Ezbaiak, mamuak eta etsipena kanpainaurrean

  • Frantziako presidente berria hautatzeko bozak apirilaren 23an eta maiatzaren 7an izanen dira; igandez eta bi itzulitan. V. Errepublikako hamaikagarren hauteskundeak dira, egundainoko berezienak. Aro honetako lehen presidentea, Charles de Gaulle, 1958an izan zen hautatua, erreferendum bidez; gainerako guztiak berriz, sufragio unibertsalez. Lehen aldikoz, presidentea dena ez da hautagai izanen. Hots, François Hollandek ez du bere burua aurkeztu. Hexagonoa krisi politiko handian murgilduta dago. Analista politiko askok Frantziako Estatuaren eraldaketa iragarri dute hurrengo agintaldian, VI. Errepublikaren atarian bide gara.

Emmanuel Macron, Marine Le Pen, François Fillon, Benoît Hamon eta Jean-Luc Mélenchon.

2017ko Frantziako hauteskunde presidentzialak azken 60 urteetako berezienak dira. Kanpaina ofizialki hasi gabe, “arrakastarik gabekotzat” jo dituzte adituek. Hona jarraian –hautagaien programak hurrengo baterako lagaz–, hauteskunde hauek berezi egiten dituzten zortzi ezaugarri:

1. V. Errepublikaren garaian, legealdia amaitu berri duten presidenteek agintzen segitzeko aukera gehien izan dute, oraingoan, presidente lehian sendo den bakarra Front National-eko Marine Le Pen da. Zaila da oso, bigarren itzulian berarekin lehiatuko dena antzematea. François Fillon (Les Républicans) eta Emmanuel Macron (En Marche) dira aukera gehien dutenak. Ezkerreko Benoît Hamon (Parti Socialiste) eta Jean-Luc Mélenchonen (La France insoumise) arteko akordio batek ezkerraren aukera suspertu lezake. Egiari zor, bien jarrerak ikusita, aukera gauza ezina da.

2. Primarioak: Frantzian primarioek ez dute inoiz, aldion izan duten garrantzia. Primarioak eskuin eta ezkerreko alderdietan (LR eta PS) jokatu dira, eta berauek izugarrizko higatzea eragin diete biei. Nicolas Sarkozyk irabazi ezean –presidente izana– , Alain Juppé iragarri zen –eskuineko zentrista– LRko primarioetako garailea. Usteak ustel, Fillon nagusitu zen inkestak hankaz gora ezarriz. PSn berriz, Hollande presidenteak aurkezteari uko egin izanak bere agintaldi hutsala agerrarazi zuen. Manuel Valls lehen ministro ohiak Hollanden tokia hartu nahi izan zuen, alabaina PSko ildo sozialdemokratak –alderdiaren aparatuak– bere boto-emaileen sostengua galdu duela “onartu” behar izan du. Hamon jalgi da garaile. Alderdiko askoren ustez, presidente izateko mailarik ematen ez duen hautagaia, areago, zirkulu politiko zenbaitetan Hamonek “barregura” sorrarazi du. Hauteskunde primarioek V. Errepublikaren garaian agindu duten alderdi nagusien gabeziak azaleratu dituzte.  

3. Penelopegate afera Fillon auzi gaitza bihurtu da frantziarrentzat, politikoki nahiz moralki. Le Canard Enchainé aldizkari satirikoak LRko hautagai Fillon bere senitartekoak lanpostu faltsuen bidez enplegatu izanaz salatu ondoren, etsipen giroa barreiatu zen Hexagonoan. Lehen ministro ohiaren aurkako ustelkeriaren akusazioek erabat baldintzatu dute kanpainaurrea, baita erabat aztoratu ere eskuin gaullista. Fillonek tinko aurre egin die bere alderdian kontra egin diotenei. Haatik, LRen aukerak puntu asko galdu du Macron hautagaiaren aldean. Juppék Fillon ordezkatuko ote zuen zabaldu zen une batez, Fillonek temati eutsi dio egoera latzari. Azkenaldion, hasierako bere oldarra apaldu du eta Justiziaren aurrean lasaiago agertu da. Primarioak irabazi ostean, Marine Le Peni aurre egin ziezaiokeen bakarra bera zen, baina haren aurkako auziak ikaragarrizko higadura ekarri dio berari eta eskuinari. Fillonek Justiziaren segimendua izanen du kanpainan zehar,  baita “mamua” ere.

4. “Konspirazioa” omen da kanpainaurrea “zikindu” duena. Frantzian egundo ez dira hautagaien arteko tamainako akusazioak entzun. Fillonek frantziar justiziaren inpartzialtasuna zalantzan jarri du. Bere ustez, Estatuko aparatua kontrolatzen dutenek (Eliseotik eta Matignonetik) Hollande presidenteak eta Bernard Cazeneuve lehen ministroak zuzendutako kanpaina izan dela aditzera eman du, zeharka bada ere. Bere abokatuen ustez, hedabideek justizia “orkestratu” dute Fillonen aurka egiteko. Herritarrek baino ezin dute bera jujatu, eta hori bozen bidez eginen dutela, erran du LRko hautagaiak. Fillonek berak bere “hilketa politikoa” eratu izanaz akusatu ditu arerio politikoak. Presidentegai batek ez zituen V. Errepublikaren egiturak eta baloreak sekula ezbaian jarri. Alabaina, frantziarren gehiengoaren ustez, Fillonek marra gorria gainditu ez ezik, bere hilobia ere berak zulatu du.

5. Macron fenomenoa: En Marche da Macron Eliseora eraman behar duen sasi-alderdi politikoa. “Macron zer da, eskuindarra edo ezkertiarra?”, galdetzen dute frantziarrek. Macronek ez du konplexurik, “rassemblement” hitza du gogoko, hau da, Frantziak bizi duen krisitik ateratzeko ezker nahiz eskuineko sektoreen “kontzentrazioa” eskaintzen du. Mundializazioa eta kapitalismo liberala ordezkatzea leporatzen dizkiote ezkertiarrek. Eskuindarrek berriz, Macron irrealistatzat jotzen dute; baita populistatzat jo ere bi aldeek. Ordea, bera jakitun da, egungo ekonomia kudeatzen duen établissement-arentzat bere profil politikoa Fillonena –Hamonena, zer esanik ez– baino aise hobeagoa dela. Hollanden agintaldian ekonomia-ministroa zela, Macronek garaiz utzi zuen gobernua, baita Eliseorako lasterketa arin abiatu ere. Le Penekin batera bera da bigarren itzulirako faboritoa. Biek ala biek kontraesan eta eragozpen franko gainditu behar dituzten arren –Le Peni lehenik eta Macroni azkenik, biei diruaren erabilpen okerra egin izana egotzi diete– beste hautagaiak baino hobeto iritsi dira kanpainaren atarira.

6. Inkestak: aipatutako bost hautagaiak ez dira bakarrak, badira gutxienez beste bost ere, eta gehiago aurkez liteke azken unean. Inkesten arabera, bozen %1-3 artean jasotzearen aukera baino ez dute horiek. Euren ustez, ordea, inkestek herritarrak manipulatzen dituzte erabat. Herritar gehienek ere, gero eta uste sendoagoa dute inkestek eta hedabideek hautesleen nahia “manipulatzen” dutela. Egiari zor, inkestek iragarriak eta bozen emaitzek ez dute bat egin azkenaldion. Donald Trumpen kasua lekuko. AEBetako primarioetan inkestek egungo presidenteari ez zioten agindu herritarrek gero emandako sostengua. Frantzian antzeko “mamua” dabil airean.    

7. Hamon fenomenoa paradigmatikoa da. Sozialismo errealaren porrota gainditzera deitua da nonbait. Alta, ez da PSren hautagaia, edo ez du behintzat alderdiko nagusien onespena jaso orain arte. Hamonek Vallsen lekua hartu du eta Hollanden bosturteko politika kaskarrari onespena ematea exijitzen dio alderdiak. Hamonek hori eginez gero, Mélenchonek bere aldeko ezkertiarren boz asko jaso lezake. Mélenchon, alta, ezker despota eta jakobinistaren ordezkaria da askorentzat. Komunista ohi askok bera eta Hamonen ordez, Macron hobetsi dute. Munduan nagusitu den liberalismoak berak jota dago Frantziako ezkerra ere.  

8. Frantziak krisi ekonomiko sozial eta politiko gaitza bizi du. Mundializazioak eta Ekialde Hurbileko egoera gatazkatsuak –islamismo fundamentalista,  jihadismoa tarteko– bere izaera sendoa durduzarazi dute. Adibidez, Turkiako presidente Erdogane eta atzerri-ministro Cavusoglu Europar Batasunaren aurka gogor mintzatu dira Metz hirian emandako mitinean. Europan nazismoa bizirik dagoela erran dute. Besteak beste, Angela Merkelen Alemania izan da euren hitzen jomuga, baita Herbehereak ere. Alabaina, Turkiako mandatarien agerraldia Europako hainbat estatutan debekatua izan den bitartean, frantziarrek turkiarren irainak entzun behar izan dituzte beren lurraldean. Turkiar komunitateak Europan –eta Frantzian– daukan pisuak Frantziako Gobernuaren “onespena” erraztu du hauteskundeen atarian. Europako krisia eta noraeza eragin berezia izaten ari dira hauteskundeen atarian –Europak arnasa hartu du, liberalismoa eskuineko populismoari gailendu zaiolako Herbehereetako  hauteskundeetan, Brexit “mamua” uxatuz  behin-behinean–. Hala ere, Trump fenomenoa “mamu” baten gisara dabil Frantzian eta Europan orobat. Europar Batasunaren etsai Marine Le Pen ongi baino hobeto baliatzen ari da efektu hori.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 2017ko Frantziako hauteskunde presidentzialak
2017-08-01 | Moha Gerehou
Xenofobia Europan
Eskuin muturraren gorakadaren aurrean geratzen zaiguna

"Gerrarte" sasoian, Frantziako Estatuko hauteskundeen lehenengo eta bigarren itzuliaren artean alegia, fenomeno interesgarri baten lekuko izan ginen, garbi islatzen duena Europan eskuin muturrak bizi duen egoera eta horren aurrean gainerako indar politikoek duten... [+]


Ezkerra bidegurutzean

Azken hamarkadetan ezkerraren barruan gertatzen ari dena “iraultzailea” da. Bere baitan topa dezakegun perfil soziologikoen arteko aurkakotasuna oso nabarmena da. Alde batetik, balio posmaterialistetan –labur esanda: feminismoa, ekologismoa, arrazakeriaren... [+]


2017-05-21 | Itxaro Borda
Zapatak

Iragan astean, mendiko zapata berriak erosi ditut, izendatuko ez dudan kostalde oparo honetako kirol denda batean. Ez naiz alpinista, ez naiz itsuki gailurren lehian dabilen horietarik ere, maldetan gora eta behera ibiltzea maite duen hiritar hutsa baino: gustatzen zait hatsak... [+]


2017-05-14 | Mikel Asurmendi
Macron presidente: promesak egia bihurtuko balira

Emmanuel Macron da Frantziako presidente berria, hautesleen bozen %65,5 jasota. Marine Le Penek, berriz, %34,2 boz bildu ditu. Macronek 20,7 milioi herritar inguratu ditu eta Le Penek 11. Sei milioi hautesle abstenitu dira.


Ipar Euskal Herrian Macron garaile, alde handiagoarekin

Ipar Euskal Herrian ere atera da garaile Emmanuel Macron, botoen %76,52 lorturik. Abstentzioak, baliogabeko botoek eta boto zuriek ere presentzia handia ukan dute, orokorki, aurreko hauteskundeetan eta zehazkiago, lehen aldiz Le Pen bigarren itzulian kokatu zen 2002 urtean baino... [+]


Eguneraketa berriak daude