydd izenarekin. Jokoa CodeSyntax euskal enpresak garatu du, Tinopolis ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C... [+]


Galesezko oinarrizko ezagutza eskatuko die gobernuak funtzionarioei

2050. urterako sektore publikoa guztiz elebidundu nahi du Galesko Gobernuak. Milioi bat gales hiztun izatera heldu nahi dute 30 urte barru. 


Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena

Orain arte Galesko Asanblada Nazionala zena, Galesko parlamentu bilakatu da, eta bertako hizkuntzan jaso du izendapena: Senedd Cymru. 21 urteko prozesuaren ostean heldu da parlamentuaren onarpena. Izan ere, legeak eratzeko eta zergak kobratzeko eskubideak lortzeko prozesuan egon... [+]


Awen Iorwerth, mediku eta irakasle galesa
"Jendeak gaixo dagoenean bere hizkuntzan artatzea nahi du"

Irlandarrak eta galesak izan dira Euskal Herrian. Galdakao-Usansolo ospitalea, EHUko Medikuntza fakultatea eta UEU bisitatu dituzte. Gaixoak bere hizkuntzan artatzeko bideak ikasten eta praktikara eramaten ari dira. Ahalegin horretan ari da Awen Iorwerth traumatologo eta... [+]


Elebakarrei mimikaz komunikatzeko trebezia %136 handitzen zaie

Galesi buruz umorez aritzeko twitter kontuan (Welsh Bollocks) aurkitu dugu esaldia. Hizkuntza bakarra jakiteak dituen “onurak” deskribatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude