Emakumeak borrokan
Esther Ferrer

"Bizitzak zeharkatzen ez duen performanceak ez du inolako interesik"

  • Esther Ferrer (Donostia, 1937) atzera eta aurrera dabil bere oinkada luzeekin erakusketa aretoan barrena. Tabakaleran apirilaren 5etik maiatzaren 26ra izango duen mostran dihardu lanean, 60ko hamarkadatik gaur egun arte egin dituen ekintzen aukeraketa bat ekarriz eta obra berria aurkeztuz. Parisen bizi den artista donostiarra aitzindaria izan da performancearen munduan, gorputza eszenaratzen eta bizitza eta artea ulertzeko erabateko jarrera feminista azalduz. Ferrerrekin solastatzeko aukera izan dugu bere ibilbide artistiko oparoan jada mugarri bilakatu diren hainbat gaien inguruan sakonduz. 

Jone Alaitz Uriarte
2019ko apirilaren 14a
Argazkia: Maria Elorza.
Argazkia: Maria Elorza.

Badago 1967ko obra bat, Biografia para una exposición non soinean jantzia duzun pankarta batek honakoa duen idatzia: “Instalazioak egiten ditu, argazkiekin lan egiten du, objektuak sortzen ditu, proiektuak eta batik bat, ekintzak”. Gaur egun curriculum hori mantentzen jarraituko zenuke?

Garai horretan ekintzak egiten nituen batik bat, erakusketa gutxitan hartzen nuen parte, emakumezkoen erakusketaren batean edo bestean edo talde proiektuetan; baina ekintzak egitea zen gehien gustatzen zitzaidana, eta hala jarraitzen du izaten. Ekintzen iraupen gutxiko izaera gustatzen zait eta ez dutela arrastorik uzten. Ez duzu ezer garraiatu behar, ekintza pentsatzen duzu, egiten duzu, bukatzen duzu eta etorri zaren bezala bazoaz. Sinpletasun horrek erakartzen nau.

60ko hamarkada erdialdean, José Antonio Sistiaga margolariarekin batera Euskal Herrian aurrekaririk ez zuen proiektu pedagogiko eta artistikoa jarri zenuen martxan, izaera abangoardista zuen Eskola Esperimental pilotua.

Horren aurretik Donostian Haurren Adierazpen Libreko Lantegia [TEL, gaztelaniazko sigletan] jarri genuen martxan eta aitortu behar dut ideia Sistiagarengandik etorri zela. Sistiagak seme-alaba asko zituen eta kezkatuta zegoen haiei emango zien heziketarekin. Izan ere, garai haietan zegoena baino heziketa irekiagoa eskaini nahi zien bere umeei. Orduan Frantzian bizi ziren eta bertan bazeuden pedagogia berriak proposatzen zituzten hainbat metodo, hala nola Freinet, Montessori edo Stern. Eta hemen horrelako zerbait egiteko asmoarekin Frantziara joan nintzen formakuntza jasotzera eta ondoren Donostian lokal bat alokatu eta lanean hasi ginen. Margolaritza klaseak eskaintzen genituen eta artearen bitartez umeak estimulatzen saiatzen ginen beraiek markatzen zituzten helburuetara heldu zitezen. Umeekin asko hitz egiten genuen, eta esperientzia horretatik asko ikasi nuen. 

Ondoren jarri zenuten abian Elorrioko Eskola Esperimentala.

Donostian egiten genuena Haur Hezkuntzara eramatea ideia ona izan zitekeela pentsatu genuen, Freineten metodoa aplikatuko lukeen eskola bat sortzea, alegia. Ikasbide horren muina umeen interes guneak piztean eta lantzean datza, hots, ikasleen interesak definitu eta horiek abiapuntu bezala hartuz klaseak garatzea. Nik euskarazko liburutegi bat sortu nahi nuen ikasleek euskaraz irakurri eta idatzi zezaten. Izan ere, garai haietan oso zaila zen euskaraz idatzitako liburuak aurkitzea. Esperientzia aberasgarria izan zen, ikasle mordoxka izan genuen baina egia da ez zuela gehiegi iraun.

Jorge Oteiza ere handik zebilen, ezta?

Oteiza pare bat alditan etorri zen bai, eta asko animatzen gintuen jarraitzera, gustatzen zitzaion egiten ari ginena.

Urte batzuk geroago ZAJ-eko kideak ezagutu zenituen Donostian.

Hala da, Sistiagak berak esan zidan hitzez hitz: “Oso gauza arraroak egiten dituzten lagun batzuk datoz Donostiara eta emakume bat behar dute ekintza bat egiteko. Zu zara hiri honetan horrelako zerbait egin dezakeena”. Ekintzan parte hartzera animatu nintzen eta bukatutakoan ea beraiekin lan egin nahiko nukeen galdetu zidaten. Eta horri ere baiezkoa eman nion baldintza batekin: nahi nuena egiteko askatasuna izatea. Ez zidaten inolako trabarik jarri.

Argazkia: Maria Elorza.

30 urtez aritu zarete lanean elkarrekin. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?

Taldean lan egiteak abantailak eta desabantailak ditu, baina errespetu asko genion elkarri eta ez genuen sekula elkar zentsuratu. Ez genuen batera sortzen, bakoitzak bere obrak eta ekintzak zituen, eta hauen autoretza errespetatu egiten zen. Ekintzak hala eskatzen bazuen, gainontzeko kideok parte hartzen genuen. Egia esan, esperientzia oso ona izan zen, asko bidaiatzen genuen eta jende asko ezagutu genuen bidean.

John Cagek 1973an bira bat antolatu zizuen AEBetatik. Nolakoa izan zen esperientzia hori?

Cagek gure lana 1972ko Iruñeko Topaketetan ikusi zuen eta berehala esan zigun egiten genuena “amerikarrek ezagutu beharra zutela”. Guk uste genuen amerikarrak kokoteraino egongo zirela tankerako gauzak ikusteaz, baina egia esan, urtebete geroago Estatu Batuetan geundela, jendeak oso harrera ona egin zigun eta nabari zen egiten genuenak inpaktua bazuela. Gure ekintzek zerikusi handia zuten musikarekin, hein handi batean Cageren eta Duchampen oinordekoak ginen, baina gaiari heltzeko eta problematizatzeko era oso sinplea geneukan, ezerezarekin egiten genuen lan, hutsarekin.

Eta Espainiako Estatuan, nolako harrera zuen ZAJek?

Denetariko erreakzioak izan genituen, batzuek barre egiten ziguten, beste batzuk haserretu egiten ziren, baziren kuriotsitate handiz begiratzen gintuztenak…

Hemen ekintzak kontzertu izendatzen zenituzten. Zergatik?

Cagek esaten zuen bezala, guztia zen musika, soinua musika zen, zarata musika zen baita isiltasuna ere; eta horregatik gure ekintzak kontzertu kontsideratu zitezkeen. Bestetik, frankismo garaian, kontzertuak ziren zentsuratik pasatzen ez ziren diziplina bakarra. Orduan gertatzen zen jendeak uste zuela biolin kontzertu bat ikustera zetorrela eta bat-batean gure ekintza batekin egiten zuela topo [barre egin du]. Baina ez zen sekula zentsuratzailerik etorri. 

"Gizartea aldatzen ari da emakumezkoak aldatzen ari garelako, benetako aldaketa geurea da"

Musikaren haritik jarraituz, zure ekintzen jarraibideei ere “partitura” deitzen diezu.

Musikariz inguratuta bizi nintzen, ZAJ-eko Juan [Hidalgo] eta Walter [Marchetti] musikariak ziren eta nire senarra [Tom Johnson] konpositorea da, beraz, suposatzen dut ideia hortik etorriko zitzaidala. Ideia bat dudanean, egiten dudan lehenengo gauza apuntatzea da, eta ondoren ideia hori estrukturatzen dut. Espazio batean kokatzen dut, izango dituen mugimenduetan pentsatzen dut, iraupen bat ematen diot, erritmo jakin bat eta guzti hau idatzi egiten dut. Ondoren, eskolan soinketako irakasleak marrazten zizkigun piktograma horietakoak ere marrazten ditut partitura hauetan, asko dibertitzen nau hori egiteak, baina beti ere oso eskema sinplean egiten dut. Partitura ekintza ororen abiapuntua da, ondoren infinituraino aldatu dezaket, bariazio mordoa egin, baina ideia beti errespetatzen dut. Performance bat egiteko ideia bakarra nahikoa bada, ez ditut bi ideia sartuko. Oso minimalista naiz zentzu horretan.

Denborak ere garrantzi handia du zure obran, badirudi zerbait fisikoa dela.

Niretzako denbora elementu bat gehiago da, lehengai bat, fisikoa, mahai bat edo aulki bat izan daitekeen bezala. Ez dakigu zer den denbora, inork ez daki, eta horretaz ohartu gaitezen nahi dut, igarotzen den denboraz, instanteaz. Izan ere, bizitzen ari garen momentua ez da beste inoiz errepikatuko. Ekintza edo performance bat egitea elkarrekin biziko dugun momentu bat sortzean datza. Eta zentzu horretan, niretzako, bizitzak zeharkatzen ez duen performanceak ez du inolako interesik.

Matematikari estuki lotutako ibilbide luzeko lanak ere badituzu, Poema de los números primos eta Pi, adibidez. Badirudi matematikarekin obsesio puntu bat dagoela zure obran.

Poema de los números primos 70eko hamarkadaz geroztik lantzen ari naizen proiektua da. Zenbaki lehenak maite ditut. Izan ere, inork ez daki esaten infinituak ote diren edota bukatu egiten diren; eta gustatzen zait frogatzea gero eta zenbaki handiagoetara heldu, orduan eta tarte handiagoak sortzen direla zenbaki lehenen artean. Eta ikerketa hauek lengoaia plastiko batera eramaten saiatzen naiz, Tabakalerarako egin dudan zoruko obran bezala. Pi zenbakiarekin antzeko obsesioa daukat. Helduko al da dezimal luze hori amaituko den momentua? Einstenek esaten zuen bezala, infinitua pixka bat luzea egiten da, batik bat, amaiera aldera. 

Martxoaren 8an milaka emakume irten dira kalera. Zuk zeuk beti aldarrikatu duzu feminista sutsua zarela. Nola ikusten duzu egungo egoera?

Beti esaten dut beharrezkoa den bitartean feminista izaten jarraituko dudala. Egun nabari da emakumeen eskubideen aurkako erreakzio gogor bat datorrela, eta beraz, argi egon behar dugu eta intelektualki prest, etsaia nondik datorren ikusteko. Azken urteotan feminismoak mundu mailako eskala hartu du eta gizonezkoa inguratuta sentitzen da, bere boterea galtzeko beldurrez; eta beldur horren aurkako erreakzioa biolentzia handikoa izan daiteke.

Emakumeok 60ko hamarkadaz geroztik gure egoeraren inguruko hausnarketa sakon bat egin genuen. Menderatze horrek zergatik iraun du horrenbeste denbora? Zergatik izan gara guzti horren konplizeak? Zergatik irentsi dugu horrenbestez? Hausnartzen hasten zara, ondorioak ateratzen eta jarrera batzuk jasan ezinak bilakatzen zaizkizu, inposaturiko estereotipo estetiko batzuekin apurtu nahi duzu eta berez naturalak bezala irakurri ditugun zenbait ereduekin apurtzen hasten zara. Guk asko hitz egiten genuen horren inguruan, asanblada eta bilerak antolatzen genituen eta askatasun osoz hitz egiten genuen.

Eta gizonezkoek aldiz…?

Tamalez, gizonezkoek ez dute ariketa hori oraindik egin. Ez dute matxismoaz hitz egiten, ez dute oraindik beren baldintzaren inguruko hausnarketarik egin. Gizonezkoak iristen badira guk egun batean izan genuen umiltasuna izatera, eta beraien artean hitz egiten badute eta ikusi beraien pribilegioek nola eragiten diguten emakumezkoei, orduan hasiko dira gauzak aldatzen. Eta agudo egin behar dute gainera. Izan ere, boterean daudenak emakumeen eskubideei zuzenean eragiten diguten legeak aldatzen hasiko dira era gizonezkoek ezer egiten ez badute, erreakzionatzen ez badute, benetako errudun eta konplizeak izango dira. Nire ustez, gizartea aldatzen ari da, emakumezkoak aldatzen ari garelako, benetako aldaketa geurea da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Performance  |  Tabakalera  |  Esther Ferrer

Performance kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude