Masiboki zelatatutako gizartea

  • “Denbora askoan, erabat zelatatutako mundu baten ideia erokeria utopiko edo paranoiko gisa hartu izan da, teoria konspiratzaileekin obsesionatutako jendearen irudimen aluzinatua. Hala ere, egiari zor: hemen eta orain Zelataren Inperio antzeko baten kontrolpean bizi gara. Gu konturatu gabe, geroz eta behatuago, espiatuago, zelatatuago, kontrolatuago, fitxatuago gaude.

Azala: Joseba Larratxe

Gure aztarnak jarraitzeko teknologia berriak zorrozten ari dira egunero. Enpresa komertzial eta publizitate agentziek gure bizitzak arakatzen dituzte. Terrorismoaren eta beste izurrite batzuen aurkako borrokaren aitzakiarekin, gobernuek, demokratikoenek barne, Big Brother-a eraiki dute, ez dute dudarik egiten gu hobeto zelatatu ahal izateko beren legeak apurtzeko orduan ere. Estatu orwelliar berri hauek euskarri elektroniko ugaritatik ateratako gure datu pertsonalekin eta gure kontaktuekin fitxategi zehatzak egiten saiatzen ari dira sekretuan, askotan Sareko erraldoien laguntzarekin”.

Ignacio Ramonet kazetariarenak dira hitz indartsuok, L'Empire sous Surveillance liburuan (2016) idatziak. Azken urteetan hainbat pertsonak –alarma jotzaileek– beren bizitzak arriskuan jarriz filtratu dituzten datuak bilduz panoramaren erretratu gordina da lan hori.

“Kezkatzen nauena ez da zelataren gizartean bizi garela, baizik eta halako gizarte batean bizi garela eta horrek ez gaituela kezkatzen”, zioen Zygmunt Bauman soziologo eta filosofoak.

Estatuen, inteligentzia zerbitzu militarizatuen eta interneteko multinazionalen artikulazioak bizitza pribatuaren amaiera ekarriko al du?

Kamerak etxe barruraino sartu zaizkion gizarajoari "Gobernuaz fida zaitezke" esaten diote begiek, zelata masiboa salatzen duen komikian.
Bizitza pribatuaren amaiera?

Susmatzen zuten, baina aho bete hortz geratu dira guztiak.

Bulegoan dauden guztien aurrean, telefonoaren linea goiko solairura desbideratuta dagoela aurkitu dute Telefónicako teknikariek. Berehala gauza arraroak bilatzen jarri, eta eraikinaren kanpoaldean ere, kable batzuk ezkutatuz, lehen solairura doan bi metroko hodi bat aurkitu dute. Bat-batean, soinuak entzuten hasi dira gaineko pisutik, mugimendu zakarrak, jendea urduri. Halako batean, azpiko tabernako bezeroek eraikinetik hiru pertsona ikusi dituzte irteten korrika, leporaino betetako kiroletako poltsak hartuta. Gutxigatik ez dituzte harrapatu, nahiz eta presaren presaz dokumentu ugari utzi dituzten atzean.

El Cesid quería filmar en vídeo las reuniones de HB. Albiste honekin lehertu zuen Eginek eskandalu politikoa 1998ko apirilaren 1ean. Espainiako zerbitzu sekretuek Herri Batasunaren Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko egoitza zelatatzen zutela jakin zen, bai gaineko solairutik, baita pareko etxebizitza batetik ere. Komunikazioak pintxatuta eduki zituen sei urtez, legez kanpo. Soka luzea ekarriko zuen albisteak: Egineko ikerketa taldeak, Pepe Rei buru, hainbat espiaren nortasuna publiko egin zuen; Cesidek aitortu zuen Hego Euskal Herrian zuen egitura osoa aldatu behar izan zuela; hainbat goi kargu epaitu eta zigortu zituzten legez kanpoko entzuketengatik; batzuek espetxean amaitu zuten, nahiz eta gero Aznarren gobernuak denak indultatu zituen.

Zelata politikoa eta arerioaren sekretuak ezagutzeko espioitza “klasikoa” gauza komuna izan da. Urteak ez dira alferrik igaro ordea, eta teknologia berrien esparrura eta arlo militarrera urtero milaka milioi dolar bideratzeak ondorio zuzenak dauzka. Egun, gauza bat garbi dago: pertsona edo talde baten komunikazioak zelatatu nahi dituenak ez du halako operazio fisiko lotsagarririk antolatu beharrik. Beste bide batzuk eraginkorragoak eta zuhurragoak dira, eta populazio ia osoaren komunikazioak zelatatzeko aukerak ematen dituzte. Legeak eta eskubideek zer dioten, hori beste upel bateko sagardoa da.

Estatuek baino, enpresek dute jendea zelatatzen

“Kontuz ibili, Interneten nabigatzean, bilaketa eta klik bakoitzarekin, zuen bizitza pribatuari buruzko arrasto txikiak uzten zoazte eta enpresa pribatu batzuk dena jaso eta sekretuki artxibatzeaz arduratzen dira, batez ere Google”.

Hartu gogoan GAFAM hitza. Interneteko bost enpresa indartsuenak izendatzeko erabiltzen da: Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft. Estatuek baino, enpresa handiok zelatatzen dituzte herritarrak, Julian Assangeren arabera. Kazetari australiar hau Interneteko ekintzailea eta programatzailea da. Mundu osoan nabarmendu da Wikileaks webgunean estatuen arteko kable diplomatikoak eta sekretuak argitaratzeagatik. AEBen jomuga garbia da, eta herrialdez herrialde ihesi, Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan bizi da 2012tik atera ezinean, atxilotuko ez badute. Suedian bi emakumek bere aurka bortxaketa eta sexu abusuen salaketa jarri ostean nazioarteko atxilotze agindua du gainean. Assange eta bere jarraitzaileak beldur dira Suediak AEBetara estraditatuko ote duen. Herrialde honetako botereguneetan espioitza eta traizioa egotzita epaitzeko eskariak indarra du, eta mahai gainean dauka heriotz zigorra.

Edward Snowden da estatu-sekretu hauek mundu osoko herritarren ezagutzan jarri izanaren beste arduradunetako bat. Egun Errusian bizi da, Hong Kongeko hotel batetik ihes egitea lortu ostean Wikileakseko ekintzaileen laguntzarekin 2013an. AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) milaka fitxategi Glenn Greenwald eta Laura Poitras kazetariei filtratu zizkien. Ikustea merezi duen Citizenfour dokumentalean azaltzen ditu ekintzaile honek filtrazioarekin bere bizitza betirako aldatu izanaren arrazoi politikoak.

"Herritarrok Zelataren Estatuaren aurka gaude, eta diogu: eskerrik asko, Edward Snowden", mezuarekin autobusa Washington DC hirian bueltaka ibili zuten 2015ean.

Ipurdi bistan geratu diren herrialdeek ez diote erraz barkatuko, eta hauetako batzuk erridikulua egitera ere heldu dira. AEB eta Europar Batasuneko agintariek, adibidez, nazioarteko protokolo diplomatiko guztiak urratzea erabaki zuten, Errusiatik Boliviara bueltan zen Evo Moralesen hegazkin presidentziala Austrian lur-hartzera behartu zutenean, Snowden barnean zeramalakoan. Usteak ustel. NSAko langile ohiak egurrean jarraitzen du, bideokonferentzia bidez mundu osoko ekitaldietan parte hartuz, multinazionalen aurrean bizitza pribaturako eskubidearen defentsa egiten. “Facebook bijilantzia enpresa bat da”, bota du azken eskandaluen harira.

Zuk ez baduzu ordaintzen, zeu zara salmenta

Sareko eta telefoniako multinazionalek gobernuei erabiltzaileen milioika datu herrialdeka saltzen dizkietela argitaratu izan dute alarma jotzaileok. Ustez “doako” zerbitzua eskaitzen duten webguneok nonbaitetik atera behar irabaziak. Facebookek 2017an 12.800 milioi euro irabazi zituen, 2016an baino %56 gehiago. Facebook, Google eta halako enpresek duten materia prima baliotsuena horixe da: milioika pertsonaren ohiturekin lotutako datu xeheak.

Snowdenek filtratutako dokumentuen egiazkotasuna ez dute sekula dudan jarri. Garai hartako NSAko zuzendari Keith Alexanderrek ondorengoa esan zuen: “[Snowdenek] beregan jarritako konfiantzari traizio egin dio. Sekretu goreneko dokumentuetara sarbidea zuen eta bere betebeharra sareak administratzea zen. Konfiantza hori urratu eta gure hainbat sekretu lapurtu zituen”. Bide beretik jo zuen Barack Obamak, garai hartako AEBetako presidenteak. Filtrazioa salatu zuen, edukiari sinesgarritasuna emanez: “Ez ditut gustuko filtrazioak, programa hauek klasifikatuak izan daitezen arrazoi bat dago”.

GAFAM enpresen aurkako kartelak, "Internet Des-Google-Izatu dezagun" ekimenaren parte.

Horrez gain, GAFAM enpresek AEBetako Gobernuarekin harreman zuzena dutela frogatu izan dute, batzuk ia egituran ere parte izateraino. Sinergiak agerikoak dira, adibidez, Google eta Defentsa Departamentua elkarrekin ari dira Project Maven proiektua garatzen “droneen erasoak zehatzagoak izan daitezen softwarea”. Ars Technica hedabide digitalean apirilean jaso zutenez, “Google-eko langileen errebolta, konpainiak drone militarren proiektuak utzi beharko lituzkeela diote”. Milaka langilek gutun bat idatzi zieten Google-eko buruei eskatuz Pentagonoarekin ez lanik egiteko. Maiatzaren 16an, ARGIAko Maddi Txintxurretak jaso du hainbat langilek dimisioa aurkeztu dutela beraiek garatutako teknologia jendea hiltzeko erabiltzearen aurka daudelako.

“Terrorismoaren” aurkako borroka

Nondik datoz baina herritarrak kontrolatu eta zelatatzeko praktika globalizatuok?

Bigarren Mundu Gudaren ostean, Sobiet Batasuna eta bere aliatuak zelatatzeko helburuz, UKUSA akordioa sinatu zuten sekretuan ondorengo herrialde anglofonoek: AEB, Erresuma Batua, Kanada, Australia eta Zeelanda Berriak; ondoren Japonia, Alemania, Suitza, Filipinak, Taiwan, Turkia eta Norvegia ere sartu ziren jokoan. New York Times egunkariak egin zuen publiko herrialde guzti hauek Echelon izeneko sarea jarri zutela martxan Guda Hotzak iraun zuen 40 urteetan. Komunikazio pribatu eta publikoak harrapatzeko mundu mailako sarea eraiki zuten. Snowdenek filtratu zuenez, PRISM izeneko mundu osoko komunikazioen bijilantzia tresna garatuta daukate AEBek, herrialdez herrialde, estatuek ematen dieten informazioa gorde eta analizatzeko.

Gaian aditu direnek erabaki larri gisa aurkezten dute 2011ko irailaren 11ko atentatuetatik sei astera, Patriot Act izeneko legea onartu izana AEBetako Kongresuak George W. Bushek bultzatuta. “Edo gurekin zaude, edo gure aurka” goiburupean, herritarren eskubideak nabarmen murriztu zituzten terrorismoaren aurkako borrokaren izenean. Ameriketako Eskubide Zibilen Elkarteak (ACLU ingelesez) salatu duenez, lege horrek FBIri eman zion Interneteko hornitzaileak behartzeko eskumena beren bezeroei buruzko informazioa emateko.

Stephen Graham geografo britainiarrak Cities Under Siege: The New Military Urbanism liburuan dioenez, “laugarren belaunaldiko guda” hauek espazio urbanoetan gertatzen dira: hirietako geltokiak, estadioak, antzokiak, supermerkatuak, bulegoak, apartamentuak, galeria komertzialak, metroko pasabideak, aireportuak... “Modu honetara, hiria arduradun militarren kezken erdigunean kokatzen da, eta aldi berean, Mendebaldeko botereak ahulak edo zaurgarriak dira hor. Horren aurrean, eremu hauetan zelata eta kontrol mekanismoak biderkatzea izan da autoritateen erantzuna.

Ignacio Ramonetek salatzen du atentatu terrorista bat gertatzen den bakoitzean herrialde bakoitzak bere Patriot Act propioa legeztatzen duela “terrorismoari aurre egiteko”, Naomi Cleinek The Shock Doctrine lanean azaldu gisan.

Begiko irisa da pertsona bat identifikatzeko beste metodoetako bat, eta erabilera zabaltzen ari da.

Giza Eskubideen aldeko ACLU elkarteak argudiatzen du Patriot Act-ek AEBetako Konstituzioa eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala urratzen dituela. Hala dio deklarazioaren 12. atalak: “Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian, etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso egiterik ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa izateko eskubidea”.

Gainera, segurtasunaren izenean herritarrei askatasun guztia kentzeko prest dagoenak ere, ezingo du sekula segurtasun totala bermatu. Ukaezina da terrorismoaren mundializazioa gertatzen ari dela eta adibidez, Daeshek ondorengo herrialdeetan egin ditu erasoak azken urteetan: Tunisia, Turkia, Kenia, Nigeria, Belgika, Kanada, Australia, Danimarka, AEB, Frantzia, Katalunia... “Estatuek herritarrak babestu behar dituzte, ados; baina, beharrezkoa al da herritar guztiak susmagarri bihurtzea? Gizarte osoa zelatapean jartzea?”, galdetzen du kazetari beteranoak.

Dei, e-posta, sare sozialak... dena datu basera

“Europako bigarren deskodifikazio zentro handiena da Frantziakoa, Britainia Handikoaren ostean, ordenagailu erraldoiek dozenaka milioi e-posta, SMS, Skype, Whatsapp, Facebook mezu filtratzen dituzte... automatikoki bakantzen dituzte hautatutako pertsonen mezuak telefono zenbaki edo IP helbideen bidez”. Honela deskribatzen du L’Obs hedabideko Vicent Jauvert kazetariak Comment la France (Aussi) écoute le monde artikuluan.

Le Mondek argitaratu zuen aurrena, Frantziako Estatuan zerbitzu misteriotsu bat existitzen zela “defentsa sekretu” gisa definitua, informazio zerbitzuen baitan disimulatua. Bere izena: Plateforme nationale de criptanalyse et de décryptement. Hainbat urtez gobernuak ukatu egin zuen, 2015ean aitortu zuen arte. Big Brother frantziar hau Parisko boulevard bateko lurpeko lokal baten dago. 150 matematiko eta informatikok superkalkulagailu indartsuekin egiten dute lan.

“Programa batek ahotsa ezagutzen du, beste batek itzuli. Honela herrialdez herrialde sailkatzen dira datuak. Programa batzuek katxeatzen dituzte hitz-gakoei esker, Facebook, e-postak eta Skype; beste batzuek milioika metadatu analizatzen dituzte”, azaltzen du funtzionamendua Jauvert kazetariak.

Snowdenen filtrazioei esker jakin denez, datuok urteetan gordetzen dituzte estatuek, gerora, pertsona jakin baten atzera begirako ikerketa egiteko modua eskainiz. Mundu osoko komunikazioen azken bost urteetako erregistroa egitea da helburua. Noizbait norbaitek arreta deitzen badu, gordetako datuen masa horretan bilatu ahal izatea da gakoa, pertsona honen harreman sareak eraiki eta iraganean egindakoa ikertu ahal izateko.

Datu hauetako asko komunikazio pribatuetatik ateratzen dituzte, baina beste asko herritarrak ari dira inork behartu gabe ematen: telefono mugikor modernoa desblokeatzeko hatz marka, azterketa biometrikoa eskatzen duten aplikazioak, sare sozialetan emandako datu pertsonalak (film, liburu, musika... gogokoenetatik hasita, atsegin dut klik bakarrarekin dokumenta daitezkeen jarrera politikoetara, sarera igotako norberaren argazkietatik pasata), Whatsapp, e-posta, telefono dei... dena geratzen da gordeta zerbitzari batzuetan.

Nola gordetzen dute informazioa?

NSAk datuak eta metadatuak gordetzen ditu; lehenak komunikazioen edukiak dira, bigarrenak eduki hori deskribatzen duten xehetasunak. Telefono dei baten kasuan, adibidez, datua litzateke elkarrizketaren audioa; metadatuak berriz, parte hartzaileen telefono zenbakiak, deia egin zeneko ordua, iraupena eta beste.

"NSA legez kanpo espiatzen ari da hemen azpian" dioen baloi gidatua munduko espioitza gune handienetakoaren gainean, Utah-n. (Argazkia: Greenpeace)

Glen Greenwald kazetariak arazo honek 2014an zuen dimentsioa zehaztu zuen Snowden: ezkutatzeko lekurik ez liburuan: “30 egunetan, orotara, mundu osoko 97.000 milioi e-posta eta 124.000 milioi telefono dei jaso zituen NSAk. 30 egunetan ondorengo informazioa jaso zuen herrialdeka: Alemaniako 500 milioi komunikazio, Brasilgo 2.300 milioi, Indiako 13.500 milioi. Herrialdeetako gobernuekin elkarlanean jasotako metadatuei dagokienez: Frantziako estatutik 70 milioi, Espainiakotik 60 milioi, Italiatik 47 milioi, Herbehereetatik 1,8 milioi, Norvegiatik 33 milioi eta Danimarkatik 23 milioi, batzuk aipatzearren. Ordutik beste lau urte igaro dira.

Hodeia, Cloud, Nuage edo Nube. Ez da existitzen. Marketingaren fruitua da kontzeptu hori. Informazioa enpresen zerbitzarietan gordeta geratzen da “hodei”-ra igotzen dena. Gmail-en zerbitzuak erabiltzean, adibidez, Google-en zerbitzarietan gordetzen da informazioa. Dropbox bidez fitxategi bat partekatzean, fitxategia Dropboxi partekatzen ari da. Gauza bera Interneten zerbitzu hauek eskaintzen dituzten beste enpresekin.

Amazon-ek AEBetako Seattle hirian duen egoitza nagusian hainbat ekintza egin izan dituzte enpresa honek CIArekin duen lotura salatuz. Irudian, 2014an hainbat ekintzailek tranbia geratu zuten.

Eta zer gertatzen da fitxategi hauekin? Nork jakin. Erabiltzaileek fitxategiak ezabatzean ere, ez dago bermerik baieztatzeko zerbitzarietatik ere ezabatzen dituztela. 2017ko urtarrilean, adibidez, Dropboxen akats baten ondorioz, erabiltzaileei aurrez ezabatutako fitxategiak agertu zitzaizkien, batzuk zazpi urte lehenago ezabatuak.

Bizitza pribaturako eskubidea pikutara?

Etxeko telefono finkoen desagertzeak mugikorraren presentzia mugagabea ekarri du. Gehitu horri azken urteetan zabaldutako mugikorrek bi kamera dituztela –bata aurpegira begira, bestea herritarra ikusten ari denari irekita–. Gaur egun kamerak daudela milioika etxetako lekurik intimoenean ere, herritarrek bolondreski sartuta. Mahai gainean telefono mugikor bat jartzen den aldi bakoitzean, mikrofono bat jartzen da edozer entzuteko moduan –urrutitik erraz asko piztu daitekeena, edo beti piztuta dagoena–. 2011. urtean, orain zazpi urte, hauxe genioen ARGIAn Iphone, Android edo Blackberryak, kontrol sozialerako tresna bikainak artikuluan, Wikileaksek argitaratutako informazioan oinarrituta:

“Zure mugikorra itzalita egon arren, non zauden seinaleak bidaltzen ditu. Zenbait enpresak mugikor horrek entzuten duen edozer soinu deszifratu eta horren atzean zein pertsona dagoen identifikatzeko teknologia garatu dute, hala nola, SS8 enpresak AEBetan, Hacking Team-ek Italian eta Vupen izeneko batek Frantzian”.

Internetera konektatutako telebista inteligenteen fabrikatzaile nagusietakoa den Vizio enpresak (Kalifornian kokatua, AEB), aitortu behar izan zuen orain bi urte bere telebistek erabiltzaileak zelatatzen zituztela: erabiltzaileek zer ikusten zuten erregistratzen zuen, nolabait, ikusentzunezko aisialdian pertsona zehatzek zer gustu dituzten zehatz-mehatz ezagutzeko aukera emanez. Informazio hau publizitate enpresei saltzen zaie Facebook, Google eta bestek egiten dutela ikusten denez.

Noraino heltzen da elkar zelatatzea? Maiatzaren 3an argitaratu zenez, Pentagonoak debekatu egin die base militarretan dauden bere soldaduei Txinako Huawei and ZTE telefono markak erosi eta bertan sartzea, Txinako Gobernuak zelatatuko dituen beldurrez.

Ignacio Ramoneten liburura etorrita, guzti honek herritarren bizitza pribatuaren erabateko inbasioa esan nahi du bere ustez. Wired aldizkariko kazetari ohi eta 3Drobotics enpresaren sortzaileak, adibidez, uste du etorkizun hurbil batean, droneak asko zabalduko direla. “Gure buru gainean milioika kamera izango ditugu hegan”, zioen El País egunkarian eman zuen elkarrizketan. Drone hauen bilaketa “pattern of life” edo bizi ereduan oinarrituko da: norbaitek “arriskutsua” den pertsona baten antzeko pauta batzuk ageri baditu “bisualki”, seinalatua izango da.

Guztiak gehiegizkoa dirudi 2018 urte honetan, baina oharkabean igarotzen diren albisteetan erreparatuz gero, industria militarra norabide horretan doala jabetuko da bat. Maiatzaren 16an ondorengo albistea argitaratu du Ser irrati kateak, bideo eta guzti: “RoboFly: Inolako bateriarik behar ez duen lehen eulirrobota aireratu da”.

Munduko herritar guztien datuak?

Baina fisikoki nola gordetzen da milioika lagunek sortzen duten horrenbeste informazio? The NSA is building the country’s biggest spy center (watch what you say) erreportaje mamitsuan –NSA herrialdeko espia zentro handiena eraikitzen ari da (kontuz zer diozun) euskaraz– horri erantzun zioten Wired gunean. 2014tik funtzionamentuan da Utah Data Center izeneko munduko datu gordailurik handiena, milaka zerbitzarirekin eta komunikazioak filtratzeko eta enkriptatuta doazenak hausteko ardura duten milaka langilerekin.

2017ko abenduan, munduan bizi diren 7.500 milioi pertsonatik 4.156 milioi Internetera konektatuak zeuden Internet World Stats-en arabera. “Jende guztia da helburua, komunikatzen duen edonor da helburua”, zioen Wired-eko erreportajean NSAko langile ohi batek. Imaginatzen al dugu munduko herritar guztien datuak etengabe dituen egitura bat? Ba al du zerikusirik honekin orain gutxi Facebookeko sortzaile Marc Zuckerberg-ek esandakoa, Internetera konexioa giza eskubidea behar lukeela eta mundu osoko herritarrei bermatu behar zaiela?

Informazio gehiegi

The Human Condition liburuan, Hannah Arendt filosofoak dio bizitza pribatua desagertzea kalamitate izugarria litzatekeela. Pertsona libreen amaiera litzateke, eta gizartea totalitarismo forma berrietara eramango luke bere ustez. Horren aurrean, zelatatze masiboaren arriskuak benetan ulertzen direnean hartu ahal izango dira estatuen burujabetza eta pertsonen pribatutasuna babesteko neurriak.

1948an Orwellek erabateko kontrola irudikatu zuen 1984 lanarekin. Diktaduren obsesioa da kontrola, eta berak ez zuen bizi izan hau. Ignacio Ramoneten ustez, “gaur egun Orwellek irudikatu zuena bizi dugu, baina demokrazia deituta”.

Internet ere, hasieran askatasun iturri izandako eremu deszentralizatua, goitik behera aldatu da. Egun, oligopolio gutxik botere kontzentrazio imajinaezina daukate eta bizitza pribatuetan sartzeaz gain, –euskaraz bizitzeko arrazoi gehiagoren bila genbiltzan?– informazio jarioa kontrolatzeko gaitasuna ere badute. Horren adibide izan daiteke, Euskal Herriko Facebook orririk arrakastatsuenetako bat, 300.000 jarraitzaile zituen Muy Bastas ezabatu izana apirilaren 27an, Sanferminetan taldean egin zuten bortxaketari buruzko Irantzu Varelaren txio feminista batzuk zabaltzeagatik. Urteetan pilatutako komunitatea eta sarean eragiteko gaitasuna, bost minututan eta azalpenik gabe, zaborretara. Muy Bastas returns orriarekin erantzun dute ekintzaileek.

“Gobernuak edozer gauza egingo du bere burua “etsai nagusitik” babesteko. Eta edozein gobernuren “etsai nagusia” bere herria da. Enpresa pribatu handiek herritarren bizitzarekiko kontrol absolutua babesten saiatuko diren bezala”, uste du Noam Chomsky hizkuntzalari, filosoko eta ekintzaileak.

Enkriptatu, defendatu

Ez al da bizitza pribatua gure askatasunaren parterik handiena? Ez al gara informazio gehiegi ematen ari? Zer egin honen aurrean?

Ignacio Ramonetek L’Empire sous Surveillance liburuan kapitulu bat eskaintzen dio gaiari. Mezuak enkriptatzea edo kodifikatzea da autodefentsa neurri nagusia adituek diotenez. Ondorengo zerbitzuak zerrendatzen ditu liburuan: Signal, Telegram, Wickr, TrueCrypt, ProtonMail eta Threema. Baita TOR nabigatzaile anonimoa ere. Wired hedabide espezializatuan jaso izan dute NSAk aitortu izan duela ez dela gai mezu enkriptatu asko deszifratzeko, hauen konplexutasun mailaren arabera.

Gaian hasiberriei zuzendutako Smartphones: Guía básica de privacidad, anonimato y autodefensa digital para novatxs liburuan ondorengo gaiak lantzen dituzte: mugikorrerako nabigatzaile seguruak, sare sozialak, email zifratuak, pasahitz seguruak nola sortu –batetik esaldiak erabiltzea pasahitz gisa; bestetik, inoiz ez pasahitz bera bi lekutan–, momentuko mezularitza aplikazioak eta zerbitzu hauen hornitzaile etikoak.

Autodefentsaz gain, kontraerasoa antolatzen saiatzen ari dira mundu osoko ekintzaileak ere: eskubide digitalak bermatzera zuzendutako Interneten Aldarrikapena proposatzen ari dira, NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren antzeko zerbait.

“Estatuaren zelatari aurre egitea, errugabe zarenean, borroka politiko bat da. Zeure burua babesten ikastea lehen pausoa da. Gero, gerrilla digitalera pasa behar da: espiak engainatu, itsutu, gure Interneteko konexioak disimulatu, gure e-postak zifratu, gure mezuak babestu. Helburua da algoritmoak erotzea, salatari digital sekretuak gu kontrolatzeko ez gai izatea”, dio Ramonetek.

Badakigu, beraz: egunero sarean zentzurik gabeko bilaketak egitera.

Latuff marrazkilariaren ironia.

 


LARRUN
2018ko maiatzaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Askatasunaren Ontzidiak blokeoa apurtu eta laguntza humanitarioa sartu gura du Gazan

Munduko dozenaka erakundek osatzen dute Askatasunaren Ontzidia eta bere helburua da 2007az geroztik Israelek Gazari jarritako blokeoa haustea. Iragan urriaren ondoren blokeo hori erabat areagotu da, eta flota horrek Gazara iristeko saioa egingo du datozen egunetan.


Eguneraketa berriak daude