Holandan erotu egin dira: presoak gutxitu eta espetxeak ixten ari dira

  • Espainian edo Frantzian –Euskal Herria barne– presondegi berriak eraikitzen dituzten bitartean, Holandan atxilotuak %27 gutxitu dira 2011tik eta espetxe sobranteei alternatibak bilatzen dizkiete: batzuk itxi, beste batzuk etorkinentzako aterpetxe bihurtu eta beste batzuk atzerriko estatuei eskaini haien kondenatuak ostatatzeko alokairuan. Espetxe politikan ere alternatibak badiren seinale.

Muhammed Muheisenen argazkian, Fadi Tahhan errefuxiatu siriar gaztea kantari Oud izeneko tresna jotzen ari da De Kopel espetxe birmoldatuan. 1880an eraiki zuten zilindro forman presoak isolamenduan edukiz erdiko dorre batetik kontrolatzeko. 1979an OMA ark
Muhammed Muheisenen argazkian, Fadi Tahhan errefuxiatu siriar gaztea kantari Oud izeneko tresna jotzen ari da De Kopel espetxe birmoldatuan. 1880an eraiki zuten zilindro forman presoak isolamenduan edukiz erdiko dorre batetik kontrolatzeko. 1979an OMA arkitekto bulegoak diseinatu zuen eraikinaren zaharberritzea, gehituz gaur De Kopelek ezaugarri nabarmenena duen kupula panoptikoa, puntu gorenean 46 metroko altuera daukana.

Gipuzkoa Zutik mugimenduko gazteek deiturik ekainaren 18an Zubietako ospakizunean bildu zirenek zortea izan zuten entzuteko Arrats elkarteko ordezkari baten hitzaldi hunkigarria: Gipuzkoako makro-kartzela berriaren eraikuntza salatzen zuen eta nolaz eztabaida gehiago gabe uzten diren bazterrean Holandan eta bestetan arrakastaz darabiltzaten espetxe politika ezberdinak, presondegiak itxi edo atzerritarrei alokatzeraino lortu dutenak preso kopurua murriztearekin. Biharamunean Arratseko Josetxori arrazoi emango zion Holandako Justizia ministroak, nahiz eta Euskal Herrian inor enteratu ez.

Herbeheretako Justizia ministroak jakinarazi du azken bost urteetan hango espetxetako presoak gutxitu direla 15.170tik 11.005 arte, %27ko murrizketa. Itsasoaren beste aldetik New York Timesek titulatu zuen: “Holandak arazo bitxi bat dauka: presondegi hutsak”.

Adam Taylorren kronikak aurreratzen zituen gertaera bitxiaren arrazoiak.  Lege urraketak ez dira ugaritzen ari Holandan, gauza nabarmena inguruko herrialde gehienetan paranoia sekuritarioa hedatu ahala iritzi publikoak salatzen duelako segurtasunik eza handitu dela eta delituak ugaritu.

Holandan epaileek zigorrak bideratu dituzte hein handi batean isun ekonomikoetara edo kondenatuak gizartearen zerbitzurako lanak egitera edo zaintza elektronikoa jasatera, eskumuturreko edo orkatilako kontrol tresna bidez.

Honek ekarri du Holanda izatea presondegiak itxi dituzten herrialde bakarretakoa. 2013rako 19 itxirik, iragarri berria dute bost gehiago zerratzeko asmoa. Honek kontraste egiten du Europako herrialde askorekin, tartean espetxeak jendez gainezka dauzkan Frantziarekin edo makro-kartzela sare berria osatzen ari den Espainiarekin.

Herbehereek ere nozitu zuten beren espetxe booma 1980ko hamarkadan, eraikin berriak ugarituta 3.500 preso hartzeko ahalmenetik ia 17.000kora handituz. Urteak pasa ahala, eta espetxe politika berriaren eraginagatik, Hagako gobernua aurkitu da ohe gehiegi eta apopilo gutxiegirekin. Alabaina, mundu globalizatuak beste bi bezero mota eskaini dizkio hustutako presondegietarako.

Dozena bat espetxetan asilo eske iritsitako errefuxiatuak sartu dituzte holandarrek. National Geographic aldizkariak argazkitan ezagutarazi du handi eta famatuena, Haarlem hiriko De Koepel presondegia, Siria, Afganistan eta beste leku askotatik iritsitako 300 gizon eta emakumez goiti biltzen dituena. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu dute kartzela bat ez dela iheslariak edukitzeko leku egokia; aldiz, gobernutik harrotasunez aldarrikatu da Holandako espetxeetako bizi kalitatea.

Baina etekin handiagoko apopiloak ere aurkitu dizkiete hustutako ziegei: Belgika eta Norvegiatik eramandako zigortuak. Preso gehiegirentzako espetxe gutxiegi dauzkatela eta, Osloko agintariek hiru urterako tratua egin dute Hagakoekin, aldaketa onartzen duten preso norvegiarrak edukitzeko Norgerhavengo espetxean.

Dutch News agentziaren arabera, atzerriko presoak ekartzea pozik hartu dute presondegietako langileek. 700 funtzionario lanpostu daude arriskuan ondoko hilabeteetako itxiera planak egia bihurtzekotan eta horien sindikatuek ere presio egiten dute.

Zigorra eta aukera-leihoa

Europa baitan Suedia da urteotan presondegietako biztanle kopurua jaisten ikusi duen beste herrialde nabarmena, azken hamar urteotan 5.722tik 4.500era murriztuz. Marka txarra ez da 9,5 milioi biztanle dauzkan herrialde batentzako. Espetxeen laurdena itxi omen dute azken urtetan.

2014an The Guardian egunkariari esan zion Suediako presondegietako zuzendari nagusi Nils Öbergek: “Gure lana ez da zigortzea. Espetxerako kondena bera da zigorra: beren askatasuna kendu diete. Beren zigorra da gurekin egotea”.

Aurrerago, kazetariak galdeturik ea iritzi publikoak nola zeramatzan kontua, zigor arinegiak jartzen direla eta denetan ari direla gogortzen kondenak eta presondegietako arauak, dio Öbergek: “Jendeak une bakoitzean iritzi bat eduki arren, zuk justiziaren alorrean epe luzeko estrategia burutu behar duzu. Ezin duzu gaur gauza bat egin eta biharamunean hura baztertu. (...) Pertsona bati askatasuna kentzen diozunean sortutako aukera-leiho txiki horretan zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta hobeto joango dira gauzak epe luzean”.

Ez dirudi, hala ere, Herbehereek edo Suediak ezarritako estrategiek jarraitzaile gehiegi dutenik munduan. Hala adierazten du World Prison Brief buletinaren –ICPR Presondegien Ikerketarako Nazioarteko Institutuak plazaratzen duenak– azken informeak. 2000.eko zifrekin alderatuz, 15 urteotan munduko presoen kopurua %20 hazi da. Ikerlanaren arduradun Rom Wamsleyk idatzi du: “Oso kezkagarria da gaur egun munduan 10,35 milioi jende egotea espetxeetan zerraturik. Larriena da presoen kopuruak hazten segitzea eta izugarri gainera zenbait herrialdetan. Honek eraman beharko lituzke politikariak aztertzera ea zer egin dezaketen atxilotu kopuruak gutxitzeko, kontutan harturik zein garestia den espetxeratzea eta zein eztabaidatua dagoen espetxeratzearen eraginkortasuna, ahaztu gabe eraikin horiek jendez gainezka daudela. Gainera, preso hartutako emakumeen ugaritze proportziorik gabea ere oso deigarria da”. Gatibu dauden emakumeak %50 ugaritu dira 15 urteotan, andrazkoak direlarik presoen %6,8.

Eskualdeka begiratuz gero, Afrika eta Asia dira proportzioan preso gutxien dauzkaten kontinenteak, 100.000 biztanleko 100 baino gutxiago. Ozeania ez dabilkie urrun, nahiz eta urteotan %60 ugaritu dituen atxilotuak. Aldiz, Amerika da gehien dauzkana, 387. Gezurra dirudien arren, AEBak dira –Seychelle uharteen ondoren– munduko txapeldun tristeak, 698 preso ehun mila biztanleko, eta gainera Erdi eta Hego Amerika dira kondenatuak gehien ugaritu diren lekuak, %118.

Osorik hartuta, Europak ehun mila biztanletik 192 dauzka espetxean. Hamabost urteotan asko urritu dira presoak Ekialdean, Errusian %40 eta ekialdeko beste herrialdeetan %42 gutxiago. Ordainetan, gainerako gure Europan ugaritu egin dira: %12 Ipar Europan, %6 Mendebaldekoan –Frantzia barne– eta %27 Hegoaldekoan, Espainia barne.

Gurean, Frantziako estatuak 100.000 herritarretik 95 dauzka kaiolan gatibu,  Espainiak 136. Portzentaietatik kanpo geratzen dira batean eta bestean zigortuei ematen zaien tratua: espetxeratuen eguneroko bizi baldintzak, bisitetako minutuak eta baldintzak, ikasi edo aisialdirako baliabideak...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espetxe baldintzak
"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


2024-03-18 | Gedar
Kataluniako 5.000 preso konfinatuta izan ditu Generalitateak

Kartzeletako funtzionarioen protestak aitzakiatzat hartuta, milaka preso erabat giltzapetuta eduki dituzte Kataluniako sei espetxetan.

 


Zaballako espetxean hildako Oroitz Herreroren senideak
"Gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez dute egingo espetxe barruan"

Iragan astean Oroitz Herrero 26 urteko irundarra hilik aurkitu zuten Arabako Zaballa espetxeko bere ziegan. Eusko Jaurlaritzaren arabera “heriotza naturala” izan zen. Gaztearen senideek ARGIAri adierazi diote, ordea, Herrerori ez diotela arreta mediku egokirik eman... [+]


2024-02-07 | Hala Bedi
Preso bat hil da Zaballako espetxean, bi urtean hirugarrena

Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia bere gain hartu zuenetik, duela bi urte eskas, laugarren heriotza izan da euskal kartzeletan, hirugarrena Zaballako espetxean.


Espetxeko azken heriotza “izebergaren punta” besterik ez dela dio Salhaketak

Salatu du larunbatean bere burua urkatu zuen presoari ez zitzaiola suizidioen aurkako protokoloa ezarri eta ziegan bakarrik zegoela, aurreko egunetan “ondo ez zegoela” adierazi bazuen ere. Azpimarratu du Jaurlaritzak espetxeen eskumena hartu zuenetik bere buruaz... [+]


Eguneraketa berriak daude