Menderik mendeko eratorria

  • Euskarazko abesti zirraragarri batek europar mito zahar baten aztarna dakarkigu. Judu herratuaren edo Jüdiferraren kanta plazaratu eta musikaz apaindu zuten Euritan Blai taldekoek, koplak zubereraz ahoskatzen zituztela. Egia erran, judu herratuaren istorioa Erdi Aroan errotzen da: munduan barna dabilenak, herioa galdua duenez, ezin du bizitza galdu. 

Gizakia, hondarrean, lurraren biribilean eratorrian higatzen doa, baztertua, ehizatua, zirikatua. Destino garratzaren hobenduna dela eransten dute hizkuntza ezberdinetan garatzen diren ipuinek:

Ote da mundu honetan deus ere gai denik
Judu herratuari konpara daitekeenik?
Nik ez dut uste baden nehon miserablerik
Haren zorteari hurbil daitekeenik…

Zubererazko bertsioan jüdiferra deitzen zaio alderraiari, poetak gehitzen duela: bera dela kausa düzü hola tormentatürik. Hogeita zortzi kopla zenbatzen dira abestia paperean lapurteraz etzaten delarik, baina askoz gutxiago dira kantatuak.

Pertsonaia zardaia eta zarpaila gurutzatzen zutenak harritzen ziren bereziki bizarra zein luzea zuen ikustean. Langile arruntaren moldean beztitua zen, oskigileen taulierrarekin, zubereraz zehazten denez. Konkorra zen bizkarrez eta mila zortzi ehun urte konplitu berriak zituela agertzen zien ostatura gonbidatzen zuten burgesei:

Hemezortzi ehun urte baitut pasatiak
Hetaz izan zizte, oi, segurtatiak…

Zutik, basoa altxatuz, xehetasun biografiko gehiago bihikatzen zituen Lapurdiko edo Zuberoakoa taberna tepuetan, euskalki ezberdinetan:

Israelgo herrian izan niz deitua,
Jerusaleme famos hirian sortua,
Satisfa bedi beraz zien izpiritua.
Jauna ni nuzie bai judu herratua.

Literaturak dakar judu herratuaren inguruko mitologiaren lekukotasuna. 1228an Paris izeneko apez beneditarrak kontatzen du Kartafilius juduaren bisita San Albans monasteriora. Legenda hedatu zen Europan, XVI. mendetik hara, eta idazleek –batez ere alemanez 1602tik hara…- eratorrian zihoana Ahaswerus bataiatu zuten. Eratorriarena, madarikatze baten gisa ulertuko zen, Jesusen gurutzefikatzean parte hartu izana leporatzen zitzaielako judutarrei. Kristauek ez zieten barkatuko eta badakigu nola eta non bukatuko ziren anatema, irain eta laido uhin zitalak.

Neure gaizki handia, erranen dut egia,
Gaizki tratatu nuen nik Jesus maitia;
Izan behar-bidian urrikalmendian
Zerbitxatu izan nuen krudelitatia…

Bertsoetan bekatua izendatzen da: Jesusek, Golgotako kalbariorako xendran judutar zapatagile bati galdegin zion gurutzea pausatu ahal zuenez bere ate ondoan. Ahaswerusek, buruaz, ezezkoa eman zion, Pontzio Pilatos erromatarraren zakurrekin batera zaunka egiten zuela:

Habil hortik aitzina, habil kriminela!
Berehala jaso zuen gaztigua Jesusen ezpainetatik:
Jesusek erran zerautan ordian berian
Mila urtez bederen, ibiliko hiz mundian…

Kantaren entzule interesatu antzera zegozkien burgesek Jesusi eman zioten arrazoia:

Dudarik gabe duzu ontsa merezitu,
Jaunak zituenean zu hola punitu…

Ez dezagula ahantzi XVII. mendetik hara, protestanteen eta sorgin auzien garaia ahitu zenean, bortizki dakigunez, gure herrietan kristautasunik garratzena hedatu zela, puntu batez jansenismoz are zakarrago apaintzeraino. Jüdiferraren baladak erakusten du euskarara itzuli zen denboretan euskalduna jadanik sakonki fededuna zela.

Auzo berezi edo aljamia hertsietan kokatzen ziren judutarrak Euskal Herrian eta veneziar jatorrizko ghetto izena eman zitzaien guneetan setiatuak Europan zehar. 1492an Errege Katolikoek Espainiatik eta Portugaldik haizatu zituztenean Nafarroako lurretan aterpetzea lortu zuten petxa zerga ordaintzearen trukean: Tuteran, Lizarran, Iruñean, Iparraldeko Bastidan, Bidaxunen eta Baionan. Hemen ere sustraitu zen Judu herratuaren kantak aipatzen duen diaspora.

Baionara txokolatea apailatzeko metodoak ekarri zituzten. Baldintza gogorretan bizi ziren: gau oroz, Santizpirituko egurrezko zubia trabeskatu behar zuten Maubec aldera, hiri burgesean geratzea debekatzen zitzaielako. Oraindik ere ikusten dira judutarren presentziaren hatzak Baionan: 1836an eraiki sinagoga, bainu erritualak egiteko mikve delakoa, hilerri israelita Santa Gurutzeko bidean eta lurrean bil daitekeen norbaitek galduriko kipa zuri-urdina.

Baionako judutarren kultura eta fede jaidura portugaldarra da oinarrian. Torah zaharra kontserbatzen da bertan, han edo hemen entzuten diren sefardien ohidurazko kantez gain. Agian ladino hizkuntzaz ari ziren gehienak, hots hebrearraren eta gaztelaniaren arteko nahasketa linguistiko batean.

Euskal Herri Iparraldean bildu zen Judu herratuaren kopla saila: Azkuek Baxenabarreko Orabarren (Oragarre ala?) hauteman zituen lehentze, bai eta Mugerren eta Hazparnen. Nehor izengoitiaz ezaguna zen Jean Barbier, Dassance, Gure Herria Uztaritzeko aldizkariaren orrialdeetan eta Aita Donostia interesatu zitzaizkien. Honek, 1927an, Atharratzeko Bedekarratz bati jaso zion zubererazko aldaera, Euritan Blai taldekoek musikaz apaindurik eskaini zutena:

    Bai ai Isak Lakere
    Düzü ene izena,
    Jerusalemen sortia
    Herri hanitx aipatia,
    Jesus jaunak haitatia:
    Eta ni, hanko semia,
    Beti malerus nizana,
    Mündian paregabia.

Zubererazko bertsoetan Isak Lakere deitzen da eratorrian dabilena. Ez zen baitezpada Barkoxe, Maule eta Larraine artean aurkitzen, kantaren harian Austriako Viena hiria azaltzen delako, baina orduan, gaur egun bezala, jakintza herrikoiez hanturiko almanakak irakurtzen zirenez, bertsolari bat edo beste inspiratu zukeen historia triste eta malenkoniatsuak.

    Hartüren dit edatera
    Bi kolpüz ziekilan.
    Oi! parka nabastarria
    Ikusirik borondatia
    Ziek nula arrafüsa
    Ezin jarten niz ziekila.
    Hau da düdan doloria
    Edo konfüsionia.

Lurraren azala inguma traketsaren moduan urratzen zuen, eta menturaz duen judu herratuaren itzalak belaunaldien gogo-muinak inarrosi zituen, aldi berean madarikazioa eta edozein bideetatik loturarik gabe aske ibiltzeko aukera irudikatuz, aske, pobre eta kasik biluzik.

Ez da gehiago Judu herratuaren kanta aditzen. Ez zerion alta antisemitismo sentimendu larririk, baina naziek zedarritu exterminazio zelaietara sei milioi judutar eramango zituen mendeetako gorroto diskurtsoen elementuak kausitzen dira, Balbesbergen 1940an ekoiztu Süss Judua filma hartan bezala. Ez dezagula ahantzi euskaldunok, halaber, parte hartu genuela sarraski horretan Eskualduna astekariko apaizek juduen eta framazonen kontra idazten zituzten artikulu sutsuak gazura bailitzan irentsiz. Bigarren Mundu Gerraren ondoko urteetan oraino Jon Mirandek judutarrei harrika eginen zien eta Gabriel Arestik haien suertea gutiziatzen zuen 1963ko Apur dezagun katea poesian:

    Euskararen asturua
    Ezta gauza segurua:
    Askozaz hobekiago
    Dabil munduan judua.

Urrun gaude aitzineko gizaldietako urrikitik: judu herratua ehun urteetarik behin herrietatik pasatzen zenean jendaldeen soa kitzikatzen zuen, koplak sortzeraino edo beste hizkuntzetan zeudenak euskarara ekartzeraino. Hala ere, ildo horretatik eta Palestinako borrokaren sostenguz berriz antisionistak bilakatzear, 1970eko hamarkadan Israelgo eredua kasko zokoan zeramaten bi idazle kausitzen dira gurean: batetik Euskal Herri barnealde desertatuko garapena kibbutz moduko antolaketak akuilatuko zuela sinesten zuen Beñat Laxague enpresari aldudar ohia eta bestetik hebrearra ikasteraino iritsi zen Xabier Kintana, bilbotarrak Tuterako Yehuda Ha-Leviren olerkiak euskaraz paratu zituela.

Judu herratuaren edo Jüdiferraren abestiak erakusten du, beharrik balitz, euskaldunok ez garela nehoiz Europako olde kulturaletatik kanpo bizi izan eta argi uzten digu zein eta nolakoa zen historian zehar judutar munduarekiko gure harremana.

    Joan behar niz aitzina, oi hau doloria!
    Bestela enetzat tormenta haundia...


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude