Leonore kementsua

Beethovenen "Fidelio". Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Juanjo Mena. Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszena zuzendaria: José Carlos Plaza. Bakarlariak: Elena Pankratova, Peter Wedd, Tijl Faveyts, Anett Fritsch, Sebastian Holecek, Mikeldi Atxalandabaso. Euskalduna Jauregia. Bilbo. Azaroaren 24a.

Esan ohi da Beethoven misogino bat zela. Maitale asko izan zituela, bata bestearen atzetik, baina berak buruan zuen andre ideala ez zela berarentzat existitzen, eta, beraz, emakume errealak gorrotatzen zituela. Hori asko esatea da. Oso erraza da holako teoria bat eraikitzea pertsona batez maitasunezko kontuak gaizki joan zaizkionean. Agian dibertigarria da holako burutazioak egitea historian hain garrantzitsua izan den pertsonaia bati buruz.

Baina kontu horien guztien gainetik konpositorearen obra aztertu beharko genuke, eta hori egiten badugu ikusiko dugu Beethovenek emakumeari omenaldi ederra egin ziola Fidelio operarekin. Opera honetan kartzela, iluntasuna, askatasun eza, opresioa eta gaiztakeria aurkitzen ditugu, eta hori guztia apurtzen dituena emakume bat da. Fideliok (Leonore gizonez mozorrotuta) edozein gauza egiten du bere senarra salbatzeko eta lortu egiten du. Beethovenek ez du emakumea ikusten bigarren mailako izaki bezala. Leonore-Fideliok izugarrizko indarra du edozein oztopo sahiesteko. Badaki zer nahi duen eta borrokatu egiten du lortu arte.

Maisulan ederra da Fidelio. Esan daiteke Beethoven klasizismo hutsetik erromantizismora pasatzen dela lan honekin. Orkestrazio aberatsa eta erakargarria du obrak eta aria zoragarri eta benetan zailak aurkitzen ditugu bertan.

OLBEk ekarritako produkzioa, Sevillako Maestrantza Antzokiarena, eszenaratze adierazkorra du, nahiz eta guztiz soila. José Carlos Plaza eszena zuzendariak gordintasunez islatzen du ziega krudel hori, eta ondo “mugitzen” ditu pertsonaiak.

Beharbada, alderdi makalena bakarlariena izan zen. Elena Pankratova sopranoak ahots perfektua du teknikaren aldetik, baina adierazkortasuna falta izan zitzaion Leonore gertu eta haragitsu bat egiteko. Peter Wedd tenoreak salbatu egin zituen bere partituraren deabruzko zailtasunak baina hotz utzi gintuen. Tijil Faveyts baxuak Rocco sinesgarria interpretatu zuen, baina interpretazio onena Sebastian Holecek baxu-baritonoak egin zuen, Don Pizarro rolean, boteretsu eta kementsua. Anett Fritsch (Marzelline) eta Mikeldi Atxalandabaso (Jaquino) distiraz aritu ziren,  bestalde.  Eta Juanjo Menaren zuzendaritza, bikaina. Jo zituzten bi oberturak, hasierakoa eta bigarren ekitaldikoa, disfrutatzekoak izan ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude