M8an planto egingo dugu ARGIAko emakume kazetariok, komertzialok eta administrariok

  • ARGIAn 24 langile gara, hamaika emakumezko eta hamahiru gizonezko. Martxoaren 8an, ARGIAko egoitzan, gizonezko langileok baino ez gara arituko lanean.

Langileon batzarra.

2018ko otsailaren 28an - 11:11

Hala erabaki du langile batzarrak. Egun horretan emakumezko kazetariek (bi kazetari egun osoz eta beste bi praktiketan) greba aktiboa egingo dugu, hain justu, grebari oihartzuna emanez eta Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutako ekintza eta manifestazioetan hartuko dugu parte. Gizonezko kazetariek (bederatzi) argia.eus-en greba feministaz informatuko dugu.

Erredakzioan askogatik gizonezkoak badira nagusi, administrazioan eta salmenta sailean aurkakoa gertatzen da. Bi sailak batera hartuta (hamar langile) bakarra da gizonezkoa. Emakumeok greba egingo dugunez eta ARGIAra deitzen duzunean egunero telefonoa hartzen duen langilea emakumea denez, martxoaren 8an gizonezkoek egingo dizuegu harrera.

M8ri buruzko langile batzarra baliatu dugu denon artean hausnartzeko gizon eta emakumeen arteko desorekez, zaintza lanez eta etxetik kanpoko ordainpeko lanez. Mahai gainean jarri da, adibidez, kazetari gehienak gizonezkoak izatea, saltzaile gehienak emakumezkoak, eta administrazioko langile guztiak emakumezkoak. Bestalde, grebarekin bat egitea aho batez onartu da, emakume langile guztiok adierazi dugu greba egingo dugula, baina greba egitea errazen ARGIAn dugula ere esan da. Izan ere, greba lantokian, ikastokian, kontsumoan eta zaintzan egitea eskatu du mugimendu feministak. Batzarrean emakume askok adierazi dugu zaintza alorrean planto egitea askoz zailagoa egingo zaigula. Eta hari horri tiraka beste mutur bat atera da. ARGIAk parekidetasuna babesten du eta bultzatzen du, ARGIAk bizitzea merezi duten bizitzak eraiki nahi ditu, eta beste makina bat enpresatan baino malgutasun handiagoz egiten dugu kale lantokian, haurrak, gaixoak, zaharrak zaintzeko, etxeko martxari eusteko…, hain ahaztua dugun bizitza horri heltzeko. Zer gertatzen da ordea, ARGIAk horrela jokatzen badu eta inguruko enpresek (ARGIAko lankideon bikotekide, senide eta lagunen enpresetan adibidez) ezikusiarena egiten badute? Zama ez da zabaltzen. Horregatik, ARGIAn lana bizitzaren parte izan dadin etengabe lantzen jarraitzeaz gain, gainerako lantokiak interpelatu nahi ditugu, haiena ere baden ardura bere egin dezaten.

Esandakoa, emakumeok planto egingo dugu. Gizonok lan egingo dugu ARGIAn, edo zaintza lanak beteko ditugu, edo biak batera, edo… Horretarako baita martxoaren 8ko greba, patriarkatuaren zimenduak astintzeko, edo sikiera egun horretan azkura egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude