"Errealitatea baino gehiago interesatzen zaizkigu mitoak"

  • Bi zientzialari karlistak Zumalakarregi berpiztu zuten aurrena (Ataun of the dead, 2012). Agirre lehendakariak gidatutako Eusko Alderdi Banpirikoa garaitu zuten ondoren (Joxean´s Hil Eben, 2014). Orain, Zumalakarregik asmo handiak ditu: euskaldun guztien errege izendatu nahi du bere burua, eta Iruñera abiatu da horretarako. Baina kasu: bidea uste baino katramilatsuagoa egingo zaio, ezker abertzaleak Antso Azkarraren momia berpiztu baitu, nafar erresuma berrezarriz tronua berreskuratzeko: Napardeath-en estreinaldiarekin gailurrera iritsi da azken hamarkadan euskal zinemak eman duen proiekturik entretenigarriena.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Harrikadak bururatzetik gauzatzera dagoen jauzi horrek uste baino gehiago baldintzatu ditu Beñat Iturriozen, Jaione Irazuren eta Oskarbi Seinen bizitzak. Azkenerako, bederatzi urtean zehar, Katihotsak Logiako gainontzeko kideekin batera, ordu pila ederra pasa dute gidoiak idazten, grabaketak prestatzen, mozorroak egiten, jendea lotzen, eta, behin filmak osatutakoan, herriz herri aretoetan proiektatzen, merchandising-eko kamisetak inprimatzen, saltzen, elkarrizketak eskaintzen. Utikan goi-arnasa, utikan handinahikeriak, euskal pertsonaia historikoak berpiztu eta zonbien arteko gudak ekarri dituzte pantailara Ataun of the dead trilogian. Hernaniko Iturolan hartu gaituzte, haietako bi berriki lanean hasi diren gunean –ikus-entzunezko sektorean hasi ere–, eta urteotako bizipenen errepasoa egin dugu, klase guztietako trenek –aldirietakoek, estatu mailakoek, kargamentudunek– utzitako hutsarteetan zehar.

Orain dela bederatzi urte trikuharriak katalogatzen ari zinetela bururatu omen zitzaizuen trilogia osatzeko ideia.

Beñat Iturrioz: Bai, Xabier Padin eta biok Suhar arkeologiakoekin aritzen ginen lanean. Ataunen genbiltzan trikuharriak bilatzen, GPS lokalizazioei segika, ze egoeratan zeuden ikusten, argazkiak ateratzen... Eta noski, zortzi ordu pasatzen dituzunean sasi artean bueltaka, zer egiten duzu? Txorakeriez hitz egin. Garai hartakoa da Dead Snow, zonbi naziei buruzko filma, baina genero hori betidanik gustatu zaigu: Night of the Living Dead, Town of the Living Dead… Padinek bota zuen ez zirela zonbiei buruzko nahikoa film egiten. Biok historia ikasitakoak gara. Orduan otu zitzaigun trilogia: lehenengoan Zumalakarregi berpiztu, bigarrenean Agirre lehendakaria jarri Zumalakarregiren aurka, eta hirugarrenean Antso Azkarra sartu. Bozeto txiki bat egin, eta enbido hark ekarri gaitu honaino. Luzea izan da bidea.

Bururatzea, tira… egiten hastea da benetan harrigarria.

Oskarbi Sein: Beñatek badu jendea erakartzeko gaitasuna. Beste edonork ez luke lortuko, baina Beñat proiektu batekin hasten bada, sinesten duzu ziur asko proiektua gauzatuko dela. Eta inguruko jendeak segi egin genion, tonto samarrak ere bagara eta…

B. Iturrioz: Pinguinoen artean, beti omen dago bat bere burua itsaslabarrean behera botatzen duena iceberg-ean zuloa egin eta itsasora iristeko. Lehenengoa suizida bat izaten da, eta gero atzetik jarraitzen diote besteek.

Jaione Irazu: Niretzat garrantzitsuena jarraitzen dion lehenengo hori da. Harria botatzen duenari jarraitzen dion ingurua sortzen duelako.

Argazkia: Katihotsak.

Horixe bera dio How to create a movement bideo famatuak: liderra baino, lehen jarraitzailea dela mugimendua sortzeko garrantzitsuena.

J. Irazu: Sortzaileak eta ideia jenialak mitifikatuta daude. Ideiak mundu guztiak ditu, baina horiek gauzatzeko esfortzua egin behar da, orduak sartu behar dira. Balio handia ematen diot horri, nik neuk ez baitut esfortzu handirik egiten (barrez).

O. Sein: Ez daukagu ikus-entzunezko formakuntza profesionalik, baina oso film jaleak izan gara beti. Hazia hor zegoen. Ataun of the dead-ek oihartzuna eduki zuenez, saiatu ginen bigarrena hobeto egiten.

B. Iturrioz: Tristeena hori da, lehenbizikoak oihartzuna izan zuela. Horrek erakusten du zer gertatzen den euskal kulturan. Gorozki horrek arreta deitzeak esan nahi du ez dagoela ezer (barrez).

Euskarazko film on bat egiteko hamabost txar egin behar badira, prest omen zaudete hamabost txar horiek zuek egiteko.

B. Iturrioz: Bi teoriaren nahasketa da hori. Batetik, ez dakit nork esan zuen, kultur ekoizpenaren %95 zaborra dela. Gainontzeko %5a harribitxia, beraz. Mila hektareako zelai bat badaukazu hirusta orriz josita, errazago topatuko duzu han lau orriko hirusta bat. Aldiz, zure etxeko lorontzian nekez aurkituko duzu halakorik. Zenbat eta gauza gehiago ekoitzi, estatistikoki gertagarriagoa da deus onik ekoiztea. Bestetik, unibertsoko energia guztia orekatu egiten denez, guk sortutako energia negatiboa beste nonbait positiboa bihurtzen da. Gaizkia egiten ari gara, ongiaren alde. Guk gauza txar asko egiten badugu, hemen inguruko norbaitek sortuko du obra gailen bat. Bestela esanda, Harkaitz Canoren obra gorena idazten ari gara, alderantzizko osmosi bidez.

Ez zaitezte orain halako apalkerian hasi…

J. Irazu: Nik ematen diot balioa egin dugunari. Hasteko, ze hutsune dagoen agerian uzten duelako. Eta ate bat irekitzen diolako antzeko gauzak egin nahi dituenari. Ikusle bezala gozatu egiten dut. Trilogia kokatzen da kokatzen den eremuan, baina lehen ez zegoen halakorik euskaraz. Gainera, dena natural eginda dago, pretentsiorik eta handinahikeriarik gabe.

B. Iturrioz: Egiten duguna zinematik baino gertuago dago herri antzerkitik edo pastoraletik. Halakoetan jendeak nahi duelako hartzen du parte, herriko plazan erakusten dituzte, herritarrek ikusten dute… Auzolanetik ere asko du: jendea bere aisialdian laguntzera etortzen da, jatekoa eta edatekoa ematen diegu. Zinema industriak ez du horrela funtzionatzen.

O. Sein: Gogoratzen naiz lehenengo filma taberna batean estreinatu genuela. Guk bakarrik ikusiko genuela uste genuen. Ez genuen pentsatzen beste inon botako genuenik. Baina zabaldu egin zen… ez produktua ona zelako, hutsune bat betetzen zuelako baizik.

J. Irazu: Zuberoan kontatzen ziguten nola han beraiek sortu behar duten beraien kultur jardun guztia, kultur zirkuitu guztietatik kanpo daudelako. Kantugintza, pastoralak, antzerkia… guztia. Herriak herriarentzat sortzen du. Hemen ez gaude haiek bezain zirkuitutik kanpo, baina euskaraz ez dago film hauek bezalakorik. Hutsune bat zegoen, bai, baina ez ginen horregatik hasi. Hori gerora egindako irakurketa da.

Argazkia: Katihotsak.

Ataun of the dead-etik Joxean’s Hil Eben-erako jauzia agerikoa da, ikus-entzunezko kalitateari dagokionez behintzat.

B. Iturrioz: Saiatu gara film bakoitzari ikusitako hutsuneak hurrengoan ez errepikatzen. Hizkuntza, generoa, lurraldetasunari dagokionean… Ataun of the dead-ekin Hazparneko Zinegin Festibalera joan ginen, eta han egiten dute zinequiz izeneko joko bat. Galderetako batean iradokitzen zen gure pelikulan Iparraldea ez zela existitzen. Azalpena dauka horrek: Iparraldea Frantzia zen Zumalakarregiren iruditerian. Vascongadak eta Navarra zeuden, eta kito. Ez zen oso koherentea tipoa berpiztu eta zazpi lurraldeez hizketan jartzea. Aldiz, Napardeath Gasteizen hasten da, Nafarroan garatzen da, Behe Nafarroatik eta Zuberoatik ere pasatzen da…

O. Sein: Gainera, lehenbiziko filmarekin ez bezala, Napardeath egiterako zazpi lurraldeetako jendea ezagutu dugu, eta horrek asko laguntzen du gauza horiek kontuan hartzen.

Pertsonaia historiko batzuei generoa aldatu diezue.

B. Iturrioz: Hori da esaten ziguten beste kontu bat: ez zela nahikoa emakume agertzen. Ez pertsonaia historiko bezala, ezta bigarren mailako pertsonaia gisara ere. Ez da edonolako erronka izan: batetik, emakumezko pertsonaia historiko asko bururatzea zaila delako, eta, gainera, jendeak ezagutzea espero duzulako. Aspaldi aritu ginen talde feministetan galdezka ze pertsonaia ekar genitzakeen. Ze, noski, ez genuen edonor ekarri nahi. Napardeath-en Katalina Erausokoa sartu dugu –pertsonaia gatazkatsua dena, bide batez–, eta aukera izan dugunean gizonezko zirenak emakume bilakatu ditugu –Antso Azkarra emakumea da, adibidez–. Bestalde, zinemagintzan ohikoa da lantalde teknikoan gizon gehiago aritzea, eta makillajean emakume gehiago. Gure kasuan ere lantaldekoak eta extra modura animatutako gehienak gizonak izan dira, eta ahalegin berezia egin behar izan dugu horri buelta emateko –nahiz eta ez dugun guztiz lortu–.

Gure burua ez badugu guk imajinatzen, besteek imajinatuko gaituzte. Zuek esana da. 

B. Iturrioz: Historialariek idazten dute historia, edo kontrabandistek, baina garaileek, edozein kasutan. Sarri apolitikotzat jotzen dira historialariak, baina historia idazten duena politika egiten ari da, errelato bat kontatzen ari da. Agosti Xahok inoiz egindako ariketa bera egin nahi izan dugu. Gerra karlistetan Nafarroan izan zen, eta Zumalakarregi elkarrizketatu zuen. Hor ageri den Zumalakarregi abertzalea da, euskal esperantza berria, eta abar. Gerora frogatu da elkarrizketa hura ez zela gertatu, Xahok asmatu zuela. Errealitatea baino gehiago interesatzen zaizkigu mitoak, gero horiekin gure herria elikatzeko. Berdin zaigu benetakoak ala faltsuak diren. Ze historian benetan zer gertatu den ere, auskalo. Egun garena justifikatzeko ez gara legitimitate historikoan oinarritzen. Euskaldunak gara hala nahi dugulako.

Santi Leoné ageri da filmean, eta berak ere halako zerbait dio Euskal Herri imajinario baten alde saiakeran: Euskal Herria asmatua dela, eta, hain justu, asmatu delako existitzen dela.

B. Iturrioz: Bai, halaxe da. Zinemak indar berezia du horretarako, filmetan kontatzen dena jendearen iruditerian geratu ohi da. Mark Legassek idatzitako Antso Azkarraren parabolan kontatzen da nola Antso Azkarra den aldi berean ezker abertzaleak eta espainolismoak mitifikatutako figura bat. Ustez, bera izan zen Nafarroara kateak ekarri zituena. Aldiz, Legassek erretratatzen duen Antso Azkarra da tipo bat Granadan ardoak edaten ari zena, burdelez burdel zebilena, herria bost axola zitzaiona... Eta Granadan zebilela Gasteizi eraso egin ziotenean, ez zion askorik axola hura galtzeak. Historia mitifikatzeari kritika egiten dio Legassek, eta baita guk ere. Horregatik neurtzen du Napardeath-en Antso Azkarrak metro eta erdi, berez bi metrotik gora izan arren. 

Argazkia: Katihotsak.

Afizioz ekin zenioten trilogiari, baina ia aisialdi osoa kentzen dizuen zerbait bilakatu da –proiekzioak, elkarrizketak, eta abar–. Pisutsu egiten da?

O. Sein: Nik, adibidez, ez nuen hirugarren hau egin nahi (barrez). Datak gerturatu ahala, pentsatzen nuen: “Joxean’s Hil Eben eromena izan zen, lokatz ederretan sartzera goaz”. Baina egin beharra zegoen. Gero oso ondo pasatzen dugu, eta produktua ikustean harro sentitzen zara. Sortzen duzunak betetzen zaitu. Gainera, bati beheraldiak ematen dionean, beste batek tiratzen du, eta kito.

B. Iturrioz: Bai, Napardeath-ekin hasteak nagikeria pixka bat sortzen zigun. Baina zor bat geneukan geure buruarekin, eta, gainera, jendea presioa sartzen ari zitzaigun, “ea noiz egiten duzuen hirugarrena”.

J. Irazu: Orain fresko daukagu prozesua, baina pixkanaka, distantziarekin, agian perspektiba aldatuko dugu eta ahaztuko dugu zein gogorra izan den.

O. Sein: Nik uste oraingoan ez zaigula ahaztuko (barrez).

Azken mezurik?
B. Iturrioz: Ez da laugarrenik izango.

Ataun of the Dead eta Joxean's hil eben filmak online ikusi ditzakezu behean. Napardeath-en hurrengo emanaldiak non izango diren jakiteko, bisitatu Katihosak logiaren webguneko agenda.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ataun of the Dead trilogia
"Napar Death filma trilogiaren amaiera da eta honekin zikloa ixten da"

Igandean aurkeztu dute Donostian Napardeath filma. 3.000 euroko aurrekontuarekin eta 150 laguntzaile baino gehiagoren ekarpenari esker osatu ahal izan duten filma.


2018-09-26 | Guaixe .eus
Napardeath filma grabatuko dute Urbasan

Larunbatean, irailaren 29an, eginen dute grabazioa Urbasan eta "zonbi, momia eta txirrindulari-distopikoak" behar dituzte.


Zonbi karlistak hemen dira berriz

Ikusi aurretik ere nire buruari egiten diodan galdera da: Joxean’s Hileben izango ote da 2014ko film sonatuena? Seguruenik ez, baina urteko produkzio dibertigarrienen rankingean merezita sartuko da.


Eguneraketa berriak daude