Tomatea gordinik, noiztik?

  • XVI. mendean odolez ureztatu zituzten Ameriketako lurrak Espainiako erregearen eta jaungoiko baten izenean mundu haiek konkistatzera joandakoek. Gorriz ureztatu eta ordainetan tomateak bildu (Solanum lycopersicum).

Mendetan ez da tomatea gordinik jan Europan.
Mendetan ez da tomatea gordinik jan Europan.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Tomatea, agidanean, Hego Amerikan sortua da, baina bere benetako etxekotzea eta aldaera mordoa lantzea mesoamerikarren lana izan zela diote. Tomate handiak eta ttikiak, horiak beltzak eta gorriak, ale bakanekoak eta mulkotakoak, urte askoan lantzearen ondorioz aldaera desberdin ugari zuten. Gaur egun Mexiko hiriburua dena Tenochtítlan zen 1521ean Hernán Cortések konkistatu eta mendean hartu zuenean. Hango kulturan oinarrizkoa zen tomatea. Laster ekarri zuten Europara, ustez Sevillako portuan barrena. Espainolen “inperioan” ziztu bizian zabaldu zen: Europa, Karibea, Filipinak... Gure kontinenteko lehen aipamen idatziak italiarrak dira (Pietro Andrea Mattioli, 1544). Europan ezagunagoa zen landare apaingarri modura, jangarri modura baino. Ez zuen aurrez jaten zuten inolako fruituren antzik: berdetan garratza zen eta helduta, bera eta biguna, desegin egiten zen.

Itxuraz tomatea laster lotu zuten alberjiniarekin (Solanum melongena), baina patata (Solanum tuberosum) iritsi berriarekin eta batez ere belaiki edo belladona (Atropa belladonna) pozoitsuarekin zuen antzagatik kosta zitzaion sukaldez sukalde hedatzea. Espainiarrek Ameriketan dastatu eta ikasitakoa pixkanaka ezagun bihurtu zen “espainiar erako tomate saltsa” egin izan da Europan mendetan. Saltsan egiten zenez tomate alearen itxura ez zen garrantzitsua eta arto-babarrun soroaren ertzean egiten zen, arbatu gabe, orain kuiak (Cucurbita pepo) bezalaxe. Eta mendetan ez da gordinik jan, seguruenera tomatea dastatzeko era onena.

Mendetan, izan ere neronek ezagutu dut tomatea gordinik jan ez zuen jendea. Gure etxean, umetan, tomatea gordinik janarazteko gatz-olioz beharrean azukrez gozatzen zen. Anai-arreba guztiok gatz-olioetara pasata ere, denbora batean gure anaia batek azukrearekin jaten jarraitu zuen. Eta gure aitona Benito zenak 80 urterekin dastatu zuen lehen aldiz tomate gordina. Gure kulturan kostata egin du bidea tomate gordinak, baina egin badu egin du: aspaldiko urteetan gure baratzeetako erregina da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzea/Ortua
2020ko azaroaren 18
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Baratze bat

Eguneraketa berriak daude