ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a

Bizia eta tronua xakean irabazi

  • Granada, 1391. Yusuf II.a erresuma nazariko errege izendatu zuten Muhammed V.a hil eta gero. Agintaldi laburrean arteak eta zientziak bultzatzen ahalegindu zen, baita barne gatazkak itzaltzen ere. Hainbat senitarteko giltzapetu eta hil zituen konspirazioak itzaltzeko asmoz. Baina alferrik, tronuan eseri eta berehala Muhammed seme gazteena buru zuen matxinadak zalantzan jarri baitzuen bere agintaldia. Ozta-ozta lortu zuen semearen saiakera bertan behera uztea.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2017ko urriaren 15a
Alhambrako El Partal lorategietan zegoen Yusuf III.a sultanaren jauregia. (Arg.: Objetivo Granada)
Alhambrako El Partal lorategietan zegoen Yusuf III.a sultanaren jauregia. (Arg.: Objetivo Granada)

Hala ere, hurrengo urtean, 1392an, sultana modu misteriotsuan hil zen (ziurrenik, pozoituta), eta Muhammedek aukera baliatu zuen bere burua errege izendatzeko.

Aitak egin bezala, Muhammed VII.aren lehen lana familia eta gortea mehatxuetatik garbitzea izan zen. Zerrendan lehena bere anaia zaharrena zen, Yusuf, aitak ondorengo izendatu zuena. Salobreñako gazteluan giltzapetu zuen anaia nagusia, Granada hiriburutik 50 bat kilometrora. Hantxe eman zituen Yusufek hurrengo hamasei urteak, Muhammed VII.ak agintean eman zituen berberak.

1408an Granadako sultana gaixorik zegoen eta, heriotza gertu ikusita, ondorengotza ondo lotzea erabaki zuen. Bere semea errege izan zedin beste hautagai nagusia, Yusuf, eliminatu behar zuen. Ez zen nahikoa gaztelu batean giltzapean sartuta egotea, eta anaia hiltzeko agindu zuen.

Heriotza-agindua idatzita zeraman mezularia Salobreñara iritsi zenean, Yusuf xakean ari zen alkaidearekin. Alkaideak gutuna irakurri zuen, Yusufi erakutsi zion, eta agindua bete beste erremediorik ez zuela esan zion. Yusufek, hil baino lehen emaztea ikusi nahi zuela esan zuen. Baina azken nahi hori ukatu zioten. Kondenatuak, orduan, jokatzen ari ziren xake partida hura behintzat bukatzeko eskatu zuen. Eta alkaideak beste nahi hori onartu zion.

Asko luzatu omen zen partida eta kondairak dio azkenean Yusufek irabazi zuela, alfil bat mugitu eta xake-matea lortuta.

Orduantxe, anaiaren agindua betetzea besterik geratzen ez zenean, beste mezulari bat iritsi omen zen Granadatik, oso bestelako mezua eskuetan: Muhammed VII.a hilda zegoen, eta Yusuf III.a nazarien dinastiako 14. errege izendatu zuten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Erdi Aroa  |  Xakea

Erdi Aroa kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko urriaren 15a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude