Lilura etsigarriak, etsimendu liluragarriak

IPESen Langaiak bildumako hirugarren zenbakia (1983ko abuztukoa) agertu berri zait etxean. Izenburua: Debate sobre la conciencia vasca en Navarra. Un aporte sociológico. Edukiak (Nafarroan barna eratutako lau mahaitan egindako debatearen emaitza) gaur-gaurkoa dirudi parte batzuetan.

Atzera begirako déjà vu bat? Sorginzuloa? Betiereko itzulera?

Errepikapen etengabe baten sentipena areagotzen du bildumako aurreko izenburuen eta ondorengoaren aipuak. Lehen zenbakia: Dos siglos controvertidos en la historia de Navarra. De las guerras carlistas al Amejoramiento Foral. Bigarrena: Aportaciones de mujeres a su propia historia. Eta laugarrena –hurren argitaratuko zena–: La educación sexual en la escuela.

Nafarroan ametsa sortu zen behin: maiz eternala dirudien sistema politikoa aldatzeko ametsa. Amets horrek hainbatetan egin zuen huts (Otano kasua, 2007ko agostazo hura...), eta beste hainbestetan berpiztu.

Eta irauteko behar adina indar hartu zuen 2015ean.

Gorpuztu zen, hezurmamitu, eta lilura sortu zuen, ilusioa, poza, itxaropena.  

Orain, gauzak aldatzeko izan den saialdi luzeenean bizi gara Nafarroan.

"Laster, berehala baitator maiatza, ikusi ahalko dugu Nafarroan 2015ean amets batetik sortutako proiektua noraino iritsi den, zenbaterainoko indarra
hartu duen, edo zenbat
izan duen liluratik"

Halako saialdi batek, ametsak berak emandako bultzadaz gain, beste osagai batzuk behar ditu: enantzua eta lana
–nekeza, askotan–; malgutasuna, norabidea zuzentzeko, behar den orotan; trebezia, jakiteko noiz, eta zertan, eman behar den amore (eta zertan, eta noiz, ez); artea, ametsen eskutik datozen lilurei nahasmenduak sortzen ez uzteko; arintasun eta umore pitin bat (eta adorea, dosi handietan). Eta, abenturetako pelikuletan bezala, ahalmen handia, klase orotako tranpak saihesteko.
Ezen, oraingoan ere, arazo batzuk agertu dira –harrigarriki bateraturik agertu ere–. Eta, berriro ere, arazo horiek, aurrekoetan bezala, ez dira ez funtsezkoak, ez errotikoak. Haien kausak ilunak eta konprenigaitzak dira, eta ondorioa, ordea, argia eta ulerterraza: oztopo bihurtzea hartutako bideari segida emateko.

Amesteak bultzada ematen du gauzak egiteko, baina aldi berean ametsek badute, beti, zerbait, edo asko, liluratik.
Laster, berehala baitator maiatza, ikusi ahalko dugu Nafarroan 2015ean amets batetik sortutako proiektua noraino iritsi den, zenbaterainoko indarra hartu duen, edo zenbat izan duen liluratik.

Nafarroan badago arriskua lilura etsimendu bihurtzeko. Haatik, hori baino okerragoa izanen litzateke etsimenduak liluratuta gelditzea, pentsatzea ez duela merezi berriro amestea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude