"Legedia aldatu behar da, espekulazioa sustatu ordez, zigortzeko"

  • Filosofia ikasketak dituen arren, kaleko borroketan eskolatutakoa da Gala Pin (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1981). 2003an utzi zuen jaioterria Bartzelonako auzo mugimenduetan murgiltzeko, eta 2015eko maiatzetik Bartzelonako Udalean En Comúko zinegotzia da.

“Mireia Vehí, Gabriela Serra eta Eulàlia Reguant bezalako emakumeak zeudelako zerrendetan bozkatu nuen CUP 2015eko irailean”. (Argazkia: Jordi Borrás)
“Mireia Vehí, Gabriela Serra eta Eulàlia Reguant bezalako emakumeak zeudelako zerrendetan bozkatu nuen CUP 2015eko irailean”. (Argazkia: Jordi Borrás)

MK Premium enpresak TV3 eta Facebooken egin zenituen adierazpenengatik irain eta kalumnia delituak egotzi dizkizute. Apirilaren 17an deklaratu zenuen. Nola joan zen?
Nire adierazpenek islatzen dituzte  Bartzelonan etxebizitzen espekulazioan nagusi diren dinamikak. Zinegotzi naizen heinean, herritarrei MK Premium bezalako enpresek baliatzen dituzten engainuak ezagutzera emateko eskubidea eta betebeharra dut.  Auziaren artxibatzea eskatuko dugu, irain eta kalumnia deliturik ez dagoelako. Epaileak artxibatzea onartzen badu, amaituko da, eta bestela, froga gehiago aurkeztuko ditugu.

Deklaratzera joan aurretik, 3.000 euroko kalte-ordaina eskatu zizuten, adiskidetze egintzaren bitartez.
Horretarako ezinbestekoa zen barkamena eskatzea, eta noski, uko egin nuen. Orain, aldiz, ez dute zifrarik jartzen: azaltzen dute nire adierazpenek galdera ekonomiko handia ekarri dietela, eta beraz, zenbatu beharko dela. Argi dago, 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatuko dutela.

Bartzelonan etxebizitzen espekulazioari lotutako praktika horiek geroz eta ohikoagoak dira. Nola eragotzi daitezke?
Arazo nagusia da, MK Premiun bezalako enpresek praktika txarren bitartez baina legediaren baitan joka dezaketela; eta enpresa batek, etxebizitzen negozioaz informazio gehiegirik ez duen solaskide bat kontratu etena sinatzeko konbentzitzen badu, legezkoa dela. Ezinbestekoa da legediaren aldaketa, espekulazioa sustatu ordez, zigortzeko. Hori ez da ameskeria, Europako hainbat herrialdetan egiten dute. Etxebizitza lehen mailako beharra da eta ez salerosgai bat.

Ada Colauren aginduetako bat izan zen herritarren etxebizitza ziurtatzea. Aldiz, 2017an 2.500 kaleratze egon ziren. Zein izan dira zailtasun nagusiak?  
Kaleratzeen zifrek behera egin dute, baina nahi baino gutxiago. Arazo nagusia da, kaleratze gehienak alokatze kontratuetan dutela jatorria. Beraz, legea aldatu beharra dago, baina, zoritxarrez Madrilgo Gobernuaren ardura da hori. Kontuan hartuta duela gutxi, alokatzaileen eskubideei mesede egitetik urruti, jabeen interesen aldeko lege proposamen berri bat onartu dutela Kongresuan, hobetzeko aukera gutxi ikusten dugu. Beraz, Estatuak arazo honen irtenbiderik ez badu aurkitzen, eskuduntzak gure esku utzi beharko lituzke. Baina ez dago modurik, legedi bat dugu hiru urtetik behin alokairuaren bereizkuntzarik gabeko igoerak bermatzen dituena.

Argazkia: Jordi Borrás

Kritika zaparrada jaso duzu, zinegotzia izan eta Twitterren herritarrak deitzen dituzulako kaleratzeak etetera...
Giza eskubideetan gobernu guztiek ditugu eskuduntzak, horregatik egiten dut; eta beraz, zerbitzu publikoen bitartez sustatzen ditugun baliabideak motz gelditzen badira, bateragarria da hiritarrei dei hori egitea. Jende askok ez ditu ezagutzen kaleratzeen erantzule nagusiak eta gobernua higatzeko saiakerek ez dute etenik izan erakundeetara iritsi ginenetik.  

Barcelona en Comúko zinegotzia izanik CUP bozkatu zenuen 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetan. Zergatik?
Mireia Vehí, Gabriela Serra eta Eulàlia Reguant bezalako emakumeak zeudelako zerrendetan. Niretzat ezinbestekoa zen ustelkeriaren kontrako  apustu argia egiten zuen zerrenda hori babestea. Edozein modutan, gehiago egin nuen pertsonei balioa emanez, proiektuari baino. Erakunde politikan garrantzitsua da hori mantentzea.

Comúnak eta CUP, hala ere, ez daude hain urruti. Ardatz nazionalak urrundu ditu...
CUP kritikoagoa izan da politikoki gertu zituen Comúnekin, sistematikoki PPrekin itundu eta ustelkeriaz blai zegoen JxSí-rekin baino. CUPek egiten dizkigun kritikak gehiago dute zerikusia autoerreferentzialtasunarekin, aldaketa borondatearekin baino.

Partaidetza saileko zinegotzia zara. Zuzeneko demokrazia sustatu eta  Bartzelonako elkarteek proposatutako multikontsultak jokoz kanpo utzi zuen CUP apirilean. Zergatik?
Ezin dut CUPen jarrera ulertu. Hala ere, erratu zirela aitortu dute eta ospatzeko modukoa da, gutxitan gertatzen baita politikan. Egitasmoa sustatu zuten herri elkarteek salatu zuten haien jarrera eta osoko bilkura errepikatzea eskatu dute.

Zein irakurketa egiten duzu orain arte egindako lanaz?
Agintaldi bizia izan da: sei hauteskunde egon dira, azken 30 urteetako atentatu terroristarik bortitzena izan dugu, Generalitatearen esku hartzea gero, urriaren 1eko erasoa, 155. artikuluaren aplikazioa, eta oraintxe bertan, gobernua osatzeko adostasunik aurkitzeko gai ez diren alderdi politikoak Parlamentuan. Hala ere, kontakizunari dagokionez, ezkutatuta gelditu diren politika berriak sustatzeko gai izan gara, eta, aspaldikoak ziren herritarren eskakizunen zerrenda bat egingo bagenu, asko eta asko ase ditugula ikusiko genuke.

Kanonei uko

“Bartzelonako Udaleko zinegotzia izan eta neure herriarentzat lan egitea pribilegio bat da. Hiru urte hauetako esperientziaren ondotik esan dezaket baietz, erakundeak mugak dituela. Baina herritarren eskakizunei erantzun eta gauzak aldatzea posible da, batez ere, gobernua osatzen dugunok hamaika borroketan hartutako eskarmentuari esker. Okerrena, politika instituzionala izan da, alderdi interesen logikak ulertzea izugarri kosta zait”.


ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude