Mila berrehun karakteretan ezin da hamar gauza pulamentuz esan. Erabaki beharra daukazu esan nahi duzun hori, eta kondentsatu. Orduan, aldarte nekatuen eta gogo nahasien garaiotan zerbait handia esan nahi eta, sinekdoketxo homeopatikoak sortzen saiatzen zara etengabe.
Aipatzen duzu Seaskaren auzia eta nola eskola bidezko hizkuntza ezagutza duina bermatzen duen eskola eredu bakarra ito nahi duen Frantziak. Edo nola Berdintasunezko etorkizun baten alde manifestazioa egingo den laster Iruñean, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika diskriminatzaileen aurka. Nola Gorka Urbizuk ez dauzkan hamar mila euro aurreztuta bankuan edo nola orain Donostiako Zinemaldiaren nortasun grafiko berria SSIFF den. Edo aipatzen duzu nola azken 1.200 karaktereak idatzi zenituenetik gizon batek bere bikotekide ohia autoarekin harrapatuta hil duen Donibane Garazin, bigarren batek bikotekidea eskopetaz bota duen Bidarten, eta hirugarrenak lepoa moztu zion bikotekide ohiari Gasteizen, haren ama ere hilaz, bide batez.
Eta saiatzen zara esan nahi duzun hori esateko modua aurkitzen, hori gabe ez baitute zentzurik testuek –ez laburrek eta ez luzeek–. Eta batzuetan iruditzen zaizu asmatu egin duzula eta gehienetan ez. Eta hitz egingo nizueke gehiago honetaz, baina, gehiegi luzatu naiz dagoeneko eta karaktereak falta zaizkit.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.