Abdul Saboor, errefuxiatua

"Mugetako poliziek gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin"

  • Afganistango Nangrghar eskualdekoa da, 25 urte ditu Abdul Saboorrek. Gerran jaio eta besterik ikusi ez duten gazteen testigantza gordina da. Besterik ez zuelako AEBetako armada eta NATOrentzat egin zuen lan Afganistanen, inoiz iritsi ez zen bizitza lasaia eskaini zioten eta orain, herrialde horiek mugak itxi dizkiote. Duela hiru hilabete inguru iritsi da Euskal Herrira, gudarengatik etxea utzi eta bi urtez ihesean izan ondoren.

Irantzu Pastor @irantzupastor
2017ko abenduaren 24a

Zergatik erabaki zenuen Afganistan uztea?
Oso gaztetan hasi nintzen lanean. Nire eskualdera Amerikako Estatu Batuetako armada eta NATO iritsi ziren eta sei urtez aritu nintzen haientzat lanean. Ez zegoen besterik. Al Qaedak edo talibanek lehertzen zituzten tankeak biltzen zituen lantaldeko koordinatzailea nintzen, base militarrera eramaten genituen tanke txikituak. Lana uztea erabaki nuen eta ni bezalakoentzat AEBetako armadak duen zerbitzura jo nuen. Bertan, zin egin ziguten haientzat lan egin izanagatik AEBetara eramango gintuztela, gerratik urrun, baina egun hori ez zen inoiz iritsi, beti paperak tramitatzen ari zirela erraten zidaten. AEBetako armadarentzat lanean ari nintzela jakin arren, ordura arte talibanek ez zuten inoiz nire familia ‘ukitu’. Baina kuriosoena da, AEB eta NATOrentzat lan egiteari utzi nion unetik aurrera, talibanak familiako kideak hiltzen hasi zirela. Banekien lana utzi izanagatik hilko nindutela, estatubatuarrek ez zidatela inoiz babesik emango. Amak bihotzeko gaixotasuna du, eta beraz, handik joateko esan zidan, ezingo zuela nire heriotza jasan.

Hortaz, denek nagusi bertsua dutela uler daiteke?
Honen inguruan ezin dut asko hitz egin. Aurreko galderari erantzunez, Kabulen talde batekin elkartu nintzen Afganistandik ihesean irteteko. Trafikatzaile batengana joan ginen eta erran zigun diru kantitate handi batengatik Europara 15 egunetan ekarriko gintuela. Lehenengo Pakistanera eta gero Iranera joan ginen, baina Poliziak harrapatu eta hilabete eman nuen kartzelan. Oso gogorra izan zen, jendea gosez hiltzen ikusi nuen espetxean, etengabe jipoitzen gintuzten eta preso asko hiltzen zen. Handik berriz ere Afganistanera bidali ninduten.

Hasierara buelta.
Bai, beste trafikatzaile batekin saiatzea erabaki nuen. Pakistan, Iran eta gero Turkiara iritsi nintzen. Batzuetan motorrean joaten ginen, baina gehienetan menditik oinez edo korrika pasatzen genituen mugak. Lagunak galdu genituen bidean, baina trafikatzaileek atzera ez begiratu eta korrika egiteko erraten ziguten. Turkian ginela, trafikatzaileek aldean genuen diru guztia lapurtu eta bahitu egin gintuzten, familiari diru gehiago eskatzeko. Horiei gehiago ordaindu ostean, mendiz orduak eman genituen Bulgariara oinez iritsi arte. Bulgariakoa ere oso bortitza izan zen. Poliziak hartu gintuen mugan, arropa guztia kendu eta etengabe jo gintuzten, besoa puskatu zidaten eta noski, ez ninduten medikuarenera eraman. Turkiara bota gintuzten, eta berriro muga pasatzea lortu bagenuen ere, egun gutxitara poliziek berriro ere atxilotu gintuzten eta beso puskatuan behin eta berriro jo zidaten “afganiar terrorista nazkagarria” oihukatzen zidaten bitartean. Horren ondoren, errefuxiatuen kanpamentu itxi batera eraman ninduten, baina handik ihes egitea lortu nuen.

Nola lortu zenuen?
Kartzelak bezalakoak dira, baina nahiko erraza da. Kanpamentu itxietan ere trafikatzaileak daude, gela berezi bat izaten dute beraientzat gainera. Baldintza onetan bizi dira eta kanpamentu osoak daki nortzuk diren pertsonekin trafikatzen duten horiek.

Argazkia: Irantzu Pastor

Baita Gobernuak eta Poliziak ere?
Bai, noski. Ezinezkoa da ez jakitea. Lotura zuzena dago, negozio handia da. Errefuxiatuak politikoki erabiltzen gaituzte, gure egoera erabiltzen dute poltsikoak betetzeko. Sare ilun horretan Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa da, bestela ez zen trafikatzailerik egonen.

Nola sentitu zinen Europar Batasuneko muga itxien aurrera iritsi zinean?
Niretzat askoz gogorragoa izan zen ondoan nituen lagunentzat baino. Kontuan hartu NATOrentzat 6 urtez egin nuela lan, bizitza jokatzen nuen egunero Europako hainbat armadarentzat lanean, horri esker gerratik urrun biziko nintzela esaten zidaten etengabe, brother (anaia) deitzen ninduten… hori guztia ibili zait buruan mugetan poliziek jipoitzen nindutenean edo “terrorista nazkagarria” deitzen zidatenean. Engainatua eta erabilia sentitzen naiz, ez diogu inori txintik axola. Hemengo gobernuek Afganistanen negozio ezin hobea egiten dute herrialde guztia ustiatu eta arma salmentarekin, hori da ekarri diguten bakarra eta gu beren negozio erraldoi horretako pieza hutsak gara. Afganistanen, talibanek eta Daesh-ek “musulman onak” ez garelako hil nahi gaituzte, Europar Batasunak aldiz, ateak ixten dizkigu “terrorista musulmanak” garelako.

Urte bat eman zenuen Serbian, Belgradeko barrakoietan bizirauten.
Infernua izan zen iazko negua. Hotzez ez hiltzeko, trenbideko egur zaharrak erabiltzen genituen sua egiteko, baina oso kutsakorra zen kea. Ez genuen urik, askok hazteria zuten, gaixo zeuden… mila pertsona inguru k biziraun genuen egoera hartan. Belgradeko neguko argazkiak ikusten ditudanean beti egiten dut negar.

Zenbat aldiz saiatu zinen Europar Batasuneko muga pasatzen?
Urtebetean, hogei aldiz baino gehiagotan saiatu nintzen Hungaria eta Kroaziako harresia pasatzen. Aldi guztietan, Poliziak harrapatu, arropa guztia kenarazi, elurretara bota eta beren txakurrak askatzen zituzten, hozka egin ziezaguten. Gu torturatu ondoren, selfieak egiten zituzten gurekin Serbiara bota baino lehen. Lagunak desagertu ziren, errekan itota edo hilda. Inork ez daki zer pasa zaien, gorpuak ez dira inoiz agertu, baina hau guztia Europar Batasunean gertatzen ari da, inork ikusi edo onartu nahi ez duen arren.

“Gobernuen konplizitatea eta polizien kolaborazioa ezinbestekoa zaie,
bestela ez zen trafikatzailerik egonen”

Azkenean lortu zenuen muga pasatzea eta orain asilo eskaera egin duzu.
Erakunde baten bitartez eskatu dut Bartzelonan, baina oso zaila da gaur egun asilo politikoa ematea, Gobernuek ez dute nahi gu hemen egotea. Europan eta Euskal Herrian momentuz ezagutu dudan onena herritarren elkartasuna da. Politikariengandik ez dut ezer espero. Inork baino hobeto dakit zer egiten duten Afganistan bezalako herrialdeetan, ongi dakit “demokrazia eta giza eskubideen izenean” egiten duten negozio iluna zein den.

Nola gelditu daiteke hau guztia?
Argi izan behar da azken helburua ez dela guk mugak pasatzea, ezta gu hainbat herrialdetan banatzea ere. Oinarrira joan behar da. Gure herrialdeak gerran daudelako, hiltzen gaituztelako, egiten dugu ihes. Gure herrietan eragiten dituzten gerrak gelditzeko exijitu behar zaie hemengo gobernuei. Diru asko jartzen du Europar Batasunak mugak eraikitzeko eta horiek “zaintzeko” poliziak ordaintzen. Dirutza hori gerrak bukatzeko erabiliko balute, ez ginateke errefuxiatu krisi honen aurrean egonen. Gerra eta gerraren negozioa gelditu behar dira, eta horrela, ez gara gure etxetik ihesean joan beharko. Nik argi dut, bihar bukatuko balitz Afganistango gerra, bihar bertan bueltatuko nintzateke nire herrialdera.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Errefuxiatu krisi globala  |  AEB  |  Afganistan

Errefuxiatu krisi globala kanaletik interesatuko zaizu...
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


2018-10-17 | I˝igo Igartua
Kalean bizi den jendearen zenbaketa: errefuxiatuen auziari erantzun ezean, ez espero miraririk

Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.


Grande-Marlaskak dio Irunen ez daudela berehalako kanporatzeak, "berrartzeak" baizik

Egunean pertsona bat baino gehiago kanporatzen dute berehala, hori da aurtengo bataz bestekoa Garak emandako datuen arabera eta gehiago egon daitezke.


2018-09-25 | Antxeta Irratia
"Beraiek baldin badira erabakia hartzen duten horiek, zer gutxiago, hona etortzea eta egoera ikustea"

Irungo Harrera Saretik ohartarazi digute gaur, Lakaxita gaztetxea migratzaileentzako elkartasunezko harrera gune izatetik, larrialdizko errefuxatu gune bilakatzeko arriskuan dagoela.


Bilboko harrera sareak migranteentzako baliabide gehiago behar direla berretsi du

Ekainetik errepikatu den egoera bat gurean betirako geratuko delakoan gaude, migratzaileei harrera egiten herritar antolatuak. Ekaina amaieratik, pateran heldutako ehunaka afrikar Bilbora lekualdatuak izan dira.


Donostiako udal gobernuko kideek "tonto utilak" deitu dietela salatu dute Txantxarreka Gaztetxetik

Pasa den ostiralean Txantxarrekako eta udal gobernuko kideak bildu ziren gaztetxean dauden migranteei buruz hitz egiteko, eta ostegunean bileraren balorazioa egin dute.


Juncker Europaren blindatzea prestatzen ari da mugetako polizia berria sortuz

Europako Batzordeko presidenteak proposatu duen mugetako polizia honek bi helburu izango ditu: migratzaileen etorrera kontrolatzea eta, politikoki, atzerritarren aurkako eskuin muturreko jarrerak apaltzen saiatzea.


Migranteen harrera: Donostiako alkateak urgentziazko bilera egingo du Txantxarreka gaztetxeko kideekin

Txantxarreka gaztetxeko kideek Donostiako alkateari urgentziazko bilera esaktu diote pertsona migranteen aferan neurrika har ditzala eskatzeko. Udal gobernuak bilera onartu du eta ostegunean bilduko dira arratsaldeko 16:00etan. Abuztuaren 10etik, instituzioek kalean uzten dituzten pertsonak hartzen ari da Antigua auzoko zentro autogestionatua.


Arrazakeriaren aurkako III. futbol txapelketa ospatuko dute larunbatean Santutxuko Karmelan

Abuztuaren 17tik Santutxuko Karmelan lo egiten ari diren pertsona desplazatuei elkartasuna adierazteko, arrazakeriaren aurkako futbol txapelketa ospatuko dute irailaren 1ean.


Donostiako Txantxarreka Gaztetxea errefuxiatuentzako "gune segurua" bihurtzea erabaki dute

Irungo gaztetxe Lakaxitak egin duen bezala, Donostiako Txantxarreka gaztetxea ere errefuxiatuen betebeharrak asetzeko prest azaldu da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude