Prentsa irakurtzen 1919ko Iruñean

  • Iruñea, 1919ko urtarrila. Nafarroako prentsak gai nagusi bat izan zuen hizpide egun haietan: 1839an galdutako foruak berreskuratu eta estatutu baten bidez autonomia lortzeko aukera.

1918-1919 urteetan autonomia estatutua lortzeko mugimenduak bultzada handiagoa izan zuen Katalunian, baina Hego Euskal Herrian ere eztabaida erakundeetara iritsi zen. 1918. urtea amaitzear zela, abenduaren 30ean, Nafarroako Diputazioak deituta, udalek eta gorteetako diputatuek ezohiko batzordea egin zuten, segidako proposamena adosteko: “Gaitasun foralak berreskuratzea, Espainiaren batasuna hautsi gabe”. Santiago Cunchillos Iruñeko zinegotzi abertzaleak, Manuel Aranzadi gorteetako diputatu abertzaleak eta Martinez Alsua foru diputatu karlistak aurka bozkatu zuten, 1839ko legea indargabetzeaz gain, subiranotasun osoa nahi zutelako.

Eztabaida hura egunkari eta aldizkarietara ere iritsi zen. Joxemiel Bidador ikerlariak xehe aztertua zuen garai hartako prentsa nafarra: “1910etik aurrera Iruñeko giro periodistikoa nahiko majoa zen. Aukera politiko bakoitzak bere egunkaria zuen: integristek La Tradicion Navarra, eskuinak El Eco de Navarra eta Diario de Navarra, karlistek El Pensamiento... Eta oso gauza bitxia gertatu zen: 1911-1912 inguruan euskal testuak ugaritzen hasi ziren egunkari horietan”. Agerkaririk “elebidunena” –euskara gehien erabiltzen zuena–, EAJk sortutako Napartarra astekaria zen.

1919ko lehen zenbakiko azaleko lehen artikulua, adibidez, euskarazkoa izan zen eta, nola ez, nafar instituzioen proposamena zuen hizpide. “Ez dute garaitu” izenburupean, halaxe zioen testu gaziak: “Euzkadi’ren etsai tzarrek burruka gogorra erabili dute egun oketan Naparra’ren izen garbia loiez betetu nairik”. Ordezkari politikoei nafar herritarren burujabetza nahiari muzin egitea leporatzen zieten jeltzaleek. Hurrengo zenbakietan gaia sakonago jorratuko zuten, besteak beste, Aranzadik batzordean botatako hitzaldia osorik jasota.

Egunkari gehienek, ordea, ez zuten proposamenaren aurka egin. Diario de Navarrak ez zituen aurkako iritzia zuten ordezkariak aipatu ere egin. Eta El Pensamiento navarro izan zen, ñabardurak ñabardura, Napartarraren jarrerarekin bat egin zuen bakarra. Gainera, egunkari karlistak gogor kritikatu zuen –gaztelaniaz–abenduaren 30eko batzordean armada erabili izana: “Tamalgarria da nafarron Etxearen ateak zaintzeko indar armatuak erabili izana, ate horiek beti zabalik egon baitira guretzat, atzo arte”.

Hala ere, 1839ko legea indargabetu eta foruak berreskuratzeko proposamen  hura ez zen sekula Madrilera iritsiko. Estatutu proiektuek ez zuten aurrera egingo, ez Euskal Herrian ez Katalunian, eta nafar prentsaren elebitasunak ere nabarmen egingo zuen behera handik aurrera. Bidadorrek ez du garbi, zergatik hasi ziren euskaraz ere idazten: “Agian 1911n EAJ Napartarra aldizkaria publikatzen hasi zelako? Baliteke hari kontra egiteagatik hasi izana”. Eta baliteke aurkaria desagertzean utzi izana. Izan ere, haiexek izan ziren Napartarraren azken aleak, otsaila hasieran desagertu baitzen betiko.

Behintzat, 1919ko urte hasiera hartan, eta Iruñean bertan, aita kaputxinoen San Antonio eskolaniaren sotoan, beste aldizkari bat sortu zen, elebakarra, euskara hutsezkoa.


ASTEKARIA
2019ko urtarrilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude