Macronen gobernua "inoizko txarrena" dela esan du Indok Seaskaren Herri Urrats festan

  • Milaka herritar batu dira aintziraren inguruan, berriz ere. Paxkal Indo Seaskako presidenteak bere kargua utziko duela jakinarazi du, borrokan kolektiboki jarraitzeko deia eginaz: “Hori da gure indarra”.


2019ko maiatzaren 13an - 10:55
Kontzertuek jendetza bildu zuten. Argazkia: Ekhi Erremundegi.

Eguraldi ederra lagun izan du Senpereko aintzirara hurbildu den jendetzak. 2.500 boluntarioren lanari esker, musikaz, jan eta edatekoez, antzerkiaz, edo haurrentzako jarduerez gozatu ahal izan dute. Aurtengo edizioan bildutako dirua Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa eta Baionako Bernart Etxepare lizeoa laguntzera bideratuko da.

Egun berean jakinarazi dute Paxkal Indok Seaskako presidente ardura utziko duela. Indo Donibane Lohizunen jaio zen 1968an. Seaskako ikasle izana, 2008an hartu zuen Iparraldeko Ikastolen Elkarteko presidente kargua. Soinu teknikaria eta musikaria da lapurtarra, hainbat musika taldetan aritua. ARGIAk elkarrizketa luzea egin zion martxoan.

Hain zuzen ere, Indok hartu du hitza Herri Urratsaren irekiera ekitaldian, goizeko hamarretan. Iragan hurbilari begiratu dio presidenteak: "Hasi nintzenean 2.100 ikasle zeuden, gaur egun 4.200. Garaipenak izan dira, baina hori kolektiboki egin dugu. Euskaldunok badakigu zer den hori; gure indarra da".

Orainaldira eta etorkizunera begira ere aritu da Indo. Irakasleen afera zabalik dagoela gogorarazi du: Seaskak 30 irakasle berri eskatu dizkie Frantziako Hezkuntza Departamentuari eta Euskararen Erakunde Publikoari, urtez urte ikasle kopuruak handitzen jarraitzen duelako. Momentuz, ordea, bost besterik ez dizkiete agindu. Macronen gobernua kritikatu du bide batez, “inoizko Gobernu txarrena” eta “murgiltze ereduaren aurka” dagoena. Eskatutakoa lortu bitartean borrokan jarraituko dutela adierazi du Indok: "Borrokan eman ditugu Seaskan 50 urte, eta lortu arte borrokan jarraituko dugu".

Mobilizazioak

Mobilizazioak deitu ditu Seaskak irakasle gehiago lortzea xede. Maiatzaren 17an ospatuko dira Iparraldeko hiri nagusietan, Euskaraz ikasi nahi dugu. Murgiltze eredua ez unki lelopean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri Urrats
TxikiLinux Txokoa Herri Urratsen, sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzera emateko

Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta... [+]


Muga Zero taldea da Herri Urratseko lehen maketa lehiaketaren irabazlea

40 taldeen artetik garaile atera da Muga Zero punk-rock taldea.


Euskaraz abesten duten taldeen maketa lehiaketa antolatu du Herri Urratsek

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak “aukerak ireki” nahi dizkie euskal musikagileei. Urtarrilaren 3an amaituko da izena emateko epea, eta otsailean iragarriko dute irabazlea. Saria maiatzaren 12an Herri Urratsen zuzenean jotzea izango.


Eguneraketa berriak daude