S4C, ETBren ispilu galestarra

  • S4C galeserazko telebista kateak 2012ko azaroaren 2an ospatu zituen 30 urte antenan, ETBk baino aste batzuk lehenago.

Urtebetetzea aldi berean izate hori oso egokia da bi herrialdeek antzekotasun demografiko ugari ere badituztelako: biek daukate 3 milioi inguruko populazioa, 20.000 kilometro koadroko lurraldean bizitzen eta herritarren %20-30ek hitz egiten dute herrialdeko berezko hizkuntza, zeina oso diferentea den linguistikoki estatuetako hizkuntza nagusietatik. Galesera eta euskara aldi berean dira baserriko eta hiriko, zahar eta gazte, tradizional eta abangoardiako, normalizatu eta baztertuak gaur egungo bizimoduan. Telebistak Galesen eta Euskal Herrian erronka bat dauka, audientziaren espektro zabal horrekin komunikatzea hizkuntza minorizatua erabiliz.

Galeserazko ohiko emisioak 1960ko hamarkadan hasi ziren berez, BBCk eta HTV kate komertzialak ekoiztu eta emititu zituen saio sorta batekin. Beraz, S4Ck hasieratik zeukan bi hamarkadako telebistaren herentzia, esperientzia zeukaten profesional multzo bat eta ondo ezarritako generoak hizkuntzarako albistegietan, gaurkotasuneko saioetan, kiroletan, haurrentzako programetan, komedian, telebistako fikzioan eta katearen Pobol y Cwm telenobelan. Hala ere, telebistako ekoizpenean martxa aldaketa egiteko asmoa zeukan kate berri bat sortzeak –lan-aukeren eztanda sormen-langileentzat eta teknikarientzat–, eta telebistako ekoizpen enpresak herrialdearen gune ugaritan kokatzeak, ez hiriburuan bakarrik, areagotu egin zuen hazkunde ekonomikoaren eta galeseraren hizkuntza-industriaren arteko lotura.

Gainera, S4C bera mugarri esanguratsua izan zen Galesko historia politikoan. Katea egoera dramatikoan jaio zen. Milaka lagunek parte hartu zuten indarkeriarik gabeko ekintza zuzenean, hamarkada bat baino gehiagoz kanpaina egin zuten telebista katea ezar zedin. Hainbat Batzorde Parlamentario jarri ziren abian frogak hartzeko. Azkenik, Erresuma Batuko alderdi politiko guztiek babestu zuten galesera hutsezko telebista emandegiaren sorrera, baina 1979ko hauteskunde orokorrak irabazi ondoren Erresuma Batuko alderdi kontserbadoreak iritziz aldatu zuen, bere hauteskunde programari uko eginez. Plaid Cymru-ko (Galesko Alderdi Nazionalista) lider Gwynfor Evansek erantzun zuen hil arteko baraua egingo zuela Gobernu kontserbadoreak bere konpromisoa bete arte. Akordioa lortu zen Gwynfor Evansek baraua hasi baino lehen, eta S4Ck bere lekua hartu zuen galestarren garaipenen mitologian. Telebista bihurtu zen kontsolamendu-saria autonomia politikoaren erreferendumak huts egin ondoren, Galesko hautesleek baztertu egin baitzuen 1979an. Galesko identitate politikoa gobernu autonomorako prest ez egon arren, galeseraren aldeko mugimenduko parte batzuek arindua hartu zuten estatu britainiarrak kontzesio kulturalak egiteko gizarte-mugimenduaren kanpainek izan zuen arrakastarekin.

Bidezkoa da esatea emititzen ari den hiru hamarkadetan S4Ck inpaktua eragin duela Galesko eguneroko bizimodu nazionalean. Haren presentziak lagundu du Galesko bizimodu politikoan, kiroletan eta kulturan, zuzenean parte hartuz lehenago “txikiegi”, “marginalegi” edo “galestarregi” ziren gertakariak programetan antenaratzen. Galesko jaialdi kulturalak eskaintzen ditu S4Ck, baita bertako futbol liga eta politika ere. Hasieratik, galeserazko albistegiek barneratu zuten nazioarteko gertakarien ikuspegi galestarra, eta S4Ck ekarri ditu Espainiako Ligako eta Errege Kopako jokaldirik onenak galeseraz kontatuta 1980ko hamarkadaren hasieratik. Haurrentzako programak, fikzioa eta benetako gertakarietan oinarritutako telesailak ekoiztu ditu kateak mundu osoko kate eta enpresa ugarirekin elkarlanean. Lorpen famatuenak Oscar sarietarako atzerriko film onenaren bi izendapen dira, Hedd Wyn 1993an eta Solomon a Gaenor 1999an –bietan Espainiako Belle Epoque eta Todo sobre mi madre filmek irabazi zieten–.

Noski, izan dira puntu baxuak ere. Kate guztietan bezala, programa batzuek harrera pobrea izan dute (lehiaketak eta komediak datozkit burura), baina ezin da ukatu galeserazko telebista kate bakarra izateak eta hizkuntzaren normalizazioaren paisaia zabalagoaren parte izateak zailtasun bat gehitzen diola bere misioari. Batzuetan bere raison d’êtrea –programak galeseraz emititzea– ezbaian jarri dute politikariek. Horrelakoek, berez, oroitarazten dute hizkuntzaren normalizazioa oraindik proiektu politikoa dela.

S4C kritikatu dute ezkertiarrek ikuspuntuetan kontserbadoreegia izateagatik, programazio britainiar edo ingelesa emulatzeagatik eta bereziki gazteen kultura baztertzeagatik. S4Ck baino baliabide handiagoak dituzten emandegi askoren zailtasun handiena gazteen audientzia da. S4Cren erantzunak, noizbehinka gazteentzako fikzioa, zenbait pop musika saio eta gazteen eguneroko aferei buruzko programa bat egiteak, neurri batean erantzuten dio horri, baina ez erabat. Interneten daukan estrategiak ez du modu erabakigarrian lortu populazioaren zati hori harrapatzea.

Telebista geroz eta gehiago dago mundu osoan testatutako formulen menpe eta Galesko telebista ez da salbuespena. Hala ere, haurrentzako animazioaz aparte, Galesko telebistako fikzio-saioek gutxitan kopiatu dute beste hizkuntzetatik, besterik gabe ingelesezko programak kopiatzea (Erresuma Batutik edo AEBetatik) ez zelako inoiz aukera sinesgarria galeseraz eta ingelesez dakiten ikus-entzule elebidunentzat. Galeserazko telebista etxeko produkzioan oinarrituta dago batez ere. Berez, hazten ari da bertakotasunaren zentzua, lokaltasuna, audientziarekin gertuagoko harremanean konektatzearen sentsazioa, telebista nazional handiekin alderatuz gero.

Gertutasun hori hizkuntzaren erabileran ere islatzen da. Erresuma Batuko ingelesarekin alderatuta, dialektoen erabilera handiagoa dago Galesko telebistan. S4Ck galeseraz nola erabiltzen duen kritikatu izan dute zuzenegia edo formalegia izateagatik, baita arduragabeegia edo argot-tankerakoa izateagatik. Linguistikoki, dialektoen arteko elkar ulertzea hobetzen lagundu du, baita neologismoen sorkuntzan eta zabalkundean eta heldu izanda ikasten ari direnen errekonozimendua hobetzen ere.

Joan diren hiru urteak izan dira gorabeheratsuenak S4Cren 30 urteko historian. Prentsako iritzi negatiboen, goi-mailako exekutibo eta presidentearen dimisioen eta Erresuma Batuko koalizio gobernuak gastuen aurreikuspenetan emandako kolpe finantzario gogorraren aurrean, badirudi ziaboga egin duela. Aurrekontuan %36ko murrizketarekin, ikusleekin berriz konektatu nahian ari da, antenan eta sarean, bere izen ona berreraikitzeko eta bere burua kokatzeko Galesko jendearen eguneroko bizitzaren bihotzean.

(*) Elin Haf Gruffydd Jones Galesko Aberystwyth Universityko irakaslea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galesera
2022-11-14 | Sustatu
Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa kalean da: Cwis Bob Dydd

Egunean Behin jokoaren galesezko bertsioa irten berri da merkatura, 12 asteko denboraldi batekin eta Cwis Bob Dydd izenarekin. Jokoa CodeSyntax euskal enpresak garatu du, Tinopolis ekoiztetxe galestarrarekin batera, bertako S4C galesezko telebista publikoaren enkarguz, eta S4C... [+]


Galesezko oinarrizko ezagutza eskatuko die gobernuak funtzionarioei

2050. urterako sektore publikoa guztiz elebidundu nahi du Galesko Gobernuak. Milioi bat gales hiztun izatera heldu nahi dute 30 urte barru. 


Galesek legebiltzar propioa izatea lortu du eta bertako hizkuntzan eman diote izena

Orain arte Galesko Asanblada Nazionala zena, Galesko parlamentu bilakatu da, eta bertako hizkuntzan jaso du izendapena: Senedd Cymru. 21 urteko prozesuaren ostean heldu da parlamentuaren onarpena. Izan ere, legeak eratzeko eta zergak kobratzeko eskubideak lortzeko prozesuan egon... [+]


Awen Iorwerth, mediku eta irakasle galesa
"Jendeak gaixo dagoenean bere hizkuntzan artatzea nahi du"

Irlandarrak eta galesak izan dira Euskal Herrian. Galdakao-Usansolo ospitalea, EHUko Medikuntza fakultatea eta UEU bisitatu dituzte. Gaixoak bere hizkuntzan artatzeko bideak ikasten eta praktikara eramaten ari dira. Ahalegin horretan ari da Awen Iorwerth traumatologo eta... [+]


Jatorrizko hizkuntza osasungintzan
Ez da gauza bera galesez ala ingelesez erditzea

Ez da gauza bera pediatrak umeari zer esaten duen ulertzea eta ez ulertzea. Ez da gauza bera buru gaixotasuna izan eta osasun profesionalek norberaren jatorrizko hizkuntzan ala bigarren hizkuntzan egitea. Euskaldunok bezala pairatzen dituzte horrelako egoerak gales hiztunek.


Eguneraketa berriak daude