"Euskara beste hizkuntzen parekoa da, baita ikerkuntzan ere"

  • Ikerkuntzan ari diren gazte euskaldunak biltzen ditu IkerGazte proiektuak. Hirugarren edizioan murgildurik daude eta aurtengo kongresua Baionan izango da, maiatzaren 27, 28 eta 29an. Orotara 111 artikulu zientifiko aurkeztu dira, eta antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusi dute. Proiektuak aurrera jarraitzearen beharraz eta bidean topatutako oztopoez hitz egin dugu antolatzaileekin.

Ikergazte 2017. Duela bi urte Iruñean izan ziren ikertzaile euskaldunak. Argazkian Joxe Ramon Etxebarria, zientzia eta teknologia euskaraz emateko urte luzetako ahalegina egin duen irakaslea. Argazkia: UEU.
Ikergazte 2017. Duela bi urte Iruñean izan ziren ikertzaile euskaldunak. Argazkian Joxe Ramon Etxebarria, zientzia eta teknologia euskaraz emateko urte luzetako ahalegina egin duen irakaslea. Argazkia: UEU.

Hainbat sailetan banatuta dago UEU Udako Euskal Unibertsitatea, egitasmoaren bultzatzailea, eta sail bakoitzaren barnean aspaldidanik egiten dituzte profesionalen eta ikertzaileen jardunaldiak, baina ez zegoen sail guztiak batuko zituen saiorik. Euskaldunak izanik ere asko ez ziren euskaraz aritzen, eta arazoa hor ikusi eta hortik hasi ziren lanean. Ikertzaile euskaldunen sarea egitearen beharraz mintzatu zaigu Ainhoa Latatu IkerGazte proiektuaren koordinatzailea: “Gabezia orokorrean genuen, ez ikerkuntza alor zehatzetan bakarrik”.

Ideia duela hamar bat urte sortu arren, krisi ekonomikoa eta UEUren egoera ahula tarteko, asmoak praktikara pasatzeko unea 2015ean iritsi zen. Oro har, euskaraz jarduten zuten ikertzaileak biltzea zen xedea, elkar ezagutu eta gizarteari erakustea euskara ere baliagarri dela ikerketak egiteko. “Hutsune bat betetzera zetorren”, dio Miren Josu Omaetxebarria proiektuaren zuzendariak. Eta betetzen doa hutsune hori: gorantz egin dute euskarazko ekoizpenek.

Nazioartekotzea izaten dute helburu ikerkuntza gehienek, eta euskarara baino, erdarara jo ohi dute ikertzaileek. Alabaina, badaude euskal ikerlariak; argi utzi digute Omaetxebarriak eta Ainhoa Latatuk. Duela hamar bat urte piztu zen kongresua egiteko ideia Udako Euskal Unibertsitatean, eta 2015etik hona hiru edizio antolatu dituzte; aurtengoa, Lapurdin izanik, IKER Baionako ikerlarien zentroaren laguntzarekin. Ikerkuntza lanak edonoiz jasotzeko prest dauden arren, bi urtean behineko maiztasunarekin egiten dituzte kongresuak: lehena Durangon egin zuten 2015ean, 2017an Iruñean eta aurten Baionan. Hiru egunetan nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, tailerrak, aurkezpenak eta beste hainbat ekintza egingo dira Errobiko Campusean, eta lo egiteko tokia ere eskatu ahal izango da. Maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Ainhoa Latatu, Ikergazteko koordinatzailea: “Beldur ginen ea aurten ere mantenduko ote genituen ikerkuntzen aurkezpenak, eta hala izango da: beharra dagoela esan nahi du horrek, eta jarraitzeko eskatzen digute ikertzaileek”
Euskararen presentzia

Ikerkuntzaren egunerokoa ez da euskalduna. Talde edo multzotan egin ohi dira lanak, eta bizitzako beste alorretan bezala, aski da batek euskaraz ez jakitea atzerriko hizkuntza batera jotzeko. Oro har, lanak ingelesez edo espainolez egiten direla dio Omaetxebarriak. Behin argitaratu ondoren, lanak nazioartekotu eta gizarteratu nahi izate horrek eragin handia du lanaren hizkuntza hautatzeko orduan, hala uste du zuzendariak. Publiko arrunt eta anitzarengana iristea da helburuetako bat, baina horrez gain, nazioarteko gainontzeko ikertzaileengana iristea ere oso garrantzitsua dela adierazi du: “Ikerketa lanak mundu mailako komunitate zientifiko baten barruan egin ohi dira, ondoren aurkikuntzok nazioartean argitara emateko; argitalpen horien itu dira mundu mailako alor bereko beste ikertzaileak”.

Dena den, IkerGazte proiektuarekin hasi zirenetik ikuspuntu baikorragoa dutela esan du: “Oso barneratuta genuen mundura begira egin beharreko lan oro ingelesez izan behar zela, baina ikusi dugu Euskal Herrira begira ere egin daitekeela, eta beraz, euskaraz ere egin liteke; euskara beste hizkuntzen parekoa da, baita ikerkuntzan ere”.

Erreferentzialak izateko bidean

Hirugarren edizioa dute dagoeneko, eta geratzeko heldu dira. Ondo bidean doazela uste dute bi elkarrizketatuek. “Beldur ginen ea aurten ere mantenduko ote genituen ikerkuntzen aurkezpenak, eta hala izango da: beharra dagoela esan nahi du horrek, eta geratzeko eta jarraitzeko eskatzen digute ikertzaileek”, dio Latatuk. Balorazio positiboa egiten dute UEUn, kongresuak bi urtean behin antolatu arren, tartean ere jasotzen dituztelako euskarazko artikuluak. Argitaratzeko beharra oraindik ere badagoen seinale, beraz.

Sortzera bultzatutako eta hasieran finkatutako helburuak ez direla aldatu diosku Omaetxebarriak: “Sei urteko ibilbidearekin eta hainbat ikerlariren ekarpenekin oinarri bat finkatzea lortu dugu, baina ez gara aldendu hasierako helburuetatik: euskarazko ikerkuntza lanak sustatzen jarraitzen dugu eta jarraitu nahi dugu”. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa dagoela dio, egungo ikerlari gazteek euren lanak euskaraz idatzi eta pasatzen dizkietela gazteagoei, ondoren datozenei. Hartara, IkerGazteren berri izaten dute.

Edizioz edizio euskarazko ikerkuntza argitalpen kopuru esanguratsu bat ateratzen da IkerGazte proiektuaren kongresutik. Ikertzaileen partetik ez ezik, Euskal Herrian kokatzen diren unibertsitate, ikerketa zentro eta aldizkarien esker ona jasotzen dute, eta babes horri esker aurrera jarraitzeko grina pizten zaiola dio Latatuk: “Denek egiten dute bat proiektu honetan, eta uste dut daukagun herri ikuspegirako oso garrantzitsua dela egiten duguna”.

Argazkian 2017ko Ikergazteko partaideak. Argazkia: UEU.
Durango, Iruñea eta Baiona

Prest dago dena Baionarako. Hirugarrenez egingo da IkerGazteren kongresua, eta Ainhoa Latatu hirugarrenez izango da bertan. Atzera begira jarrita, lehen ediziotik hirugarrenera kontuak asko aldatu direla dio: “Gauza batzuk aldatu egin dira formatua ere aldatu egin dugulako: tokiz hainbeste aldatzeak, adibidez, eragina izan du”. Euskal Herriko hainbat txokotatik mugiarazten dute jendea, baina batik bat, aurreko urteetako datuak aintzat hartuz, jende gehiena gipuzkoarra eta bizkaitarra da, eta gutxienak Iparraldekoak.

Toki informaletako harremanak sustatzeko asmoz, garrantzi handiagoa eman diote lo egiteko lekua eskaintzeari. Kongresu “serioaz” harago, harremanak egiteko leku aproposa dela uste dutelako, kideak ezagutu eta etorkizunari begira proiektuak martxan jar daitezkeelako. Beste ediziotan ere eskaini zuten lo egiteko lekua, baina Durangon adibidez ez zuen arrakastarik izan –joan-etorriak egin zituen jende gehienak–. Kontuan izanda partaide gehienak Gipuzkoatik, eta urrunagotik Bizkaitik, mugituko direla, parte-hartzaileek errazago jo dute Baionan geratzera, eta nabarmen egin du gora zerbitzua eskatu dutenen kopuruak.

Egitaraua beste urteetakoen tankerakoa dela dio Latatuk. Eguneko lehen ordutan hitzaldi nagusiak egongo dira, ikertzaileen aurkezpenak ondoren, eta bestelako saio osagarriak tartean: tailerrak, Baionako gaztetxe mugimendua ezagutzera bisita eta Euskal Herria Zuzenean festibalaren antolakuntza barnetik ikustera joatea, besteak beste.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude