"Sare sozialetan, hausnartu ordez, etengabe posizionatu beharra dago"

  • Lucía Lijtmaerrek patxadaz eta umorez erantzuten ditu galderak. Hala egin zuen Ofendiditos liburuaren aurkezpenean, Donostian,
    San Telmo museoan, eta hala egin du biharamunean Egiako Los Riojanos tabernan. Mugimendu sozialen indarraldiak erantzun erreakzionarioa piztu duela uste du.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Lucía Lijtmaer (Buenos Aires, Argentina, 1977)

Bartzelonan hazi zen eta Madrilen bizi da. Idazlea eta kultur kritikaria. Lau liburu argitaratu ditu: Quiero los secretos del Pentágono y los quiero ahora (Capitán Swing, 2015) Casi nada que ponerte (Libros del Lince, 2016), Yo también soy una chica lista (Destino, 2017) eta Los ofendiditos (Anagrama, 2019). Horrez gainera, Público TVen Deforme Semanal programa aurkezten du Isa Calderónekin batera, eta azken bost urteetan Princesas y Darthvaders umore jaialdia antolatu du Madrilgo La Casa Encendida gunean.

Ofendiditos: Sobre la criminalización de la protesta liburua aurkeztera etorri zara Donostiara. Nolatan sortu zitzaizun gaiaz idazteko gogoa?

Anagramako editore Silvia Sesék nigana jo zuen, eta galdetu zidan ea gairen baten inguruan idatzi nahi nuen. Nuevos cuadernos Anagrama bilduman argitaratu dut liburutxoa, eta formatu horrek bidea eman zidan gauza motz bat idazteko, gaurkotasuneko gai baten inguruan. Interesatzen zitzaidan halako zerbait egitea, ez puri-purian dagoen zerbaiten inguruan, baina bai gutxienez gertatzen ari diren gauzez pentsatzea. Hasieran, puritanismoa zen ardatz nagusia. Niri asko interesatu zait, betidanik, Ameriketako Estatu Batuen historia, XVII. mendetik aurrera, nola sortu zen han nazioaren kontzeptua, eta hori estu loturik dago puritanoekin, beraz hortik ekin nion. Gero, baina, ikuspegia zabaldu nuen, eta azkenean beste kontu batzuk ere bildu ditut, hala nola mintzearen gaia eta Espainiako komunikabideen egoera.

Eta nolatan zabaldu zenuen ikuspegia?

Iritzi zutabe eta iritzi artikulu asko irakurri nituen eta ikusi nuen nola ari ziren AEBetako eremu ultra-kontserbadoreetako jarrera eta iritzi-joera asko Espainian inongo galbaherik gabe txertatzen, eta nola ari ziren sartzen, gainera, aurrerakoiagotzat edo behintzat zentrokotzat jotzen ziren esparruetan, erreakzionariotzat jotzen ez diren eremuetan, alegia. Halako batean konturatu nintzen lexikoak lotzen zituela bi hariak.

Hain zuzen ere, hiru kontzepturen genealogia aztertu duzu liburuan: erraz mintzen dena (ofendiditos), neopuritanismoa eta zuzentasun politikoa. Noiz sortu ziren, zein testuingurutan?

Zuzentasun politikoa terminoa 90eko hamarkadan sortu zen, prentsan idatzitako artikulu batetik. Kazetari bat Berkeley unibertsitatera joan zen, han egin baitzituen ikasketak, eta konturatu zen bere garaiaz geroztik giroa aldatua zela, eta ordura arte unibertsitatetik kanpo egondako gaiak lantzen ari zirela ikasleak, hala nola ekologia, birziklapena, arrazializazioa eta abar. Kazetariak artikulu batean azaldu zuen hori guztia eta PC deitu zion: Political Correctness. Horri tiraka, hamaika artikulu argitaratu ziren, eta zuzentasun politikoa zentsurarekin lotu zuten. Artikulugile horiek denak lotuta zeuden fundazio neoliberalekin; Dinero oscuro liburuan bikain kontatzen da prozesu hori [Dark money, Jane Mayer], nola sortu zen sistema ideologiko oso bat, pentsamendu-sistema oso bat, ezker intelektualari kontra egiteko. Zuzentasun politikoa da horretarako baliatu zen kontzeptuetako bat. Neopuritanismoa ere berdin, 80ko hamarkadan hasi ziren hura erabiltzen, mugimendu feministako zenbait sektoreren aurka, bigarren eta hirugarren olatuen kontra, eta gaur egun inongo hausnarketarik gabe hartu dira bi kontzeptuak Espainian.

Eta erraz mintzen denaren kontu hori?

AEBetatik dator hori ere. Snowflake terminoaren kalko bat da. 90eko hamarkadan sortu zen, baina orain Trump jabetu da hartaz. Kontzeptu horren jatorria zera da: badela belaunaldi bat sinesten duena pertsona guztiak direla bereziak eta bakarrak, elur malutak bezalaxe. Gaur egun, Trumpek denetarako erabiltzen du, demokratak, ezkerrekoak, eta, egiaz, haren kontra dauden guztiak kritikatzeko.

Nolakoa da erraz mintzen dena?

Pantomima Full taldeak egindako esketx batean oinarritu naiz, ederki islatzen baitu figura horri buruz gailentzen diren klixeak: sarean baino ez du protestatzen, kalean inoiz ez; mintzen duen guztiari buruz kexatzen da, eta ez daukanez umorerik, denarekin mintzen da. Bestalde, maskulinitate berriekin lotuta dago, baina pose hutsa da, ondo geratzeko baino ez du egiten, ez benetako hausnarketarik egin duelako bere genero pribilegioen inguruan.

"Izugarria iruditzen zait kide emakume batek txio bat ipintzen duenean, nolako gauzak esaten dizkioten. Oso gizarte gaixo eta izugarri misoginoaren seinale da hori guztia”

Jatorriz AEBetan sortutako kontzeptuak Espainiako iritzi zutabeetan barra-barra hedatu direla diozu, zergatik orain?

Nire iritzia emango dizut. Uste dut M-15 mugimenduaren eta gizarte mugimendu berrien aurkako erreakzioa dela, eta politikara iritsi baino lehen iritzigintzan garatu dela. Feminismoen aurkako erreakzioa ere bada. Badago halako mezu bat: “Bai, gauza hauek guztiak oso ondo daude, baina ez gaitezen pasa”. Nire ustez, pribilegio-espazio bati eustea da halako erreakzioen helburua, eta esango nuke 2017 eta 2018 urteen artean mamitu dela, hain justu ere urte horietan emakumeak masan eta nahiko modu ikusgarrian atera direlako kalera, eta mugimendu feministak sarean antolatzen hasi direlako, mugimenduen egiturak eurak gaindituz, eta horrek guztiak erantzun bat sortu du.

Hel diezaiogun orain puritanismoari. Jokaera sexualarekin lotzen da batez ere kontzeptu hori, baina jatorrizko puritanoak ez omen ziren hain itxiak alderdi horretan, ezta?

Bai, horren berri izan nuenean txundituta geratu nintzen eta horregatik sartu nuen liburuan. Puritanoen harira, gure garaira iritsi da nolabaiteko moral sexual zorrotz bat, baina egiaz, puritanoen kolonia berrietan, gerora New Hampshire edo Connecticut bihurtu diren horietan, sexuari loturiko gozamena asko baloratzen zen. Irizpide batzuk gorde behar ziren, jakina –fideltasuna, ezkondu arte sexurik ez izatea eta abar–, baina sexua bera ez zegoen hain lotuta erruduntasunarekin, ez behintzat erlijio katolikoan bezainbeste. Adibidez, kolonia puritanoetako bizimodu egokiari buruzko idatzietan aipatzen da ezkontideek sarri eduki behar dituztela sexu-harremanak, bizimodu on bat izateko baldintza bezala.

Argazkia: Dani Blanco.

Gaur egun feministen aurka erabiltzen da puritano hertsiaren kontzeptu hori, ezta?

Bai, zentsuratzailetzat jotzen duten eta ustez besteren bizitza pribatua arautu nahian dabilen feminismo baten aurka erabiltzen da. Gaur egun, prentsan eta komunikabideetan, artikulugile multzo batek kontzeptu horri heldu dio, eta puritano deitzen die hainbat feministari. Iritzigile horiek iradokitzen dutenaren arabera, badirudi badagoela emakume masa handi bat eremu publikoko eta pribatuko morala ezartzen. Ez da hala, jakina, baina uste dut irudi hori tinko sortu dela, eztabaida guztietan ateratzen dela eta suntsiezina dirudi. Halako alerta orokor bat sortu da, badela puritanismo feminista bat. Guztiz interesatua iruditzen zait, eta ez da batere errealista.

Zer egin daiteke irudi horri kontra egiteko?

Erantzuteko espazioak behar dira, jakina, eta jendea informatu behar da. Oso zurrunbilo konplikatua da, eta nire ustez sare sozialek zerikusi handia dute. Sare sozialetan etengabe ari zara edukia sartzen, zure buruari buruzko formularioak betetzen. Egunero-egunero adierazten dugu zer pentsatzen dugun gauza bakoitzari buruz. Hausnartu ordez, etengabe posizionatu beharra dago, eta hori ez da batere interesgarria. Ez dago tokirik argudio edo arrazoiketa solidoagoak egiteko. Ni saiatzen naiz, ahal dudan heinean, halakoei ihes egiten, ez baitut uste inori onik egiten diotenik.

Usteen beste aldean, datuak daude. Liburuan labur-laburrean aipatu duzu Pikara Magazine hedabideko kideek eta Laia Serra abokatuak egindako ikerketa, non aztertzen dituzten eremu publikoan ari diren emakume kazetariek jasotzen dituzten irainak eta jazarpena. Zeuk baduzu alderdi publikoa, nola bizi izan dituzu halakoak?

Denok izan ditugu arazoak. Nik ez dut arazo asko izan, ez dakit zergatik zehazki, baina esango nuke alde handia dagoela telebistan agertu ala ez. Ni ez naiz telebistan agertzen, beraz ez dut halako jazarpenik bizi izan. Arazoak izan ditut momentu jakin batzuetan, artikulu konkretu batzuen h arira, eta oso desatsegina da. Elkarrizketetan feminismoari buruz hitz egiten dudan aldiro bostehun komentario uzten dizkidate, baina ez ditut irakurtzen, nire burua babesten dut, ez baitut minik hartzeko inongo interesik. Nire adiskide askok jasan dute halako jazarpena, eta ezinezkoa da horrek psikologikoki ez eragitea. Uste dut gizartearen ardura dela emakumeek halakorik pairatu behar ez izatea. Komunikabideetan idazten duten edo jendaurrean hitz egiten duten gizonei halakorik suertatuko balitzaie, ezingo lukete sinetsi. Niri izugarria iruditzen zait, kide emakume batek txio bat ipintzen duenean, nolako gauzak esaten dizkioten: pistolen argazkiak erakusten dizkiete, beren seme-alabak aipatzen… Oso gizarte gaixo eta izugarri misoginoaren seinale da hori guztia, eta jendea lotsarazi behar luke.

Argazkia: Dani Blanco.

Mirestekoa da, hala eta guztiz ere, emakumeek idazten jarraitzea.

Bai, benetan. Berriro diot, nik uste dut halakoek eragina dutela, eta sarritan, ezer idatzi edo esan aurretik, baldin badakizu esango duzun horrek erantzuna edo eztabaida sortuko duela, kontu psikologikoak azaleratzen dira: antsietatea, beldurra… Oso ausarta iruditzen zait kideek nola jartzen duten egunero gorputza eta aurpegia.

Gaiz beste egingo dugu. Laugarren liburua duzu hauxe, eta arreta eman dit oso gai ezberdinak garatu dituzula guztietan.

Liburuak ezberdinak dira, bai, baina badute gauza bat antzekoa: ahotsa. Nolabait ere lehen pertsonan idatzita daude denak. Lehenengoa, Pentagonoko sekretuei buruzko saiakera [Quiero los secretos del Pentágono y los quiero ahora, (Pentagonoko sekretuak nahi ditut, eta orain)] adibidez, Deep Web [Internet Ezkutua] delakoari buruzko kronika laburra da. Komunikabideak oso modu fetitxistan mintzatzen dira internetekin zerikusia duen guztiaz –dena da surfeatzea, sarea…–, eta baziren online aktibismoko kasu batzuk bereziki interesatzen zitzaizkidanak. Liburuan hori jorratu nuen batez ere.

Bigarrena, Casi nada que ponerte (janzteko ia ezer ere ez) lotuago dago zure historiarekin, ezta?

Liburu hori luzaroan landu nuen. Alde batetik, Argentinako bi gizonen historia da, modaren munduan zebiltzanak: 60ko hamarkadan abiatzen da historia, eta Corralito-aren garaian amaitzen. Nik ezagutu nituen, eta historia bera asko interesatzen zitzaidan. Erreportaje erara landu nezakeen gaia, hirugarren pertsonan, baina gero konturatu nintzen, nik haiek ezagutzen nituenez, ezinezkoa zela kanpotik lantzea, eta gainera historia horrek zerikusia du nire gurasoen emigrazioarekin.

Gurasoak erbesteratuak dira.

Bai, ni Argentinan jaio nintzen, baina jaio eta sei hilabetera joan ginen Bartzelonara, diktadura militarretik ihesi. Asko interesatzen zait erbestearen eta migrazioaren kontua, zer dakarren beste herrialde batean bizi eta hazteak, nolako ahozko kontakizunak sortzen diren, familiari berari zer gertatzen zaion, zer-nolako familiarekin hazten zaren, adiskideak nola bilakatzen diren senide…

Yo también soy una chica lista (ni ere neska argia naiz) argitaratu zenuen gero, zuzenean feminismoa lantzen duen liburua.

 Bai, saiakera pop bat da, umoretik egina, batetik feminismoa hurbilarazteko eta bestetik pop kulturan hori guztia nola islatzen den aztertzeko, asko interesatzen baitzait. Cheerleader-ak, influencer-ak… hori guztia arakatu nahi nuen. Marc Giró lagunak esaten duen moduan, nahi nuke Instagrameko influencer-ek hogei urte barru bertan jarraitzea, eta ikustea zer gertatu zaien, nola aldatu diren –ala ez–. Gai interesgarria da hori, zer gertatzen den lengoaia eta posizio horiekin.

Arintasuna aldarri?

Badirudi gauza grabeak baino ez direla garrantzitsuak. Liburuetik kanpo joanda, adibidez, baloratzen diren aktoreak beti dira aktore dramatikoak, arte dramatikoa da benetan garrantzitsua, baina badira komedia egiten duten antzezle izugarri onak, eta badirudi bigarren mailako artea dela. Uste dut sailkapen horiek hautsi behar ditugula. Tonua grabea ez izateak ez du esan nahi esaten diren gauzak interesgarriak ez direnik. Eta umorearekin berdin: badirudi gauzak umorez esanez gero, esandakoaren garrantzia menosten dela, baina maiz, umorea arma da, ez dagozkizun espazioetan sartu ahal izateko arma. Oso tresna garrantzitsua iruditzen zait, ez dugu bazterrean utzi behar.

Azken hitza: Salbuespena lege

“Azkenaldian nagusitu diren iritzi korronteetan, anekdota bat hartzen da, eta osotasun gisa eta gauza orokor moduan aurkezten. Aktibista beganoen bideoarekin [Almas veganas taldeak oilo-etxalde handietako tratu txarrak salatu dituzte] horixe gertatu dela iruditzen zait. Kasu guztiz anekdotikoa hartu dute, eta aitzakia gisa erabiliz, teoria edo mugimendu oso bat kritikatzen dute, informatu gabe edo informazio interesatua emanez, gainera. Eta hainbat gairekin egiten dute hori: feminismoarekin, bestelako identitateekin…”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude