"AEBen zigorrek ez dute gaitasunik izango Venezuelako gobernu iraultzailea botatzeko"

  • Herri mugimenduetatik gertu egon den pertsona da Jesus Faria (Caracas, 1964). Alemaniako Errepublika Demokratikoan ekonomia politikoa ikasi eta ekonomia arloan hainbat ardura izan du Venezuelako Gobernuan, besteak beste Kanpo Merkataritzarako herri ministroa izan da. Gaur egun Asanblada Nazional Konstituziogileko kidea da.

Zein da Venezuelako egoera ekonomikoa?
Venezuelak egoera ekonomiko zinez larria pairatzen du. Superinflakzioa eta produkzioaren beherakada –gehien bat petroliorena– dira horren adibideak.

Zein da zehatz-mehatz krisi horren jatorria?
Bereziki, bi faktore daude. Lehenik, ekonomia kapitalistaren eredua agortzea. Hau da, 1950eko hamarkadan hasitako politika ekonomikoaren amaiera. Kontuan hartu behar da Venezuela petrolio ekoizlea dela eta beraz multinazional handiek menderatutako herrialde errentista, dependentea eta azpigaratua izan da beti. Bigarrenik, AEBek gure herrialdeari egiten dioten gerra ekonomikoa; hots, ezartzen dizkiguten zigor ekonomikoak, gure monetaren manipulazio espekulatiboa edota petrolioaren ustiaketaren inguruan sortutako kontrabandoa.

Zertan datza AEBen gerra ekonomiko horrek?
Finantzaketa iturriak lortzea eragozten digu adibidez, baita Kanpo Zorra berregituratzea ere. AEBek murrizketa handiak ezarri dizkiote petrolio industria nazionalari, mundu mailako erosketa-salmenta operazioei kalte eginez. Adibidez, ezin dugu salmenta operaziorik egin nazioarteko bankuen bidez. Orain ere, urrearen industriaren gainean ezarritako zigorrek kalte handia egiten diote ekonomiari eta populazioari.

Beraz, esan genezake AEBen zigorrek badutela eragin handia Venezuelak bizi duen krisian.
AEBen blokeo ekonomikoa da ezbairik gabe gure herrialdearen krisiaren arrazoi nagusia, herrialdeko industria nagusiak zigortzen baititu eta hori oso larria da petrolioaren esportaziotik bizi den herri batentzat. Zigorrik ez balego, egoera guztiz bestelakoa litzateke; hiperinflazioa borrokatu ahal izango genuke eta industria nazionala garatzeko gaitasuna izango genuke. Petrolioaren ekoizpena handitzeko gai ere izango ginateke. Zigor hauek aldez aurretik planifikatuta daude ekonomian mina egin asmoz. Halere, erasoak etengo ez diren arren, AEBen zigorrek ez dute gaitasunik izango gobernu iraultzailea botatzeko. Iraultzak ez du amore emango.

Gobernuak ordea, zer erantzukizun maila du egoera horretan?
Politika ekonomikoan akats larriak eginditugula onartu behar dugu, azken 40 urteetako ezaugarri ekonomiko horien ondorioz. Horrek erakusten du egun gobernuan dagoen burokratizazio eta ustelkeria maila.

Horren harira, hainbat neurri iragarri du Nicolas Maduro presidenteak, besteak beste, ministroak aldatzeko plan integral bat.
Gure helburua da presidenteari hainbat elementu ematea, aldaketa hauek ustelkeria amaitu eta gure gabeziak zuzen ditzaten. Gobernuaren zuzendaritzan berrikuntza behar da eta horrek ekintza-lerro berriak ekarri beharko ditu, politika berrien diseinuan eta eztabaidan herriaren parte-hartzea pizteko. Laburbilduz, politika hauen helburua da ustelkeria borrokatzea eta gobernuaren kudeaketan herria txertatzea da, kapitalismoaren lasta gaindituz sozialismorantz ekiteko, alegia.

Egoera ekonomikora itzuliz, nola bizi du herriak egoera?
Gobernua esfortzu handia egiten ari da krisiak populazioan ondorio larriak eduki ez ditzan. Horrela, politika sozialetan inbertsioa egiten jarraitzen dugu, doako etxebizitza edo osasun zerbitzuak eskainiz. Hori gabe, gerra batean egongo ginateke. Bestalde, azpimarratu behar da herriaren jarrera. Herriak berak oso ondo ulertzen du eskuinak Venezuela gobernatuko balu, herrialdea Nazioarteko Dirua Funtsaren esku geratuko litzatekeela eta horrek gure baliabideen lapurreta ahalbideratuko lukeela.

Zeintzuk dira krisi ekonomikotik irteteko proposatzen dituzuen neurriak?
Ekonomia eta produkzioa suspertze aldera, estrategia bat diseinatzen lanean jarraitzen dugu. Helburua produkzioa eta produktibitatea handitzea izango da eta enpresa publikoei, pribatuei eta atzerriko kapitalari zuzenduta egongo da, beti ere enpresa horiek nazioaren garapenean parte hartzeko prest baldin badaude eta legeak ezartzen duen “etekin justuaren printzipioak” errespetatzen badituzte.

Nola irudikatzen da hori nazioarteko harremanen berregituratze berri horretan?
Multipolaritatearen markoan, aliantza estrategiko sendoak eraikitzen hasiak gara Errusia, Txina, Turkia eta Iranekin, esaterako. Multipolaritatea da Venezuelari bere interesen arabera garatzen utziko diona. Hortik kanpo aukera bakar bat baino ez dugu: kapitalismoaren, immoralitatearen eta injustiziaren menpe jarraitzea.


ASTEKARIA
2019ko apirilaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude