Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...

  • Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?

    Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu erreportajearen lehenbiziko partean. Uxoa Anduaga soziologoak azaldu digu euskaldunok uste baino asimilatuago daukagula Estatuaren diskurtso hegemonikoa, eta horren isla dela, hein batean, sinetsi izana gure buruez barre egitea biziki sanoa dela, aintzat hartu gabe umoreak norabide berean kolpatzen duela (ia) beti.

    Auto-parodia zintzo eta konstruktiboa izango bada, izango da botere harremanak parekideak baldin badira. Hala erakutsi digute libertimenduek, umorea eta salaketa uztartzen dituzten artedramek. Kamila Gratien garaztar zirtzilak eman dizkigu sortze prozesuaren inguruko azalpenak.

    Hitz egin dugu Patxi Huarte Zaldieroa eta Joseba Larratxe marrazkilariekin ere, tira-grafikoak boterea zirikatzeko tresna izan daitezkeen neurrian.

Ilustrazioa: JOSEBA LARRATXE
Ilustrazioa: JOSEBA LARRATXE

Pasa den maiatzaren 15ean, Dieter Hanitzsch marrazkilariak Israeleko lehen ministro Benjamin Netanyahuren karikatura plazaratu zuen Alemaniako Suddeutsche Zeitung egunkarian. Eurovision lehiaketa irabazi zuen Netta Barzilai kantari israeldarra bezala jantzita, eskuan misila zuela ageri zen Netanyahu, eta haren ahotik ateratzen zen esaldi hau: “Datorren urtean Jerusalemen”. Marrazkiak polemika handia sortu zuen, estereotipo antisemitak erreproduzitzen baitzituen askoren ustez. Presioak behartuta egunkariak barkamena eskatu eta marrazkilaria kanporatu zuen. Lehenago ere egin zituen agintari ezagunen karikatura demoledoreak, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganenak esaterako. Kasu horietan, baina, prentsa eta adierazpen askatasuna defendatu zuten gerora marrazkilariari lepora jauzi egin ziotenek.

Iazko otsailean, ETB1eko Euskalduna naiz eta zu saioaren seigarren atalean espainiarrei buruzko estereotipoez mintzatu ziren, aurreko bostetan euskaldunen gainekoak izan zirenean protagonista. Umorezko marrazki batean “facha”, “paleto” eta “choni” deitzen zitzaien, zeintzuk diren, esaterako, Aída telesail espainiarrak erreproduzitzen zituen topikoak. ETB1ekoak, baina, polemika handia sortu zuen, espainiarrak iraindu eta gorrotoa sustatzen baitzuen askoren ustez. Presioak behartuta, ETBk “ofendituak” sentitu ziren herritarrei barkamena eskatu eta seigarren eta azken atalaren arrasto oro ezabatu zuen bere euskarrietatik. Telebista publikoak soilik ez, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere adierazi zuen bere egiten zuela programak eragin zuen “ofentsa sentimendua”. ETBk lehenago ere emititu zituen estereotipoak (euskaldunen gainekoak bereziki) islatzen zituzten saioak, Vaya Semanita kasu. Programa hura, baina, “nork bere buruaz barre egiten” irakatsi zuelakoan, inork gutxik kritikatu zuen, ezta, beste bi adibide jartzearren, Ocho apellidos vascos eta Mission Pays Basque filmak ere. Agian, pelikula horiek ikustean belarriekin ere txalo jotzeko tentazioa izango zenuten (“hain baitira barregarriak!”). Baina posible da ere bai, euskaldun askori gertatu zitzaien moduan, tentazioa izatea zinemako atarian erositako krispetak egile eta ekoizleei atzeko planotik banan-banan sartzekoa. Horietakoak baldin bazarete, gauzak bere onetik ateratzen ari zaretela entzungo zenuten ziurrenik, umore senik ez duzuela, adierazpen askatasuna sakratua dela eta badela garaia zuen buruez barre egiten ikastekoa. Horretan laguntzeko-edo, ipar-hego (espainiar koordenadetan) harremana ardatz zuen realitya sortu zuen ETBk, Tú al norte y yo al sur. Andaluziar eta euskaldunak berriro orpoz-orpo.

Albo batera utzita ez dugula eskubiderik ofendituak ez izateko, elkarrizketa batean gogorarazi ziguten bezala TMEO aldizkariko kideek (ARGIAren 2.553. zenbakian), Alemaniako eta ETBko kasuek ederki laburbiltzen dituzte Uxoa Anduaga soziologian doktoreak Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidezko euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia tesian jasotako ondorio nagusietako batzuk.

Uxoa Anduaga soziologian doktorearen hitzetan, umorea ‘politikoki zuzena’ den hori iraultzeko tresna balitz bezala saltzen da sarri, ‘politikoki zuzena’ dena tinkatzeko tresna izan ohi denean gehienetan. / JON TORNER ZABALA

Batetik, hegemonikoak ez diren diskurtsoak izanagatik, horiek neutralizatzeko neurriak hartu zituzten gauzak (botere-harremanak) bere horretan mantendu nahi dituzten agenteek, zeinak balio izan zuen “normaltasunaren” monopolioa nork duen gogorarazi eta ezarritako ordena berreskuratzeko. Hala, statu quo-a aztoratzen duten praktiken aurrean aplikatzen den hiru urratsetako protokoloa zein den ikusi ahal izan dugu: birdefinizioarena (“ez dira umore”), diskurtsoa zentsuratu eta zigortzea (“umorea ez denez diskurtsoak zilegitasuna galtzen du eta, beraz, haren hedapena moztu beharra dago”) eta, azkenik, ‘kaltea egin’ duenari dagokion menpeko posizioa berresten duen urratsa, barkamenarena. Kaltea egin aurreko ordenara bueltatzeko ezinbesteko pausoa da hirugarrena; ikuspegi eta iritzi propioak izateko eskubiderik ez duela gogoraraziko zaio diskurtso horien sortzaile edota erabiltzaileari. [Uxoa Anduagaren tesiari buruzko aipu teorikoak Jakin aldizkariaren 220. zenbakitik (2017ko maiatza-ekaina) hartuak dira. Umorea politikoa da izenburupean, bildu zituen Anduaga, Iñigo Aranbarri, Unai Iturriaga, Laura Mintegi, Mario Zubiaga eta Edorta Aranaren testuak]

Bestetik, ‘norbere buruaz barre egitea’ botere harreman baten emaitza dela dio Anduagak,  diskurtso bat inposatzeko baliabide gehiago izan dituen agente baten garaipena da. Umorea baliatu den heinean, ageriko biolentziarik gabe joan da gizartean txertatzen. Tira diezaiogun hari horri.

Geure buruaz barre egitea, uste bezain sanoa?

Mission Pays Basque, Ocho apellidos vascos, Vaya semanita... Anduagaren hitzetan “normaltasun nazional jakin baten irudia” helarazten dute ekoizpen horiek guztiek. Aipatzekoa da estatu mailako komunikabideek eta ‘iritzi publikoak’ eman dien bulkada, espainiar eta frantziar nazio kulturarekiko koherenteak diren edukiak berresten dituelako seinale: erdararen defektuzko erabilera, zazpi lurralde historikoak aintzat hartzen ez dituen esparrua, naziotasuna aitortzen ez duen eta partikulartasun erregionalistetan oinarriturik dagoen identitatea… “Umore etniko mota horrek euskal nazioa anomalia gaitzesgarria delako mezua igortzen du gizartera, frantziar eta espainiar estatuen normaltasun kultural, politiko eta sozialaren aurrean erabat baztergarria dena”, dio Anduagak. Baina, hara non, euskaldunontzat iraingarria beharko lukeenak izugarrizko arrakasta duen euskal gizartean, Hegoaldean bereziki. “Espainiako Estatuaren diskurtsoak erabat barneraturik ditugu. Nik flipatu egin nuen zinemara Ocho apellidos vascos ikustera joan eta amaieran jende ia dena txaloka hasi zela ikustean”. Bere hitzetan, asimilaturik ditugu baserritar arlotearen figura barregarria, Gipuzkoa vs Bizkaia diskurtsoa, EAEtik kanpo deus existitzen ez dela dioen topikoa... “Gure egin ditugu eta ez digute minik ematen, urteetan jasan dugun jarioaren ondorioz”.

Geure buruez barre egitea biziki sanoa dela irakatsi digute, eta ikasi duguna sinetsi ere egin dugu.

Neurri batean sinetsi dugu geure buruez barre egitea sanoa dela, naturala, kontziente izan gabe zein logikaren barruan ari garen. “Umoreari buruzko teoria soziologiko orokorrek diotenaren aurka, euskal Herrian egiten den umore etnikoaren parte handi batek ez du bere auzoa parodiatzen (Espainia edo Frantzia), baizik eta bere taldeari buruzko erreferentziak baliatzen dituela umorerako; hainbesteraino, ezen euskaldunek ‘gure buruaz barre egiten dugula’ oso zabaldua dagoen ustea den”.

“Oso mingarria egiten zait”, esan digu Anduagak. “Bere buruaz barre egiteko ahalegina apenas egin duen agenteak, diskurtso hegemonikoaren jabe denak, esatea euskaldunok zer egin behar dugun…”. Soziologoak lotu du egoera politikoarekin: “PP agintean zegoenean –1996 eta 2004 artean– euskal estereotipoak umoretik gutxi zuen, gehiago zen vasco radical y peligroso estiloko zerbait. Geroxeago ordea, PSOEren garaian, euskaldun umoretsuaren figurak indarra hartu zuen, eta hor koka daiteke Vaya Semanita bera. ‘Euskaldunek ikasi dute euren buruaz barre egiten’, zioten hedabideetako titularrek. Ziria sartu ziguten. Ez, hiritar batek, demagun bilbotar batek, ikusten zuenean Vaya Semanitan baserritar baten parodia, ez zuen sentituko bere buruaz barre egiten ari zirenik, baserritar arlotearen kontura baizik, euskal folkloreari atxikitzen zaion figura horren golkotik”.

Zer da umorea?

“Mediazio politikoa da”, Anduagaren hitzetan: “Umorea, huts hutsean, soziala da, ikasi eta erreproduzitu egiten den zerbait, etengabe eraikitzen ari dena, berezko edo natural izatetik urruti dagoena eta gizartean eragiteko gaitasuna duena. Ez dago umore zuririk, tentela edo otzana denik, juzkua –egokia denaren eta ez denaren arteko balorazioa– helarazten duelako beti”. Zentzu horretan, hala dio Unai Iturriaga bertsolariak: “Guztiok epaitzen dugu umorea eta umorea darabilgunean epaitzen ari gara (guztiok)”.

Irudikari komikoa, euskal identitatea kolpatzeko

Espainiak aspalditik erabili ditu euskaldunen inguruko irudikari komikoak, ‘biscayno’-ren sokakoak, “euskal nazionalismoari zilegitasuna kentzeaz batera, espainiar estatuaren autoritatea berresten lagundu eta gure identitatearekiko lotsa areagotzen zutenak”, Anduagaren tesian irakurri daitekeenez. “Frankismoan, erregimenak hizkuntzaren –euskararen– inguruan egin zuen irakurketak batu zituen hizkuntza, identitatea eta harrotasuna; horietako bat kolpatzea aski izango zen beste biak ere erortzeko. Euskara debekatzeaz gainera haren ospe-galera prozesua jarri zuen abian, atzerakoia, baldarra, mugatua edo baserritarren hizkuntza delako usteak zabalduz umore bidez, eta hiztunen autoestimua (harrotasuna) zapalduz batera euskal indentitatean erretena irekiz”. Demostratu zuen autoritatea sendotzeko baliabide eraginkorra dela umorea.

Mende berriaren hasierarekin batera, ordura arte inoiz ez bezalako arrakasta soziala lortu zuen umore mota horrek, Vaya Semanita ikur duenak. Saio hark bazuen berezitasun handi bat, egilea ez zela espainiarra, euskal herritarra baizik (EITB), hizkuntza bera erabili arren: gaztelania. Anduagaren hitzetan euskara baino efektiboagoa da diskurtsoak barneratzeko, faktore soziolinguistikoez gain, estatistika hutsagatik, alegia, jende gehiagok ulertzen duelako. “Euskal nazioaren inguruko umore jario horrek guztiak eragina izan du berarekin dakarren diskurtso eta formaren asimilazioan”.

Gatazkaren banalizazioa

Mario Zubiaga eta Edorta Arana (EHUko irakasleak) Jakin aldizkarian: “Euskal gatazkan ere banalizazio prozesuak egon dira, azkenaldian bereziki. Umorea izan da horretarako lanabesa, masa-kulturak eskaintzen dituen tresnen eskutik, telebista eta zinema. (…) Gatazkaren eduki politikoak eta arrazoiak desagertu egiten dira boterearen statu quo-aren elikagai diren topikoen mesedetan. Ez ditugu maila berean jarriko gatazkaren une gordinetan Vaya Semanita saioak izandako eragin ‘aringarria’ edo une lasaiagoetan Espainian akontezimendu itzela izan den Ocho apellidos vascos filma. Alabaina, bietan sumatu daiteke Uxoa Anduagak bere tesian erakutsitakoa: Botereak –bereziki instituzio eta erakundeak– umorea zer den eta zer ez den definitzen du”.

Whatsappez bidalitako txiste matxista hori

Botere harremanak identitate nazionalarekin lotutakoak izan daitezke, baina bizitzako esparru guztietan daude, eta guztiak dira markatuak umorearen bidez.

Demagun, esaterako, martxoaren 8aren bueltan txiste matxista bat heldu zitzaizula Whatsappez eta, hain zela barregarria, erabaki zenuela lagun gehiagoren artean partekatzea, nahiz eta, teorian, kritikoa zaren botere sistema heteropatriarkalak ezarritako arauekin. Zer erakusten du horrek? “Ingurune osoa heteropatriarkala izanik, gisa horretan erreproduzitzen dugu sarri, kontziente izan gabe askotan; baita umorearen bidez ere, gure eginda ontzat ematen ez ditugun diskurtso batzuk. Horregatik da askoz ere zailagoa txiste feministak topatzea”.

Zentzu berean mintzo da Iñigo Aranbarri idazlea Jakin aldizkarian: “Umore baldresa, klasista, arrazista, matxista egitea ez da batere zaila. Mendeetako entrenamendua dugu, gizarte finkatu baten egituretan hazten da, eta bitartekoetara heltzen garen neurrian, bera da seinale jakiteko badugula norbait gu baino beherago, hondorago, lokatzago haren lepotik uxatzeko tristura zirin hau”.

“Txiste matxista baten sortzailea baldin bazara aukera gehiago izango duzu sortutakoaz jabetzeko”, esan digu Anduagak, “baina hartzaile hutsa baldin bazara, umorearen efektua –barre eginaraztea– kontrolatzea zaila denez litekeena da grazia egitea”. Kontua da ea erabakitzen duzun txistea zabaltzen jarraitzea ala, jakitun zein diskurtso erreproduzitzen duen, bere horretan itzal dadin uztea. “Pentsatu beharko genuke zergatik egin digun grazia, erakusten baitu uste baino asimilatuago ditugula hainbat sinesmen, diskurtso sozial...”.

“Nolako jendartea, halako umorea”, dio Aranbarrik. “Jendartean mendeetan mamitutako egituren errailetan dabil umorea. Errepikatuaren errepikatuaz, umorearen bidez finkatu egiten da norberaren posizioa piramidean, barre onartuaren bidez itxura ematen zaio eguneroko egiturari, sendotu egiten dira jendartearen zimenduak”. Eta honelaxe jarraitzen du, atarikoan aipatu dugun Aída telesaila hizpide hartuta: “Lagun jatorren arteko elkarrizketetan ere Hego Ameriketatik gure artera lanera heldutakoak machu pichu bihurtu badira (bromatan duk moteil, ez ezak dena hain estu hartu!), ez da txinparta zoragarri bati esker; ateraldia Espainiako telebista kate pribatu baten saio batek orain ez aspaldi sortu eta nazkatu arte zabaldu zuelako baizik”.

'Emakumeak eta umorea'

Emakumeek umorean duten posizioa eta norbere buruaz barre egiteko moduez mintzo da Beatriz Egizabal Emakumeak eta umorea tailerrean. Hala zioen Tolosaldeko Atariak egindako elkarrizketan (2017-09-27): “Botere harremanak daude eta, noski, ez da gauza bera zapaltzaileak zapalduaren inguruko txistea egitea, edo alderantzizkoa gertatzea. Bakoitzak aukeratzen du non jartzen den, nora lerratzen den. Eta ez da akusazio bat, baina horri ere arreta jarri behar diogu, umorea oso zapaltzailea izan daitekeelako, baina baita oso eraldatzaile eta iraultzailea ere (…) Umorea eta edertasuna uztartzea ez da erraza, ez bazara pixka bat desmuntzatzen. Hor baditugu muga batzuk, baina umorea erabiltzea estrategia bat izan daiteke, esparru publikoa hartzeko aukera gutxiago dutenentzat”.

Bestalde, Ane Labakak Bertsolaritzan garatutako umorea(k) genero ikuspegitik ikerketa lana plazaratu zuen iaz, 11 emakumeri egindako elkarrizketak ardatz hartuta. Berria egunkariak egin zion elkarriztetatik hartu ditugu hitzok: “Bazterreko eremuetan askoz barre gehiago egiten zaio norbere buruari plaza hegemonikoetan baino. Ikusi ditut bertsolariak publikoarengana joan eta adineko emakumeei titiak erorita edukitzeari buruz kantatzen, baina aurrena zeure bularrez kantatzen duzu, eta zeu ere barruan sartzen zarenez, identifikazioz, besteek ere barre egiten dute, eta askoz parez parekoagoa da botere harremana”.

Berdinen arteko umorea aldarri

Badagoen arren umore hegemonikoa, poloak zabaldu egin direla azaldu digu Anduagak.  “Iturri gehiago dago eta diskurtsoak anitzagoak dira, sare sozialei esker neurri batean; nahiz eta Damoklesen ezpata gainean dagoen uneoro, zentsura eta zigor moduan. Niri zoragarria iruditzen zait esfera ez publikoetan –gaztetxe, taberna edota herri txikietako festetan– dagoen magma hori. Berdinen arteko konfiantza oinarri, umore berezia sortzen da, diskurtsoetan anitzagoa eta gainera auto-kritikarako (norbere buruaz barre egiteko) joera handia duena. Umorearen bidez nork bere buruaz birpentsatu eta gauzak eraldatzeko bide eman daiteke, ekintza politiko aberatsa ikusten dut horren atzean. Beste kontu bat da diskurtso horiek esfera publikora eraman ote daitezkeen, horrek zure aurka egin dezakeela jakitun. Auto-umorea zintzoki egin nahi bada, botere harremanak parekidea behar du izan; beste guztia hierarkizatua da”.

“Politikoki zuzena ez den” diskurtsoa esfera publikora eraman eta hierarkiak leherrarazten dituzten heinean, nahi ditugu aipatu libertimenduak, antzerkia eta dantza bateratzen dituzten euskarazko artedramak.

 

----------------------------------

Kamila Gratien

“Saiatzen gara umorearen bidez zer pentsatua eman eta kontraesanak azaleratzen”

 

Kamila Gratienek lau bider hartu du parte libertimenduan / JON TORNER

Inauteriekin erabat loturik dago libertimendua. Udaberriaren etorrera iragartzen duen jokoa da, uztartzen dituena antzerkia, dantza eta bertsoak; gorputz adierazpena eta hitza; umorea eta kritika; lekuan lekuko kontuak eta haragokoak. Zirtzilak, gau eta iluntasun, dira zikinak, laparrak, pobreak… Bolantak (dantzariak), aldiz, finagoak dira, dotoreagoak, negua alboratuko duen udaberria irudikatzen dute. Zirtzil batekin izan gara, Kamila Gratien garaztarrarekin, Donibane Garaziko libertimenduaren sortze prozesuaz eta aire zabalean egiten den emanaldiak dauzkan berezitasunez hitz egiteko.

Garaziko 16 eta 30 urte arteko hamabost bat gaztek hartu dute parte libertimenduan. Inaute igandean (aurten otsailaren 11n) ematen badute ere, lauzpabost hilabete lehenago hasten dituzte prestakuntza lanak. “Urrian bildu ginen lehenik”, kontatu digu Gratienek. “Urtean zehar pasa ziren guztiak listatzen hasi ginen, Garaziko kontuak bereziki, zinez garaztarra baita libertimendua, baina urrunago ere joan gara. Aurten bake prozesua adibidez bortxaz behar zen aipatu, baita nazioarteko batzuk ere, gugan eragina dutenak. Baina libertimendua aski lokala da”. Funtsean gauza bera izanik ere, desberdinak dira Garazi, Amikuze, Banka, Donapaleu, Baiona edota Aldudekoa.

Bake prozesua, preso politikoen alde Parisen egindako manifestazioa, desarmatzea, Elizako sexu abusuak, hezkuntza sistema, Euskal Herria Zuzenean festibala… horiek guztiak ukitu ditu (“astindu” esatea zuzenagoa litzateke agian) libertimenduak urteotan, baita bortuko gaiak ere, inguruko mendietan gertatutakoak, laborarien arteko istorioak eta, gai bat nabarmentzearren, Donibane Garaziko gaztetxearen afera. Iazko uztailean erosi zuten gerora gaztetxe bilakatu zuten egoitza, herriko gunerik turistikoenean, eta zirtzilek, gaztetxearen bueltakoak ia guztiak, baliatu dute euren buruez barre egiteko, Garazikoa izanik “Euskal Herriko lehen gaztetxe kapitalista”, azaldu digu Gratienek irriz.

Donapaleuko libertimendua. Jendarmeek jaurtitako ke negar-eragilearen erdian ahateak, albaitariak, birusak, baserritarrak… Atzean, zutik, Gillen Hiribarren eta Ortzi Idoate eszena bertsotan azaltzeko prest. / ARGIA

Itzul gaitezen, baina, prestakuntza-prozesura. Gaiak zerrendatu ostean, lauzpabost pertsonako taldeetan banatuta, inprobisatzeak egiten hasi ziren sobera pentsatu gabe, eta hortik abiatuta idatzi zuten artedramaren testua. Antton Luku idazle eta antzerkigile baxenabartarra izan dute bidelagun, libertimenduen susperraldia ulertzeko ezinbesteko erreferentzia dena.

Guztien artean idazten dituzte jokoak. Gratienek kontatu digu arrunt aberasgarria dela bakoitzaren ikuspegia ezagutu, horien bueltan eztabaidatu eta diskurtsoa bateratzea. “Libertimendua zinez da gaztetasunetik egiten den ausardia. Ez da soilik dibertsioa. Egia da irriarekin bortxaz jendea erakartzen dela eta berotasuna dakarrela, baina salaketatik ere badu”. Kritikak haizatzean erabat libre jokatu al duten galdetuta, erantzun digu libertimenduan juxtuki “arrunt askea” zarela eta lotsa uzten dela bazterrera. “Agian, gazteak garenez, eta hura inuxentziarekin lotua dagoenez, arinago pasarazten dira gauza batzuk. Hori bai, ausarki asumitzen dugu egiten duguna, eginak egina dira. Gero, pixka bat salbatzen gara zirtzilaren ahotik ari garelako, antzerkia denez gero ba…”.

Trufa, norabide guztietan

Lau urtez egin du libertimendua Gratienek, eta aldioro euskal gatazkaren ingurukoak “ziur” sartzen zirela kontatu digu. “Egia da aurtengoan aski erraza zela antzeztea, desarmatzea, zentzu batean, antzerki hutsa baitzen; bo, ulertzen didazu…” [bai, bai, ulertzen dizut, eta ziur irakurleek ere bai]. Hurbilagoko kontuei ere heldu ohi diete, arestian aipatu bezala: “Mendiko istorioak, esaterako, laborari batek otsoa ikusi duela, lurren inguruko ika-mikak… Gu ez gara denak mundu horretakoak, nahiz eta badiren laborarien seme-alabak; oso aberasgarria da guztiok prozesuan parte hartzea”.

Feminismoari buruzko jokoa jarri digu adibide gisa: “Jean-Jaques Lasserreren [Paueko Departamenduko Kontseiluko presidentearen] gainean trufa egin dugun bezala, maiz egiten dituen txiste matxistak direla-eta, feminismoaz ere egin dugu irri apur bat, izan ditzakeen kontraesanen harira”. Horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, txiste matxistak egin dituztenik, baizik eta feminismoaren inguruko inprobisatze-lanketak balio duela gaiaz hausnartzeko eta ikusleari zer pentsatua eman dakiokeen diskurtsoa plazaratzeko, umoretik (auto-parodiatik) joko duen arren.

Txiste matxistarik ez beraz. Aukera baliatu dugu galdetzeko ea bere ustez umorea edozeren gainean egin ote daitekeen. “Ez dakit sobera zer pentsatu horretaz; berez irri egin daiteke edozertaz, taburik gabe, baina horrelako gauzek pertsonalki ez naute irriarazten. Niretzat, diskurtsoak islatzen dituenean goitik beherako botere harremanak, ez da umorea”. Gratienek dioenez umorea ez dago derrigor irri egitearekin lotua. “Libertimenduarekin saiatzen gara ere umorearen bidez jendeari zer pentsatua ematen, kontraesanak azaleratzen... Trufa ez dugu beti norabide berean egiten, pertsona berdinen inguruan; zentzuz aldatzen dugu, auzokoaren gainean lehendabizi, gure buruaz gero… Libertimenduan aipatzen ditugun gai guztiak politikoak dira eta horri esker plazara ekartzen ditugu gordinki; umorearen bidez egia da jendea bortxaz konplize ere bilakatzen dela”.

Gau zirtzila Donibane-Garazin / GAZTETXEA

Gordinki, baina ez derrigor zuzen-zuzenean. “Zirtzilok maiz ez ditugu gauzak argi eta garbi esaten”. Ikuskizunean parte hartzen duten bi bertsolarien egitekoa da hori: ikusleari azaldu behar diote aktoreak zer ari diren salatzen. Metaforen balioaz hitz egin digu Gratienek, atzera berriro aipatzeko Antton Lukuren izena. Ez alferrik. Antzerkigileak badu saio bat idatzia, Libertimenduaz (Pamiela, 2014), non besteak beste kritikatzen dituen Nicole Lougarot ikerlariak Zuberoako maskaradei buruz esandakoak, bere iritziz ez dituelako kontuan hartzen gure tradizioan funtsezkoak diren ezaugarriak, “arraileria” esaterako. Hala dio Xabier Etxabe dantzan aritu eta adituak, Lukuren liburuaz idatzitako erreseinan (Dantzan.eus, 2015-01-29): “Arraileria umorea da, bai, baina ‘esan gabekoaren bidez’ konplizitatea bilatzen duena. Arraileriak erakusten digu ez dela taburik, denetaz irri egin daitekeela (…) Pobreen irria da; bertsolariek maiz erabili izan dutena”.

“Ezin dut antzerkia egin teoriarekin, egiten dut metaforekin, kontsigna aski motz, zehatz eta potente emanez”, zioen Lukuk ARGIA aldizkariak egindako elkarrizketa batean (2.415. zenbakian). Halaber, Etxabek: “Metaforak eskatzen du fondo poetiko berean sinestea, Euskal Herri bat badela pentsatzea, euskarak komunitate bat osatzen duela eta euskal antzerki bat badela. (…) Euskaraz eta euskaldunentzat sortutako lanak ditu Lukuk helburu, Iparraldean turismoari begira egiten diren ikuskizunetatik erabat aldenduz”. Bestalde, hala zioen antzerkigile baxenabartarrak ARGIAn: “Jokalarien arteko ikuspegi konfliktiboak baldin badaude sortzen dira pertsonaiak, batek gauza bat defendatzen du eta besteak beste bat. Toberaren funtsa hori da, horrek baldintzatzen du antzerki ona. Konfliktoa ikusi behar da, batek bestearen aurka dituen indarrak. Pertsonaiak defendatzeko ahalak behar ditu aktoreak. Pertsonaia bakoitzari bere xantza eman behar zaio, bestenaz, parodian edo kritika hutsean gelditzen gara”.

Busti, Blai, H28…

Kamila Gratienek dioenez “tresna bikaina” da libertimendua, eta “ziur” hegoaldean ere egin ahal daitekeela. “Sortze eta inprobisatze prozesuak dakarren indar hori, freskotasuna… bizitzan ukan dudan esperientziarik politena da. Konbentzitua naiz denok behar dugula hori bizi. Konturatzen zara ere bikaina dela euskara ezagutzea”. Euskaratik euskaraz. “Guk ere erreski erabiltzen ditugu frantsesezko hitz eta espresioen euskarazko itzulpenak, eta libertimenduan partitzen gara euskaratik, oso kontziente izan gara horretaz”.

Busti telebista saioaren aurkezlea ere izan zen Gratien, eta esan digu han ere begiratzen zutela ea euskaratzen ari ote ziren jatorriz frantsesezkoa den esapideren bat, ala sortzen ari ziren propio eurena den zerbait. “Gure balore eta ideiak ditugu, Euskal Herria osoa da guretzat… eta umorea hortik abiatuta egiten genuen”. 2015eko martxoaren 4an estreinatu zuten Busti saioa, Kanaldude herri telebistak eta EhKz proiektu komunikatiboak sortutako egitasmoa, gazteek egina gazteentzat. Uztartzen zituzten eduki  “seriosagoak” umorearekin, irriari esker emankizuna “pixka bat arintzen zelarik”.

2016ko udan eten zuen bidea Bustik, bederatzi saio emititu eta gero (ARGIA.eus-en dituzue guztiak ikusgai), baina hark jaurtitako enbidoari animotsu heldu dio Blai telebistak, Kanalduderen eta Topatu.eus webgunearen babesean. 2018ko urtarrilaren 14an jaio zen eta hark ere tartekatzen ditu eduki “serioak” barrearekin. Hutsa ta doblea umorezko albistegia dugu adibide.

Akaso, telebista hizpide, aipatu beharko genituzke ere bai Kataluniako TV3 kateko Polònia satirikoa  bezala ETB1eko Wazemank eta haren oinordekoak, baina zein punturaino zartatzen ote duten euskaldunon gaineko umore hegemonikoa... Egia da ETB2n ikusten ez diren diskurtsoak aurki daitezkeela eta euskal hiztunontzat hurbilagokoak diren erreferentziak baliatzen direla, baina horiek ere eraikiak dira identitatearekin lotutako ohiko klixeen gainean (landa mundua, euskalkiak…). ETB1ekoek nekez ukituko dituzte, bestalde, gaztelaniazkoak sarri egiten zuen moduan, politikari edota ekonomiari lotutako gai arantzatsuak.

Agian, umorearen eta politikaren (botere harremanen) arteko lotura (edo talka) inon ikusten bada –albo batera utzita zenbait Twitter kontu edota Euskal Irratietako Gerrenaplat saioa bezalakoak– ikusten da argitalpen satirikoetan eta prentsako tira grafikoetan, egunerokoari (ia) derrigor heldu behar dieten heinean. Aldizkarien artean, auzoan ditugu, esaterako: Charlie Hebdo, Le Canard enchaîné, El Jueves edota Mongolia. Gurean, baina erdaraz, TMEO da ziur asko ezagunena, badiren arren beste batzuk, La Gallina Vasca edota El Karma kasu. Euskaraz ere bazegoen orain gutxi arte bat, H28 hilabetekaria, ezker-eskuin banatzen zituena zartakoak eta euskal hiztun askorentzat gozagarri izan zena; baina tamalez hark eten zuen bidea eta gaur egun prentsa da arnasgune ia bakarra euskaraz.

 

-------------------------------------------------

Patxi Huarte Zaldieroa

“Boterearen diskurtsoa zalantzan jartzea da nire asmoa”

 

H28 aldizkari satirikoak bildu zituen komikigileetako bat da Patxi Huarte Zaldieroa. Berria egunkariko orrialdeetan topatuko dituzue bere tira grafikoak, De Rerum Natura goiburupean; baita Aizu! edota Ortzadar aldizkarietan ere. Periodikoa hartzean lehenbizi haren tira leitzeko ohitura dugu askok.

Euskal gatazka komiki-tiretara eramatean lasaiago zabiltza orain, demagun duela 8-10 urte baino (ETAk jarduna eten aurretik)?

Bai eta ez, autozentsurak hor segitzen du, Espainiako Auzitegi Nazionalaren menpe bizi gara, badakizu. Nire lana erosoago egiteko aspaldian erabaki nuen nire iritzia ematea eta listo. Hau da, ez nintzela liatuko txisteak asmatzen. Umorea ez dut egunero erabiltzen eta denboraldi batzuetan, krisi larrienetan kasu, erabat desagertua egon da. Krisi ekonomikoaz eta bortizkerien krisiez ari naiz.

Zein izan beharko litzateke satira politikoaren helburua?

Asumitzea adierazpen askatasuna %100ean.

Boterea zirikatu behar al du marrazkilariak?

Marrazkilariok demagogoak gara, gauza batzuk nabarmentzen ditugu eta beste batzuk ezkutatu, sinplifikatu behar dugulako. Esango nuke nire asmoa beti dela boterearen diskurtsoa zalantzan jartzea, gauzei so egiteko beste begirada batzuk badaudela erakustea. Nire ustez marrazkilari satirikoen lana da zalantzan jartzea botereak, euren ustezko “legitimitatea”, eta ez dutenean argi azaltzea.

Marraztean aske sentitzen al zara? Bada taburik? ETA izan zitekeen agian, baina "natural" marraztu izan dituzu etakideak...

Bai, urte asko dira eta alde horretatik aske eta seguru sentitzen naiz, Evax bezala. Etakideak pertsona marraztu nituen, iruditzen zaidalako pertsonak direla eta ez saldu diguten “demoniyuak”. Baina pertsona-ikonoak ere baziren. Nahaste-borraste bat da. Lotan zeudela ere kaputxekin marrazten nituen.

Egunkarietako tira grafikoak komunikabide bakoitzak hartutako lerro editorialen osagarri izan dira gehienetan. Modu horretan hautematen duzu "De Rerum Natura", ala autonomoa da erabat? Zure marrazkiak iritzi sailean agertu ohi dira...

Egia esatera hasieran nire zintak, ez galdetu zergatik, hortik barreiatuak egoten ziren, bilaketa berezia eskatzen zuten. Askotan pentsatzen nuen: “Gaur ez dute argitaratu!”. Niretzat polita zen. Inork ez zekien non zeuden. Gero iritzi emaileen orrialdeetara eraman ninduten eta nire berezitasuna galdu nuen, bihurtu nintzen Anjel Lertxundi edo Miren Amuriza soil bat (karkarkar). Jada ez naiz espeziala!  Baina ez, editoriala ere ez da. Ez dago editorial lan talderik atzean.

Zer bereizgarri ditu marrazkiak, alderatuta adibidez irratsaio satiriko batekin?

Oso zehatza izan behar zarela, ez dago tokirik askotarako.

Euskaraz aritzea muga ala abagune da zuretzat? Edo, besterik gabe, hizkuntza bat gehiago da eta kito.

Gazteleraz arrakasta handiagoa izango nuke, pentsatzen dut. Zenbaki kontuak dira, besterik gabe. Baina ni euskararen militantea naiz, hori hala da. Dena den, orain dela gutxi proiektu batean parte hartzeko gonbitea jaso nuen, gazteleraz, eta agian hizkuntza horretan egingo dut zer edo zer. Elebiduna naizela esan behar nuen, baina ez, ni naiz poliglota!.

Komiki-tiretara eramatea bereziki zaila den pertsonaiarik? Eta erraz marrazten duzunik? Urkulluren kasuan bere argazki bat baliatzen duzu…

Ni ez naiz karikaturista. “Ona” gehitu behar nuen, baina ezta “karikaturista” ere, ez naiz. Urkullurekin saiatu nintzen baina azkenean ikusi nuen bere argazkiak bazuela indar gehiago. Gero gauza bera egin nuen Otegirekin, ze desastrea! Bistan da Berrian ez zidatela marrazketa oposaketa batean parte hartzera behartu, dena izan zen entxufe bidez.

"Funtzionatzen duen" umoreaz hitz egitean maiz aipatzen da "inkongruentzia", pertsonaiak kokatzea ez dagozkien leku eta egoeratan. Ba al da loturarik inkongruentzia horren eta zure marrazkiek maiz islatzen duten surrealismoaren artean?

Bai, umorearen oinarrian lotura ilogiko eta harrigarriak daude. Niri lotura arraro horiek marraztea gustatzen zait, antxoa bat hozkailu batekin hitz egiten, esaterako.

 

---------------------------------------

Joseba Larratxe

"Errealitateak maiz duen puntu absurdua exajeratzea da umorea egiteko bidea"

 

LARRUN hau itxi behar genuen Patxi Huarte Zaldieroaren hitzekin, baina erabaki dugu galdera parea luzatzea H28ko kolaboratzaile izan zen Joseba Larratxe irundarrari. Hark egin du azaleko ilustrazioa, erreportajea idatzi duen honek aldaketa batzuk proposatu ostean “esplizituegia” zen jatorrizko marrazkiaren gainean. Ausartagoa da marrazkilaria, agidanez.

Marraztean kezkarik –beldurrik– sentitzen al duzu? Bada autozentsurarik?

Azken boladan ikusi ditugun Mozal Legearen errepresio kasuen beldurrik ez dut izan. Baina onartzen dut euskaraz eta medio txikietan publikatzeak (H28) askatasun handia eman didala nahi nuena marrazteko, banekien eta oso zaila zela kritikaren jomugan zegoenak kritikatua izan zela jakitea. Autozentsura egin izan dudan aldi bakanetariko batean beste arrazoi batzuengatik izan da. Adibidez, H28rako bururatu zitzaidan zinta bat ez nuen marraztu matxista izan zitekeela iruditzen zitzaidalako.

Altsasuko gazteen auzia pil-pilean dago, La Manada... Nola egin umorea horien gainean? Zer eskatzen dizu barrenak horrelakoetan?

Ez dut uste erabaki kontzientea denik, baina esango nuke marraztu ditudan umore zinta gehienek aktualitatea zutela ardatz. Tamalez, gaurkotasuna albiste lotsagarriz beterik dago, eta beraz, asaldatzen nauten gai horiekin egin izan dut lan.

Gertakizun larriak izanik ere, beti daukate faktore absurdu bat. Altsasuko auzia kasuko: tabernako istilu bat terrorismo bezala epaituko zela esan baligute duela hamabost urte, barre egingo genuke, eta gero negar. Horrelakoetan, puntu absurdu hori exajeratuz azaleratzea da umorea egiteko bidea. Salaketarekin batera irri eginarazten duzu eta bidenabar irakurleari zertan pentsatu ematen diozu. Hiru gauza horiek betetzen dituen zinta lortzea da helburua.

‘Charlie Hebdo’-ren kontrako atentatua

Uxoa Anduagak Jakin aldizkarian: “Atentatuak agerian jarri zuen umore senak afera nazionalarekin lotura duela ezinbestean. (...) Charlie Hebdo-ren satira arrazista horretan bazegoen, paradoxikoki, ‘politikoki zuzena’ zen diskurtsoa, estatu frantsesak defendatzen zituen irizpideekiko koherentea zen umorearen helarazpen bat. Atentatuak, beraz, umore sen –eta diskurtso– horren legitimazio soziala baino ez zuen areagotu, Charlie Hebdo-k egiten zuena umorea zela –ez iraina– eta frantziarra izanez gero horren alde egotea ezinbestekoa zela alternatiba gutxiko auzi gisa planteatuz (...) Onartuak, iragarriak, diruz lagunduak edo masiboki kontsumituak diren umore diskurtsoek estatu baten meneko kultura nazionalari koherenteki eusten diotela bistaratu zuen”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
Maria Rivero
"Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan"

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude