Voxi ez, haren diskurtsoa egiten duenari begiratu

  • Martxoaren 20an ia ehun pertsona bildu ziren Azpeitiako San Agustin Aretoan Hedoi Etxarteren (Iruñea, 1986) hitzaldia entzuteko: “Faxismoa, gaur eta hemen”. Munduan, Europan eta Euskal Herrian ere modan dira eskuin muturra eta honen bultzada, gero eta sarriago gainera, ukitu zibilizatuaren atzean gordetzen dena. Hemen hitzaldiaren laburpena eta gure webgunean osorik bideoan.

Xabier Letona @xletona
2019ko apirilaren 07a
Hedoi Etxarte hitzaldiaren une batean, ARGIAkokide Axier Lopezek lagundta. (Arg.: Eneritz Arzalluz)
Hedoi Etxarte hitzaldiaren une batean, ARGIAkokide Axier Lopezek lagundta. (Arg.: Eneritz Arzalluz)Hedoi Etxarte hitzaldiaren une batean, ARGIAkokide Axier Lopezek lagundta. (Arg.: Eneritz Arzalluz)

Urola bailaran apustuen gaiari aurre egiteagatik ezagun egin den Elkar-ekin taldeak eta ARGIAk antolatu dute hitzaldia, azken honen mendeurreneko ekitaldien harira. Etxartek argi utzi nahi izan du faxismoa kapitalismoari erabat lotuta dagoela eta aipatu du 36ko Gerran brigada internazionalistetan aritu zen George Orwell idazle britainiarra: “Espainian ikusitakoaren ostean honako ondorioa atera dut: alferrikakoa da antifaxista izan nahi izatea kapitalismoa gordez. Faxismoa, azken batean, kapitalismoaren garapen bat da, eta demokraziarik liberalena –esan ohi dugun bezala– prest dago faxismo bihurtzeko lehenengo zailtasuna suertatzean”.

Bertolt Brecht eta bere Egia idazteko bost zailtasun dakar ondoren. “Testu hori kazetaritza ala artearen bidez mundua norabide askatzailean jarri nahi duen edonorrentzat katixima bat izan beharko litzateke –dio iruindarrak–. Hemen pasarte ezagun hau: ‘Zertarako balio du faxismoa kondenatzeak, ez bada deus ere esaten hura sortzen duen kapitalismoaz?’”.

Brechtek argi utzi nahi izan zuen faxismoa ez zela kasualitatez herrialde batzuen gainean eroritako “izurrite natural bat bezalakoa”, edo kapitalismoaren eta sozialismoaren artean jaiotako “hirugarren indar bat”; ez, haren esanetan, faxismoa “kapitalismoaren fase histerikoa” da. “Faxismoaren aurka egotea kapitalismoaren aurka egon gabe, basakeriatik jaiotzen den basakeriaren aurka ez egotea da: txekorraren zati bat nahi izatea da, haren sakrifizioaren aurka eginez”.

Faxismoa sarri gutxiesten dela zehaztu du Etxartek eta ekarri du gogora Clara Zetkin politikari alemaniar sozialistak 1923an Moskuko Internazional Komunistan esandakoa: “Orain arte oso ideia lausoak izan dira gai honen inguruan eta ez soilik langile masa zabalen artean, proletario iraultzaileen abangoardiaren artean eta komunisten artean ere hala izan da”. Horregatik, Zetkinek argi zuen: “Proletario guztiek bat egin behar dute faxismoaren aurkako borrokan”.
Adi faxismoarekin!

“Joera daukagu pentsatzekoa –jarraitzen du Etxartek– faxismoa beste garai batzuetako fenomeno bat dela, ala beste latitude batzuetakoa. Baina ez, faxismoa, kapitalismo histerikoa, forma eta izen ezberdinekin mundu osoan zabaltzen ari da, XX. mendeko 20ko hamarkadaren hasieratik gertatu zen bezala”.

Iragan urtarrileko hainbat gertaera ere aipatu ditu, haien itzal autoritarioa azpimarratuz. Amurrion polizia ohi batek ezker abertzaleko familia baten baserriaren kontra egindako erasoa gogoratu du eta oso kritiko agertu da Andoni Ortuzar jeltzaleak gertaerari garrantzia kendu izanaz: “Biolentzia parapolizialaren banalizazioa eskuin muturraren ezaugarrietako bat da”.

Kritika zorrotza eginez, aipatu du Iruñean Foru Poliziak Maravillas Gaztetxeko gazteen aurka erabilitako errepresioa: “Hiru arratsaldetan 70 pertsona zauritu zituzten. Lauko gobernuak egin zuenez, ez zen erantzun sozialik izan; Barcinak egin izan balu, 20.000 pertsona aterako ziren kalera. Hau da, faxismoa ez da iristen kolpeka, ez du boterea hartu behar, boterea egina dago bere neurrira, sarri halako lasaitasunarekin heltzen da, ez beti botere militarra erabiliz. Jende askoren sentsibilitatea bitxia da, arduratzen da gehiago ate bat pintatuta agertzen delako [EAJren egoitzako atean pintaketak agertu ziren egun horietan] dozenaka pertsona zaurituak izateagatik baino”.

Gasteizen emakume beltz batek autobus publiko bateko gidariarekin alabaren patinetea medio izandako liskarra ere aipatu du: “Gidariaren jarrera arrazistaz gain, gizon batek mehatxu faxistak egin zizkion emakumeari eta autobusean ez zen inongo erreakziorik izan”. Etxarteren ustez, gertaera hauek bezain garrantzitsua izan zen hurrengo egunean Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gidariaren jarreran arazorik ez ikustea: “Zapalkuntzaren normaltasuna da eskuin muturraren ezaugarrietako bat”.

Nola iristen da faxismoa gurera?

Galdera bota eta historiara jo du berriz Etxartek, begiak Alemaniako Weimarreko Errepublikan (1918-1933) finkatuz. Berau demokrazian eta era baketsuan eratu zela azpimarratzen dela gogorarazten du, baina hori ukatu eta errepublika hura milaka espartakisten heriotzaren gainean eraiki zela zehaztu du: “Rosa Luxenburg eta Karl Liebknecht hil zituzten agintari sozialdemokratek erabaki zuten beren boterea kosta ahala kosta finkatzea eta horretarako armada nahiko ez zutenez, sortu zituzten miliziak, gero Italian eratuko zirenen oso antzekoak; haietatik sortu zen gero mugimendu nazia”.

“Gaur egunera etorriz –jarraitzen du Etxartek–, autoritarismoa nondik datorren ikusteko, hedabideek nahi dute Vox alderdira begira dezagun, baina honek ez ditu Mozal Legea eta Alderdien Legea egin, ez da Franco 40 urtez egon den lekuan egotearen arduraduna, ez da Vox gure udalen gastu sabaia finkatu duena… Gaur egun Europan hedatzen ari den eskuin muturrak ez du zerikusirik, gutxienez sinbolikoki, esbastikarekin. Bere ereduetakoa da, adibidez, Herbehereetako eskuin muturra, hedabideetan zaratarik ateratzen ez duena, kutsu soziala duena eta etorkinak gaur egungo judu gisa hartzen dituena. Eta berdintsu gertatzen da Alemanian AfDrekin; hauek ez dira neonazien harikoak, itxura oso ohikoa dute eta ez dira desfile martzialetan aritzen mitinetan… Beraz, Euskal Herrian eskuin muturrari begiratzean, ez diogu begiratu behar Voxi, eskuin muturraren diskurtsoak egiten dituen jende horri baizik”.

Hiru ideiarekin amaitu zuen Etxartek, Gorge Orwelek berak 1984 bere liburu ezagunaz egindako aipua irakurriz: “Uste dut ideia totalitarioak intelektual guztien espirituan sustraituta daudela eta saiatu nintzen 1984-an ideia horiek beren ondorio logikoetaraino eramaten. Liburuaren intriga Ingalaterran kokatuta dago, insistitzeko ingelesez hitz egiten duten herrialdeak ez direla, naturaz, hobeak eta totalitarismoak –baldin eta bere kontra borrokatzen ez bada – edonon irabaz dezakeela”.

Etxarteren esanetan, faxismoari aurre egin behar zaio, baina “gaur egun, aurre egin beharrean ateak irekitzen ari gara”. Horren adibide gisa jarri zituen Grezia, Ukraina, Siria, Libia, Katalunia, Venezuela, India eta Yemen, eta hauetan gertatutakoaren aurrean ezer gutxi egiten ari garela salatu zuen. “Uste dugu gure militantziarekin nahikoa dela, baina ez. Faxismoari erantzun ezohikoa ematen ez bazaio, irabazten du”. Beraz, mugimendu sozialak indartu beharra azpimarratu du Etxartek eta esperantzaz begiratzen die bere ustez gaur egun horien artean indartsuen ari diren “sindikalismoa eta feminismoari”. Zehaztu du, halaber, erantzun intelektuala ere oso garrantzitsua dela:  “Oso adi entzun behar dugu nola hitz egiten duen faxismoak eta nori, nork entzuten duen eta zergatik”.

Azkenik, bere ustez, erantzunen artean ezinbestekoa da “alternatibak eraikitzea” eta hauek  ezinbestean “kolektiboak eta partekatuak” izan behar dute. Eta amaitzeko, alternatiba hauei buruz hitz egiten dituen hiru liburu gomendatu ditu: Iñaki Etxelekuren ZAD bizi dutenen ahotik (Gatuzain 2018), Onintza Iruretaren Berdea da more berria (Argia, 2019) eta Rote Zora, ekintza zuzena praktikatzen zuen talde feminista bati buruzkoa, eta sarean libre aurki daitekeena.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Faxismoa  |  Politika

Faxismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude