"Hau Euskal Herria da, jendeak euskaraz hitz egiten du eta ikasi egin behar nuen"

  • Marija Louvric Kroazian jaio zen 1988an, Kroazia iparraldeko Osijek hirian, baina Belisce herrian hazi zen, barnealdean. 2017an iritsi zen Zestoara, euskararik eta gaztelaniarik ez zekiela. Iritsiaz bat eman zuen izena Zestoako AEK euskaltegian eta gaur egun euskara da herrian komunikatzeko erabiltzen duen hizkuntza. Artikulu honen jatorrizko bertsioa Zestoako Danbolin aldizkariaren azaroko zenbakian argitaratu da.

Erdian Marija Louvrice Zestoako Uzkudun harategian. Ezker-eskuin ditu harategiko nagusiak. Haiekin eta bezeroekin euskara praktikatzen ari da. Argazkia: Danbolin.
Erdian Marija Louvrice Zestoako Uzkudun harategian. Ezker-eskuin ditu harategiko nagusiak. Haiekin eta bezeroekin euskara praktikatzen ari da. Argazkia: Danbolin.

Nolatan etorri zinen Euskal Herrira? Eta nolatan Zestoara?

Kroazian gogorra zen bizimodua. Lan asko egin behar izaten genuen, diru gutxi irabazteko. Bizitza ez zen ona; nire senarra eta biok egiten genuen lan han, baina ezin genituen gastu guztiak ordaindu; alokairua, etxeko gauzak, janaria... Ez ginen guztia ordaintzera iristen.

Nire senarra soldatzailea zen han, eta hemen ere soldatzen egiten du lan. Euskal Herrira etorri baino lehen Italian ere egin zuen lan nire senarrak; 2017an etorri nintzen Euskal Herrira, Zestoara, bi urte eta erdi daramatzat hemen. Lehendabizi nire senarra etorri zen, eta gero gure semea eta ni. Semea eta biok iritsi ginenean, Zestoara etorri ginen bizitzera, Azkoitian egiten baitu lan senarrak eta handik gertu baitago Zestoa.

Hasieran ez zitzaidan gustatzen Zestoa, baina orain asko gustatzen zait. Oso txikia da eta lagunkoia ere bai. Hasieran hizkuntzarekin izan nituen zailtasunak, baina poliki-poliki ari naiz euskara ikasten.

12 urteko semea daukazu, 10 urterekin Euskal Herrira eta Zestoara etorri zena.

Hasieran galduta sentitu zen, baina oso azkar ikasi du kaleko hizkuntza. Herriko ikastetxera joaten hasi zen eta tutoreak esaten dit ondo moldatzen dela, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Gaztelaniaz gutxiago egiten du, lehen hizkuntza euskara delako, baina ondo moldatzen da. Erraz ohitu da hemengo bizitzara, azkar egin zituen lagunak.

Iritsi zinenean euskara ikastea erabaki zenuen, zergatik euskara aurrena?

Nik pentsatu nuen lehendabizi hizkuntza konplikatuena ikastea (euskara) eta gero errazagoa (gaztelania). Pentsatu nuen: “Hau Euskal Herria da, euskaraz hitz egiten dute eta euskara jakin behar dut”. Euskara izan zen nire lehen aukera. Iritsi eta berehala joan nintzen AEK-n izena ematera. Iritsi nintzenean Kaixo eta Agur esan nitzakeen soilik. Erosketak egitera joaten nintzenean ez nuen hitz egiten, kaxako pantailatxoan ikusten nuen zenbat ordaindu behar nuen eta ordaindu egiten nuen; nik ingelesez badakit, baina hemen gazteez aparte jende gutxik daki ingelesez.

Badauzkat lagun kroaziar batzuk Irunen. Ez dakite euskaraz, ezer ere ez. Hona iritsi zirenean gaztelania ikasi zuten eta ez dute euskara ikasi nahi. Esaten dute gaztelania Espainia osoan hitz egin dezaketela eta euskara soilik Euskal Herrian.

“Euskaraz hitz egiteak gerturatu egin nau zestoarrengana. Jendeak baloratzen du euskaraz ikastea, are gehiago gaztelaniaz jakin gabe”

Nola bizi duzu euskara ikastea?

AEKn oso gustura nabil. Nire hirugarren ikasturtea da eta lagun onak egin ditut bertan. Orain arte egunero izaten nuen klasea, baina gaur egun astean bitan joaten naiz eta horrek lanarekin uztartzeko aukera ematen dit.

Nik uste dut hemen euskara beharrezkoa dela, bestela euskara hil egingo da. Atzerritar asko etortzen dira Euskal Herrira eta gaztelaniaz ikasten dute. Gaztelaniaz hitz egitea ondo dago, baina nik uste dut Euskal Herrian euskaraz hitz egin behar luketela. Hizkuntza hiltzen bada herria eta kultura ere galdu egingo dira. Gainera logikoa da. Kroaziara joaten denak kroazieraz ikasi behar du, Madrilera joaten denak gaztelaniaz... Beraz, hona etortzen denak euskara ikasi eta erabili beharko luke.

Jendeak pentsatzen du euskara oso zaila dela, eta egia da zaila dela, baina poliki-poliki ikas daiteke.

Gainera, euskaraz hitz egiteak gerturatu egin nau zestoarrengana. Jendeak baloratzen du euskaraz ikastea, are gehiago gaztelaniaz jakin gabe.

Mintzalagun programan ere hartzen duzu parte.

2017ko urrian hasi nintzen AEKn eta aurreko urteko urrian proposatu zidan irakasleak Mintzalagun programan parte hartzea. Hasieran pentsatu nuen: “Zergatik esan dit irakasleak Mintzalaguna behar dudala?”. Nik pentsatzen nuen: “Nire euskara ez delako ona? Ona delako?”. Ez nekien. Baina hasi nintzen nire bidelagun Sorkunderekin eta oso ondo dago. Euskara gehiago ikasten dut eta errazagoa da. Mintzalagun programak badu bat-batekotasunak ematen duen abantaila eta lagungarria da.

Uda honetan lanean aritu zara Zumaian, euskaraz. Orain, berriz, herriko harategi batean ari zara. Zer moduz?

Kosta egin zitzaidan hasieran euskaraz lan egitea, baina poliki-poliki moldatzen joan naiz. Orain herriko Uzkudun harategian ari naiz lanean, sukaldean. Euskarak lagundu dit lan horiek topatzen; denborarekin gaztelania ere beharko dut, baina oraingoz euskaraz moldatzen naiz. Oso gustura nago. Lanean, gainera, beti Euskadi Irratia entzuten dugu eta zerbait ulertzen ez dudanean lankideei galdetzen diet. Etxean entzutea zailagoa egiten zait, zerbait ulertzen ez badut lagunduko didan inor ez dudalako izaten ondoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Atzerritar euskaldunak
Natalia Evseeva. Errusiarra, euskara hiztuna
"Ez dakit zergatik, baina hemen ez da espero atzerritarrak euskaraz egitea"

Hizkuntzak ikasteko aplikazioak egiten ari da Bilboko lanean, autoikaskuntza-metodoak, finean. Edukiak sortzea eta kudeatzea du lantegi. Errusiera-berezilari hasi zen, eta, orain, errusieraz gain, frantsesez eta alemanez ere sortzen ditu edukiak. Damu bat ere badu: “Ez dut... [+]


Yasmine Khris Maansri, itzultzailea eta kazetaria
"Euskara mitifikatu dugu, komunikatzeko balio duen hizkuntza ez balitz bezala"

Euskaraz gain, frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez eta galegoz egiteko gai da 24 urteko marseillarra (Frantzia). Urte eta erdian ikasitako euskarari esker kazetari lanetan ari da Iruñean. Nerabea zenean ingelesa menperatzea zen bere ametsa. Orain, Aljeriatik... [+]


2019-02-10 | Mikel Asurmendi
Dylan Inglis
"Euskara ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean"

Dylan Denny-Stearn Inglis, Ingalaterrako Devon probintzian jaioa da, 1998an. Duela bi urte, Durham unibertsitatean giza zientziak ikasten ari zela, urte sabatikoa hartu zuen Euskal Herrira etorrita euskara ikasteko. Iazko abenduan EGA titulua erdietsi zuen. Bost mintzaira daki:... [+]


Kasia Mirgos, euskara ikasi duen poloniarra
"Euskara ezagutu eta ikertzeak bizitza aldatu zidan"

Kasia Mirgos poloniarrak primeran egiten du euskaraz, baina berari, horrek ez dio harridurarik eragiten. Uda Orion pasa ostean, herriarekin maiteminduta itzuli da etxera.


Eguneraketa berriak daude