"Euskara ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean"

  • Dylan Denny-Stearn Inglis, Ingalaterrako Devon probintzian jaioa da, 1998an. Duela bi urte, Durham unibertsitatean giza zientziak ikasten ari zela, urte sabatikoa hartu zuen Euskal Herrira etorrita euskara ikasteko. Iazko abenduan EGA titulua erdietsi zuen. Bost mintzaira daki: ingelesa, mandarinera, gaztelania, frantsesa eta euskara. Zubereraz mintzo da, baita bizkaieraz ere. Urtarrilean itzuli zen Ingalaterrara. Durham hiritik erantzun digu, idatziz. Xarmanki mintzatu ez ezik ederto idazten du.

Dylan Inglis-ek utzitako argazkia (Elizondon): "Baztanera ere oso maite dut, eta aski ongi ezagutzen dut".

Alimaleko harrabotsa sorrarazi duzu euskaldunon artean. Euskal hedabideetan euskaraz hitz egin duzu zuzen eta artez. Noiztik ezagutzen duzu Euskal Herria?

2016an ama, aita, anaia eta laurok Euskal Herrira joan ginen oporretan, lehen aldikoz. Orduan buru-belarri niharduen frantsesa ikasten, nire zaletasunik handiena zen. Iritsi aurretik euskararen berri izan nuen. Heleta herrira autoz iristean, euskal esaldi xume batzuk behatu nituen interneten. Plazako taberna batean sartu ginen: gure prakamotz nabarrek eta larruazal xuri-xuriak gure britainiartasuna erabat salatu zuten. Halere, determinazio osoz, ostatuko kuadrillara hurreratu nintzen, eta, ahoskera frantses batez, arestian irakurritako “arratsalde on” bota nien. Nire harridurarako, haiek “arratsalde on” erantzun zidaten. Oraino ere, sentsazio alimale hartaz oroitzen naiz. Gurasoei esan nien momentu horretan pasatakoa inoiz gertatu zaidan gauzarik hoberena dela.

Urte eta erdian ikasi duzu euskara, baita zuberera eta bizkaiera ere.

Hizkuntzak gero eta sakontasun handiagoz ikasteko nahiak motibatzen nau. Gehien batua ikasi badut ere, hasieratik euskalkiaren garrantziaz jakin nuen. Barnetegira joan aurretik, Radio Kulturak 2000n igorritako “herritartzen” ikastaroari lotu nintzaion, Iparraldeko erdaldunei zuzenduta. Maiz errepikatzen dituzte ele zenbait, esanahi bera dutenak, baita hitzen eskualdea zein den adierazi ere. Zuberoa usu aipatzen zuten: “jin” eta “etorri” hitzak egun berean ikasi nituen. Hegoaldeko (Zornotzakoa) barnetegira joan nintzenerako, iparraldetarra bihurtua nintzen!

Bestetik, alta, nire aurreneko solaskidea Iñaki Zubiri izan zen, baztandarra. Internetez mintzatu ginen. Berak nabarmendu zidan nik erabilitako hitz batzuk, “erran”, konparazione, Hegoaldeko beste leku batzuetan ez zirela esaten. Berak nafarra izanik, hizkera berezia zuen; “faborez” ikasi nuen please-aren itzulpen gisa. More or less “guti goiti-beheiti” zen, eta bere ahotan basque ez zela euskara, eskuara baizik! Baztanera ere oso maite dut, eta aski ongi ezagutzen dut.

Eta bizkaiera...

Bizkaiera ere ikasi dut. Barnetegiko irakasle bati sarritan idazten diot, bera sano bizkaitar harroa da. Aldian-aldian bizkaiera ikas nezakeela aipatu zidan. Bestalde, iazko Eguberrietan euskarazko Harry Potter irakurtzeari ekin nion, eta ezetz asmatu zein berbeta ipini zioten Hagrid basozainari? Zer eta bizkaiera, bizkaiera batua! Barregura handia eman zidan. Ingelesez westcountry (nire probintziako) azentua zeukan eta. Hagrid euskaldunaren esanak ozta-ozta ulertu nituen, eta ezin nuen ulertu barik jarraitu, beraz, ikasteari ekin nion!

Zergatik euskalkiak ikasi?

Euskalkiak ikasteko zio nagusietakoa nire batuaren aberastasuna orraztea da. Irailean Bilbo Zaharra euskaltegian EGArako prestatzen ari nintzela egin nuen idazlan bakoitzean euskalki baten hiztegia eta gramatika (batura moldaturik) erabiltzen ahalegindu nintzen. Bizkaiera, lapurtera, baztanera eta zuberera aditzak eta Baztango lagunaren hitanoa erabili nituen gutun informal batean. Irakasleak erran zidan inork ez zuela hitanoz idatzi idazlan batean! jakina, lengoaia orok bitxikeria anitz baditu.  Adibidez, frantsesa eta gaztelania erregistro ugarikoak dira, eta literatura arlo oparo bana dute. Txineraren (mandarinera) karaktere tradizionalek ere liluratu naute, baina munduko hizkuntza eskerga horiek zerbait “ments” edo “eskas” dute, euskarak duena, nonbait.

Zer aurkitu duzu euskaran, beste hizkuntzetan aurkitu ez duzuna?

Adierazkortasun handi-handiko egiturak. Beharbada aski freaky iduri luke, baina horiek oso berezko ditu euskarak. Hitanoa ikaragarria da, bakarra munduan, antza. Solaskidearekiko hurbiltasun sendoa eraikitzen du.  

Euskara oso-oso loturik da bere lurrarekin, eta Euskal Herriaren lekuen berezko ezaugarriak kontuan hartuz ikasi dut

Euskara da gehien liluratu zaituen hizkuntza. Zergatik?  

Nik dakizkidan mintzaira guztiak arras maite ditut. Baina, batez ere, euskara maitatzeko arrazoiak askotarikoak dira; orain dela oso guti artio arrotza izan zen mintzaira denbora labur samarrean oso etxeko bihurtu zait. Bertzalde, euskara oso-oso loturik da bere lurraldearekin, eta Euskal Herriaren lekuen berezko ezaugarriak kontuan hartuz ikasi dut: Baztanen, Arratian, Bilbon, Mutrikun, Atharratzen, ikasgelan eta irakasleen gelan: tokian tokiko berbeten edertasunak harrapatu nau, beste ezerk ez bezala. Orobat, “euskaldun” kontzeptua biziki gustatzen zait. Nire irakasleak euskaldun izateaz berba egin zuen egunaz gogoratzen naiz, konturarazi ninduen hizkuntza honek ez duela beste hizkuntza handiagoen araupean jokatzen; hots, behin ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean. Eraikitako lotura ez da hizkuntza hutsa, euskal kulturak milaka urtez hizkuntzarekin izan duen harreman estu-estuaren ondoriotzat jotzen dut.

Euskara ikastea zaila dela diote zenbaitek.

Zer erran nahi dute baina, “zaila” erraten dutelarik? “Zailtasun” kontu horrek arras izorratzen nau, gero eta gehiago. Ez dakit zenbat pertsonak erran izan didaten gaztelania edo frantsesa ikastea errazagoa dela euskara baino. Euskara eta mandarinera ikastea nekeza dela erran dit jende andanak, adin guztietakoek. Gaztelania eta frantsesa erraza dela dioten artean, zenbat dira hizkuntza horietako batean mintzatzeko gai? Inor gutxi. Euskara eta mandarineraren zailtasunaz mintzo direnetarik zenbatek solastatzen dute euskaraz edo mandarineraz? Aurreko taldekideek beste! Distantzia handia da “erraz”-etik “zail”-era, eta jendeak “erraz” erraten duelarik “ikasgarria” esanahikotzat hartzen dut eta “zail”, ordea, “eskuraezin”-tzat. Baina ez da hala! Frantsesa eta gaztelania hain errazak izango balira, hizkuntzarekiko interes apurra erakusten dugun lagun guztiok hiztun osoak izango ginateke!

Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?

Klasean egonez gero, zaila dela oro ikastea. Euskara kanpoan ere praktikatu behar da. Eraginkorragoa ez ezik, zatirik atseginena ere bada, nonbait. Bestalde, niri ikasteko balio izan zaizkidan kontu bi: idazki bat (liburu orri, artikulu, kartela...) irakurtzen dudan guztietan, ulertzen ez ditudan hitz, esaera, perpaus eta egitura guztiak azpimarratzen ditut eta hor nonbait apuntatzen ditut. Gero buruz ikasten ditut. Adibidez, barnetegian, eguneko klaseetan egindako irakurmenetan nik erabiliko ez nituen gauza asko apuntatzen nituen, eta gero, klasetik irtenda, hitz horiek mugikorreko Anki aplikazioan sartzen nituen, eta astirik izanez gero berrikusten nituen. Horrek hiztegi handia eman zidan. Hiztegi barik ezinezkoa da ondo berba egitea edo idaztea, baita idazlan franko egin barik ere. Hiztegia eta gramatika neure kabuz ikasiz, askoz gehiago aurreratu dut. Osterantzean, egin tartea euskarari zure bizitzan. Batik bat, irakur itzazu gustuko dituzun gauzak, baina euskaraz! Nik dakidala, erdaraz den ia guztia euskaraz ere eskuragarria da. Euskaraz plazerrerako irakurtzea lortzea urrats handitzat jotzen dut.

Zer duzu esateko, zubererari buruz?

Zubererak oso galdua dirudi euskara batuan, eta hein handi batean entelegatzen dut, probintzia ttipi-ttipia baita: Ondarroak Zuberoak bezainbeste euskaldun ditu. Zuberoak bitxikeria paketa baditu. Azentua, adibidez. Ez dator frantsesetik, zenbaitek hala pentsatzen badute ere; biarnes mintzairan du bere eratorpena. Hizkuntzaren erritmoa ere ikaragarria da, oso berezia gainontzeko euskalkien aldean, eta besteena bezain ederra. Hiztegia ere bai, alimaleko hitzak dituzte. Biarnesetik hartu ditu ele anitz, adibidez, ments (falta) eta sordeis (okerrago).

Euskara ikertzen ari zara. Zer zehazki?

Durhamen izango den Hizkuntzak eta gizartea konferentzian txostena aurkeztuko dut. Nire proiekturako egitasmoa hauxe da: Zuberoa eta Bizkaiko Arratia bailararen egungo dinamika linguistikoa. Zuberoa eta Arratia Euskal Herriko muturretan daude, eta jatorrizko hizkera biziki interesgarriak dituzte. Euskara batutik oso urrun daude, eta horren ondorioz, batua beste “komunikatzeko aldaera” balitz bezala sailkatu dut, hango gizarteetan euskalkiak eta batuak leku desberdinak dauzkate eta. Erdararen pisua ere aztertu dut, eta oro har egoera linguistikoa nola eta zergatik aldatu den eta nola aldatuko den etorkizunean.

Arratiera ikertu duzu bereziki. Zein da berezitasuna?

Aditza itzela da! “Dostasu”, “dosku” eta “eustan” berbek liluratu naute. Berezko berbategi ugari ditu mendebaleko euskarak. Hori ez eze, asko aldatzen da leku batetik bestera. Aurreko batean afaria neukan igorreztar, ondarrutar eta mungiar lagunekin, guztiak bizkaierazko berbak zerabiltzaten, baina hainbat bider bakoitzaren hizkeraren berezitasunez jabetu nintzen. Igorreztarrak “geitu” zioen, “deitu” esateko; ondarrutarrak eta mungiarrak “belu” darabil "berandu" esateko, eta ontarrutarrak "gustatzen zait" esan ordez, "gustaten gasta" zerabilen. Tira, bizkaieraz berbaz nabilenean, aukeratu behar dut “gaur” edo “geur” esan, “afari” edo “afarixe”, aurrean dagoena zein den arabera.

Aitak eta amak beti galdetzen didate zertan nabilen, ea euskararen zein alderdi ari naizen arakatzen, biak oso ‘belarriprest’ dira

Ingalaterrara itzuli zara, nola atxikitzen duzu euskara?

Batetik, Iñaki nire lehen lagun euskaldunari esker! Edinburgoko bere etxean bi bider egon naiz jada. Halaber, adiskide batzuekin ari naiz harremanetan. Euskarari eustekotan, online bidezko hizketaldiak premiazkoak dira, Durhamen ez baitago norekin hitz egin. Beharrik, udan Mintzanet-ekin harremanetan jarri nintzen, eta orduz geroztik astero Ainara koordinatzailearekin solasean aritzen naiz. Ainarak eta biok hitanoz hitz egiten diogu elkarri, batuaz, eta hori erronka latza da! Beste aukerak eman izan dizkidate, eta berriki hasi naiz Busturialdeko adinekoen egoitzako egoiliar batzuegaz berbetan, hori astero ere bai. Txinan bidaiatzen ari nintzela, nire eguneroko gogoetak eta bizipenak euskaraz idatzi nituen. Hori ederto baten zetorkidan euskarari balio konkretu bat emateko.  Neure buruari euskaraz hitz egiten diot, eta gurasoen etxean nagoela nire katuari ere bai (hikaz, doike!). Euskaltzaindiak eginiko herri hizkeraren atlasa ere irakurtzen dut. Baina, kasu, hor bada “adikzio” gisako bat. Behin irakurtzen hasita, ezin dut neure burutik kendu. Euskara eta mapak bildurik… Gozamen hutsa!

Beraz, internet ezinbesteko lanabesa da euskarak bizirik iraun dezan.

Nire iduriko hil ala biziko eremua da. Zorionez, euskal edukia oso eskuragarria da. EiTB, irrati-kate makina bat, Berria, Argia, tokian tokiko aldizkariak, Wikipedia, Facebook, Google. Dena euskaraz. Twitter ez dut anitz ibiltzen, baina ematen du hor ari den euskal komunitatea bizi-bizirik dagoela. Arrenkura da sakelakoek euskarazko bertsiorik ez izatea. Mandarinera, frantsesa, gaztelania, ingelesa, guztiak daude aukeran. Zergatik ez euskara?

Euskal Herriko zure esperientziaz zer diote lagunek eta etxekoek?

Aitak eta amak beti galdetzen didate zertan nabilen, euskararen zein alderdi ari naizen arakatzen. Biak oso “belarriprest” dira. Lagunak bekaitzez daude! Euskal Herria Ingalaterratik hain urrun ez egon arren, euskal kultura erabat ezezaguna zaie eta eskuraezina da haientzat. Alabaina, galderak egiten dizkidate eta interesgarria iruditzen zaie. Abenduan, futbol taldearen parranda antolatu batean jokalarioi rol bana eman zitzaigun, eta lagunek niri Olentzero ipini zidaten!

Hizkuntzaz beste, zer iritzi duzu euskaldunari buruz?

Izugarri abegikorra dela. Euskaldunen jatortasunak harritzen nau. Bertako herrietan pertsona zoragarriak baino ez ditut topatu, eta kanpoan, berriz, Shanghaiko Euskal Etxeak laguntza zoragarria eman zidan bertaratu nintzenerako. Mutrikun nagoen guztietan barnetegian ezagututako lagun batekin ateratzen naiz pintxo-potera, eta orain bere kuadrilla osoa ezagutzen dut. Pentsatu gabe onartu naute, oso jatorrak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Atzerritar euskaldunak
Natalia Evseeva. Errusiarra, euskara hiztuna
"Ez dakit zergatik, baina hemen ez da espero atzerritarrak euskaraz egitea"

Hizkuntzak ikasteko aplikazioak egiten ari da Bilboko lanean, autoikaskuntza-metodoak, finean. Edukiak sortzea eta kudeatzea du lantegi. Errusiera-berezilari hasi zen, eta, orain, errusieraz gain, frantsesez eta alemanez ere sortzen ditu edukiak. Damu bat ere badu: “Ez dut... [+]


Yasmine Khris Maansri, itzultzailea eta kazetaria
"Euskara mitifikatu dugu, komunikatzeko balio duen hizkuntza ez balitz bezala"

Euskaraz gain, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez eta galegoz egiteko gai da 24 urteko marseillarra (Frantzia). Urte eta erdian ikasitako euskarari esker kazetari lanetan ari da Iruñean. Nerabea zenean ingelesa menperatzea zen bere ametsa. Orain, Aljeriatik... [+]


Marija Louvric, Kroaziatik etorria
"Hau Euskal Herria da, jendeak euskaraz hitz egiten du eta ikasi egin behar nuen"

Marija Louvric Kroazian jaio zen 1988an, Kroazia iparraldeko Osijek hirian, baina Belisce herrian hazi zen, barnealdean. 2017an iritsi zen Zestoara, euskararik eta gaztelaniarik ez zekiela. Iritsiaz bat eman zuen izena Zestoako AEK euskaltegian eta gaur egun euskara da herrian... [+]


Kasia Mirgos, euskara ikasi duen poloniarra
"Euskara ezagutu eta ikertzeak bizitza aldatu zidan"

Kasia Mirgos poloniarrak primeran egiten du euskaraz, baina berari, horrek ez dio harridurarik eragiten. Uda Orion pasa ostean, herriarekin maiteminduta itzuli da etxera.


Eguneraketa berriak daude