Zapalduenek plaza hartu zutenekoa

  • “Nondik edo handik lehertu behar du”, “iraultza baterako baldintza objektibo guztiak daude”, “jendea bizitzeko hain larri egonik, nola ez du kaleak irakiten?”. Ezkerreko gizarte mugimenduek bilatzen zuten bizi baldintzak zukutzen ari den kapitalismoari kalean planto egiteko modua. Eta M8 Grebarekin gertatu da: gainezka egin du kaleak. Ezer ez da kasualitatea izan, eta aldi berean, inork aurrez irudikatuko ez zuena gertatu da, masa mugimenduetan ikustera ohitu garenez. Mugimendu Feministak tresna oso zorrotza estreinatu du grebarekin, eta hurrengo urtean are eraginkortasun handiagoa irabazteko eremua zabaldu zaio begi-aurrean.

Donostiako protesta ekintzetan, adin guztietako emakumeak. Argazkia: Dani Blanco.
Donostiako protesta ekintzetan, adin guztietako emakumeak. Argazkia: Dani Blanco.

Denetan zapalduenak, emakumeak, dira greba honetan altxatu. Eta azken urteetan herriz herri militanteen sarea josten eta kalea mobilizatzen lanik handiena egin duen mugimenduak lortu du eguneroko bizitza gero eta zailago zaion gizarte oso baten haserrea bideratzea: “Gora borroka feminista!” lema (eta euskaraz) da 200.000 herritarrek gehien oihukatu dutena. Egun Euskal Herrian den borrokarik transbertsalena dela bistaratu da M8an, alderdi ia denetako oinarri soziala, eta bozkarik ematen ez duen jendea ere elkartu baitu kalean. Urtez urte egun hori kalean bizi izan duten aspaldiko feministek “historikoa” eta “inflexio puntua” hitzekin definitzen zuten momentuaren indarra.

Mugimendu Feministak hurrengo urteetan are eragin handiagoa izan dezakeen tresna zorrotza estreinatu du aurten: Greba egitea, horrela praktikan frenatuz gizarte kapitalista eta patriarkala, bere oinarri guztietan aldi berean traba eginez: alegia, lantokietako produkzioan, etxeetako zaintzan, merkatuko kontsumoan eta pentsamenduaren eta ikasketen eremuan. Borroka molde horrek herritar bakoitzari zuzenki eragiten dio egun oso batez bere bizi baldintzetan, eta horrek ematen dio hainbesteko botere iraultzailea grebari: hasi gai hauetan sekula bi aldiz pentsatu ez duten gizon-emakumeetatik eta bukatu ideien munduan “aurrerakoi” sentitzen diren gizon eta emakumeetara, diskurtsoetatik praktika zehatz eta soil horretara pasatzerakoan, ezintasunekin egin dute denek topo, berdintasunaz dagoen espejismoa lurrundu da, diskurtso politikoki polit oro pitzatu zaigu, eta nork bere eguneroko kaiolen barroteekin eta pribilegioekin egiten du topo.

“Kaos”aren indarra

Greba egingo duzu edo ez? Eztabaida zabaldu da herri denetako kale izkina bakoitzeko herritarren artera. Greba borrokarako tresna zorrotz bihurtzeko gakoa izan da, lehen urte honetan, zentzu politiko osoz kargatutako “kaosa”: alegia, ziurtasun bat soilik aldarrikatu izana, “emakumeok planto egingo dugu”; eta horrek askatzen dituen arazoei inolako konponbiderik aurrez ez ematea. Herritar eta eragile bakoitzak bilatu behar izan ditu sortu zaizkion galdera, arazo eta kontraesanen erantzunak. Horrek ekarri du praktika oso ezberdinak lantzea oinarrizko helburuari erantzuteko: nola bistaratu emakumeek eremu guztietan egiten duten lana? Baina eragile bakoitzak emandako erantzuna bezain indartsua izan da praktika zehatz horretara iristeko bidean eztabaidatu diren oinarriak, landutako arrazoiak, bakoitzak bere ekintzei emandako zentzua, politizazioa. Eragile bakoitza bere lekutik estrategikoki pentsatzen eta ekiten jarri du greba honek.

Lanketa ideologiko honek bideratu ditu, hein handi batean, goizez zein arratsaldez deitutako mobilizazioetara. Aurtengo M8 borroka eguna izan da, aurreko Emakume Egunekin, krabelin moreekin batera zorion mezu ñoño bezain hutsak banatzen ziren haiekin zerikusirik izan ez duena. Eta aurtengo M8 lanaren kontzeptua erabat eraldatu eta edukiz bete duen langileen borroka izan da, jai huts bihurtutako M1eko Langileen Egunarekin zerikusirik izan ez duena.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: Aritz Loiola / Argazki Press.

“Euskal Herri feminista eraikitzera”

Mezu oso zuzenak eta zorrotzak entzun ziren mobilizazio guztietan, eta Mugimendu Feministaren azken urte luzeetako lanak jarraitu dituzten herritarrek oso erraz lotu dituzte aldarri horietako bakoitza planteamendu politiko oso batekin. “Ez gara protesta hutsean ari. Proposamen politikoak ditugu oinarrian. Euskal Herri feminista eraikitzera goaz! Ez gaituzte geldituko Euskal Herri feminista eraikitzea lortu arte!” mezu hori izan zen jendetzarik handiena batu zuen Bilboko manifestazio osteko ekitaldiko amaierako mezua. Mundu mailan ezker eraldatzaileak sinatuko lukeen diskurtsoa da M8ko Grebak egun horretan gizarteratu duena: Sistema kapitalista eta patriarkala hain garbi seinalatuta, bere kalteak errealitateko datuekin bistaratuta eta guztientzako bizimodu ona lortzeko planteamendu politiko osoak gizarteratuta. Horri gehitu Euskal Herriko hiriburu eta herri guztietan, euskara izan dela ardatza edo hizkuntza nabarmenki nagusietakoa, eta zehatz definitu dela zein den feminismotik eraiki beharreko “gure” eremua, zazpi lurraldeko Euskal Herria.

M8az geroztik oso agerian geratu da, Feminismoak daraman borroka izendatzeko “ertzak” hitza antitesia dela. “Oinarria” da Feminismoak dantzan jartzen duena, gaurko bizimoduaren, munduaren, sistemaren, herriaren (egun dugunaren edo eraiki nahi dugun herri horren) “oinarria”. Inoiz ez da izan “ertza”. “Ertza” edo “zentroa”, beste eragileek (indartsuenak hedabideak eta alderdi politikoak izanik) Mugimendu Feministari eta mugimendu honek planteatzen dituen gaiei ematen dieten lekua da, izatekotan. Baina hori, berez, gehiago da hedabideen eta alderdi politikoen arazoa. Honezkero Mugimendu Feministak, planteamendu politiko eta mezu hain garbiekin, M8an lortu duen transbertsalitateak txiki utzi baititu beste edozein eragileren proposamen politikoek kalean duten herritarren atxikimendua.

Gasteizko manifestazioa. Argazkia: Arabako Alea.

“Hau hasi besterik ez da egin”

Greba feminista gainerako greben alderantzizkoa izan da: ohiko langile grebek lortu izan dute greba orokorrak izatea, eta langileen % oso handi batek praktikan egun horretan lan egiteari uztea. Baina greban dagoen langileria horren zati oso txiki bat da mobilizazioetan aktiboki parte hartu izan duena.

M8ko Greba, lehen urte honetan, deialdi aldetik oso anitza izan da, baina lantokietan nagusitu dena ordu batzuetarako lanuztea izan da. Eremu bakoitzean praktikan benetan greba egin dutenen kopurua askoz ere txikiagoa izan da kaleetan mobilizatu dena baino. Herritarrengan lortu duen aldekotasun jarrera orokorra eta erabatekoa izanik, hurrengo urterako erronka hauxe pausatu zaigu denoi mahai gainean: nola lortu greba orokorra izatea praktikan, bai enpleguan, bai hezkuntzan, bai kontsumoan eta bai zaintzan? Eguneroko bizitza berriz dantzan jarriko digun hurrengo M8 are indartsuago bat sumatzen da aurtengo M9tik bertatik. Mugimendu Feminista are indartuago atera da mobilizazio honen ostean eta hurrengo urterako zabaldu zaion aukera baliatzen jakingo duela konfiantza irabazia du herritarren artean. Hurrengo urteko grebak inor ez du ezustean harrapatuko, eta bakoitzak bere erremintak are zorroztuago jarriko ditu praktikan.

Iruñeko manifestazioa. Argazkia: Iñigo Uriz / Argazki Press.

 

Emakumeek zaintza greba egin ahal izateko eredua Donostiako Egia auzoan

Martxoaren 2an elkartu ziren Egiako amak eta amonak, M8ko zaintza greba nola egin pentsatzeko. Ondoren, besteak beste Aitor ikastola, Arrano Kultur Elkartea eta Antxeta aisialdi taldearen arteko elkarlanak fruitua eman zuen. Zaintza greba egiteko lanketa komunitarioaren adibide onenetakoa izan da Egia auzoan prestatutakoa.

Honela prestatu zuten egitaraua auzoko Aitor ikastola publikoak, Arrano Kultur Elkarteak, Antxeta aisialdi taldeak eta beste hainbat eragilek elkarlanean:
    Aitor ikastolan:
11:00-15:00: Emakumezkoek geldialdia.
11:00-12:30: Gizonezko irakasleek zaintza.
12:30-15:00: Jangela zerbitzurik ez zegoenez, aita-aitona talde batek umeak jaso eta Tabakalerara eraman zituen bazkaltzera, ume bakoitzak bere ogitartekoa goizetik eramanda.
16:15-16:45: Aitor ikastola atarian kontzentrazioa: “Gaur ez goaz haurren bila”.
    Arrano Kultur Elkartean:
17:00-21:00: Emakumeak mobilizazioetara joateko Arrano elkarteko gizonek eta Antxeta aisialdi taldeko gizon boluntarioek umeen zaintza lanak egin zituzten.
21:00etatik aurrera luntxa Arranon mobilizaziotan egon ziren emakumeentzat.

Kalera atera ezin izan diren etxeko langileak

Saioa Iraola mugimendu feministako antolatzaileetako bati galdera Euskadi Irratian M8 biharamunean: “Zuk atzoko zein gertaera edo detaile ekarri nahi duzu gogora?”. Iraolak Zarautzen, kalean, zaintzari buruz egin zen mahai-ingurua aipatu zuen, eta Noemi, mahaikidea. Noemi etxeko langilea da, zaintza lanetan ari da, eta 24 orduz egiten du lan, interna da.

Noemi Zarauzko plazan egon zen. Bere kolektiboko ia inork ezin izan zuen kaleko aldarrikapenetan parte hartu. Katia Reimberg brasildarrak etxeko langile migratzaileekin egiten du lan eta ondokoa galdetu du: “Nola hartuko dute bada parte greban internak badira eta 24 orduko lanaldiak egiten badituzte? Oso kolektibo ahula da”. Zapalduen artean zapalduenak, ia ehuneko ehun atzerritarrak. Silvia Carrizo argentinarra ere bete-betean ari da elkarlanean etxeko langileekin. Enplegu horri lan esklaboa deitzen dio; gutxietsia, ahaztua, eta lan baldintza minimoak ere betetzen ez dituena. “Arazo handia daukagu esku artean, gure haurrak eta batik bat adinekoak zaintzeko beharra daukagu, baina familien esku utzi da erantzukizun osoa. Hemengo familiak ohitu dira etxeko langile migratzailea hartzera 24 orduz lana egiteko. Nik diot Euskal Herriko ezkaratz bakoitzean langile esklabo bat ari dela lanean. Familiak langileak lan baldintza duinetan kontratatzen hasiko balira ezingo lukete egin, diruz ezin da. Politika publikoak derrigorrak dira. Bitartean, emakume migratzailea zukutzen jarraituko da”.

Askotan esaten da beharrik handiena duenak, sokatik oso zintzilik dagoenak, ez duela oihurik egiten, ez dela kalera ateratzen. Gauza bera gertatu da M8 honetan. Hala ere, ez dira gelditu “Emakumeok planto!” esan gabe: besoko morea jantzi dute, ordu erdiz gelditu dira, eta batzuek 24 orduz zaintzen duten zaharrarekin eguneko paseoa, hain justu, protesta betean eman dute.

Emakume ez zuriak eta ikusgaitasuna

Bada grebaren aurka egin ez, baina elkarretaratzeetan parte hartu ez duenik. Arrazoia: emakume ez zuriek ikusezin izaten jarraitzen dutela, eremu askotan, baita mugimendu feministan ere. Ados dira Reimberg eta Carrizo, oso ondo ulertzen dute aldarri hori egiten duten emakumeen argudioa. Ikusgaitasuna lortzeko aurkako estrategia proposatzen dute ordea, emakumeen eskubideen aldeko borroka guztietan egon, haiek babestu, aurpegia erakutsi.

Onintza Irureta Azkune

Txaketa moreak

Feminismoaren alde sekula altxatu ez diren besoak zapi morez jantzi dira. Mugimendua gutxiesteaz arduratu diren boteredun berak dira biharamunean borroka goraipatu dutenak. Zurikeria politikoaren bi aldeak dira: atzo babesten ez zutena, gaur beraien garaipena ere bada.

Hondarribiko Udalak berdintasunean duen jarrera ezbaian jarri izan da maiz. Ezaguna da Alarde tradizionalari estimu diola, eta Jaizkibel konpainia mistoa nahiago duela itzalpean. Hala ere, M8rako idatzitako adierazpenean genero ikuspegia “pixkanaka” txertatzearen konpromisoa hartu zuen. Etxeko lanak egiteko ditu oraindik ordea: genero indarkeriaren protokolorako eta berdintasun plana garatzeko lanketak egiteke daude. Ikusteko dago irailaren 8ko Alardearen plastiko beltzak behingoz moretuko diren.

Zumaiako Udalbatzak greba feministaren harira antolatutako ekimen guztiak babestea adostu zuen EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Udalak Zumaiako emakumeei dei egin zien M8ko ekitaldietan “aktiboki”  parte hartzeko. Alabaina, aurreko egunetan mugimendu feministak grebarako deialdi moduan eginiko mural koloretsua grisez estali zuen. Oier Korta alkateak garrantzi gehiago eman dio mezua helarazteko moduari, mezuari berari baino.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza eguardian gainezka zegoen bitartean, Legebiltzarraren atean bildu ziren EAEko goi-karguak, bost minutuko elkarretaratzea egiteko. Mugimendu feministaren manifestazioa txalotu zuten euren periferia politikotik, baina ez ziren batu. Ez Gasteizen, ez Donostian, ez Iruñean, ez Baionan, ezta Bilbon ere. Mugimendu feminista historia idazten ari zen bitartean, zenbaitzuk argazki tradizionalera mugatu ziren. Jakina, gorbata morearekin.Denborak erakutsiko du, txaketa aldaketa behin betikoa ala iraungikorra izango den.

Miren Osa Galdona / Maddi Txintxurreta

973.879 gizon

973.879 gizon daude Hego Euskal Herrian 16 eta 69 urte artean. 14 urtetik beherakoak eta 70 urtetik gorakoak berriz 847.872 dira. Beraz, emakumeek 24 orduz zaintza lanei planto eginez gero, gizon bakoitzak pertsona bakarra (adin tarte horretakoek zaintza beharra izan dezaketela kalkulatuta) zaindu beharko luke. Sei orduko txandarekin, gizon bakoitzak gehienez lau pertsona lituzke bere arretapean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude