Neoliberalismoaren ekaitz perfektua

  • Hugo Chavezen garaipenaren ostean, kapitalismo globalizatuaren aldeko eta kontrakoen ikur eta jomuga bilakatu da Venezuela. Herrialdeak bizi duen krisi ekonomiko, politiko eta militarrak parez pare jarri ditu inperialismoaren interesak, Hego Amerikako indar neoliberalen goraldia eta ezkerreko gobernuen kontraesanak. Ideien eztabaidari pistolen mintzoa gailentzen ari zaio une erabakigarri hauetan, multinazionalen menpeko hedabideek nota bakarreko pieza hedatzen duten bitartean.

Argazkia: Santi Donaire

Bi urte eta erdiren bueltan Hego Amerikako eskuin neoliberalak Argentinako eta Peruko hauteskundeak irabazi ditu, Bolivian Evo Morales berriz aurkezteko aukera deuseztatu du, Kolonbiako bake akordioa blokeatu du eta Dilma Russef Brasilgo boteretik erauzi du, besteak beste. Batzuek, interesatuki, ziklo aldaketa deitzen diote, baina hitz handiegiak dira horiek Bolivia, Ekuador, Kuba eta agintean diren zenbait gobernu progresista ez dituelako kontuan hartzen. Halere, zalantzarik ez da haizeak ez duela ezkerreko gobernuen aldera egiten. Eta jakina, Venezuela eta chavismoa ez dira salbu. Aspaldi ezagutu gabeko krisi sozial, ekonomiko, politiko eta militarra bizi du herrialdeak.

Krisi ekonomiko larrian sartu da herrialdea –petrolioaren prezioaren jaitsierak sakonduta– eta horren ondorioz herritarren zati handi bat hilabete amaierara heldu ezinik dago. Zatituta zegoen oposizioa indartu da azken lau urteotan eta ezkerreko hainbat sektoreren kritikak ugaritu dira Maduroren gobernuak hartutako zenbait erabakik hauspotuta. Nazioarteko finantza-boterearen, multinazionalen meneko hedabideen, AEBen eta Venezuelan interes ekonomikoak dituzten gobernu neoliberalen –Espainia buru– ohiko presioa areagotu da chavismoaren aurka. Bi “lagun” indartsu galdu ditu Venezuelak, Brasil eta Argentina indar neoliberalen esku geratu ostean. Venezuelako oligarkiak blokeo ekonomikoa indartu du eta kalean protestak, istiluak eta erasoak gertatzen ari dira ia egunero...

Nola heldu gara honaino?
Chavezek 1998ko azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik, etengabeak izan dira chavismoa boteretik botatzeko saiakerak, 2002ko estatu kolpe militarra barne. Baina oraingo saiakerak elementu gehiago barnebiltzen ditu.

2013ko apirilera arteko hauteskunde guztiak irabazi zituen chavismoak. Azken horietan, Chavez hil osteko lehenetan, jauzi kualitatiboa gertatu zen, oposizioa hauteskundeak irabaztear izan zelako: Henrique Capriles opositorearen eta Nicolas Maduroren arteko aldea bozen %1,60ra murriztu zen. Chavismoa ahul zegoela iritzita, oposizioak kale istilu bortitzak antolatu zituen 2014ko otsailean. “Guarimbas” delakoak 43 hildako eta 500 zauritu utzi zituen. Gobernuak eutsi zion erasoari eta Leopoldo Lopez oposizioko buruetako bat epaitu eta kartzelan sartu zuten istilu horiek antolatzea egotzita. Nazioarteko indar eskuindarrek Venezuelako Gobernuaren aurka egiteko argudio nagusietako bat bilakatu zuten Lopez preso politikotzat hartuta. Besteren artean Espainiako Gobernuak eta EAEko Legebiltzarrak eskatu zuten haren askatasuna. Gobernuaren aurkako nazioarteko presioa handitzeko baliogarria izan zen.

Oposizioko buru Henrique Capriles jarraitzailez inguratuta. Argazkia: Santi Donaire

Chavismoaren irudia kaltetuta atera zen eta oposizioak, Capriles buru, 2015eko abenduko hauteskundeak jarri zituen jo-puntuan. Baita estreinako aldiz irabazi ere. Oposizioa osatzen duten talde politiko guztiak batzen dituen Mesa de Unidad Democrática-k (MUD) Asanblada Nazionaleko (AN) –Venezuelako legebiltzarra– eserlekuen bi heren irabazi zituen. Orduz geroztik, botere exekutiboaren (gobernua) eta legegilearen (AN) arteko talkak etengabeak izan dira. 2016ko urtarriletik hona ANk onartutako legeak indargabetu ditu Justizia Epaitegi Gorenak, “aginteari men ez egitea” leporatuta Asanbladari. 2016ko urrian presidentea kargugabetzeari buruzko erreferenduma antolatzeko prozesua geldiarazi zuen Hauteskunde Batzordeak, sinadura bilketan oposizioak iruzurra egin izana argudiatuta. Aurtengo martxoan Asanbladari eskumen guztiak kendu eta bere egin zituen Epaitegi Gorenak hiru bat astez. 2016ko eskualdeetako hauteskundeak atzeratu zituen gobernuak eta alderdi politikoak erregistratzeko arau berria onartu zuen, gobernuarekin kritiko diren talde txikiak zokoratuz. Ordurako, kritikak ez zetozen eskuinetik bakarrik.

“Gobernuaren estatu kolpea” eta “konstituzioaren urraketa” salatu ditu oposizioak eta nazioarteko albiste agentzia eta hedabide mainstream-aren bultzada interesatuari esker, gatazka nazioarteko agendetan sartzea lortu dute. Gobernuaren irudiak okerrera egin du azken urte eta erdian, eta alferrikakoak izan dira oposizioarekin negoziatzeko gobernuak agertutako borondatea, Aita Santuak eta nazioarteko hainbat herrialdetako presidente ohien babesa izanik ere. 2017arekin batera, herrialdea krisi politiko eta ekonomiko larrian sartuta, bere burua indartsu ikusten zuen oposizioak nekez izango zuen abagune egokiagorik egoera oraindik ere muturrerago eramateko. Gerra militar eta ekonomikoaren txanda zen.

Dozenaka hildako eta ehunka zauritu
Apirilaren hasieratik ekainaren 22ra arte, 75 pertsona hil dituzte zifra ofizialen arabera, beste iturri batzuek 94 direla diote eta oposizioak beste zenbaki batzuk erabiltzen ditu. Zein den gatazka politikoaren biktima eta zein ez ere borroka eremua da Venezuelan. Datuak datu, errealitatea da apirilaren hasieratik protestak bata bestearen segidan izan direla, kaleak istilu zelai iraunkor bilakatuz. Maiatzaren erdialdean, Defentsa Ministerioak 2.000 soldadu mugiarazi zituen eta beste 600 eraman zituen betidanik oso gatazkatsua izan den Kolonbiako mugara, Tachira estatura.

Egoeraren gordintasun osoa erakutsi zuen 21 urteko Orlando Figueraren hilketak. Maiatzaren 20an Caracaseko Altamira plazan manifestatzen ari ziren oposizioko kideek labanez eraso egin ostean bizirik su eman zioten. Hamabost egunera hil zen.

Gatazkaren alde bortitzak protagonismoa irabazi du azken hilabeteotan. EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Luismi Uhartek gertutik ezagutzen du hango errealitatea eta argi du eskuinak biolentziaren alde egindako apustua gero eta agerikoagoa dela. Hiru aktore nagusi nabarmendu ditu: “Paramilitarrak, Venezuelan aspaldi ari direnak baina azkenaldian hirian presentzia handiagoa hartu dutenak; oposizioaren esku dauden zenbait auzo eta herritako Polizia batzuk eta ordaindupeko gaizkileak”. Uharteren hitzetan estrategia horrek uztartzen ditu hilketa selektiboak eta azpiegitura publikoaren aurkako erasoak –ospitaleak, garraio publikoak, ikastetxeak, elikagaiak banatzeko zentroak, hornidura elektrikoaren aurkako sabotajeak eta beste–.

Urte asko eman ditu Venezuelan Mikel Zuluaga ekintzale bilbotarrak eta segurtasun ezaren gaia ere oposizioarekin lotu du. “Ordainpeko delinkuentziaren bitartez, El Salvadorreko Mara taldeen antzera antolatuta, kalean segurtasun ezaren sentsazioa sustatzen ari da oposizioa. Eta kaos moduko hori, bere horretan, oso errentagarri zaie AEBei. Gobernu chavista bota ez badute ere, nokeatuta daukate barne mailako gatazka konpontzen. Oso ondo daki inperialismoak Latinoamerikako herrien berpiztearen bihotza Venezuela izan dela eta berau desaktibatzeko nahikoa dutela anabasa, ez dute behar beraiek babestutako oposizioaren garaipen argi bat. Oposizioa ez da homogeneoa, talde askoren pilaketa da eta aurrera begira oso zaila izango da hauteskundeetan betikotzea”.

Venezuelan bizi den Marco Teruggi kazetari franko-argentinarrak, ekainaren 19ra arte izandako 90 hildakoak aipatu ditu bere blogean. “Zortzi dira segurtasun indarrek hildakoak, baina gainerakoez eskuinak ez du inolako ardurarik hartzen, eta sistematikoki gobernuari leporatzen dizkio oposizioak berak hauspotutako istiluen ondorioak. Ez da kasualitatea, estrategia da. Jendartea polarizatu nahi dute ‘bestearen’ (chavismoa) ukazioa eta suntsipenaren bitartez. Gizartea hitz egiteko tresnak galtzen ari da”.

Giro oldarkorraren erakusgarri, erreportaje hau idazten ari garen egunean oposizioko hainbat kidek Poliziaren helikoptero bat lapurtu eta Justizia Epaitegiari eta Barne Ministerioari eraso egin diete tiroz eta granadaz. Oscar Perez militarrak erasoaren egiletza aitortzen duen bideoan gobernua (armen bitartez) botatzeko deia zabaldu du. Ez da estatu kolperako dei bakarra izan. Leopoldo Lopezek kartzelatik edo berriki Mariano Rajoy eta Donald Trumpekin elkartu den bere emazte Lilian Tintorik “armada gobernuaren aurka oldartzera” animatu dute. Voluntad Popular alderdiko aurpegi esanguratsuenak dira biak.

Kubarekiko harremanak leuntzen ari zen garai berean, Barack Obamak Venezuela AEBetako segurtasun nazionalerako etsai izendatu zuen. Ondotik, etorri da Amerikako Estatuen Erakundearen (OEA) bitartez, Venezuela politikoki eta ekonomikoki presionatzeko erabakia, 1962an Kubarekin egin zuten bezala, OEAtik bota arte.

Hego Amerikako historia kolpistari muzin eginez baina, Venezuelan, oro har, gaur-gaurkoz gobernuarekiko leialtasun handia agertu du armadak. Armada ez da ordea, talde armatu ofizial bakarra herrialdean. Pasa den hamarkadan herri miliziak sortu zituen gobernuak eta dozenaka milaka herritarrek formakuntza militarra jaso zuten. Horiei gehitu behar zaizkie auzo askotan esperientzia militarra duten talde politikoak. “Kanpo zein barne mailako injerentziei aurre egiteko prestutasuna” adierazi dute talde horiek. Eta nahi beste arma dago Venezuelan.

Herritarren bizi-baldintzak, gobernuaren etsairik gogorrena
Gobernuak boterea galtzeko duen areriorik indartsuena da herritarrentzat gero eta jasanezinagoa den krisi ekonomikoa. Azken urteotan inflazioak gora egin du etengabean, herrialdearen zorra handitu den abaila bertsuan. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, ekonomiak %7,4 egingo du atzera eta inflazioa %720koa izango da 2017an.

Demokrazia politikorik ez da, demokrazia ekonomikorik gabe. Herritarren beharrak asetzea eta oinarriak jartzea etorkizunean ere hala izan dadin; bi erronka horiek dira edozein gobernu demokratikoren lehen helburuak. Lehenengoa lorgarria da, baina bigarrena iraultzailea da Hego Amerikan eta Ertamerikan, non herrialde guztiek oraindik ez duten lortu ekonomia kolonialaren morrontzatik askatzea. Lehengaien menpekotasuna ia erabatekoa da gehienetan, esportatzen dutenaren prezioarekiko esklabo dira. Venezuelan morrontza horrek izen bat du: petrolioa.

PDVSAko –petrolioaren ustiaketaz arduratzen den Estatuko enpresa– ehunka lagun Nicolas Maduro presidenteari adi manifestazio baten amaieran. Argazkia: Santi Donaire

Mendetan inposatutako egitura ekonomikoa eraldatzea oso zaila da, baina ezin daiteke esan chavismoa ez denik saiatu, industrializazioa eta elikadura burujabetza sustatzeko saiakerak sendoak izan baitira, besteak beste. “Petrolioa ereitea” deitzen diote. Baina errealitatea oso gordina da: petrolioaren pisuak BPGn ez du atzera egin, %90etik gora dago. Eta zaila dirudi horri buelta emateko moduan izateak orain, egoera ekonomikoa aurreko urteetakoa baino okerragoa izanik.

Petrolioaren prezioa altuaren errentari esker gauzatu zituen Chavezek aldaketa sozial esanguratsu gehienak. 2008an kupelak 130 dolar balio zuen, egun 40 inguruan dago. Horren ondorioetako bat herrialdearen zorra handitzea izan da, gobernuak ez baitu gastu publikoa murriztu nahi izan.

“Sektore pribatuari protagonismo handiagoa ematea erabaki du gobernuak, produkzio nazionala handitzeko bide neodesarrollistatik jo du”, dio EHUko irakasle Uhartek egoera ekonomikoa hobetzeko gobernuaren neurriez galdetuta. Chavismo kritikoaren eta talde ekologisten kritikak eragin dituzten neurriak dira. “Batetik, Orinocon urrea, burdina, nikela, ikatza eta bestelako lehengaiak ateratzeko lur eremua 100.000 km2 handitu du. Bestetik, kanpoko enpresa gehiago ekartzeko asmoz, petrolioa ustiatzeko baldintzak malgutu ditu eta ‘Ekonomia Bereziko Eremuak’ sortu, kanpoko inbertsioak errazteko baldintzak ezarriz”.

Gainera, oinarrizko produktu askotako prezioak kontrolatzeko Estatuak ezarritako mekanismoak progresiboki ezabatu izanak ez ditu salneurriak egonkortu eta botikak eta elikagaiak eskuratzea zailagoa da herritar gehienentzat.

Zuluagaren ustez, 1998an chavismoa ez zen zerotik abiatu. “Jaso zuten estatu oligarkikoaren oinarriak ez dira desagertu eta funtsezkoak diren zenbait arazotan eragin zuzena dute. Adibidez, boterea jabetza indibidualtzat hartzea (‘herri edo auzo honetan hauteskundeak nik irabazi didudanez, altxorra orain nirea da’), ustelkeria eta klientelismoa ere sintoma nabariak dira eta bereziki azpimarratzekoa da erakundeen eraginkortasun eza. Chavismoaren sektore asko gaitz horiek erauzten saiatu badira ere, hor diraute. Bestela ezin da ulertu, chavismotik oposiziora eta kontrako norabidean, ‘bandoz’ aldatzen den pertsonen mugimendu etengabea. Askok boterea berea dela uste dute eta ez herriarena”.

Krisi ekonomikoari eta haren kudeaketari beste aldagai garrantzitsu bat gehitu behar zaie: gerra ekonomikoa. Venezuelako oligarkia eta nazioarteko finantza boterearen gidaritzapean, herritarren egunerokoan ondorio kaltegarriak eragin dutela dio Uhartek: “Monetaren kanbio-tasa manipulatu dute merkatu beltzean, patronalaren hainbat taldek oinarrizko lehengaien hornidura eten eta ekoizpena murriztu dute, hiper-inflazioa sustatu dute, finantza mailan herrialdea itotzen saiatu dira eta herritarrak likideziarik gabe uzteko, diru transakzioak saboteatu dituzte, besteak beste”.

Oposizioak azken urteotan antolatu dituen mobilizazio ugarietako bat. Argazkia: Santi Donaire

Konstituzioaren moldaketa eta hauteskundeak
Urte honen bukaeran eskualdeetako hauteskundeak izango dira, baina 2018ko amaierarako iragarrita daudenak mugarri izango dira, orduan presidentea aukeratuko baitute. Inork ez du zalantzan jartzen egungo testuinguruan chavismoa galtzaile aterako litzatekeela edozein motatako hauteskundeetan, hala adierazten dute joerek eta inkesta guztiek. Beraz, egoera politikoan, eta batez ere, egoera ekonomikoan errotiko aldaketarik lortu ezean nekez irudika daiteke gobernu aldaketa ez den beste agertokirik 2018ko amaierarako.

Chavismoak lor al dezake urte eta erdian horrelako aldaketa sakonik botere faktiko guztiak kontran izanda? Zaila dirudi, baina zalantzarik gabe ausardiaz jokatu beharko du esparru guztietan jauzi kualitatiboen bila, bereziki ekonomiaren kontrola berreskuratzeari begira. Lehen apustu handia Biltzar Konstituziogilea da.

“Biltzar Konstituziogilea osatzeko deia luzatu dugu bakea bilatzeko, biolentoak eta faxistak garaitzeko, aldatu beharreko guztia aldatua izan dadin, iraultza berritzeko eta ustelkeriari, burokratismoari eta gaizki egina dagoen guztiari parez pare aurre egiteko”. Nicolas Maduroren hitzek adierazten dute prozesu konstituziogilearen aldeko apustuaren garrantzia. Botere legegile eta exekutiboaren arteko kolapsoa gainditzeko, maila handiko gune instituzional bat sortzeari ekin dio gobernuak. Honezkero 55.000 lagunek baino gehiagok eman dute prozesuan parte hartzeko izena.

Chavismoaren zenbait lorpen sozial eta esperientzia interesgarriri –demokrazia zuzenarekin lotutako botere komunalaren sistema, adibidez– maila konstituzionala eman nahi die biltzarrak. Chavismo kritikoak ere begi onez ikusten dituen aldaketak dira, baina prozesua hasieratik bertatik kritika artean jaio da. Batetik, konstituzioa aldatzea hitz handiak dira, eta ohikoa izaten da herritarrek erreferendum bitartez berrestea, baina prozesuak ez du galdeketarik aurreikusi. Bestetik, alderdi politikoak alboratuz, Biltzarreko hautagaiak sektoreka eta lurraldeka aukeratzeak gobernuak gehiengoa bermatzeko eginiko mugimendutzat hartu dute askok.

Marco Teruggi kazetariak Biltzar Konstituziogilea abagune modura ikusten du chavismoarentzat. “Prozesu konstituziogilea aukera bat izan daiteke, gatazka ideien eztabaida demokratikora itzularazteko, chavismoa barrutik eraldatzeko eta prozesu parte-hartzailearen bitartez hauteskundeetan berriz ere gehiengoa izateko aukera berreskura dezan. Baina azken aukera izan daiteke”.

Oposizioak hasieratik adierazi du ez duela horretan parte hartuko eta beraz, zaila dirudi gatazka politikoaren konponbidea hor sor litekeenik. Uharteren ustez, asmo onak bai, baina zalantza handiak daude oinarrizko arazoa konpontzeko baliagarria izango ote den. “Astearen amaierara heldu ezinean den herritarraren egoera hobetzeko balioko al du? Jendeak erabaki ekonomikoak eskatzen ditu”.

Zuluaga ere ildo beretik mintzo da: “Kafe, azukre eta irinik –Venezuelako elikaduren oinarri batzuk– lortzea ezinezkoa bada, herritarrak kalera aterako dira. Chavezek etxebizitza publikoak milioika oparitu zituen, ikaragarria izan zen, baina horren ostean etxebizitzagatik chavista izan den jendeak ez badu arepa bat erosteko gaitasunik, kalera aterako da. Horrela ez jokatzeko oso ideologia sendoa izan behar da. Gaitz guztiak ezin zaizkio inperialismoari leporatu, hori gobernuaren kalterako da. Funtsezko aldaketa behar da, eta hori lortzeko herritar asko eta askoren bultzada ezinbestekoa da“.

Denborak argituko ditu zalantzak, baina asko dago jokoan herrialdeko mugetatik harago ere. Venezuela indar neoliberalen esku erortzea kolpe gogorra lizateke boterean erreferente asko ez dituen ezkerrarentzat, eta bereziki bigarren independentziaren bidean sakondu nahi duten Amerikako herrientzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude