"Dena egina da etxalde ttipiak desagertzeko"

  • “Lakarrin du etxaldea Leurgorrik, errotik maite eta zaintzen duen lan tresna ttipia. Ttipia bezain gogorra, patarrean dituelako pentzeak. Lanbidetik ezin bereiziak ditu ELB sindikatuan eta Lurzaindia gisako ekimen kolektiboetan pasatako denborak. Militante nekaezina izan arren, gaur egungoa zaila zaiola aitortzen du: etxalde ttipien alde urte luzeetan eraman borrokek ez dutelako emaitzik eta egoera ekonomikoa geroz eta beltzagoa dutelako”.

Ezkerretik hasita bigarrena da Leurgorri. (Arg.: ELB)
Ezkerretik hasita bigarrena da Leurgorri. (Arg.: ELB)

Erreusitzeko etxalde handia behar da?
Uste hau untsa sarturik da jendeen gogoetan. Dena horretara bideraturik da, lagungoak ere etxaldearen handitasunaren araberakoak dira. Baina, guztiari begiratu behar zaio, ez da egia beti eta handiago izan eta sos haboro badela, handituz gastuak ere haboro ditugulako.

Hiru etxalde ttipik handi batek baino balio gehiago dutela dio ELBk.
Segur da herri baten aberastasuna hiru etxalde ukatean dugula. Ez bakarrik herriarena, lurrarena,  biodibertsitatearena, ingurumenarena, baita ere komertzioena, ofizialena... Bazterrak oro biziarazten ditu laborantza azkarra ukateak.

Auzoen presentzia segurtatzen dute.
Zer da laborari izatea auzorik gabe? Hooo, zinez gaitza da! Zure munduan bakarrik gelditzea gai minbera da, bakartasun hau dute ondorioztatzen etxalde handiek. Handiago izan eta laborariak apurrago, jendeak apurrago eta azkenean bizia apurrago.

“Etxalde ttipiak” komisioa duzue ELBn.
2008ko krisia eta gero sortu zen. Krisia ez dakit garaian bazen eta orain ez den, baina orduan denek sendi genuen ekonomikoki gogortu zela, bizia gogorragoa zitzaigula. Ordungo ttipi guztiak hamar urteren buruan bizirik izateko helburuarekin sortu genuen.

Hori hola?
Etxalde ttipien problematikak ezagutarazteko helburuarekin abiatu ginen, hauek dutelako behar handiena. Denbora berean, Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) berri batez pentsamenduka ari ziren eta Errumaniako komisario Dacian Ciolosek ere lagundu behar zirela zioen, laborantzaren bizkar-hezurra zirelako. Errumaniarentzat erranak Euskal Herrirako eta Frantziarako balio zuen.

Entzunak zarete?
Zinez gaitza da entzunak izatea. Entseatu ginen baina laster ikusi genuen FNSEA (Nekazari Ekoizleen Sindikatuen Federazio Nazionala) eta haien lagunen partetik zer nolako lobby lana dagoen. Ciolos ere ez zen entzuna!

Geroz eta etxalde gehiago da oso estu.
Segida dutenak baino etxalde huts haboro ukanen ditugu, ilkibide bat atzeman beharko dugu. Segida izaten ahal dutenetan ere mezu beltz bat pasarazten zaie ondorengoei. Segida errazkiago deslotuko da ez bazaio esperantzarik ematen. Esperantza ere bada, jendea plantatzen delako oraino. Laborari mundukotik kanpokoak ere badira, baina, ez da batere aisa hauen eta segidarik gabekoen artean zerbait lortzea. Etxaldea ez da bakarrik lan tresna, barnetik hunkitzen gaitu, nonbait gure etxeari, gure intimitateari lotua da, uztea gogor da.

Plantatzeko abantailak dituzte ttipiek.
Bai baina politika azkar bat ezarri behar dugu interesgarriak eta lagunduak bilaka daitezen. Usu sendi dut gure lana ez dela aitortua.

Bizi zarete elkartasunari esker, laborarien artekoa nola kontsumitzaileena.
 Bai, baina noiz arte? Nik hori dut kezka! Ez dut erantzun baikor bat ematen ahal, sendi dut zinez pobretzen ari garela. Errealitate ekonomikoa hor dugu, dena egina da ttipiak desagertzeko. Zinez azkar izan behar da buru egiteko. Politikoki kanbiamendu azkarra behar litzateke etxalde ttipiei esperantza emateko.

Ez duzu sendi.
Badu hamar urte borrokan ari garela, etxalde ttipiak ez dira sekula hainbeste aipatu! Baina ez da deus eginik. Urtero 10, 20 ala 30 etxalde ttipi galtzen badira, zein gero litzateke Iparraldean? Nolakoa ukanen dugu ingurumena? Etxalde ttipiak ofizialki ezagutuak izan behar dira, beharbada hamar urteren buruan berantegi litzatekeelako.

Ez zara baikorrena. Betidanik ala azken urteetako ikuspegia duzu?
Duela hamar urte banuen esperantza azkarra, baina ikusten dudalarik egin dugun guztiarekin, Parisera egindako joan-etorriekin ez dela deus mugitu, zinez zaila zait. Sosaren aldetik ere zinez gogortzen ari zaigu egoera.

Egoera aipatzen da laborarien artean?
Etxalde ttipi bat isilik desagertzen da, emeki-emeki; “horrela duk, etxalde ttipietan ez da aisa” erranez desagertzen da. Gure artean aipatzen dugun? Ez eta horrek kezkatzen nau. Zinez sendi dut urtez urte pobretzen ari garela, duela 25 urtez anitzez ere hobeki bizi ginen! Erran behar da behi gorriekin naizela eta gu garela bereziki krisiaz hunkirik.

Militantziak eta kolektiboak ekartzen dizu beste aberastasun bat.
[Isilunea] Galdera zaila da eta momentuan ez zenuke hori galdetu behar [irria]. Borroka kolektiboak ez baziren izan ez nintzen sekula helduko. Hori aspaldi konprenitu nuen. Baina laborarien geroa segurtatzeko ez dakit borroka kolektiboak aski izanen diren. Ez dakit ere gerorako militantzia duela hamar ala hogei urteko bera izanen den.

Ttipiak babesten dituen sindikalismorik gabe, gerorik ez.
Hori segur da. Jada sindikalismoarekin zaila dugu, orduan sindikalismorik gabe...

Eskerrak militantziari

“Badakit militantziarik ez bazen izan ni ez nintzela laborari izanen. Hatsarretik ukan ditut oztopoak, plantatu nintzenean ttipi atzematen nindutelako eta hatsarretik ukan dut ELBren laguntza. Lurrentzako berdin, ez zitzaidan lan tresnen erostea posible eta hor ere, beharrik Lurzaindia hor izan nuela laguntzeko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da

Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.


Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Eguneraketa berriak daude