Ricardo Gómez, filologoa

"Euskara arkaikoa aztertzeak hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko balio du"

  • Horra irakasle atsegina euskararen gramatikaz mintzo, honetaz eta hartaz, orain baino lehen duela bi, hiru eta lau mende gure Astarloak, Zabalak, Larramendik eta bestek esan zituztenak aztergai. Filologo petoa lanean, ikasle gazteak treba daitezen, interes intelektuala izan dezaten.

Miel Anjel Elustondo
2017ko irailaren 03a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Ricardo Gómez López (Bilbo, 1964)

Goierri eta Bihotz Alai dantza taldeetan ibilia gaztetan, euskara ikasia, gau-eskoletan irakasle izana Bilbon eta Gasteizen, Euskal Filologia ikasketak egina. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da gaur egun, Gasteizko Letren fakultatean. Euskal Filologian doktore da, XIX. mendeko euskal letren eta hizkuntz ideiei buruz tesia eginik, Beñat Oihartzabalen gidaritzapean. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kide da.

Bilbotarra, Euskal Filologia ikasketak Gasteizen egina.

Seminario zaharrean. 1987an ikasketak bukatu, eta fakultate berri honetan ginen hurrengo urtean. Koldo Mitxelenaren eskolen atzetik etorri nintzen Gasteiza, baina hura beti ari zen eskolak maila bat goragoan ematen. Inoiz ez nuen irakasle izan. Laugarren mailan nengoela erretiratu zen, eta bukatu nituen urtean hil zen. Nahiago nukeen eskolak eman izan balizkit. Beragatik etorri nintzen ni hona, neurri batean, bederen.

Zer esan nahi du “neurri batean”?

Deustun bizi nintzela, eta eskueran nuela hango unibertsitatera joatea. Baina Koldo Mitxelena hemen ari zen irakasle, eta nik harekin nahi nuen. Hasteko, euskararen militantziak jarri ninduen Euskal Filologia egiteko bidean. Hala ere, garai hartan Etnografia ikasketak egin nahi nituen, Deustuko Bihotz Alai dantza taldean ari nintzen, txistua ere jo nuen geroago. Giro horretan, Etnografia ikasi nahi nuen, baina, horretarako, gertuen, Parisera joan behar zen. Eta frantsesa ikasi, eta ez nekien frantsesik.

Zertan zen Deustuko Bihotz Alai talde hura?

Hara baino lehen, 14 urte nik, San Ignazio auzoko Goierri dantza taldean ibili nintzen. Bizpahiru urte han egin eta Deustukora jo genuen Goierriko zenbait adiskidek. Bihotz Alain ziren dantzak erakusten Josu Larrinaga, Edorta Ialdebere eta besteren batzuk, eta txistularietan, adibidez, Josu Urrutia eta Alex Iribar, bigarrena Deustuko unibertsitateko irakaslea gaur egun. Bihotz Alairen egitasmoa zen dantza jakin batzuk berreskuratzea. Ni sartu aurretik, esate baterako, Lakuntzako dantzak berreskuratu zituzten. Folklore jatorra zen hango asmoa, ez oraingo berrikuntzak, dantza jatorrari aire modernoak eman eta halakoak. Ez, dantzak herriak egiten zituen moduan jasotzea eta dantzatzea zen helburua. Ez dakit harrezkero gauzak aldatu diren.

"Euskara ez da berehalakoan hilko, hori ere ez, baina ez dut ikusten geroa erabat ziurtatua, behin eta betiko salbatua"

Dantzari zinen, dantzarako ezindua orain. Noizdanik?

Dantzarako zailtasunak, betidanik. Jaiotzatikoa dut gaixotasuna eta txikitatik izan ditut eskailerak igotzeko zailtasunak, korrika egiteko. Hala ere, dantza jakin batzuk egin behar eta moldatzen nintzen. Baina berehala ikusi nuen ezin nuela gainerako dantzarien erritmoa jarraitu eta, orduan, dantza utzi eta txistua hartu nuen. Kar, kar…

Noiz diagnostikatu zizuten gaitza?

Txikitan, noiz izan zen ez badakit ere. Gurasoek kontatua dakit. Nonbait, Madrileraino joan ginen, La Paz ospitalera, eta hantxe diagnostikoa: gerri distrofia, beso-hanketako giharren distrofia. Gaitz progresiboa da.

Bi makuluren gainean zinen duela hogei urte.

Makulurik ez dut inoiz erabili nik. Batek baino gehiagok esaten dit, baina oker zaudete. Jendearen laguntza bai, behar izan dut hona edo hara heltzeko, inoren besotik helduta ikusiko ninduzuen, badaezpada, inork nahigabe bultza eta eror ez nendin. Baina bi makuluren gainean ez naiz ibili ni. Azkenean, errazago mugitze aldera, aulkia hartu nuen.

Zer moduz moldatzen zara hesi arkitektoniko artean? Iruñetik, Xanti Begiristainek behin eta berriz eta askotan salatu izan ditu hesiok.

Zorionez, gero eta hesi gutxiago daude, nahiz eta oraindik badauden. Hala ere, hesi arkitektonikoei dagokienez, Gasteiz paradisua da. Hainbat taberna eta dendatan arazoak ditut oraindik, baina gainerakoan, erraz Gasteizen.

Unibertsitatean eskolak emateko ere erraz?

Arazorik gabe. Garai batean, arbela besterik ez zenean, idatzi egin nahi eta zailtasunak. Gaur egun, pantaila eskueran dugunez, ordenagailuan idatzi eta pantaila baliatzen dut. Eskolak emateko eragozpenik ez dut.

Tesia egiten ari zinela ez zenerabilen aulkirik.

Bukatu nuenean bai.

Luze jo ohi du doktore tesiak, horratik.

Nire kasuan, tesia egiten ari nintzela gaia aldatzea erabaki nuen, eta horrek are gehiago luzatu zuen epea. Erronkarierari buruz hasi nintzen ikertzen, erronkarierazko testu guztiak bildu, aztertu eta editatzea zen nire asmoa. Hasi nintzen, baina eskolak ere eman behar nituen, urtetik urtera irakasgaia aldatzen zidaten, gai berria prestatu beharrean ni beti, eta egoera hartan ezin tesia aurreratu. Bestalde, erronkarierari buruz ikerketan hasi eta Bonaparteren lanekin egin nuen topo berehala. Haren hizkuntza ideiak aztertzen hasi nintzen, besteak beste, eta nire lehen artikulua, luzea, izan zen emaitza. Horrela, bata dela, bestea dela, tesiaren gaia aldatzea erabaki nuen, eta hizkuntzaren historiografiara jotzea.

Argazkia: Zaldi Ero.

“XIX. mendeko euskal gramatikagintzari buruzko ikerketak”, zure tesiaren izenburua.

XIX. mendeko gramatikariek euskara nola deskribatu zuten aztertu nuen. Asko interesatzen zait aztertzea nola moldatu ziren gramatikari zaharrak euskara latinaren eta inguruko hizkuntza indoeuroparren ereduaren arabera deskribatzen. Hain hizkuntza ezberdinak izanik euskara eta indoeuroparrak! Eredu horren egokitzapena, besteak beste, euskararen kasu-sistemari edo euskal aditzari dagokionean. XVII. eta XVIII. mendeetan ere gramatikariek arazoak izan zituzten euskara deskribatzeko, baina XIX. mendean saltsa handiagoa dago, teoria eta autore gehiago.

Hizkuntza ideiei dagokienez, Astarloa eta Juan Mateo Zabala aztertu zenituen, adibidez.

Juan Mateo Zabala, tesia egin ondoren, batez ere. Adibidez, Zabalak Astarloaren Apología [de la lengua Bascongada] lana ezagutzen du, baina ez egile beraren Discursos filosóficos, Astarloaren lan nagusia eta bere hizkuntza ideiak benetan garatzen dituen lana, askoz geroago argitaratua delako. Zabalak, orduan, Astarloaren arabera jokatu ezin zuenean, Larramendirengana jo zuen.

Zer du Larramendik, euskararen historia berriaz ari eta beti hain presente?

Sekulako iraultza egin zuelako. Kultur euskara ekarri zuen Larramendik. Iparraldean baziren zenbait lan eginak, baina Hegoalde hau nahiko basamortua zen, horrela esaterik baldin badago, behintzat, zerbait ere bazegoen-eta. Larramendik euskara kultur hizkuntza bihurtu nahi izan zuen, eta horretarako egin zituen bere lanak –apologia, gramatika, hiztegia eta beste–, eta jendeak kasu egin zion, idazleek kasu egin zioten, jarraipena izan zuen, eta eragina. Hortik sortu zen literatur gipuzkera eta, neurri batean, literatur bizkaiera, Añibarro, Mogel eta gainerakoek Larramendiri jarraitu baitzioten. Iraultza ekarri zuen Larramendik.

Hark asmatuak dira gaur egunean hitzean eta hortzean erabiltzen ditugun zenbait hitz. “Garrantzi”, esate baterako.

Larramendiren hitz gutxi geratu zaizkigu, gero Sabino Aranaren uholdea etorri zelako. Aranarentzat etsaia da Larramendi, hau espainola delako. Aranarena ez da borroka linguistiko hutsa –hori ere bai, baditu-eta bere gramatika ideiak–, baina Larramendiren hitzak ezabatu egin nahi ditu. Bi gauzak nahasten dira hor. Eskutitz, garrantzi eta halakoren batzuek gaur arte iraun dute baina gehienak errekara bota zituzten Aranak eta aranatarrek.

Jakingarria dirudi borroka horrek, interesgarria.

Ikasleei ez zaie, bada, askorik interesatzen. Kar, kar… Ikasleetan motibazio falta handia nabaritzen dugu, gure inguruko kulturaren ezagutza txikia, eta irakurtzeko gogo are txikiagoa. Unibertsitatera iritsi eta ez dute euskal literatura klasikorik irakurri. Karrera hasita, irakasleek aginduta irakurtzen dituzten pasarteak izan ezik, ezer ez dute irakurriko. Larramendi aipatu, Axular… eta gehienek ez dakite nor izan diren ere.

Zergatik ote motibazio falta hori?

Ni Euskal Filologian ari naiz –Euskal Ikasketak du izena orain–, eta dakidantxoa esan nezake. Gure ikasleetan askok filologia ez beste aukeraren bat egina dute lehenengo. Ikasketa haiek egin ezinda geratu eta hasi dira filologian. Batzuk ez dira letrak ikasitakoak ere, zientziak baizik. Hala ere, bertsolaritza gustatzen zaie, edo idaztea, edo euskaltzaleak dira, eta hirugarren edo laugarren aukera izanagatik ere, filologiara etortzen zaizkigu.

Euskaraz hitz egiten dute zuen ikasle horiek?

Bai, dudarik gabe. Korridoreetan, euren artean, nekez egingo dute gaztelaniaz. Kasu bat ezagutu dut, ikasle batena, salbuespen hutsa.

"Ikasleetan motibazio falta handia nabaritzen dugu, gure inguruko kulturaren ezagutza txikia, eta irakurtzeko gogo are txikiagoa. Unibertsitatera iritsi eta ez dute euskal literatura klasikorik irakurri"

Hitz beste egin gabe, oraingo ikasle gazteen motibazioa, eta zeurea gazte zinenean… Euskaldunberri –zaharra–, zaitugu. Zein girotan egosi zen zure euskaltzaletasuna?

Ez dakit gauza nola sortu zen ere, 1978ko giroa izango zen, beharbada. Ama EAJkoa zen, eta gurasoen lagun batzuk ere bai. 14 urterekin, gurasoen lagun batek irakatsi zigun zerbait. Ikasleetan ginen ama, gurasoen lagun horren emaztea, ni neu, eta ez dakit han besterik zegoen. Irakasle lanak egiten zituen etxeko lagun hura euskaldun jatorra zen, baina ez irakasle trebatua. Borondate handia genuen, hori bai, eta ahal genuen moduan jardun genuen. Hori eta gero, berehala sartu nintzen San Ignazioko gau-eskolan. Han Iñaki Antigüedad izan nuen irakasle. Pila bat ikasi nuen berarekin. Harekin bi urte eta, 16 urte nituela, udan, ikastaro trinkoa eman zidan Juanjo Larreak. Laster nintzen eskolak ematen San Ignazioko gau-eskolan. Baina gauzak aldatu ziren Gasteiza etorri nintzenean Filologia ikastera, eskolak arratsaldez baitziren. Orduan, Santutxuko gau-eskolara jo nuen, Karmelora, eskolak ematera.

Goizez gau-eskolan irakasle Bilboko Santutxun, bazkalondoan ikasle Gasteizen.

Oso nekagarria zen: San Inaziotik Santutxura joan, eskola eman, itzuli, korrika eta presaka bazkaldu, Gasteiza etortzeko autobusa hartu, unibertsitatea… Urte bat eta nahikoa. 1984an, hirugarren mailan, hona etorri nintzen, eta AEK-n hasi nintzen eskolak ematen. Gero IKA izan zen.

Euskal Filologia ikasketak amaitu eta doktorego tesia egin zenuen Beñat Oihartzabalek zuzendurik. Oraindik orain, berriz, besteren tesia zuzendu duzu estreinakoz. Urtzi Regueroren “Goi nafarrera arkaiko eta zaharra”.

Lehen tesia zuzendu dut, bai, eta ondo atera da. Epaimahaiak gogo onez irakurri zuen, ohar jakingarriak egin zituzten, ez azalekoak, eta oso ondo. Doktoregaiarena izan da lana, nik zenbait gauza antolatzen lagundu diot, bibliografia osatzen, eta erredakzioa bera zuzentzen, denok baitugu joera gauza asko jakintzat emateko, baina beti ez izan horrela. Urtzik lana egin, eta ohi denez, epaimahaiak zorionak bioi! Kar, kar…

Zertan laguntzen digu euskara arkaikoak, Artaxoan agertutako esaldi, ezkontza-fede eta gainerakoak egunera ekartzeak?

Euskara salbatzeko, esan nahi duzu? Kar, kar… Horretarako ez. Baina hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko bai, eta baita gaurko euskara hobeto ezagutzeko ere. Beste hizkuntza guztietan egiten da: hizkuntzaren historia eta bilakabidea aztertu, testu zaharrak analizatu… Euskara salbatzeko, hizkuntza arkaikoa aztertzeak ez du balio, baina, izan ere, hizkuntza bat salbatzeko ez dago modu automatiko eta berehalakorik.

Inor ezeren salbamenduaz ari bada, esan nahi du…

Arriskuan dagoela.

Desagertzeko arriskuan da euskara?

Oraindik badu arrisku puntu bat. Batzuetan optimistegiak gara. Ikusi egin behar gazteak zenbateraino dakien, eta zenbateraino erabiltzen duen. Inkestak hor dira, eta emaitzak beti dira, gutxienez, kezkagarriak. Euskara ez da berehalakoan hilko, hori ere ez, baina ez dut ikusten geroa erabat ziurtatua, behin eta betiko salbatua. Inguruko hizkuntzak oso indartsuak dira. Gaztelaniarena ezagutzen dugu hemen, baina Iparraldean, frantsesaren pisua ikaragarria da.

Bitartean, zertan dira euskararen gaineko azterketak?

Gauza interesgarriak egiten ari dira, aurreratzen. Nik ezagutzen dudan diakroniaren arloan, azken aldian aurkeztu diren tesiek horixe frogatzen dute: Céline Mounole, Julen Manterola, Koldo Ulibarri, Jabier Etxagibel, Manu Padilla, Urtzi Reguero… testu zaharrak aztertzen, argitaratzen… Monumenta Linguae Vasconum taldean ari dira denak, lan ona, edo oso ona, egiten.

Azken hitza: FiloBlogia

Dozena urte ere badarama Ricardo Gómezek bloga idazten. Euskarari eta hizkuntzalaritzari dagozkion makina bat gai interesgarri irakurri ditugu bertan, nahiz eta bateko twitter eta besteko facebook bestelako albisteak ere irakurgai diren blogean. Hots handirik gabe, Ricardo Gómezek esan diguna: “Jendeak irakurtzen duen neurrian, ondo dago bloga, bestelako asmorik gabe”.

Irakaslearen oporrak

“Maiatzaren bigarren, hirugarren astean amaitzen dira orain eskolak. Ordutik aurrera zoramena da: azterketak, ikasleen lanak, gradu amaierakoak, masterrekoak… Nire kasuan, aurten, doktorego tesia zuzentzea ere izan da eta, beraz, irakasleok hiru hilabeteko oporrak izaten ditugun kontua aspaldi bukatu zen”.
 

Bologna

“Bolognak lan gehiago ekarri digu ikasle-irakasleoi. Tartekako lan gehiago eskatzen du Bolognak, dena azken azterketarako utzi gabe: azterketa partzialak, jendaurreko aurkezpenak, idatzizko lanak… Ikasleek lan gehiago, eta irakasleok ere bai, lanok ebaluatu, zuzendu eta prestatu behar ditugulako. Bolognak ondo funtzionatzeko nahitaezko da talde txikiak antolatzea, hogei ikaslekoak gehienez”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hizkuntzalaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-13 | Goiena
Sabin Salaberri: "Errepertorioaren erdia zentsuratuta genuen"

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatutako hamasei lagunetako bat da aramaioarra, nahiz eta dioen "ohore handiegia" dela berak egindako lanerako.


"Etorkizuneko euskara batua izango da, edo ez da izango"

Hogei urte bete orduko euskaltzain urgazlea zen Xabier Kintana (Bilbo, 1946), baina batuaren oinarriak finkatu ziren Arantzazuko batzar ospetsua egin zenean, urrun zegoen bera. Soldadutzan. 1996tik euskaltzain osoa da, eta 2002tik erakundeko idazkaria. Erandion bizi da.


2018-05-15 | ARGIA
Ortzadar LGBT elkarteak aholkularitza eskainiko dio Euskaltzaindiari

Euskaltzaindiak beste hainbeste egingo du LGBT elkartearekin. Hiru urterako hitzarmena sinatu dute.


Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoa argitaratu dute

UPV/EHUko Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek Esteve Materraren “Doctrina Christiana” liburuaren edizio kritikoa sortu dute, eta EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratu dute, “Euskararen Lekukoak” eta “Monumenta linguae Vasconum: Studia et Instrumenta” bildumen baitan.


2018-01-24 | ARGIA
MTVren sarietan euskarak toki "duina eta aproposa" izan behar duela gogorarazi du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.


Badira izen mistoak Euskaltzaindiaren zerrendetan

Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan baina IKAren Deklinabidea aplikazioa garatzen ari nintzela salbuespenak badirela konturatu nintzen. Badaude Euskaltzaindiaren gizonezkoen eta emakumezkoen ponte-izenen zerrendetan, bietan, agertzen diren izen mistoak.


2018-01-15 | ARGIA
Euskaltzaindiak pertsona izenen genero bereizketarekin malguago izateko eskatuko dio Justizia Ministerioari

Euskaltzaindiak adierazi du aurki Ministerioarekin euskal izendegiarentzat “bestelako bideak asmatzeko” harremanak hasi nahi dituela.


2018-01-14 | ARGIA
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko

Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.


2018-01-05 | ARGIA
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko

Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.


2017-12-26 | Gontzal Fontaneda
Iruña Veleiazko lau jarrerak

Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan idazkun batzuk agertu ziren, batzuk euskaraz, arkeologoek erromatarren garaian datatuak. Euskal Herriko Unibertsitateko aditu batzuek faltsutzat jo zituzten, eta horregatik Arabako Foru Aldundiak 2008an talde arkeologikoa bota zuen, 2009an epaitegian salaketa aurkeztu zuen faltsutzea leporatuz eta gero aztarnategiaren zuzendaritza unibertsitateari eman zion. Honaino gertaerak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude