Nola egin politika feminista udal batean?

  • Isabel Vallet eta Georgina Monge CUPeko kideak dira eta errepublika feminista eraikitzeko diskurtsotik praktika politikora jauzi egiten denean ikuspegi feminista nola lantzen den aztertu dugu beraiekin. CUP 32 udaletan ari da gobernatzen, eta azpimarratu digute lan asko egin bada ere, ikaragarri dagoela egiteko.

Isabel Vallet, erdian, eta Georgina Monge, eskuinean, Bartzelonako Gràcia auzoan egindako mahai-inguruan. Argazkia: Jordi Borràs.
Isabel Vallet, erdian, eta Georgina Monge, eskuinean, Bartzelonako Gràcia auzoan egindako mahai-inguruan. Argazkia: Jordi Borràs.

Isabel Vallet CUPeko militantea izateaz gain, Endavant mugimendukoa ere bada. CUP Kataluniako Parlamentura lehenengo aldiz aurkeztu zen legegintzaldian diputatu izan zen 2013tik 2015erako tarte laburrean. Georgina Monge CUP babestu zuen Crida per Sabadell alderdi politikokoa da. Alderdi hori ari da gobernatzen Sabadelleko Udalean. Justa Revolta talde feministako kide ere bada.

Hala galdetu diegu solaskideei, ea independentismoaren irakinaldiarekin batera egosten ari den indar feminista Katalunian. Mugimendu feministaren gorakada ez dute kokatu procés-arekin batera, beste bi gertaera azpimarratu dituzte: abortatzeko eskubidearen aldeko mugimendua, Alberto Ruiz Gallardón Espainiako Justizia ministro ohiak Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa aldatzea proposatu izanak eraginda; eta Parekidetasun Legea. Konstituzio Auzitegiak legea partzialki etenda dauka. Mugimendu feministak eremu politikoan aritzeko tresna baliagarritzat hartu zuen CUP. Lorpen instituzionalen ikuspegitik sinbolikoagoa izan zen lehenengo legegintzaldia eta aldiz borrokaren ikuspegitik indartsua. Valletek oso bestela azaltzen du bigarren legegintzaldia. Parlamentukoak baino, udaletako lanak hartu zuen indarra. 32 udaletan ari dira gobernatzen. Feminismoaz gogoeta sinbolikoa bigarren mailan utzi eta praktikan emakumeen bizi baldintzak hobetzeko neurriak lantzen hasi ziren. “Hori askoz zailagoa da, –dio Valletek–, zeren lan erreproduktiboez eta zaintza lanez hitz egin behar duzu, lan horiek emakumeen ardurapetik atera eta sozializatzeko neurriak hartu behar dituzu, zerbitzu publikoak aztertu behar dira, munizipalizazioak landu nahi genituen...”.

Udal feministak terminoa erabiltzen dute eta programa politikoak dioen bezala lan garrantzitsuenetako bat burujabetza berreskuratzea da. Burujabeak elikagaietan, bizitokian, energian, enpleguan, kulturan, parte-hartzean eta erreprodukzioan. Hortxe, esate baterako, udal kudeaketan aurkitzen duten zailtasun handietako bat: burujabetza horietako bakoitzak atal bat osatzen du eta genero gaiak erreprodukzioaren atalean pilatzen dira. Hala dio Mongek: “Beste burujabetza guztiak zeharkatzen ditu generoak, baina zaila egiten zaigu hori ulertzea, genero gaiak generoaren zakuan pilatzen dira”. Udaletan genero ikuspegiko politikak egiteko zailtasunak mota askotakoak dira. Udal langile askok ez dute genero heziketarik eta sarri ikasteko eta hezteko gogorik ere ez; langile gehiago kontratatzeko dirurik ez dago; Espainiako Estatuarekiko konpetentzia arazoak dituzte. Azken horri buruz adibide bat: udalak langile bat azpikontratatu nahi du eta jakin nahi du azpikontratatzera doan langilearen enpresak langile emakumezkoei eta gizonezkoei soldata bera ordaintzen dien. Bada, enpresak uko egin diezaioke informazio hori emateari, Espainiako Estatuko legediak ez du horretara behartzen. Udal politika feministak egiteko zailtasunez ari garela datu esanguratsua eman digute solaskideek, gobernatzen duten 32 udaletako inork ez du superabitik. “Zuei inbidia dizuegu”, diote.

Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta egin zuten, ikuspegi feminista landuz

Oztopoak oztopo, zein ekintza ari dira bultzatzen udaletan? Egiteko errazenen eta zailenen multzoak egin dizkigute. Errazenak: gizonentzako maskulinitate ikastaroak, jaietan sexu erasoetarako protokoloak, haurtzaindegietan koheziketa plana... Askoz zailagoak, tartean lehen Valletek aipatu dizkigun batzuk: zerbitzu publikoak diseinatzea, munizipalizazioa, udaleko aurrekontuak genero ikuspegitik lantzea...

Diskurtsoan agian ez, baina praktika politikoan eta beren antolakuntza feminizatzerako orduan gabezia handiak dituztela aitortzen dute, asko eginda bai, baina ikaragarri egiteko.

Anna Gabriel eta beste hainbat emakumeren aroa

Datu batzuk eskaini dizkigute. Ezker independentistaren militantziaren %30 da emakumezkoa, eta kopurua handitzea asko kostatzen zaie. Aldiz, azken hauteskundeetarako zerrendetan emakumeak %52 ziren eta gizonak %48. Valletek legegintzaldika egin du errepasoa. Lehenengo legegintzaldian CUPek aurpegi maskulinoa zuen, David Fernández zen buru. Alderdi politikoa saiatu zen profil publiko bakarra sortu beharrean bat baino gehiago izaten, baina hedabideen aldetik ez zen ondo hartua izan. Gainera, CUPeko bigarren aurpegia bistaratzea lortzen zutenean emakumeek ez zuten ezer irabazteko, ilaran zegoen bigarrena ere gizona baitzen. Bigarren legegintzaldian bestela jokatu dute. Buru publikoa Anna Gabriel izan da eta horretaz gain beste hainbat emakumek presentzia handia izan dute eremu publikoan. Ziur daude emakume militante kopuruak gora egin duela bigarren legegintzaldian, diskurtso feminista duelako mugimenduak eta emakumeak politika egiten ikusi dituztelako. Bestalde, Valleten ustez, ez da kasualitatea lehen lerroan egon diren emakume horiek iritzi publikoaren aldetik jaso duten tratu txarra.

2015eko hauteskundeetan, aldiz, atzera egin zuen CUPek. Lau probintzietako zerrendaburuak gizonezkoak izan ziren. Kritikak jaso zituzten eta kritikok zilegiak direla diote. Honela justifikatzen du mugimendu politikoak gertaera: ez dago kide gutxiko kontseilu exekutiborik zerrendaburuak hautatzeko, ehunka militantek aukeratzen dituzte zerrendaburuok eta horien artean gehienak gizonezkoak dira. Udaletan kargu politikoa dutenak ere gehienak gizonak dira eta orokorrean gizonek emakumeek baino botere informal gehiago dute. 2017ko hauteskundeetan, bi gizonezko eta bi emakumezko hautagai izan dira.

Gauza bat da hauteskundeetara begirako ordezkaritza sistema eta bestea CUPek etxera begira egiten duena. Antolakuntzan genero kuotak ezarriak dituzte.

Zinegotzi “autoesplotatuaren” eredua ezbaian

Politikan emakumeak aritzeko neurriez galdetu diegunean segituan heldu dio hariari Mongek, bai baitaki zertaz ari den, ia urtebeteko haurra dauka. Biltzar nazionaletan ludoteka zerbitzua edukitzen dute, ez aldiz probintzia mailakoetan, eta udal batzuetan ere ez. Bere bizitokian, Sabadellen, badu aukera hori. Gaineratu du halako neurriak amei begira hartzen direla sarri eta ez lukeela hala behar, zaintza lanak ez baitira emakumeen ardura soilik. Ama izatea eta militantzia uztartzea zaila egiten zaiola aitortu du.

2017ko abenduaren 21eko hauteskundeetan, lau probintzietako CUPeko zerrendaburuak gizonezkoak izan dira. Kritikak jaso dituzte
eta kritikok zilegiak direla diote

Mongek, Sabadelleko Udalean gertatutako adibide esanguratsua kontatu digu. Crida per Sabadell talde politikoko zinegotziek kargu politiko horren autoesplotazioaz gogoeta hasi zuten. Hau da, zinegotziak lanerako prest egon behar du urteko 365 egunetan, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 ordutan. Politikagintzan aritzeko modu bakar hori kontuan hartuz gero, ezaugarri oso zehatzetako profila, betikoa, ateratzen zitzaien: gizona, familia ardurarik gabea edo edukiko ez balitu bezala jokatzen duena, eta adinez erdi mailakoa. Nola uztartu, beraz, bizi zikloa eta politikagintza, zer egin amak, eta ez amak bakarrik, baita politikagintzarako heziketa gutxi duten pertsonak gerturatzeko? Hausnarketan ari zirela, hain justu, Berdintasun zinegotzia haurdun geratu zen bigarren aldiz. Galdera berbera egin zuen ama izango zenak: Nola izango naiz zinegotzi bigarren haurra izanda? Ez dakigu zinegotzi izaten jarraituko duen ala ez ama izaten denean. Kargu politikoaren eztabaidaren ondoren erabaki zehatzik ez dute hartu, baina gure solaskideen ustez oso garrantzitsua izan da gai hori mahai gainean jartzea. Valletek azkena eman dio gai honi: “Nik neuk emakume baten diputatu postua hartu nuen lehenengo legegintzaldian, ama izan zen eta haurrarentzat bestelako zaintza bat nahi izan zuen”. 

Bistan da bide luzea dagoela egiteko, gure solaskideek diote ikasten ari direla, eta errepublika feminista pausoz pauso eraikitzen ari direla.

Eta gizonek zer diote?


Isabel Vallet CUPeko diputatu ohiaren ustez, gizonez eta emakumez osatutako taldeek, herri mugimendu guztiek, gabezia handiak dituzte feminismoari dagokionez. Maila teorikoan ez dute hutsune nabarmenik, baina praktika politiko feministan nekeza da aurrera egitea. Emakume eta gizon militanteak gizarte patriarkaleko kideak dira eta heziketa patriarkala deuseztatzeak bestelako heziketa eskatzen du. Valletek Endavant mugimenduan ere hartzen du parte eta talde horretan militante gizonak behartuta daude maskulinitate eskolak jasotzera. CUP gauza bera egiteko bidean da.

Georgina Mongeren iritziz, gauza batzuetan oso ondo ari dira eta beste batzuetan ez. Praktika politikoan feminismoak zeharkako ardatza izan behar duela oso ondo ikusarazten ari direla uste du. Bi adibide jarri ditu, garrantzi maila oso desberdinekoak. Batetik, CUPeko ordezkari politiko gizonezkoek sarri hitz egiten dute femeninoan, eta bestetik, alderdian ez da gizonik programa politikoan feminismoa garatu behar dela zalantzan jarriko duenik. Zein eremutan dituzte erresistentziak? Bada, etxe barruko bortizkeria matxistaz hizketan hasten direnean. Mugimendu sozialetan indarkeria saihesteko ekintza planak txertatzea nekeza egiten zaie, “ez baikara ari gizarteko gizonen jarrerak ezbaian jartzen, gure mugimenduko gizonen portaerez ari gara”.  Beste eginkizun zaila politikaren ikuskera maskulinizatua desagerraraztea da. Monge ez da ari ordezkari politikoen gizon-emakume kopuruaz, feminismoa politikagintzaren zeharlerro bihurtzearen zailtasunaz baizik. Adibide bat: sozio politikoekin gobernatzen duten udaletan  genero gaiak lehen lerrora eramatea ikaragarri kostatzen zaie, inoiz ez omen dira lehentasun.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude