“Norbera bere norberarengana hurbilarazi nahi izan dut, ez disko intimo bat egin”

  • “Inor ez omen da profeta bere herrian, baina ezta behar ere”. Hala hasi du Maite Larburuk bere izen-abizenez argitaratutako lehen diskoa (Hezurren azpian, Gaztelupeko hotsak) Hernanin aurkezteko kontzertua. Bere baitan dituen bi musikariak gerturatu ditu lan berriarekin: ogibide duen biolina gehitu dio Neighborrekin hasitako kantugile bideari. Egun batzuk lehenago, aretotik ehun metro eskasera elkartu ginen harekin solaserako: diskoaz, distantziez, hezurren azpian denaz…

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Lanagatik etengabe bidaiatzen dutenak badirela entzun, eta komertzialak edo enpresaburuak etortzen zaizkigu kaskora. Kasu berezia da zurea.

Nik nire ingurukoei esaten diet galdera errazak ez egiteko, horiek direlako niretzat erantzuten zailenak. Bolada batez non bizi nintzen galdetzen zidatenean ez nekien erantzuten ere. Nire lanbidea azaltzeko modu sinpleena da autonomoa naizela esatea, kontratatzen nautela antzinako musikaren zirkuitoan lan egiten duten talde desberdinek, eta talde horiek Europa erdialdean mugitzen direla. Kontratazio horien arabera antolatzen dut nire agenda. Eta gero, bestalde, kantak sortzen ditut, lehen Neighbour izenpean zabaltzeko, Maite Larburu izenarekin zabaltzeko orain. Esan daiteke antzinako musika talde horiek Maite Larburu eta Neighborren babesleak direla.

Nomada zara musikaren aitzakian. Baina neurri batean, badirudi Neighbor eta disko honetan egindako bidea izan direla Euskal Herrira itzularazi zaituztenak.

Nik ez nuen Euskal Herrira itzuli nahi. Amsterdamen gure etxea zena bota zuten, Negibhor sortu genuen, nire musikari bidea hemengo errealitatearekin lotu zen… Baina hala ere, ez nuen itzuli nahi. Eta hala ere, itzuli naiz. Ze gauza absurdoa. Zer da gauzak erabakitzen dituena? Burua? Edo gorputzak erabakitzen du eta burua gero saiatzen da esplikazio bat ematen? Polita da, baina batez ere, harrigarria. Hiru diskoei begira jarrita, Ura patrikan sortu zen Amsterdamen, Josh Cheatman nire bizilaguna zenean. Bigarren diskoa sortu genuenerako, mundu hori hautsia zen, eta beraz, Amsterdam eta Hernani artean egindakoa da, mudantza disko bat, tartekoa. Hezurren azpian aldiz, itzulerako diskoa da.

Erraza al da zure bi alde horiek uztartzea, antzinako musika jotzen duena eta kantugilea?

Nik uste batak besteari asko zor diola. Bi aldeak nigan daude, eta batetik bestera egiten dut salto. Batzuetan, ezjakintasunak ematen dizun ausardiarekin egiten da salto hori. Ez nuke esango antzinako musikan sekulako ezagutza dudanik. Baina ezagutzen dut, horretara dedikatu naizelako. Sorkuntzaren munduan ez dut hainbesteko ezagutzerik, eta horretarako ausardia puntu bat behar da. Oso desberdinak dira, egia da, baina musika musika da, eta nire baitan behintzat, batak bestea elikatzen du.

"Txikia dena oso garrantzitsua da niretzat, ikara handia sortu izan dit handitasunak beti"

Entzun dizut, neurri batean, antzinako musika jotzen duen Maite Larburu hori presenteago dagoela disko honetan Neigborren baino.

Bai, baina ez diskoak antzinako musikaren estetika duelako, biolina hartu dudalako baizik. Hezurren azpian hau Maite Larburu izenarekin atera dut baina azken finean Neighborren jarraipena da. Josh Cheatman ez dago, baina bai beregandik ikasi dudana. Bere gitarrak ere bai, grabatzeko erabili ditudalako. Neighborren munduan biolina sartzea asko kostatzen zitzaidan. Ez nekien zer egin. Orain aldiz, errazagoa egin zait pauso hori ematea. Baina beste instrumentuak behar ditut, batez ere ez ditudalako ezagutzen, eta horrek ematen didalako espero ez nuen tokietara joateko aukera. Biolinak ere, nahiz eta ondo ezagutu, harritu egin nau prozesu honetan, eta ederra izan da hori.

Antzinako musika jotzen ari zarenean, taldeko kide bat gehiago zara. Neighborren bikote baten erdia. Orain aldiz zure izen-abizenekin kaleratu duzu diskoa. Zamatsuagoa da ardura?

Antzinako musika jotzean hilda dagoen norbaitek konposatutakoa ari zara jotzen, eta nahiz eta inguruan aditu asko izan, ardura ere txikiagoa da. Maite Larburu izenarekin ari naizenean lehen lerroan nago, eta abestiak nireak dira. Hitzak ere bai. Pertsonalagoa da, baina hala ere, nik ez dut gauza intimoago bat egin nahi izan. Nik kanta horiek egiten ditut entzulea norberarengana hurbil dadin. Norbera bere norbera horrengana. Ni naiz aktorea, sortzailea eta interpretea, eta normala da nahasgarria izatea, baina ez naiz ni kantetako protagonista.

Euskal musikaren historia garaikidea adibidez josita dago: hanka bat kanpoan izan duten musikariek atzerrian ikusi eta ikasitakoak ekarri dituzte gero hona. Zuri ere asko eragin dizu Europa erdialdean ezagututakoak?

Ez dakit hemen influentzia bihurtu diren edo bihurtuko diren, baina ikasi ditudan gauza asko ekarri ditut. Gehienbat lankideengandik ikasia: lankide musikari zoragarriak ditut munduan zehar barreiatuta. Nik nituen konplexuen gainetik salto egiten irakatsi didate, pare batek bereziki, oso-oso ekarpen handia eginez. Badira hegoak dituzten pertsonak, eta haiekin zaudenean lumak kutsatu egiten zaizkizu. Beti pentsatzen dut, “ai, ea irauten duten”. Elkar kutsatzen dugu, nork beretik dakarrena emanez. Hori badago diskoan, baina ez da izan han edo hemen ikusi dudan talde edo kontzertu batean aurkitutakoa, musika elkarrekin eginez ikasi dudana baizik, buruz buru.

Perkusioak diskoan duen papera esanguratsua da. Ez-ohiko instrumentuekin, giro oso bereziak sortu dituzue.

Historia luzea da. Nagore Legarreta argazkilariari eskatu nion argazki batzuk egiteko diskorako, eta berak argazkiak egin ahala, bere proiektuetako baten berri eman zidan. Hysteron zuen izena; eta Nagorek argazkiak latekin egiten dituenez, Beñat Iturriotz eta Aida Torresek ere lata kolekzio batekin jarri zioten soinu-banda proiektuari. Ideia jeniala iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen Hezurren azpian zerbait oso gertukoa zenez, latak eta kazuelak soinu egokia zirela. Uste dut asmatu dugula. Ez da oso formazio ohikoa zuzenekorako, eta agian horrek baditu bere mugak ere, baina oso polita izan da haiek ezagutzea. Hezurren azpian izan zen disko honetarako egin nuen lehen abestia, baina Aida eta Beñat ezagutu nituenean, dena aldatzea erabaki nuen. Letra berarekin, kanta berria sortu nuen haientzat.

Letretara etorrita, baduzu joera hitzak ere musika tresna gisa erabiltzekoa, ahoskerarekin asko jokatzen duzu, ez soilik esanahiekin.

Hizkuntza bakoitzak bere doinua du, bere ahoskera, bere tonua… Ikasi dudan zerbait izango da ziur asko, besteak beste Harkaitz Canorekin. Bereak dira letra batzuk. Hitzak berrasmatu egiten ditu, esanahi berriak eman. Egia esan, beti gustatu izan zait idaztea, nahiz eta ez ausartu inoiz ezer publiko egitera. Asko gustatzen zait, niretzat bada ere. Neighborrekin ikasi nuen nuen nire idazketen lekua kanta zela, eta orain jarraitu dut horrekin.

Argazkia: Dani Blanco.

Noizbait jakingo dugu nola egiten duen Canok hainbeste gauza aldi berean eta fin egiteko.

Aspaldi ezagutu nuen, 15 bat urte nituela-edo. Korrika Kulturala antolatu zen, nire ahizpak AEKn egiten zuen lan, eta hainbat musikari elkartu ginen zerbait egiteko. Baten batek esan zuen idazle bat ezagutzen zuela, eta harekin osatu genuen emanaldia. Dezente egin genituen gainera. Gero, bigarren diskoan, eskatu nion zerbait, baina azkenean ez nuen diskoan sartu. Eta oraingoan bai, denbora izan du niri eskaintzeko. Gaitasun asko du eta asko zukutzen dugu guk, baina nik ere ez dakit nola egiten duen. Berak ere bizitza bakarra du.

Abesti hauetan, baina baita Neighborren ere, badira asko errepikatzen diren hitz batzuk: maletak, harriak, haizea…

Nork bere mundua du eta mundua adierazteko bidea. Nirean distantziak, joan-etorriak edo lekuz kanpo sentitzea asko errepikatzen dira… Elementu horiek bazeuden Neighborren eta badaude orain. Distantziarena bereziki. Beti izan da nire bizitzan elementu oso garrantzitsu bat: min asko eman dit, baina askatasun asko ere bai. Bi puntu nola gurutzatu, nola elkartu, horren bueltan hausnartzen hasita konturatu naiz distantzia askotan buruan dagoela, gauza asko direla nigandik niregana edo nigandik besteengana distantzia jartzen dutenak. Eta neurri batean, hezurren azpian dagoen horrek gerturatzen gaitu.

Zer dago, bada, hezurren azpian?

Galdera ona da, baina nik ere ez dakit. Ni nago, baina ez ni, Maite Larburu. Naizen zerbait, baina ez ni bakarrik: izatea, nirea eta zurea. Eta ez dago hezurren azpian bakarrik, baina horrek egiten du oso gertukoa, oso intimoa. Non hasten da zerua? Zaila da esaten, ezta? Ba hezurren azpia ere hortxe hasten da.

Objektu txiki eta gertukoak hautatzen dituzu gai potoloagoez aritzeko. Aspaldian, joera zabaldua da.

Nire kasuan behintzat, txikia dena oso garrantzitsua da. Ikara handia sortu dit handitasunak beti. Zerbait txikitik hasten naizela pentsatu behar dut, handian pentsatzen hasten banaiz buruko ordenagailua blokeatu egiten zaidalako. Marrazten hasi nintzen Amsterdamen bolada txar bat izan nuenenean, eta gogoratzen naiz zigilu baten tamainako paper batean hasi nintzela marrazten. Dena ahaztu zitzaidan kolpetik. Zerbait txikitik hastea da ikarari ihes egiteko nire bidea.

Eta txikitasun horretan, gorputza oso presente. Extrasistolea kantak Eider Rodriguez eta Bihotz handiegia gogorarazi dizkit.

Ba bitxia da, ze Eider Rodriguezek ere egin du bere ekarpena diskoan. Bihotz handiegia irakurri nuenean zoragarria iruditu zitzaidan. Gona kantarekin bueltaka nenbilen orduan, eta bat-batean iruditu zitzaidan Eiderrek lagundu behar zidala horrekin. Ez nuen ezagutzen, baina lotsa galdu eta idatzi nion. Zirriborro bat bidali nion, eta irakurtzean esan zidan oso ederra zela, ez zuela uste ezer aldatu behar zenik. Baina galdera bat egin zidan eta kolpetik goitik behera aldatu zidan kanta: “kenduidazu gona” izatetik, “jar ezazu gona” izatera pasa zen. Bukatzean bidali egin nion, eta Eider izan zen kanta bukatua lehenengo entzun zuen pertsona. Berak esango du ez duela ezer egin, baina galdera huts batekin nola alda dezakeen dena… Gauza txikia da, baina ekarpen handia.

"Grina beti izan da gizonezkoaren terrenoa, emakumearena
gauza itsusitzat
jo izan da, edo existitzen ez dena"

Gona kantak, modu jostarian bada ere, badu beste kanta batzuek baino aldarrikapen kutsu agerikoagoa, edo hala interpreta daiteke behintzat.

Nik interpretazioa zabalik uzten dut. Nire ustez badago feminismoaren begirada, baina hori baino gehiago da kanta. Gona elementua erabiltzen da, emakumeekin lotzen duguna, baina niretzat kanta horren mezu nagusia da bestearen lekuan jartzea. Berriz ere distantziaren kontua: nola elkartu, bestearen tokian jarrita. Hori da gona jartzea. Kasu honetan, gizonezkoak gona janzten duenean emakumezkoaren lekuan jartzen da, baina hori kantaren esanahietako bat besterik ez da.

“Grina epaitzea” erraza dela ere kritikatzen du.

Hala dio kantak, eta uste dut baietz. Ez bakarrik besteek zurea, baita nork berea ere. Grina beti izan da gizonezkoaren terrenoa: naturala da, ezin du kontrolatu. Emakumearena gauza itsusi kontsideratu da, edo existitzen ez dena. Hor dago juizio sozial guztia, Besteak beste, bortxaketetan gertatzen dena: edan zenuen? Gona zeneraman? Dantzan ari zinen? Hori oso mingarria eta gogorra da. Bortxatu batek ez du epaiketa tribunaletan bakarrik jasaten, baita epaiketa soziala ere. “Jantzi ezazu gona” dio kantak, pentsatu nahi dudalako gona ona dela, ez zaiola uko egin behar. Ez dela bakarrik genero batena, denona dela; eta, denon erantzukizuna dela gona hori eramatea. Ez elementu femenino bezala bakarrik, gauza on, fresko bezala ere bai.

Txakur berdea izateaz ere ari zara kanta batean. Hala sentitzen zara zu ere?

Harro egotea kosta zait, baina banaiz bai. Hala sentitu naiz beti. Ez naiz inongo parte sentitu. Nerabezarotik kosta zaidan zerbait da, zalantza askorekin bizi izan naiz, eta iruditzen zitzaidan besteak oso seguru zeudela beraien sentimendu eta konbikzioetan. Niri iruditzen zitzaidan presio-eltze bat nuela lehertzeko zorian barruan, eta ez nuela ezer ulertzen. Txakur berde izan naiz, kanpoan egonda hemengoa izanda. Hemen bizi nintzen neurrian musika klasikoa eginda… Very uncool. Idazten dut baina ez naiz idazlea, musika egiten dut baina mota askotakoa… Baina egia da harro egon gabe bada ere, onartu behintzat onartu dudala. Bere onurak ere badauzka: “Tipa horrek idazten du; ez du oso ondo idazten, baina ez da idazlea”. “Kantatu egiten du: ez oso ondo; baina ez da kantaria...”. Beti dut aitzakia bat ihes egiteko. Txakur berdeak zorte hori ere badu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-05-13 | Xalba Ramirez
Galtzaileen bandoaren popa

Esperoan
Hiuzz
Autoekoizpena (egun motelak kolektiboa), 2024

---------------------------------------------------------

Ohartu gabe igarotzen diren taldeen multzoa gero eta handiagoa da, edo inoiz baino handiagoa, behintzat. Hiuzz taldearen Esperoan lanak hilabete batzuk... [+]


2025-05-13 | ARGIA
Aurelia Arkotxa omenduko du aurtengoan Ziburuko Azokak

Ekainaren 7an izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarrekin antolatzen duten Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Seigarren edizio honetan Aurelia Arkotxa izango da omendua eta egitarau oparoa ezagutzera eman dute prentsaurrekoan. Ziburuko Azokaren uhina inguruko... [+]


Ondo ereindako uzta

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]


Israel Eurovisionetik kanpo uzteko eskatu dute dozenaka artistak

Europako Irrati-telebisten Batasunari zuzendua da artisten maiatzaren 6ko agiria. Eurovisionen parte hartu izan duten 72 artistak ohartarazi dute Eurovisionek "ezin duela gizateriaren aurkako krimenak estaltzeko balio ukan".    


EHZ eta Hatortxu Rock jaialdiek bonu bateratu bat iragarri dute

Bi festibaletara joateko bonuak 150 euro balio ditu eta maiatzaren 6tik 19ra eskuratu daiteke. EHZ jaialdia ekainaren 27tik 29ra ospatuko dute Aberatzen eta azken Hatortxu Rocka Lakuntzan izango da, uztailaren 24tik 27ra.


Nagusitasun absolutua

Amartuvshin Enkhbat baritonoa

Pianoan: Stefano Salvatori.
Antolatzailea: OLBE.
Zer: Verdi, Mascagni, Leoncavallo eta Giordanoren operen ariak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: martxoaren 29an.

[+]


2025-04-30 | Jon Torner Zabala
Aramu + AimarZ
Bizirik bada, musikaren berotasunagatik da

Aramu + AimarZ
Noiz: apirilaren 26an.
Non: Zumarragako Zelai-Arizti frontoi irekian.

---------------------------------------------------------

Udalaren webguneak dio: "Bide Bizia marka turistikoa eta izen bereko jaialdia Zumarragaren arima munduari erakusteko,... [+]


Antton Valverdek jasoko du Adarra saria

Ekainaren 21ean jasoko du saria artista donostiarrak, Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


2025-04-22 | Iker Barandiaran
Ekimen txikiek, elkar hartuta, gauza handiak egin ditzakete

Obducción de la Amenaza / Zirt Zart (Split-ep)
2024

---------------------------------------------------

Musika panorama erraldoia da, helduezina. Horien artean badira foku guztiak bereganatzen dituzten talde handi gutxi batzuk; horren nahian diharduten beste asko,... [+]


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-09 | Xalba Ramirez
'Poliorkêtês'
Kerobia, hunkigarristak eta xamurtasunaren aitzakia

Poliorkêtês
Kerobia
Autoekoiztua, 2025

--------------------------------------------------------

Azken aldian, lerrootan asko nabil hausnartzen musikak izan beharko lukeen “misio historikoaz” eta abarrez. Eta, nolabait, zer egin beharko lukeen... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude