Izenak eta izanak

  • Mendeurrenaren karietara ARGIAk otsailaren 23an Iruñean antolatutako Jatorrira bidaia ibilbidean Santi Leoné aldizkariko kolaboratzaile iruindarrak Nafarroako Artxiboan egindako hitzaldia da honakoa.


2019ko otsailaren 26an - 17:23
Santi Leone lurraldetasunari buruzko hitzaldia ematen Nafarroako Artxiboan. (Arg.: Dani Blanco)

“Ausarta eta kementsua, baina aldi berean zakarra den bizkaitarrak eta zuberotar finak hizkuntza bera hitz egiten dute, eta bakarrik egun guttiko tarteak bereizten du bata bertzearengandik; elkarrengandik hurbil dauden eskualdeetan hitz ezberdinak erabiltzen dituzte, baina hizkuntza berari dagozkionak, gauza berberak izendatzeko; ondo-ondoan dauden herriek nekez ulertzen diote elkarri, baina elkar onartzen dute nazio baten eta beraren anaiak gisa". Humboldt da mintzo, Die Vasken liburuan. Euskal Herrira etorri zelarik, 1799an, 1801ean, alemenek ere, Axularren euskaldunek bezala, legeak eta erresumak zituzten diferent, eta toki batetik bertzera franko aldatzen ziren dialektoak, baina denak batzen zituen hizkuntza bat ere bazuten. Alemanez ari ziren guziak izendatzeko hitz bat aurkitzeko larri ibiliko ginateke, edo ibiliko litzateke gure Humboldt. Beharbada horregatik ikusi zuen hain argi "euskal nazioaren leinu guziak izendatzeko hitz bat ere erabili nahi izatera, larri ibiliko ginatekeela"; "bere izenaren batasuna ere galdu du herri gizajo honek". Pasarte horretan, Humboldtek aipatzen du Frantzian Basques deitzen dietela Ipar Euskal Herriko euskaldunei, eta Biscayens Hego Euskal Herrikoei. Espainia aldean, probintziaren araberako izenak erabiltzen dira: Vizcainos, Guipuzcoanos, Alaveses. Nafarroa ez da ageri gogoeta horretan, nahiz eta lerro batzuk geroago aipatuko duen. Nafarroa Humboldten Vaskenlanden parte zen, baina Humboldtek ez zuen sekulan Iruñean zapaldu, eta Nafarroa apenas: Orreagan izan zen, eta bai, Nafarroa Beherean. Die Vasken liburuan, Foruak aztertzeko tenorean, Ipar Euskal Herrikoak kanpo utziko ditu, Iraultzak deuseztatu zituelako, baina Nafarroakoak ere bai, inolako azalpenik eman gabe. Agian Alemania zekarren buruan: bizkaitarrei bertute prusiarrak egozten dizkien bezala –langileak, serioak–, beharbada Euskal Herriko Austria gisa ikusten zuen Nafarroa, erresuma katoliko eta dekadentea. Salbazioa etortzekotan, Bizkaitik / Prusiatik etorriko litzateke. Nolanahi den ere, euskaldunen nazioak izenik ez bazuen ere –euskaldun guziak biltzen zituen izenik ez, bederen–, izana bazuen Humboldten iritziz.

Mende bat geroago, Euskal Herriak izen anitz izaten segitzen zuen: Euskal Herria hor dago, baina erdaraz Vasconia eta Euskaria ere erabiltzen zuten zenbait idazlek. 19. mendearen azken urteetan euskaroek –Juan Iturralde y Suitek, Arturo Campionek, Hermilio de Olorizek– sortutako giroa dago airean oraindik. Iñaki Iriarte soziologo eta politikariaren hitzak erabiltze aldera, euskaroek politikan porrot egin bazuten ere, garaile atera ziren kulturan. Euskal Herria edo euskal herria –maiuskulaz edo minuskulaz– edo euskal zer bat, euskal gauza bat, Nafarroa ere biltzen duena, horren inguruko halako adostasun bat dago Nafarroan, segur aski giro eskuindarretan handiagoa, ezkerreko giroetan baino. Karlistek eta abertzaleek bat egiten zuten horretan, nahiz eta diferentea izan euskal gauza horri bakoitzak zein eduki ematen zion. Horrek ez zien politikan aliantza foralak egiten galarazten. Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindia sortzeak ez zuen Diario de Navarra molestatu; egunkariak ez zuen salatu, adibidez, Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresua 1920an Iruñea egin izana "kanpotik etorritako eraso gisa"; aitzitik, horren berri eman zuen, kontent eman ere.

Lehen hausturak urte horietan hasiko dira sumatzen halere. 1921eko urtarrilaren 6an Centro Católico Español delakoaren irekitze ekitaldia izanen da. Lehen Mundu Gerrak iraultza komunista ekarri du Europako ekialdean eta, Austriako inperioa desagertu ondotik, estatu berri batzuen sorrera. Horregatik, azalduko du Victor Praderak Centro Católico Español hori inauguratzeko mintzaldian, horregatik du Centro horrek duen izena: katolikoa, komunismo ateoari buru egin behar zaiolako, eta espainola, nazionalismoak dakarren arriskuaren kontra borroka egiteko. Historia ere ideia horiek aintzat hartuta irakurri behar dugu; beraz, San Frantzisko Xabier eta haren familia osoa, Amaiurko gazteluan 1521ean gotortu ziren guziak bezala, traidoreak izan ziren, gaztelarren kontra aritu eta Nafarroa bere bide espainoletik desbideratu saiatu zirelako. Hitzek polemika handia sortu zuten: denak Praderaren kontra. Denak, ez bakarrik Arturo Campión edo Manuel Arantzadi abertzaleak, baita Ignacio Baleztena edo Jose Maria Azkona karlistak ere. Eladio Espartza lesakarrak Bilboko Euzkadin egin zion kritika Praderari. Geroago, La Voz de Navarrako zuzendaria ere izanen zen Espartza.

Hamabortz urte geroago, Amaiurren indepentziaren alde borrokan ari izandako zaldunak hain sutsu defendatu zituzten batzuk Espainia salbatzeko konspirazioetan ibiliko ziren –Baleztenatarrak kasu– edo Diario de Navarratik euskal estatutuaren kontrako kanpainia eginen zuten –Eladio Espartza–, eta haien piztietako bat, ez bakarra, euskal abertzaletasuna izanen zen.

Nafarroako gizartearen parte handi baten historia urruntze baten historia da: euskal ideia batetik, euskal herritik urruntze baten historia da. Amaiurren bildutako nafarrak traidoretako salatzen zituen garai berean, Victor Praderak ez zuen bere burua Iruñeko euskaldun gisa definitzeko problemarik; duela urte batzuk, 20. mendeko 80ko hamarkadan, Jose Javier Uranga Ollarrak oraindik Euskalherria aldarrikatzen zuen – Euskalherri kulturala-edo, Euskadi politikoari kontrajartzeko–; gaur egun, neketan aurkituko dugu Euskal Herria egunkari horretako orrialdeetan, ez bada entelekia, fantasia, gezurra, inposizioa edo faltsukeria hitzen konpainian. Nafarroako alderdi politiko batzuen historia hori da, euskal kutsu duen orotik urruntze etengabe bat. Hainbertze, ezen batzuek lurraldeari, lurraldetasunari izena aldatu behar izan baitiote, nafarrak erakartzeko asmotan edo: Euskadi ez, Euskal Herria ez, Nafarroa da gure aberria, gure Estatu galdua. Humboldten garaian bezala, segitzen dugu izen anitz izaten, baina halaber segitzen dugu segur aski izana izaten. Bizkaitar zakarrak eta zuberotar finak hizkuntza bakarra hitz egiten zuten; gaur egun, zenbaitek ez dakite argi euskara batua eta euskalkia hizkuntza bakarra ote diren ere. Tira, noizbait hizkuntzaz ez ezik, beharbada lurraldetasunaz ere mintzatu beharko dugu, Luistxo Fernandezek eskatu bezala. Bitartean, Argiaren eskutik independentzia astero ikusten dugu eta hemen gaude, Iruñean, 18. mendean Etxeberri Sarakoak eta 20. mendean Patxi Larrionek aldarrikatu bezala, euskaldunen hiri buruzagian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude