Ruteniera, txikitasunetik argitara irten nahian

  • Danubio ibaia lagun, serbiarren eta hungariarren itzalean bizi izan dira ruteniarrak aspalditik. Serbia iparraldeko Vojvodina eskualde autonomoa da haien etxea eta harrotasunez eusten diete beren ohiturei eta mintzairari.

Dabi Piedra
2016ko irailaren 18a
Ruski Kerestur herrian ia hizkuntza bakarra da ruteniera. (Mapio.net)
Ruski Kerestur herrian ia hizkuntza bakarra da ruteniera. (Mapio.net)

Hizkuntza eslaviarren entsaladan, osagairik ezezagunenetako bat da ruteniera edo rusyn hizkuntza: Batzuetan ahaztua, beste batzuetan landa giroko dialektotzat joa, ia beti baztertua. Vojvodinan ofiziala da eta badira rutenierazko eskolak eta hedabideak. Hala ere, beste hizkuntza txiki askok bezala, transmisioa du kezka iturri.

Zinez txikia da ruteniera, 15.000 hiztunen langara ez baita heltzen, baina herri batzuetan ia hizkuntza bakarra da, adibidez Ruski Kerestur-en. Kroazian eta Kanadako diasporan ere badira hiztunak. Era berean, Ukraina, Eslovakia eta Poloniaren arteko mugan beste ruteniar multzo bat bizi da, etnia berekoa bai, baina hizkuntza ezberdinekoa. Horregatik, adituek “Panoniako ruteniera” izena eman diote Vojvodinakoari, iparraldeko senideen mintzairatik bereizteko.

Landa eremuan rutenierak arnasguneak baditu ere, bestelakoa da egoera eskualdeko hiriburu Novi Saden, Serbiako hiri handienetan bigarrenean. “Batzuk beldur dira Novi Saden rutenieraz hitz egiteaz”, dio Slavko Njaradi ruteniarrak. Ehunka batzuk badira Novi Saden, baina kalean serbiera da nagusi. Hiriaren erdiguneko Knjižara Most liburu-denda dotoreko arduradun Alexander serbiarrak dioenez, bezeroek inoiz ez diote rutenierazko libururik eskatu. Ordenagailuan begiratu behar izan du hizkuntza horretan alerik duen jakiteko: Gramatika ikasteko jarraibide bat, horixe bakarra. Eskualdeko hizkuntzetatik gutxien entzuten duena dela dio Sanja ostalariak, “hungariera eta eslovakiera entzutea ohikoa da, baina ruteniarrak herrietan bizi direla uste dut”.

Beldurrak ahaztu eta ruteniera hiriko bizitzaren parte izan behar dela dio Slavko Njaradik. “Inoiz ez dut arazorik izan Novi Saden nire hizkuntza erabiltzeagatik, beste etnietakoek errespetatu egiten gaituzte”. Ruteniarrei erraztasunak ematen dizkiete beren hizkuntzan ikas dezaten, haur eskolatik unibertsitatera arte. Ruski Kerestur-eko (Novi Sadetik 70 km-ra) rutenierazko lizeoan ikasten duten neska-mutilek doan dituzte logela eta jatekoa.

Etxean erakutsi zioten Njaradiri ruteniera, harro erabiltzen du eta pozik dago gurasoek hautu hori egin zutelako. Aitzitik, jarrera hori ez dela ohikoa dio, transmisioak kezkatzen du: “Guraso askok ez diote abantailarik ikusten rutenierari, lanpostua aurkitzeko ez baitu aukerarik ematen”. Irtenbidea hezkuntzan dagoela uste du Njaradik: “Ikasgai baliagarriak rutenieraz ematea da gakoa, matematikak eta ingelesa kasu. Folklorea ondo dago, baina gai praktikoak ere rutenieraz irakasteko ahalegina egin behar dugu”.

Martica Tamaš, ‘Ruske Slovo’ aldizkariko zuzendaria
“Arrakasta izan duten ruteniarrei buruzko albisteak oso estimatuak dira”

Ruteniera hutsean argitaratzen da Ruske Slovo aldizkaria. Batik bat harpidetza bidez zabaltzen da eta herri batzuetan boluntario sareak eratu dituzte banaketarako. Txikitasunean, sendo eusten dio: Jugoslavia ohia, Balkanetako gerrak eta NATOk Novi Saden aurka egindako bonbardaketak ezagutu ditu. Martica Tamaš zuzendariak ongi etorri beroa egin dio ARGIAri aldizkariaren egoitzan.

Nolakoa da Ruske Slovo?

1945etik argitaratzen da. Gainera, umeentzat argitaratzen dugun Zagradka aldizkaria 1947tik dago martxan, beraz datorren urtean 70 urte beteko ditu. 1972tik, hilero ateratzen dugu gazteei zuzendutako Mak. Literaturaz eta kulturaz arduratzen den beste argitalpen bat ere badugu. Belaunaldi berrien ohiturekin bat egiteko, webgunea ere badugu. Ruteniarren informazio agentzia baten gisakoa da webgunea, gure komunitatearentzako erreferentzia, egunero albiste laburrak idazten baititugu.

Bestalde, ruteniar idazleen liburuak argitaratzeko konpromisoa dugu, aspaldi hasi ginen horretan eta dagoeneko 500 liburu inguru kaleratu ditugu, nobelak eta beste.

Novi Saden duzue egoitza, gerraren ondorioak jasan dituen hirian. Jugoslavia desagertu ondorengo gatazkek nola eragin zioten proiektuari?

Diru aldetik larri ibili ginen. Herritar arruntek bezala, geuk ere sufritu genituen gatazken ondorioak eta aldizkariaren ohiko kalitateari eusteko arazoak izan genituen.

Vukovar inguruan [Kroazia ekialdean] ruteniarrak bizi dira eta hangoaz asko idatzi genuen, gerrak bete-betean jo zuelako [ia hiru hileko setioa egon zen 1991n]. Astero bidaltzen genien aldizkaria, Vukovarreko ruteniarrek jakin zezaten ez ginela haietaz ahaztu. Harro gaude orduan egindako lanaz.

Nolako babesa ematen dizue Vojvodinako gobernu autonomoak?

Gure aurrekontuaren zati handi bat ematen digute erakundeek, ondo babestuta gaude. 2003ra arte, gobernuak zuzenean ematen zigun laguntza, baina urte hartan gutxiengoentzako batzorde bereziak osatu ziren. Hala, gobernuaren zuzeneko kontrolik gabe lan egin dezakegu. Agintari batek estutzen bagaitu, batzordeak gure alde egiten du. Azken urteotan kazetariei gero eta presio handiagoa egiten zaie botereguneetatik, beraz gurea ez da abantaila makala.

Zenbat irakurle ditu Ruske Slovok?

Serbian 14.500 ruteniar bizi gara eta astero 2.300 ale argitaratzen ditugu. Gure merkatua murritza denez, zenbaki onak dira. Gainera, Zagradka-ren beste 600 ale ateratzen ditugu astero.

Belaunaldi berriak gogoan dituzue.

Bai. Vojvodinako hainbat eskolatan ikasgai batzuk rutenieraz ematen dira eta gure aldizkaria maiz erabiltzen dute. Ipuinak eta idazlanak bidaltzeko eskatzen diegu eta gero argitaratu egiten ditugu. Gainera, haur eskoletako umeei zuzendutako zatia du Zagradka-k, irudiekin eta irakurtzen ikasteko istorio laburrekin.

Ruteniarrek nola hartzen dute zuen produktua?

Herri batzuetan, biztanleen %90 rutenieraz bizi da, beraz ohituta daude dena beren hizkuntzan egitera, naturaltzat jotzen dute, baina egia da oso pozik hartzen dutela haien herriari buruz albisteren bat idazten dugunean. Novi Saden, aldiz, ruteniarrak tantatxoak dira serbieraren itsasoan eta hor mesede handia egiten du aldizkariak. Arrakasta izan duten ruteniarrei buruzko berriak oso estimatuak dira, ruteniarrak gauza handietarako gai direla ikusten dutelako. Gure kirolarien lorpenek ikusmina sortzen dute, adibidez Mihail Dudaš atletaren kasuan [Rioko Joko Olinpikoetan parte hartu du].

Vojvodinako hizkuntzak

Kulturen arteko bidegurutzean dago Vojvodina eta, ondorioz, etnia eta hizkuntza ugariren bizileku da. Bi milioi biztanledun eta Euskal Herriaren hedadurako eskualde autonomo horrek sei hizkuntza ofizial ditu: serbiera, hungariera, eslovakiera, errumaniera, kroaziera eta ruteniera. Hartara, eraikin publikoetako eta beste zerbitzu batzuetako kartel eta oharretan, ez da arraroa sei hizkuntzak batera ikustea.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Serbia

Serbia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude