Brexit, ondorioak eta eraginak

Leavek irabazi zuen, ateratzeak, hautesle britainiar gehiegik identifikatu zuelako Europar Batasuna autoritarismoa, irrazionaltasuna eta demokrazia parlamentarioarekiko mespretxuarekin; eta gutxiegik sinetsi zuelako bestelako EB posible zela.

DiEM25 gure mugimendu paneroparraren baloreei oihartzuna eginez, tinko egin nuen Remainaren aldeko kanpaina. Herritar aurrerazaleak erakarri nahian, EB disolbatzea ez zela irtenbidea esanez jardun nuen Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Ipar Irlandako hainbat hiritan. EBren desegiteak itzelezko indar deflazionistak askatuko zituela aipatu nuen; hauek lau haizetara hedatuko litzatekeen murrizketa garai berri bat ekarriko zutela seguruenik; azken finean, horrek establishmenta eta bere ingurune xenofoboen alde egingo lukeela. John McDonell, Caroline Lucas, Owen Jones, Paul Mason eta beste batzuekin batera barruan gelditzearen aldeko lerroa jorratu nuen, baina finkatutako ordena eta instituzioen aurka egiteko.

Gure aurkako aliantza eraiki dute ondoko hauek:
- David Cameronek, zeinaren Bruselarekiko amarruek gogora ekartzen diguten britainiarrek EBtik mesprezatzen duten guztia;
- Altxorra eta haren alarmismo pseudoekonometriko barregarriak;
- Londresko City-ak, zeinaren harrokeria jasanezinak milioika boto-emaile EBren aurka jarri zituen;
- Bruselak, Europaren periferiaren aurka ‘urpekaria’ izeneko azken tortura eta asfixia simulakroan tematu dena;
- Wolfgang Schäuble Alemaniako finantza ministroak, zeinaren mehatxuek alemaniarren aurkako sentimendua suspertu zuten;
- Frantses gobernu tamalgarriak;
- Hillary Clintonek eta bere kuadrila atlantistak, EB beste “borondateen koalizio” arriskutsu horretan marraztu dutena;
- Eta Greziako Gobernuak: EBren murrizketa zigortzaileen aurrean egindako etengabeko kapitulazioak biziki zaildu digu langile klase britainiarrari sinestaraztea Bruselak euren eskubideak defendituko zituela.

Orain aktibatuko diren ezkutuko indar maltzurrak
Erreferendumaren ondorioak tamalgarriak izango dira. Baina ez dira Cameronek eta Bruselak behin eta berriz esaten zituztenak. Merkatuak berandu baino lehen egonkortuko dira eta negoziazioek seguruenik norvegiar erako irtenbideren bat ekarriko dute. Horrek ahalbidetuko dio hurrengo parlamentu britainiarrari adostasunez hartutako erabakiren baterantz jotzea. Schäuble eta Brusela suminduko ditu, baina gisa horretako konpromisoren bat bilatuko dute Londresekin, bai ala bai. Haien klase instintu indartsua gidari, torie-ak batera arituko dira, ohi legez. Hala ere, oraingo shocka eta gero etorriko den lasaitasun erlatiboaren ondoren, ezkutuko indar maltzurrak aktibatuko dira, Europan eta Britainia Handian kalteak eragiteko gaitasun handikoak.

Italia, Finlandia, Espainia eta zeresanik ez Grezia, ez dira bideragarriak egungo baldintzetan. Euroaren arkitekturak geldialdia bermatzen du eta eskuin xenofoboa sendotzen duen zurrunbilo deflazionarioa indartzen du. Italian, Finlandian eta seguruenik Frantzian populistek erreferendumak edo bestelako deskonexioak eskatuko dituzte.

Plana duen pertsona bakarra Alemaniako finantza ministroa da. Schäublek Brexit osteko izuan aukera galanta ikusten du batasun iraunkor murriztailea ezartzeko. Azenarioa prest dute:  euroguneko aurrekontu txiki bat langabeziaren parte bat eta gordailu bankarioen aseguruak ziurtatzera bideratuko dute. Makila berriz, estatuen aurrekontuei betoa ezartzeko boterea izango da.

Arrazoia badaukat eta Brexitak EBko estatu kideentzat burdinazko kaiola austeritario iraunkor baten sorrera badakar, bi emaitza posible daude. Lehena, kaiolak bere buruari eustea, non austeritate instituzionalak deflazioa Erresuma Batura zabalduko duen, baina baita Txinara ere (eta ondorengo desestabilizazioak eragin negatiboak izango ditu bueltan Erresuma Batuan eta EBn).

Bigarren aukera da kaiola haustea (Italiak edo Finlandiak irtetea erabakitzen duetelako, adibidez), eta azkenerako kolapsoan sartuko den eurogunetik Alemania irtetea. Horrek gune berria Deutschmark bilakatuko du –Ukrainako mugaraino zabalduko dena ziurrenik–, deflazioa eragiteko makina erraldoia (moneta berriaren balioak gora egingo du, eta fabrika alemaniarrek nazioarteko merkatuak galduko dituzte). Erresuma Batuak eta Txinak, egoera horretan, aukera gehiago dituzte shock deflazionario handiago batean erortzeko.

Bi garapen posible horien horroreak eraginda, eta Brexitak ez du Erresuma Batua babestuko, nik eta DiEM25-eko beste kide batzuek saiatu gara europeismoa amildegira daraman eta EB gidatzen ari den establishmenta salatzen. Duda handiak dauzkat, Brexitaren ostean sentitu duten beldurraz gain, EBko buruzagiak lezioa ikasteko gai izan ote diren. EBren demokratizazioaz hitz eta pitz eta beldurraren bidez beren burua inposatzen jarraituko dute. Inor harritu daiteke horrenbeste britainiar aurrerakoik EB honi bizkar ematen amaitu izanagatik?

Nahiz eta konbentzitua jarraitzen dudan Leave aukera okerra zela, pozten naiz herri britainiarrak erakutsi duen ausardiagatik. Aurre egin diote EBren defizit demokratikoak eragindako subiranotasun murrizketari. Galdu dugula sentitzeari uko egiten diot, nahiz eta erreferendumeko galtzaileen artean kontatu nire burua.

Orain demokrata britainiar eta europarrek egin behar dutena da boto hori baliatu Londres eta Bruselako establishmentari aurre egiteko orain arte baino indar handiagoz. EBren desintegrazioa oso azkar gertatzen ari da. Europa osoan zubiak eraiki, muga eta alderdi guztien bidez demokrata guztiak batu; horixe da Europak behar duena ez badu aurreko mendeko 30. hamarkadan bezala, amildegi xenofobo eta deflazionario batean erori nahi.

* Yanis Varoufakisek The Guardianen idatzitako artikulua itzuli dugu euskarara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brexit
2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


2020-12-24 | ARGIA
Brexit-ari buruz akordioa sinatu dute Erresuma Batuak eta Europar Batasunak

Negoziaketa prozesu luzearen ondotik, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak Brexit-aren gaineko akordioa lortu dute azken minutuan.


Brexita eta ardatz anglosaxoia

Europako Batasuna 1993an sortu zenetik kide berriak gehitu dira bata bestearen atzetik. Joan den ostiralera arte 28 estatuk osatu dute makro-egitura politiko eta ekonomiko hori. Izan ere, urtarrilaren 31 historiara pasako da, EBk izan duen lehen zatiketaren eguna izan delako... [+]


2020-02-04 | Euskal Irratiak
Brexita Ipar Irlandan

Otsailaren lehenean bereizi dira Erresuma Batua eta Europar Batasuna.


Erresuma Batuko hauteskundeak 2019
"Brexit" zaleak eta Eskoziako independentistak garaile Erresuma Batuko hauteskundeetan

Brexita gauzatzeko aukera eskura du Lehen Ministro eskuindar Boris Johnsonek, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua lortu ostean. Alderdi Laboristak 85 urtean izan duen emaitzarik eskasena eskuratu du. Eskoziako Alderdi Nazionala da hirugarren indarra Erresuma Batuko... [+]


Eguneraketa berriak daude