ARGIA.eus

2020ko irailaren 30a
Macronen Errepublika Martxan garaile

Hedabideek iragarria gauzatu da

  • Asanblea Nazionaleko 577 eserlekuek beren diputatua daukate bost urteko legealdirako. Alta bada, bozemaileen %58k ez du botorik eman. Frantziak, Europako demokraziaren sehaskak, behea jo du. Edonola ere, Macron uholdea sentitu da Ipar Euskal Herrian ere. Frantziako Legebiltzarrean egonen diren hiru diputatuetarik bi presidentearen Errepublika Martxan mugimendukoak dira: Vincent Bru eta Florence Lasserre-David. Bestea Jean Lassalle da.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2017ko ekainaren 25a

Emmanuel Macron presidentearen Errepublika Martxanek (EM) 350 diputatu lortu ditu. Espero zuena baino aise gutxiago, lehen itzulian 400 inguru lortuko zutelakoan zeuden. 350 diputatu horien barnean François Bayrouren MoDemeko 44 daude. Justizia ministroaren alderdia indartuta atera da EMrekiko kanpainan mantendu duen lehia. Konstatazio bat hala ere: Bayrouren jarduera politikoari irregulartasunak antzeman zaizkio azken astean, Le Canard Enchainé aldizkariak salatuta. Abstentzioak abstentzio, ustelkeria ez da zigortua izan azken bi hauteskundeetan. Egungo sistema politikoak, aldez edo moldez, politikaria babesten du; honen jarduera ustela edo sanoa izanda ere.  

Les Republicains (LR) alderdiak eta UDIk, (Demokrata eta Independenteen Batasuna) biek elkarrekin, 130 diputatu lortu dituzte. Eskuinaren porrota agerikoa da, baina bere egoera ez da egungo establishment-en aldeko hedabideek iragarri bezain apokaliptikoa ere. François Baroin eta Laurent Wauquiez dira alderdiaren buru berriak. Alderdiaren presidente kargua euren artean jokatuko da datozen hilabeteetan. Eskuinak antolatzeko eta berritzeko arazoak ditu, baina funtsean, galdutako eserlekuak EMk eskuratu ditu. Zein da EMren alternantzia? LR, hots, eskuina. Funtsean, artean, eskuina izaki boterean, Gobernuaren Matignon egoitzan eta presidentearen Eliseoan.

PSk 32 diputatu lortu ditu. PRG (Ezkerreko alderdi Erradikala) eta Ekologistek 13. Ezkerrak baino, esan dezagun sozialdemokraziak muturreko galanta hartu duela, berea da porrot handiena. PSren hondamendia erabatekoa da. PSko Jean-Christophe Cambadélis idazkari nagusiak bozen emaitzak ezagutu ondoren bere kargua utzi du. Galdera jalgitzen da: EMn dauden sozialdemokratek eraginen ote dute Macronen politika neoliberalean, beraiek neoliberalismo kapitalistaren aliatu zintzoenak direlarik?

Frantzia Intsumisoak eta PCFk 27 diputatu eskuratu ditu. Ezkerrak Frantzian daukan sostengu soziala kontuan harturik, porrota ere begi-bistakoa da. Frantzia Intsumisoaren Jean-Luc Mélenchonek, bere agerraldietan jarrera eta mezu oso erradikalak agertu ohi dituen arren, egin nahi duen oposizioa gauzatzeko, abstenitu diren ezkerreko bozkatzaileekin sintonizatu beharko du. Jean-Luc Mélenchon diputatu berria da Asanblea Nazionalean.

Asanblea Nazionaleko diputatuen gehiengoa kontuan harturik, inork pentsa dezake eskuina galtzailea denik?
 

Marine Le Penen FNk 8 diputatu lortu ditu. Azpimarratzeko bi datu: Marine Le Pen lehen aldiz eseriko da Legebiltzarrean. FNko Florian Phillippotek, alderdiaren bigarrenak, ez du eserlekurik erdietsi. Bi liderren arteko nolabaiteko lehia izan da azken hilabetetan. Phillippoten porrotak FN barruko indar harremanak aldarazi ditzake. FNk ez du talde parlamentariorik izanen, hori lortzeko 15 diputatu erdietsi behar baita, alta bada, FNk inoiz baino “harrabots gehiago” eginen du Asanblea Nazionalean. Bestalde, demagun bosturtekoaren ondorenean, Marine Le Pen presidentea aukeratua dela presidentea, ez da guztiz ezinezkoa, LR eta EMko zenbat diputatu joanen litzateke FNra?

Gainerako alderdiek edo talde politikoek 29 diputatu lortu dituzte. Bitxia da datu hau, boz zenbaketaren gauetik biharamunera, kopurua 9 izatetik 29 izatera pasa zen. Datuak hutsala zirudien une batez, baina finean hauxe erakutsi du: Frantziako ordezkaritza politikoa gero eta zatituagoa eta atomizatuta dago. Ez da demokraziaren aniztasunaren seinalea, aitzitik, alderdi politikoen gainbeheraren erakuslea da, aro ideologiko baten amaieraren erakusle.

Paradoxak eta bitxikeriak: hauteskunde gauean, bozen kontaketa orduan, ardura nagusia zen, ea Marielle de Sarnez, Mounir Mahjoubi, Bruno Le Maire, Richard Ferrand, Christophe Castaner eta Annick Girardin ministroak hautatuak izango ziren edo ez. Bestela, Edouard Phillippe lehen ministroak igarri bezala, ministro kargua utzi beharko zuketen eta. Annick Girardin itsas harantzako ministroa “arriskuan” zegoen, baina azkenik seiek lortu dute Legebiltzarreko eserlekua. Manuel Valls lehen ministro ohia diputatu hautatu dute. Frantzia Intsumisioak ez du onartu haren aldeko bozen kontaketa. Evry herriko Udaletxean gaua luze eta beroa izan da. Horiek horrela, iraganeko ministro edota diputatu inguruen hautatzearen zalantzak bete du hauteskunde gaua hedabideetan eta alderdien egoitzetan. Horratx, egungo politikakeriaren eta politikarien demokraziaren erretratua.

Gauan barrena hainbat eserleku izan ziren “dantzan”, hainbat diputaturen edo “politikari notable”-ren eserleku “finkoak” erabaki artean. Izan ere, politika jarduera “profesional hutsa” bilakatu da. Emmanuel Macron presidentea da esponente agerikoena. V. Errepublikan, Frantziako diputatuen ezaugarria hauxe izan da: herri, departamendu eta erregioko erakundeetako hautetsi bilakatu ahala, diputatu edota senatari hautatuak ziren.  Macron bankari lanetan aritu ondoren, PSko François Hollanderen gobernuan ekonomia ministro izan ondoren, Errepublikaren presidente bilakatu da.

Azkenik, Frantziako politikagintzak bere protokoloa segitzen du. Edouard Phillippe lehen ministroaren lehenbiziko zeregina gobernu berria bertan behera uztea da, bere ministroak dimisioaraztea. 24 ordutan, “kabinete berria” aurkeztuko dio Macron presidenteari. Politikaren formulismoa. Anartean, hauxe galdetu dezakegu: diputatuen gehiengoa kontuan harturik, inork pentsa dezake eskuina galtzailea denik?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


2017ko Frantziako hauteskunde legegileak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko ekainaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude