"Giza jarduerak animalia basatiengan zer ondorio hilgarri dituen erakutsi nahi dut"

  • El viaje de Unai dokumentala da Andoni Canela argazkilariaren azken lana. Hamabost hilabetez familia osoa ibili da munduan barrena galzorian dauden zazpi animaliaren bila. Ia guztiok txikitan egin nahiko genukeen bidaia da edo gure seme-alabekin egin nahiko genukeena. Film honetan, animaliek aske bizitzeko duten eskubidea ilusioz aldarrikatzen du Andoniren semeak, Unai narratzaile txikiak. 

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Andoni Canela Urizar (1969, Tutera)

Naturaren argazkilaria. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan kazetaritzan lizentziaduna eta Londresko London College of Printing-en argazkilaritzan diplomaduna. Hamabost liburu eman ditu argitara, haien artean: Durmiendo con lobos eta El Águila Imperial Ibérica. Bere lanak  National Geographic, Geo, BBC Wildlife, Newsweek eta Sunday Times hedabideetan argitaratzen ditu. Duela hiru urte bere bikotekide Maritxell Margarit idazlearekin eta haien bi seme-alabekin hamabost hilabeteko bidaia egin zuten munduan barrena. Bidaia horretatik La llamada del puma liburua eta El viaje de Unai dokumentala sortu dira.

Noiztik datorkizu animaliei argazkiak ateratzeko zaletasuna?

Tuterakoa naiz, hangoa dut aita, eta ama Bilbokoa. Tuteran bizi izan nintzen unibertsitatera joan arte. Bardean asko ibiltzen nintzen. 13-14 urterekin paisaien eta animalien bila ateratzen nintzen Ebroko ertzean eta hango mendietan. 16 urterekin hasi nintzen argazkiak egiten.

Nola iritsi zinen naturaren argazkilari profesionala izatera?

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikasi nuen kazetaritza, baina oso gutxi joaten nintzen eskolara. Hirugarren mailan hasi nintzen hainbat aldizkaritan eta egunkaritan nire lanak argitaratzen. Gerora liburuak eta erakusketak etorri ziren.

Hortik bizi daiteke?

Duela lauzpabost urte arte nahiko ongi bizi zintezkeen, baina azkenaldi honetan, krisiaren eraginez, jende askok utzi behar izan dio horretan lan egiteari. Nik, zorionez, badut aski lan. Nire egiteko modua nahiko berezia da, epe luzerako proiektuetan egiten dudalako lan. Argitara eman ditudan liburuetako batzuetan bizpahiru urte aritu izan naiz gelditu gabe. Artikoaren inguruko erakusketa prestatzeko hainbat urte behar izan nituen. Normalean egiten ditudan lan gehienak enkarguzkoak dira edo aldez aurretik jasotzailea ziurtatua dutenak.

Beti ibili zara munduan barrena?

Karrera bitartean lagun batzuek kiosko-liburudenda ireki genuen Kazetaritza fakultatean, eta ikasturtea amaitu bezain laster alde egiten nuen nire kamera eta kanpin-dendarekin. Bospasei urtez uda osoa eman nuen Afrikan. Hasieran idatzi egiten nuen, baina poliki-poliki argazkia joan zen lehentasuna hartzen. Lehen unetik gizakiak ingurumenarekin duen harremanaren inguruko erreportajeak egin izan ditut. Lehena, adibidez, erronkariarren ardi bidea izan zen, La Vanguardiak argitaratu zidan.

Animaliak beti protagonista?

Gero eta gehiago joan nintzen animaliengana hurbiltzen, baina oinarrian beti dago gizakiaren eta animalien arteko harremana. Azken bidaia honetan, adibidez, zein animalia dauden jazarriak, masakratuak eta desagertzeko arriskuan begiratzea eta horietarik kontinente bakoitzeko bana aukeratzea izan da abiapuntua. Gizakia ez da ikusten nire argazkietan, baina animaliengan duen eragina mezuaren mamia da. Animalien biologia edo izaera azaldu baino gehiago, nik erakutsi nahi dudana da zer ondorio hilgarri dituen giza jarduerak animalia basatiengan. Hortaz, naturaren inguruko dokumentalak dira nireak? Bai, baina hori baino gehiago ere bai.

Unai eta Amaia Canela Andoniren seme-alabak. Argazkia: Andoni Canelak utzia.

Planeta suntsitzen ari gara?

Garapen bidean dauden herrialdeetan natura elkortzen, agortzen ari dira. Besteetan, gutxi gorabehera, babes neurriak ari gara ezartzen eta hainbat kasutan eraginkorrak direla esan daiteke. Hirugarren munduan lehen munduaren multinazionalak ari dira baliabide naturalak basaki ustiatzen. Hau gaur egungo kolonialismoa da. Oihan tropikalak eta beste ekosistema asko ari dira desagertzen ustiapen zuzenengatik edo klimaren aldaketaren ondorioz. Estatistiketan argi ikusten da nola espezie batzuk ari diren desagertzen edo gainbehera garbian. Hemen lortu badaiteke lurzoru baten birkalifikazioa modu “legezkoan”, garapen bidean dauden herrialdeetan zer esanik ez. Han borondate politikoa eta behar den guztia oso erraz erosten dira negozioak egiteko. Orain palma olioarengatik Asiako oihan tropikaletan gertatzen ari dena ikaragarria da.

Nola sortu zen hamabost hilabeteko bidaiaren ideia?

Nire bidaietan normalean bakarrik joan izan naiz eta etapa motzetan. Hau erabat desberdina izan da. Oraingoan familia osoa joan gara eta dena jarraian egin dugu. Hasieran, bidaiaren helburua hainbat aldizkaritarako argazki erreportajeak egitea zen. Hogei bat egin nituen. Gerora iritsi zen liburua egiteko aukera, La llamada del puma, 272 orrialde, 150 argazki, Meritxellen testuak eta Unairen marrazkiak. Odile Rodríguez de la Fuentek egin zuen hitzaurrea. Azkena El viaje de Unai izan da, hilabete horietako kronika haurrak bere hitzetan kontatua.

Hori dena Looking for the Wild izeneko proiektuan kokatzen da. Egitasmoak hainbat fundazio eta entitateren sostengua izan du, besteak beste, Félix Rodríguez de la Fuente Fundazioarena, eta elkarlanean ari gara P.A.U. Education argitaletxearekin familia eta eskolei zuzendutako Learning in the Wild heziketa proiektuan. Harrituta gelditzen ari naiz jendearen erreakzioarekin. Ikusleak hunkitu egiten dira izugarri. Bukaerako mezua ongi iristen ari zaio ikusleari, baina beste asko ere bai.

Zergatik hautatu dituzue zazpi animalia horiek?

Hauek aukeratu ditut: otsoak Kantabriako Europako mendietan, Namibiako basamortuko elefanteak, Patagoniako pumak, Ipar Amerikako bisonteak, Antartikako Papua pinguinoa, Thailandiako kalaoak eta Australiako krokodiloak.

Gizakiek animalia horiek sarraskitzeko dituzten arrazoiak erakutsi nahi genituen. Ipar Amerikako bisontea adibidez. Ba omen ziren 40 edo 50 milioi ale, zuriak iritsi arte. Ia guztiak akabatu zituzten, Yellowstone parkean 50 aleko talde txiki bat utzi arte. Zergatik egin zuten halako holokaustoa? Bertako indiarrak akabatzeko, larruekin negoziatzeko, munizioa oso merkea zelako… Basamortuko elefanteak hiltzen dituzte boliarengatik, baina mesede politikoen truke. Thailandiako kalaoak hiltzen ari dira haien lumak eta mokoak saltzeko, baina gehienbat oihan tropikalak suntsitzen ari direlako ari dira desagertzen. Olioa ateratzeko palma plantazio ikaragarriak jartzen ari dira neurririk gabe. Bestalde, Antartikako pinguinoak klima aldaketaren ondorioak zuzenean ari dira pairatzen. Australian berriz, duela gutxira arte krokodiloak hiltzen zituzten pertsonentzat arriskutsuak direlako. Galzorian egon zen toki askotan eta orain babestuta dago. Hori da herrialde garatu eta garapen bidean daudenen arteko alde nagusia. Babes neurriek, gutxi gorabehera, funtzionatzen dute. Katamotza, eguzki-arranoa… galtzear egon dira Iberiar Penintsulan. Egia da otsoa mehatxua dela abereentzat, baina sarraskia ezin daiteke izan irtenbide bakarra. Elikagai ekologikoen inguruan ere kontraesanak izaten dira batzuetan. Gazta ekologikoa egiten dutela esaten dute batzuek, adibidez, baina otsoa gertu izatea ez dute nahi.  

Unai pinguinoei begira. Argazkia: Andoni Canelak utzia.

Nolakoa izan da lanaren antolaketa bidaian?

Toki bakoitzean bizpahiru hilabete egon gara. Dinamika oso sinplea zen: iritsi, kokatu eta ikusteko oso zaila den animaliaren bila hasi. Eszena batzuk hainbat egunetan daude grabatuta, baina egun berean eginda daudela dirudi, egunero toki berera eta ordu berean joaten ginelako. Horrela, ikuspuntu desberdinetatik grabatzen ahal nuen, nahiz eta kamera bakarra izan. Plano gehienak, hiru laurdenak, nireak dira, baina Unai semea ere hasi zen plano batzuk hartzen nik argazkiak egiten nituen bitartean, eta horietako askotxo erabili ditugu gero filman. Hasieran, dardara egiten zioten eskuek, batez ere teleobjektiboak handiak direlako, baina gero eta hobeki aritu izan da lanean. Laster konpetentzia eginen dit!

Bidaia amaitu ondoren beste hamabost hilabete aritu gara muntaketa egiten: bideo irudiak, argazkiak, zuzeneko soinua (lehoien orroak, otsoen uluak…), musika, narrazioa, marrazkiak… Gidoia Meritxellek, Julio Mazarico Tuterako idazle eta adiskideak eta Unaik berak egin dute, eta hiru bertsio grabatu dira: gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez.

Zer nolako esperientzia izan da Unai eta Amaiarentzat?

Izugarri gozatu dute. Ohituta daude halako gauzetara. Unaik bederatzi urte bete zituen Alaskan aurora borealak ikusten. Hartzak, katamotzak, otsoak… ezagutzen dituzte. Animalia horiez gehien dakiten adituekin hamaika aldiz hitz egiteko aukera izan du Unaik eta izugarri ikasi du, baina hala ere hunkitzen segitzen du animaliak askatasunean ikusten dituenean.

Bidaian oso toki desberdinetan bizi izan gara. Namibiako basamortutik Antartidan 25 gradu zero azpian egotera pasa gara. Unai bi eskolatara joan zen bidaian. Australian, herrixka batean ginen eta hango eskola publikora joan zen haur aborigenekin. AEBetan, Coloradon, 1.500 metroko altueran zegoen herri txiki batean ginen eta hango eskola publikora joan zen. Gainerakoan etxean ikasten zuten Meritxellekin. Irudi lezakeena baino askoz ere errazagoa izan da guztia. Arropa, adibidez, baldintza klimatologiko guztietarakoa behar genuen. Thailandian, hotelean gorde ziguten neguko arropa eta Namibian autoa alokatu genuen tokian gordetzeko eskatu genien.

Argazkia: Andoni Canelak utzia.

Amaia txikia, protagonista jaten duen urrezko sekundarioa.

Bai, egia. Zoragarria da. Gainera seguruenera, bizitza guztirako bere lehenbiziko oroitzapenak bidaia horretakoak izanen dira. Lur orotarikoa da: edozein gauza jaten du, edonon egiten du lo…

Muturreko tenperaturetan bizi izan gara eta ez genuen ezer izan. Soilik Amaiak izan zuen hiru eguneko katarroa Ipar Amerikan, 15-20 gradu zero azpitik geundela. Unaik orkatila bihurritu zuen paperezko hegazkin batzuen atzetik korrika zihoala lau metroko aldapa batetik erorita. Beste egun batean, Afrikan, sabela nahasi zitzaion. Besterik ez. Estres eta kezka ezarengatik izanen da. Ez dakigu. Baina animaliekin arriskurik ez dugu izan. Afrikan, adibidez, autoaren gainean jarritako bi dendetan egiten genuen lo eta gauean ezin ginen handik jaitsi ezta pixa egiteko ere, lehoiak inguruan ibiltzen zirelako. Askotan izan naiz toki horietan guztietan eta badakit non egon daitekeen arriskua. Eskorpioi batek hozka egiteko, adibidez, burua zapaldu behar diozu, bestela alde egiten du. Oso zaila da. Ez gara arriskuan jarri. Agian, arriskutsuagoa izan daiteke hemen etxetik lanera autoz joatea.

Nolakoa da bidaia honetan garatu duzuen heziketa proiektua?

Alde batetik, bidean ezagutu ditugun eskola batzuk beste batzuekin harremanetan jarri dira animalien suntsipenaz hitz egiteko. Adibidez, Patagoniako eskola bat Galiziako batekin aritu da lanean. Patagonian pumarekin egiten ari direna Galizian otsoarekin egin zutena delako. Abereentzat arriskutsuak zirelako akabatu zituzten eta gauza bera gertatzen ari da orain pumarekin Argentinan eta Txilen. Horrez gain dokumentala hainbat eskolatan emanen da eta zinema areto batzuetan ere jarri nahi genuke. Bartzelonan bost astez izan da ikusgai eta aretoa beteta egon da saio guztietan. Estatu osoan 70 emanaldi baino gehiago egin dugu eta izugarri gustatzen ari zaio jendeari.

Eta hemendik aurrera?

Joan den urtarriletik abuztura beste itzuli bat eman diogu munduari. Mediaset taldearen enkarguz hainbat saio grabatu ditugu hainbat tokitan. Oraingoan ez da jarraia izan, baizik eta hiru-lau astetako egonaldiak eta telebista talde baten konpainian.

Argazkilaria lanean harrapatua. Argazkia: Andoni Canelak utzia.

 

Utzi haurrei bere kabuz

“Naturarekiko kontaktu hutsak baliabide pila ematen die haurrei. Gauzak haien kabuz aurkitzen doaz, eta min pixka bat hartzen badute ez da ezer gertatzen. Asunek azkura ematen dute eta animaliek hozka egiten dute, hori horrela da, eta ikasi egin behar da. Gaur egun gehiegi babesten ditugu haurrak eta asko ari gara galtzen”.

Semearen ilusioa

“Unairen begirada ez da dokumentalistarena, ikusitakoa aldatu nahi duen pertsonarena baizik”.
 

Haurra hizketan

“Bidaiaren ardatza galzorian dauden zazpi animalia-espezie bilatzea zen eta azaltzea gizakien ekintzen ondorioz daudela egoera horretan. Modu sinple eta zuzenean nahi genuen adierazi, eta zalantzarik gabe, errazago lortzen da hitz egiten dizuna haurra bada”.

Azken hitza: Unai Canela, Andoniren semea kopetazuriez
Argazkia: Andoni Canelak utzia.

“Aitak erakutsi zidan lehenbiziko gauza izan zen misio bat izan behar duzula. Nire lehen misioa kopetazuriak bilatzea izan zen. Ahate moduko batzuk dira, gure etxe ondoko urmaelean bizi direnak. Gero ulertu nuen aitaren trikimailua: misioa aitzakia hutsa da eta dibertigarriena, aldiz, bilatzen ari zarenean ikasten duzun guztia”.


ASTEKARIA
2016ko azaroaren 27a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Natura
2024-04-25 | Sustatu
'Mendiurrena': Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Prozesionaria jalea

Esaera asko sortu ditu hegazti honek. Ikusteko zaila den arren, denok ezagutzen dugu. Nola? Kantuagatik. Bere izena kantu egiteko erak eman diola pentsa dezakegu. Urtero kantatzen du udaberrian eta uda partera aldiz, isildu egiten da. Esaerak dioenez, “maiatzean kuku, San... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude