Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da

  • Algoritmoak gara behelaino artean. Gure kontsumitzaile profila osatu dugu eta gure ohituretara “aurreratuko” den teknologia daukagu esku artean. Utzi egin diezaiokegu teknologiari guregatik erabakitzen: berak daki zeintzuk diren gure gustu musikalak, zeintzuk komeni zaizkigun informazio iturriak, zeintzuk entzun nahi ditugun iritziak. Honen atzean ezkutatzen den nahaspila argitzeko eta internetek gaur egun nola funtzionatzen duen ulertzeko jardunaldiak antolatu dituzte Ametzagaiñak, ARGIAk eta Iametzak urriaren 24rako Donostiako San Telmo Museoan.


2019ko urriaren 20an

2018an Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoftek (GAFAM) 792.000 milioi dolar irabazi zituzten. Mundu digitalaren jabeak dira, eta gure eguneroko bizitzan askotan nahi baino presenteago daude: lagunarteko komunikazioen edukiak, toki batetik bestera mugitzeko erak edo lortzen dugun informazioa, ia denak enpresa hauen bitartez eskuratzen ditugu.
Pribatutasunean eragiten dituzten arazoez gain, enpresa hauek herrien eta estatuen etorkizunean eragin dezakete: hauteskundeen emaitzetatik hasita, politika publiko zehatzetaraino. Pribatutasunaren gaia hacktibisten kezka izan da soilik, baina egun Alemaniako Estatua bera ere, kezkatuta dago burujabetza teknologikoarekin, bere administrazioaren zerbitzari guztiak Alemanian bertan egotera derrigortuak daude.

Datuak, XXI. mendeko petrolioa

Gure kokapena, kontsumo ohiturak, bizitza erritmoak, pentsamendu erlijioso zein politikoak... GAFAMek ez du datu bakar bat kanpoan uzten. Gizakion portaerak ulertu eta ikertzera bideratutako makina bat enpresa ditugu, publizitate agentziei eta enpresa handien marketin sailei saltzen diete informazioa. Eta noski, CIA eta inteligentzia zerbitzuak ez dira urrun ibiltzen halako informazio baliotsuetatik. 

Erabiltzaileok edozein zerbitzutan izena ematen dugunean onartzen ditugun erabilera baldintzen barruan sartzen da. Normalean “datuen erabilera egokia” egingo dela ziurtatzen da, baina adibidez, biztanleriaren eta erakundeen zati handi batek erabiltzen duen Google Drive zerbitzuak honakoa dio, hitzez hitz: “Edukiak igotzen, gordetzen, bidaltzen edo jasotzen dituzunean, gure Zerbitzuetara ala gure Zerbitzuen bidez, Google-ri (eta gurekin lan egiten dutenei) mundu osorako balio duen lizentzia ematen diozu eduki hori erabiltzeko, ostatatzeko, biltegiratzeko, erreproduzitzeko, aldatzeko, hartatik eratorritako lanak sortzeko (adibidez, zure edukiak gure Zerbitzuetan hobeto funtziona dezan itzulpenak, egokitzapenak edo bestelako aldaketak egitea), komunikatzeko, argitaratzeko, publikoki erreproduzitzeko zein bistaratzeko, eta banatzeko”.

YouTube plataformak ere paper garrantzitsua bete zuen Brasileko eskuin muturraren gorakadan

Cambridge Analytica-ren eskandaluak Facebook kolpatu du azken urteetan. Sare sozialak 87 milioi erabiltzaileren datuak eman zizkion ikerketa enpresari, Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeen testuinguruan. Antza denez, pertsonen iritzi eta portaera horiei esker politikariek euren kanpaina eta diskurtsoak moldatu zituzten, hauteskunde emaitzetan eragin nabarmena lortuz. The New Yorks Times-eko erreportaje baten arabera, YouTube plataformak ere rol garrantzitsua izan zuen Brasileko eskuin muturraren gorakadan, gitarra ikastaroak, sukalde errezetak edo brikolaje bideoak bilatzen zituzten erabiltzaileei eskuin muturreko erreferenteak proposatuz.

Facebook-eko buru Mark Zumberger-ek gero eta epaiketa gehiagori egin behar dio aurre mundu osoan bere konpainien  jarrera monopolista eta abusuengatik.
Algoritmoa elikatzeari uztea?

Ez gaude beraz, konspirazio teorien ingurumarian: gaur eta hemen, gure poltsikotik hasita munstro erraldoi bat elikatzen ari gara, orain arteko  gatazketatik urrunago joatean aurreikusi daitekeena.

Botere kontzentrazio honek autokrazien antza hartzen du. Munduan egiten diren bilaketen %90a Google-n egiten dira. Bertan algoritmoen arabera posizionamendua lortzen dute webguneek, baina lehen orrian kokatuta ez daudenak ia ikusezin bilakatzen dira; erabiltzaileen %1a baino ez da bigarren orrira heltzen, zer esanik ez hirugarren eta laugarrena... Algoritmoak ez dira neutroak, noski. Atzean dauden enpresek eta interesek batera edo bestera jotzen dute, fake news izendatuz potentzien arteko konpetentziak.

Zuzenean zentsura politikoa ezartzen dute, inolako disimulurik gabe. Irailaren 12an Twitterrek Kubako hedabide eta politikarien kontuak ezabatu zituen, inolako azalpenik eman gabe. Antzekoa gertatu zen, maiatzean Venezuelako gobernuaren gertuko hainbat hedabiderekin.

Hegelen esklabo eta jabearen dialektikaren tankerako gatazka dugu datuen eta kontsumitzaileen artean. Guk sortzen ditugun datuak dira enpresa hauen –batez ere, Google eta Facebooken– gasolina nagusia. Kontua ez da datuak inoiz baino garrantzitsuago bihurtu direla, baizik eta orain, mugikorra eskutan Google-rentzat kartografiatzen ditugula gure herriak, eta gure ekintza garrantzitsuenak.

Google Drive zerbitzuak honakoa dio: “Edukiak igotzen, gordetzen, bidaltzen edo jasotzen dituzunean, gure Zerbitzuetara ala gure Zerbitzuen bidez, Google-ri mundu osorako balio duen lizentzia ematen diozu eduki hori erabiltzeko”.
Egongo da beste norabiderik

Arazoari aurre egiteko lehen urratsa arazoaz jabetzea da. Askotan hodeia deitzen diogu –nube, cloud, nuage–internet iruditzen zaigun eremu etereo horri. Kontziente izan gabe atzean diren enpresez eta botere lehiez. Horri guztiari izen abizen batzuk gehitzera dator aurtengo Euskarabildua jardunaldia.

Iametzak, Ametzagaiñak eta ARGIAk elkarlanean antolatu dituzte aurtengo Euskarabildua jardunaldiak. Ertz asko ukitzen dituen arren, burujabetza teknologikoa eta egoera horretara iristeko egin beharreko trantsizioaren garrantziaz egingo da hausnarketa.
Askotan nahasten diren bi termino dira software askea eta burujabetza teknologikoa. Software askea, hainbat printzipiotan oinarritzen den filosofia eta praktika mota da: teknologia eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu egin daiteke. Teknologia burujabetza ordea, ez da lan egiteko modu batez ari, ezta lizentziez ere: geroz eta enpresa pribatu gutxiagok duten kontrol erraldoitik ihes egitea da kontua.

Trantsizioaz hitz egiterakoan, kontuan hartu behar dira, batetik, egun ditugun erabiltzaile ohiturak eta, bestetik, dauden tresnak. Zentzu horretan ere, askatasun eremu berriak eskaintzen ditu software askeak: beste garatzaile batzuek sortutako tresnak hartu ditzakegu eta gurera moldatu. Mastodon.eus bezala, Euskal Herrirako modu komunitarioan sortu eta kontrolatutako sare sozial berrian araudi eta funtzionamendu horizontalagoa praktikatu daiteke. Euskara ulertuko duen teknologia ere auzolanean sortzen ari da Common Voice ekimenean, besteak beste.

Urriaren 24-an San Telmon
Arazoari aurre egiteko lehen urratsa arazoaz jabetzea da. Horri guztiari izen abizen batzuk gehitzera dator aurtengo Euskarabildua jardunaldia

Sortu berri den Teknologia Librearen eta Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen Sareak (TEKS) irekiko ditu jardunaldiak, Euskal Herrian burujabetza teknologikoaren beharra mahai gainean jarriz. Joan den uztailean aurkeztu zen TEKS Errenterian eta ikuspegi lokaletik lan egingo duten eragile teknologikoak eta herritarrak batzen ditu. Jardunaldietan parte hartzeko izen ematea irekita dago www.euskarabildua.eus atarian.

Alex Haché ziberfeministarena izango da jardunaldiko ponentziarik luzeena. Bera da Euskal Herritik urrutien aritzen dena lanean. Orain Amazonaseko hainbat komunitaterekin ari da, ikuspegi teknologikoa eta feminista uztartuz herrien erresilentzia prozesuak ahalbidetzeko.

Iaz bezala, EHUko irakasle den Xabier Barandiaran arituko da San Telmon. Iaz teknologia burujabetzaren beharra azpimarratu zuen eta aurten erakundeek trantsizio hori nola egin dezaketen erakusten saiatuko da.

Aurtengo Euskarabilduko nazioarteko beste ponentea Frank Karlitschek izango da, NextCloud-eko sortzaileetako bat. NextCloud Google-ren antzekoak diren zerbitzuak eskaintzeko plataforma bat da da, baina librea. Horrek esan nahi du, norberak bere zerbitzari propioetan eduki dezakeela Drive gisako plataforma bat edo Calendar bezalako aplikazio bat, bere informazioa hirugarrenen –edo batez ere, hirugarren ezezagun eta boteretsuen– menpe utzi behar izan gabe.

TEKS sareaz gain, Euskal Herriko hainbat eredu interesgarri ere ekarriko dira mahai gainera: iametzako Asier Iturraldek adibidez, Bestelako sare sozial batzuk posible dira: Fedibertsoa hitzaldia eskainiko du, euskarazko eta libreak diren sare sozial eta proiektuak aurkeztuz. Pasaiako Udalean urte batzuetatik hona, software askearekin egiten dute lan, eta prozesu hori nola egin duten eta nola doakien azalduko du Rafael Puyk. Azkenik, hezkuntzan burujabetza teknologikoak daukan garrantzia eta dauden aukerak aztertuko dituzte, Alex Gabilondok eta Sonia Ortiz de Arrik, Irun eta Donostiako berritzeguneetakoak.
CC lizentzia eta elkarbanatzearen filosofia software librearen oinarrietako bat denez, ARGIAk ere hartuko du parte jardunaldian. Axier Lopez eta Xabier Letonak emango dute hitzaldia: Elkarrekin eta libre bagoaz, ARGIA eta CC lizentziak. ARGIAk eduki libreen alorra nola jorratzen duen eta euskal hedabidetan gaia nola ikusten duten azalduko dute.


ASTEKARIA
2019ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarabildua
2023-10-26 | ARGIA
Ikusi hemen Euskarabilduaren jardunaldiak

Euskarabildua jardunaldiak egin dituzte Donostiako San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Egunerokoan baliagarriak diren teknologia burujabe eta libreak ezagutzera eman ditu jardunaldiak. Euskaraz lan egitea... [+]


2023-10-25 | ARGIA
Odoo erakundeentzako ERP librea aurkeztuko dute Euskarabildua jardunaldietan

Beñat Irasuegi Talaios Kooperatibako kideak Odoo tresna librea aurkeztuko du Euskarabildua jardunaldietan ostegunean Donostiako San Telmo museoan.


2023-10-24 | ARGIA
Mailtrain: e-mail marketin-erako software libre eta burujabea aurkeztuko dute Euskarabilduan

Mailtrain e-posta bidalketak egitea ahalbidetzen duen software librea da. Norberaren zerbitzarian instalatzeko aukera eman eta datuen pribatutasuna zaintzen du.


2023-10-24 | ARGIA
Hodeian informazioa gorde eta partekatzeko alternatiba burujabea Euskarabildua jardunaldietan: Nextcloud

Hodei propioa eraikitzea ahalbidetzen duen software librea da Nexcloud, datuen pribatutasuna zaintzen duena. Dokumentuen biltegia eta partekatzeko gunea izateaz gain, bestelako funtzionalitateak ere integratzen ditu: bideo-deiak egiteko Talk sistema; egutegia; posta... [+]


“Errazagoa da software librea hautatzea, bat datorrelako hezkuntzaren balioekin”

Alexis Kauffmann, Frantziako Hezkuntza Ministerioko DNEko (Hezkuntzarako Zuzendaritza Digitala) teknologia digitaleko sektoreetako software-proiektuen eta hezkuntza-baliabide libre eta mistoen zuzendaria da. Hezkuntza libre eta irekiaren aldeko ekintzaileak urriaren 26an... [+]


Eguneraketa berriak daude