"Diskurtso baten bidez azaldu ezin dena komunikatzeko balio du musikak"

  • Gezurra badirudi ere, ez dira urte asko itzultzaile lana utzi eta kantatzen ikastea erabaki zuela. Marcel Bagés eta bere gitarra lagun, 45 cerebros y un corazón LP txalotu bezain saritua kaleratu zuen iaz. Bira etengabean ari dira geroztik. Leioan eskaini duten kontzertuaren aurretik elkartu gara solasaldirako.

Marcel Bagés eta Maria Arnal momentu onean daude: argitaratu duten lehenbiziko diskoarekin ezusteko oihartzuna lortu dute (argazkia: Dani Blanco).
Marcel Bagés eta Maria Arnal momentu onean daude: argitaratu duten lehenbiziko diskoarekin ezusteko oihartzuna lortu dute (argazkia: Dani Blanco).

Marcel Bagés soinu probak egiten utzita etorri da hitzordua jarrita genuen tokira Maria Arnal abeslari kataluniarra. Nekatuta dagoela esan digu, baina elkarrizketa hasi orduko, bizi-bizi nabaritu dugu guk. Ez da badaezpada isilik geratzen den horietakoa.

Memoria da disko osoa lotzen duen harietako bat, baina hala ere, azpimarratu izan duzu ez dela memoria historikoari buruzko lana.

Musika tradizionalari ikuspegi nostalgiko eta erromantikotik begiratzen zaio askotan. Guk ez dugu horretan geratu nahi izan. Fonoteka digitalizatutako artxiboekin eta landa-grabaketekin egin dugu lan, baina museotik atera nahi izan ditugu abesti horiek, gaur egunera, eta batez ere, gurera ekarrita, erabilgarriak izan daitezen. Ezaugarri bereziak dituzten abestiak dira, egile indibidualik gabeak, eta horrek baimendu digu nahi beste moldatu eta egokitzea. Egin ditugun abesti guztietan badago memoriara gaur egunetik hurbiltzeko modu konplexu eta pertsonal bat. Hori oso argi adierazten du diskoaren izenburuak berak: “45 burmuin eta bihotz bat”. Duela hiru urte hobi batean momifikatuta aurkitu zituzten gorpuez hitz egiten du. Baina guretzat horretaz hitz egitea ez da memoria historikoa lantzea, orainaldiari kritikoki begiratzea baizik.

Ez da ohikoa gai horri heltzea…

Badago Trantsizio garaitik datorren kontakizun bat dioena zauriei utzi behar zaiela ixten, ez dela atzera begiratu behar… Horren guztiaren ondorioa dira Europako alderdirik ustelena gobernuan egotea, gaur egungo zentsura, eskubide-urraketak… Eta okerrena da orokortzen eta normalizatzen ari direla urraketa horiek. Halako gaiez ez hitz egitea, edo musikatik kanpoko gaietan ez busti nahi izatea ez dator bat gure proiektuarekin. Gure lana edo proposamena ez da abesti zerrenda baten interpretazioa soilik. Guretzat orainaldia ulertzeko begirada zabaltzen duen zerbait da musika. Diskurtso baten bidez azaldu ezin direnak komunikatzeko balio du.

Zentsura aipatu duzu. Horrek auto-zentsura ere badakar hainbat artistarengan. Zuen kasuan ordea, ez dirudi hala denik. Proiektu musikalaren aitzakian, toki askorik izaten ez duten gaiak eraman dituzue hedabideetara.

Nik asko errespetatzen dut sortzaile bakoitzaren hautua; egin dezala norberak nahi duena. Baina hori esanda, ni bide honetan kokatzen naiz, musikari eta artista gisa nire interesa hori delako: kontzeptu eta emozio batzuen bidez eragitea, posible den neurrian, errealitatea eraldatzeko. Ahaztu egiten bazaigu ere, errealitatea denon artean eraikitzen dugu.

Nostalgikoek garai bateko protesta abeslarien oinordekotzat hartu zaituztete. Eroso zaude horrekin?

“Guretzat, hobietatik ateratzen dituzten gorpuez hitz egitea
ez da memoria
historikoa lantzea, orainaldiari kritikoki begiratzea baizik”

Protesta-abestien etiketa jarri digute, bai, baina uste dut aurreiritzietan oinarritutako etiketa horiek ez dutela mesederik egiten. Oso pentsamendu mugatzailea dago etiketen premia horren atzean. Askoz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa da deskribapen horien mugetan aritzea, errealitatea konplexua eta irekia delako. Ikuspegi kritiko batekin egindako musika mendebaldeko momentu historiko jakin batekin lotzen da; espainiar estatuko “protesta” abestiak, adibidez, Trantsizioarekin lotzen dira, kantautoreekin, gitarrarekin… Baina gaur egun, hip-hop-ak adibidez, antzeko funtzioa du: orainari begiratzen dio modu kritikoan, eta zalantzan jartzen ditu botere egiturak eta pribilegioak. Ez nuke esango ikuspegi kritiko batetik egindako musika desagertu denik, beste forma batzuk hartu dituela baizik.

Niño de Elche musikariak sorkuntzaren indar eraldatzailea edukietan baino, egiteko moduetan dagoela aldarrikatzen du. Bat zatoz?

Bai, noski. Feminismotik ikasi dugu pertsonala eta intimoa dena ere eraldaketa espazioa dela. Gure proiektuaren oinarrian zaintza dago. Ez bagenu elkar zainduko, daukagun talde txikiarekin eta hain bira luzearekin, ez litzake jasangarria izango. Egiteko moduetan ere ahalegintzen gara beti zintzotasunez jokatzen, ezkutuko kalkulurik gabe. Kontraesanei ere ez diegu beldurrik: proiektua asko hazi da eta gure bizitza eraldatu du, ez gaude hasi ginen leku berean. Saihestezina da momentu batzuetan ikustea gauza batzuk ez datozela bat hasieran egiten zenuenarekin, baina horregatik da garrantzitsua zure buruarekin eta besteekin zintzoa izatea.

Asko galdetzen dizuete kontraesanengatik, halako proposamen batek arrakasta izatea susmagarria balitz bezala…

“Purutasuna ez da existitzen eta guk kontraesanak gurekin
izan ditugu abiapuntutik”

Purutasuna ez da existitzen. Guk landu dugun musika tradizionala bera ere gauza askoren nahasketa da. Bizitza errealean ere joko horretan gabiltza, elementu askoren arteko orekan. Europarrak gara, zuriak, pribilegioz josiak… Kontraesanak gurekin izan ditugu abiapuntutik bertatik. Garrantzitsuak eta zintzoak iruditzen zaizkigun gauzak esaten ditugu. Zenbat eta jende gehiagok konektatu horrekin, orduan eta hobeto.

Jendea ez da duen indarraz ohartzen. Hala dio zuen abestietako batek.

Joan Brossa-ren poema bat da, esaldi hori behin eta berriz errepikatuz hasten dena. Asko gustatzen zait esaldia, eta ez soilik ikuspegi kolektibotik begiratuta, baita indibidualetik ere. Denok dugu gure barruan gu geu boikotatu eta ahultzen duen ahots bat. Niño de Elchek dioen moduan, barruan dudan kapitalistaren kontra borrokatzen dut nik. Norberak bere buruarengan konfiantza izatea garrantzitsua da, konfiantza hori kolektibora ere eraman ahal izateko. Zuzenekoetan, inflexio puntua izaten da abesti hau.

Argazkia: Dani Blanco.

Maila pertsonalean, afizioa zena ofizio bihurtu duzu, eta gauza asko aldatuko zituen horrek. Oraintxe siesta bat egiteko premia aipatu diguzu, baina hemen egon behar, elkarrizketa egiten…

Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait elkarrizketa siesta egitea baino. Benetan sinestezina da gertatu zaiguna, oso zorioneko eta esker oneko sentitzen naiz, etengabeko salbuespen egoera batean banengo bezala. Zaila da horrelako zerbait gertatzea. Lagun asko ditut, neskak gehienak, sekulako talentua dutenak eta etengabe beren buruari balioa kentzen diotenak. Ni itzultzaile lanetan nenbilenean ere ez nuen uste ondo abesten nuenik, eta begira non nagoen orain. Nahi nuke nire bide honek balio izatea haientzat, ikus dezaten posible izan daitekeela. Nahikoa boikotatzen gaituzte bestela ere, ez dezagun guk gure burua boikotatu.

“Ikuspegi kritiko batetik egindako musika ez da desagertu, beste forma batzuk hartu ditu”

Zer da Compartir Dóna Gustet, eta zenbateko eragina izan du zuengan?

Kolektibo bat da, ahozko tradizioko musika eta sareko lizentzia libreak lotu dituena hainbat proiekturen bidez. Bertan lanean aritu nintzen ni, hedabideekin harremana eta komunikazioa jorratzen. Kolektiboa bultzatzen duen pertsona Marc Sempere da, eta berak jarri gintuen Marcel eta biok harremanetan. Proba egin genuen, eta gaur arte iritsi gara batera. Eragin handia izan du, beraz. Asko ikasi genuen bertan Creative Commons lizentziez, eta gure lanak ere lizentzia horrekin eman ditugu argitara.

Denbora asko da bira hasi zenutela. Baduzue sortzeko tarterik?

Zaila da, baina ezinbestekoa. Birak urtebete iraun behar zuen, baina izan duen arrakasta ikusita, luzatu behar izan dugu. Baina ez genuen sentitu nahi aspaldi sortutako zerbait errepikatzen ari ginenik. Horregatik birpentsatu dugu zuzenekoa, orain egiteko gogoa dugunaren antza handiagoa izan dezan.

Bigarren diskoari begira bide berriak urratzeko asmoa omen duzue.

Gure prozesua eta lan guztia batzen duena esperimentatzeko grina da. Hasieran horretarako abiapuntua landa grabaketak izan ziren, besteak beste abesti horiekin hasi nintzelako ni kantuan ikasten. Bide hori asko landu dugu, eta gugan dago nolabait. Baina aldi berean, hogeita hamar urte inguru ditugu, musika asko entzuten dugu eta badugu beste bide batzuk lantzeko gogoa. Zerbait elektronikoagoa nahi dugu egin, baina beti ere soinu eta oinarri horiek gure instrumentu propioekin sortuz. Horretan gabiltza orain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude