ARGIA.eus

2020ko urriaren 30a
Kan Taniya, Abkhaziako atzerri ministro ordea

"Aldebakarreko independentzia aldarrikapena borroka berri baten hasiera baino ez da"

  • Kataluniako afera “arretaz” eta “interes handiz” jarraitzen ari dela aitortu digu Kan Taniya Abkhaziako atzerri ministro ordeak (Sukhumi, 1987). Abkhaziak aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen 1992an eta Georgiarekin izandako gerraren ostean, zazpi urteko blokeoa eta nazioarteko aitortzarik gabeko 16 urte luze bizi behar izan zuten. Ia 25 urte geroago, Kaukasoko herrialdearen independentzia prozesua ezagutu nahi izan dugu bere eskutik.

Ibai Trebiño @ibaitrebino
2017ko urriaren 22a
“Nazioarteko blokeo ekonomikoak estatu independente bat izateko nahia hauspotu zuen”. Argazkia: Abkhaziako Atzerri Ministerioak utzia
“Nazioarteko blokeo ekonomikoak estatu independente bat izateko nahia hauspotu zuen”. Argazkia: Abkhaziako Atzerri Ministerioak utzia

25 urte pasatu dira Abkhaziako gerra hasi eta independentzia aldarrikatu zenutenetik.
Gerra irabazi ostean aldarrikatu zuen Abkhaziak bere independentzia. 1994ko azaroaren 26an Abkhaziako Errepublikaren konstituzioa onartu genuen, non Abkhazia estatu burujabe, laiko, independente, zuzenbidezko eta demokratiko gisa definitzen zen. Burujabe izateko eskubidearen aldeko borroka baten hasiera baino ez zen izan hori.

Zergatik hautatu zenuten aldebakarreko independentziaren bidea?
Aldebakarreko independentzia aldarria egin genuen beste biderik ez genuelako. Georgiarren konkista baino lehenago egin genuen hautua eta, gure erabakiaren ondorioz, Georgiak biolentziarekin erantzun zuen. Armada gure lurraldera bidaliz gerrari hasiera eman zion Georgiak. 

Bi aldeek onartutako independentzia posible izan zitekeela uste zenuten orduan?
Georgia beti egon da gure independentziaren kontra, eta hori ulertuta, aldebakarreko independentzia aldarrikatzea erabaki genuen, beti ere nazioarteko komunitateak gure independentzia aitortuko zuen itxaropenarez.

Ez da gutxi izan bidean isuritako odola.
Gerrak beti dira negatiboak eta gurean ere sekulako mina eragin zuen. Halere, Abkhaziaren kasuan inork ez zigun gure estatusari buruzko iritzirik eskatu. Are gehiago, gure erabakiaren ondorioz georgiar armadaren erasoa sufritu genuen eta horren aurrean, gure lurraldea eta familiak defendatzeko hautua egin behar izan genuen.

Zazpi urteko blokeoari aurre egin behar izan zenioten. 16 urte eman dituzue inolako nazioarteko aitortzarik gabe. Nola egiten zaio aurre horrelako egoera bati?
Nazioarteko komunitatearen blokeo osoaren aurrean, bi aukera geneuzkan: Georgiaren parte izatera itzuli edo zigorpean eta garapen ekonomiko gabe bizi. Hori argitzeko erreferenduma antolatu genuen 1999an eta bozketan abkhaziarren %98ak estatu independente baten alde egin zuen. Esan genezake nazioarteko blokeo ekonomikoak estatu independente bat izateko nahia hauspotu zuela.

2008an Errusia eta beste herrialde batzuen (Venezuela edota Nikaragua) aitortza heldu zen. Zer aldatu zuen horrek?
Garrantzi handiko gertakari historikoa izan zen hura, ez soilik gure herriarentzat, baita nazioarteko harremanetako sisteman aldaketa handia ekarri zuelako ere. Gure kasuan, aitortuak ez izatetik aitortuak izatera pasa ginen, hau da, nazioarteko zuzenbidearen parte izatera pasa ginen. NBEko herrialdeen aitortza falta zaigun arren, orain nazioarteko komunitatearen aitortza denbora kontua izango dela esan genezake. Lehenago edo geroago, nazioarteko herrialdeen aitorpena iritsiko da.

Egun, ‘gerra teknikoan’ jarraitzen duzue. Zergatik ezin da gatazka politikoki konpondu?
Errusiak eta beste bost estatuk gure independentzia aitortu zutenean gatazka bere parametro batean sartu zen. Jada ez dago gerrarik, ezta hildakorik ere ez. Halere, Abkhazia beste lurraldearen parte gisa aldarrikatzen jarraitzen du Georgiak eta hor dago arazoa. Georgiako agintariek ez dute ulertzen ezinezkoa dutela gure lurraldea herriaren borondaterik gabe gobernatu eta horregatik indarra erabiltzeko prest izango dira beti. Gure aldetik, ordea, armagabetze bat sinatzeko prest izango gara beti, baita Georgiarekin harreman diplomatikoak eraikitzeko ere, estatu subirano eta independente gisa beti ere.

Georgiak behin baino gehiagotan esan du ez duela Abkhaziaren independentzia sekula onartuko.
Abkhaziako errealitate politiko berria ukatzen jarraitzen dute. Guretzat baina, Georgiaren aitortza ez da hil ala bizikoa. Garai gogorretan ere haien aitortzarik gabe biziraun genuen eta orain gainera, gure estatuari esker lehen baino indartsuagoak gara. Gure etorkizunaren inguruan gauza bat argi dugu: estatu subirano eta independentea gara eta horrela izaten jarraituko dugu.

Kataluniari dagokionez, nola ikusten duzue egoera?
Arreta eta interes handiz jarraitzen ari gara eta gure ustez, Europar Batasunak Kataluniako herriaren iritzia kontuan hartu beharko luke. Eskozia eta Brexit-aren ondoren, Kataluniaren auzia datorkie orain. Ziur nago herri katalanaren borrokak indar handia transmitituko diela historikoki burujabe izan nahi duten Europako beste herri batzuei. Bestalde, inportanteena da biolentziarik gabe ekitea eta, ahal den heinean, elkarrizketa ahalbidetzea.

Ontzat hartu dituzue Kataluniako erreferendumaren emaitzak?
Bai, noski.

Espainiak ilegaltzat jo du bozketa eta oro har independentzia prozesua. Horrelako kasuetan, legea ala herriaren borondatea lehenetsi beharko litzateke?
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, herriaren borondatea errespetatu behar da, estatu burujabearen lurraldetasun printzipioak errespetatuz, beti ere. Hau horrela, norberak irakurketa propioa egiten du horren inguruan. Guretzat baina, herriaren borondatea sakratua da.

Polizia eta Justiziaren bideak hautatu ditu Espainiako Gobernuak. Konponbide politikoa posible dela uste duzu?
Espainiak Kataluniako herriaren aurka biolentzia erabili duen heinean, zaila izango da gatazkaren abiapuntura itzultzea eta ondorioz, negoziazio prozesu bat zerotik martxan jartzea. Nik ez diot inori gerra opa eta horregatik, gatazkak konponbide politikoa behar duela uste dut. Bitartekaria behar da konpromisoak adostu ahal izateko.

Nazioarteko legediaren arabera, Kataluniak ez du eskubiderik aldebakarreko independentzia aldarrikatzeko. Bai ordea Kosovok.
Abkhaziaren kasuan ere aplikatu daitekeen araua da hori. Nazioarteko politikak estandar bikoitza du oinarri, eta horrek, tamalez, interes geopolitikoei erantzuten die, ez nazioarteko zuzenbideko arauei.

Independentzia aldarriak zer ekar liezaioke Kataluniari?
Independentzia aldarria borroka berri baten hasiera baino ez da. Independentzia aldarrikatzen denean nazioarteko aitortzen beharra daukazu; akordioak sinatu edota harreman diplomatikoak eraikitzeko, esaterako. Ez da gauza erraza, baina burujabe izan eta etorkizuna erabakitzeko hautua egiten duen herri orok beti sakrifikatu beharko du zerbait.

Eta Europari ordea, zer arazo ekarri liezaioke Kataluniaren aldarriak?
Fenomeno berria denez Europan, Kataluniari zailtasunak ekarriko dizkiola uste dut. Horren aurrean, Europak bideak aurkitu behar ditu errealitate berrira egokitzeko eta berau onartzeko, beti ere giza eskubideak oinarri hartuta. Aldi berean, espero dutKataluniaren aferak abkhaziarroi asko lagunduko digula.

Kataluniaren balizko independentzia onartuko luke Abkhaziak?
Kataluniako autoritateek hala eskatuko balute, gu prest egongo ginateke Kataluniaren independentziaren alde egiteko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Abkhazia  |  Katalunia independentziarantz

Abkhazia kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2017ko urriaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude