"Balia ditzagun egitura autonomikoak Euskal Herria indartzeko eta ez ahultzeko"

  • Zein da Euskal Herriaren osasun egoera? Galdera potoloegiak egiteak ekar dezake bidean eskuak harrapatzea. Arrisku hori bazegoen lan honetan, eta saihesteko, azken boladan kezkari heldu dioten hiru aktorerengana jo dugu. Eneko Bidegainek Lurraldea eta Herria liburua idatzi berri du. Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzaren magaletik ari da jorratzen gaia; mendeurrena dela eta, erakundeak Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu berdea idatzi du, liburu zuriaren atariko. Josu Amezagak Euskal Herriko komunikazio espazioa aztertu du. Eta Aman Komunak taldearentzat euskal komunitate sendoa zer den azaldu digu Joseba Alvarezek.

Argazkia: Heidi Otaduy

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Debagoienan ari da irakasle, Mondragon Unibertsitatean. 1995etik 1999ra Berria-n aritu zen kazetari. Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur eta bihar liburua argitaratu du aurten. Euskal Herriko hiru eremu administratiboen garapenak gure herriaren izaera ahultzen duela deritzo. Bere ustez, lurraldeen arteko loturak sendotzeko, ezinbestekoa da egunerokoan herritarren eta erakundeen arteko harremanak eta ekimenak areagotzea.

Duela 40 urte erakundetu ziren EAE eta Nafarroa Hegoaldean. 40 urte hauetan Euskal Herriaren irudia indartu egin da ala ahuldu?
Kezka hori nuelako hasi nintzen liburuarekin. Instituzionalizazioen indartzearekin batera ahuldu egin da Euskal Herriaren irudia, bereziki azken 15-20 urteetan. Lehenbiziko 20 urteetan mugimendu abertzalean oso kritikatua zen zatiketa hori, ez zuen zilegitasunik. Autonomiaren espazio horiek indartu ahala, Eusko Jaurlaritzak bereganatu du Euskal Herriaren iruditeria kanpora begira. Eskola liburuetan ere islatzen da, eguraldi mapetan, estatistiketan eta beste gauza askotan.

Eta lehenengo 20 urteetan zergatik zen sendoagoa?
Sektore espainolistek eta EAJren munduak onartzen zuen zatiketa, baina oposizio handia zuen; gerora hori desagertu egin da eta onarpena zabalagoa da. Hainbat gauza izan daitezke. 80ko hamarkadan Euskal Herriko mapa errespetatzen zen gutxi gora-behera, El Diario Vasco-tik El Mundo-ra. 2000tik aurrera desagertu zen hori.  

Euskal Herriko lurraldeak elkarri bizkarra ematen bizi direla diozu. Zergatik?
Eguneroko bizitzako kontu askotan gertatzen da: gai administratiboetan, osasungintzan, bankuekin… Europar Batasunean gaude baina zatiketa administratiboak asko eragiten du. Oztopo horiek bereziki nabaritzen dituzte muga ondoan bizi diren pertsonek, alde batean lan eta bestean bizi direlako, adibidez.
    Horrez gain, irudipen hori dut ikasleekin ere; bizkaitarrei, adibidez, gero eta urrunago egiten zaie Nafarroa Garaia edo Ipar Euskal Herria. Oro har, herritarren arteko harremanak txikitzen ari dira. Lehen bazen joera bat joateko Lapurdira, orain ez horrenbeste, badirudi frankismoan baino beldur gehiago dagoela muga pasatzeko.

Orduan, zatiketa administratiboek banatzen bagaituzte, hobeto geundeke egitura autonomikorik gabe?
Gure ideala Euskal Herriaren batasuna bada, balia ditzagun egitura autonomikoak batasuna bultzatzeko eta ez zatitzeko. Ez dadila izan tarteka prentsaren aurrean egiten den sinadura ekitaldi  bat, zerbait iraunkorragoa baino. EAEko egitura askok –adibidez Eustatek– funtzionatzen dute EAE Euskal Herria balitz bezala, Ipar Euskal Herria eta Nafarroa ahaztuz, eta hori beste sektore askotara kutsatzen da. “Euskal errepideetan 57 lagun hil dira aurten” irakurtzen duzunean, galdera berez dator: zer dira euskal errepideak? Zertan ari da Eusko Jaurlaritza Basque Country marka erabiltzen duenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa promozionatzeko?
    Agenda politikoan ere independentziaren aldarrikapena EAEra ari da mugatzen gero eta gehiago: “Beste lurraldeek egin dezatela beren erritmoan eta guk gurean”. Horrek ematen dit beldurra. Egia esan, orain ez dut ikusten indartsu mugimendu indepententista EAEn. Batek daki, agian 50 urtera Nafarroa Garaian da indartsuago. Azkenean galdera zera da, EAEk bakarrik egingo balu independentziarantz, horrek lagunduko luke beste eremuetan independentismoa indartzen ala, orain bezala, urruntzeko joerak indartzen jarraituko luke? Poz handia hartuko nuke oker egongo banintz.

Dena handira jokatzeak ere kezkatzen zaitu. Adibide gisa aipatzen duzu azken urteetan apustu guztia erabakitzeko eskubidean egin dela. Azaldu dezakezu zer esan nahi duzun?
Hasteko, estrategia hori pentsatua dago banaketa administratiboaren arabera. Orain agenda politikoan dago EAEko estatusean erabakitzeko eskubidea sartzeko aukera, baina gai hori hor bukatzen da. Gauza asko esan daitezke Lizarra-Garaziko garaiaz, baina niri ilusio handia egin zidan, oinarritzen zelako gauzak egitean, euskal herritar guztien artean edo euskal lurralde osoa kontuan hartuta. Handik sortu ziren Udalbiltza eta Gaindegia, esate batera. Han bazen ideia nagusi bat: gauza zehatzak eginez egiten dugu herri bat.
    EAEren erabakitzeko eskubidea gauzatuko balitz ere ez luke bermatuko Euskal Herri osoan kohesioa bultzatzea. Ez dut hainbeste esperantzarik politika profesional eta instituzionalean, egunkarietako azal gutxiagoren bila joan beharko litzateke. Askoz emankorrago ikusten dut azpiko politika, elkarteen, erakundeen, jende xehearen eguneroko lana.

Baina ikuspegi demokratiko batetik, herri batek nola adierazi dezake zer nahi duen, bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidearekin ez bada?
Niretzat Euskal Herria, Katalunia bezala, legez kanpo da Espainia eta Frantziaren parte; beren egoera zapalkuntzaren emaitza da eta zapalkuntzak jarraitzen du. Zapalkuntza horren ondorioz, administrazioarekin, komunikabideekin, kulturarekin, poliziarekin… horrekin guztiarekin gizarte bat egin dute. Beraz, gauza bat da gizartea eta bestea herria. Espainiak onartuko balu bere barruan nazioak direla eta hauek askatasunerako eskubidea dutela, onartu beharko luke zuzenkontra daudela menpe eta, beraz, independentzia onartu beharko lieke; eta behin herria aske denean, erabaki dezake nahi duena, Espainiarekin batu ala ez. Baina zapaltzailearen menpe gauden bitartean, nekez erabaki ahal izango dugu ezer. Egungo zapalkuntza baldintzetan bozketa hori izango balitz ere, ez litzateke ez bidezkoa ez demokratikoa.

Ari zara esaten, “ez jarri indarrik estatus kontuetan, egunerokotasunean baizik”, baina biak ez daude kontrajarriak.
Ez ditugu indarrak soberan, eta indarrak batean edo bestean jartzen dira. Begiratu Laborantza Ganbera, ikastolak edo beste hainbat proiektu. Balio izan dute euren eremuak garatzeko, baina baita jende asko erakartzeko eta helburuak sozializatzeko ere.
    Sektore politiko batek inoiz onartu ez duen zatiketa onartzen bada –baita erabaki eskubidearekin ere–, indartu dezakegu autonomismoa baina ez independentismoa. Herri gisa aurreratzeko batuta edo koordinatuta egin behar da, baina giza kate bat egiten bada Donostia-Bilbo-Gasteiz lotuko dituena, horrekin herri ikuspegia ahuldu egiten da. Arabarra, zuberotarra eta nafarra elkarrekin lanean ari direnean, herri gisa dagoen zatiketa argiago bistaratzen eta gainditzen da. Hori kentzen badugu ez da herri ikuspegia garatzen eta herri ikuspegiaren garapen faltatik ez da independentismoa indartuko. Lapurtarrekin edo nafarrekin lan egitearen ekarpena da herri kontzientzia sendoago bat edukitzea, eta hortik errazago egin daiteke independentismoaren bidean.

Lurraldeen arteko loturak areagotzeko ekimen eta ideia ugari aipatzen dituzu liburuan. Aipa ditzakezu horietako batzuk?
Batzuk zailak dira, beste batzuk egin ezinak une honetan… Egingarrienak herri ekimenetik edo instituzio txikietatik bultzatutakoak dira, oztopo legal eta instituzional gutxien izango dituztenak, udalak, euskal kazetari asko dago gauza asko egiteko, gure festei buruzko gogoetaren bat, herri elkarteetatik topaguneak sortzea…

Ipar Euskal Herriko kultura politikoa asko aipatzen ari da orain Hego Euskal Herrian. Zer ikasi behar du Hegoaldeak Iparraldetik?
Hego Euskal Herrian gauza batzuk oraindik ez dira posible talka politiko oso gogorra egon delako: hildako asko dago, mehatxatuak, torturatuak, presoak… Horrek guztiak askoz zailagoa egiten du Ipar Euskal Herrian izan den elkarrizketa. Adostasun zabalak ekartzen du ados jartzea elkartzen gaituen oinarri komun txikienean. Adostasun oso zabaletik nekez egin daitezke urrats handirik. EAEren estatusaren gaian, adibidez, adostasun zabalen izenean EH Bildu eta PP ados jartzea lortzen baduzu, bateren batek sekulako amore ematea egin beharko luke. Hala ere, Ipar Euskal Herriko politikak badu gauza on bat, azken 50 urteetan gutxienez harreman politikoak modu zibilizatuan egiten direla. Adi baina, irudi faltsu bat ere sortzen da: harreman molde horretan nork galtzen du gehien? Max Brisson abertzaleen oso laguna da, baina irmoki azpimarratzen du Ipar Euskal Herria Frantzia dela eta kito.

Gu hemen ari gara kalaka, baina gizartean ba al da Euskal Herriari buruzko kezkarik kalean, erakundeetan, instituzioetan?
Euskal Herriko gizartearen arazoetako bat da, eta bereziki mundu abertzalean, ekonomikoki nahiko eroso bizi dela. Jende asko nahiko ondo bizi da, edo ustez nahiko ondo, asko direlako hipotekatuak etxebizitzagatik edo kontsumo ohiturengatik… Jende askok bere burua bakarrik ikusten du, eta herriaren ikuspegia lausotu ahala, kezka hau ere lausotzen da. Kulturalki estatuen ereduak indar handia duen bitartean, kezka hori lausoagoa izango da. Elkarren arteko zubiak garatzen ez badira, harremanak ahultzen dira… Ez dut ikusten herria oso kezkatuta gai honekin. Instituzioak ere ez. Eta diputazioei begiratzen badiegu, ikusiko dugu nola ari den handitzen ikaragarri probintzialismoa: diru-laguntzekin, garraioarekin… Euskal Herriko klabean gehien ari direnak Euskal Herri mailako ikuspegia dutenak dira, eta batez ere euskalgintza.

Eusko Ikaskuntzan Euskal Herriar lurralde(ar)en Liburu Berdea prestatu dute eta Liburu Zuriaren oinarriak ere jartzen ari dira. Zer iritzi duzu?
Erakunde nazionala den heinean, Euskal Herriaren lurraldetasunaren alde lan egitea dagokio. Eta hori ongi iruditzen zait. Liburu Berdea irakurri nuen, eta badaude gogoeta interesgarriak. Orain Liburu Zuriaren zain nago. Zalantza sortzen zait “Euskal lurraldeak” izendapenarekin, ez baita argi zertaz ari garen “lurraldeak” aipatzean, eta Euskal Herriak, berez, lurralde bakarra baitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


Eguneraketa berriak daude