Isiltzen bagara dena galtzen dugu

  • Mozal Legea aplikatuz lehen zigorra jaso dugu. Editorial hau da ARGIA egiten dugunon erantzuna.

     

(Arg:Dani Blanco)

Isiltzen baldin bazara ez dago problemarik. Esatea erabakitzen duzunean sartzen zara eremu labainkorrean, beste norbaiti gusta ez dakiokeen zerbait adieraz dezakezun lurretan. Eta hitz egitea kontu pribatua izan ordez publikoa baldin bada, mezuaren hartzaile kopurua bezainbeste ugaritzen dira problema potentzialak. “Hobe publikatuko ez bazenu” eta “ez dut adierazpenik egingo” guztien aurka borrokatu behar izaten dugu kazetariok egunero eta, gezurra esango genuke batzuetan borroka galtzen dugula onartuko ez bagenu.

Hori gertatzen denean ofizioak mutazio bat jasaten du, ez da gehiago kazetaritza, harreman publikoen eremuan sartu gara: hedabideetan eragiteko indarra daukan norbaiten transmisio-tresna huts bihur daitezke kazetariak. Isilik daude, hizketan ari diren arren, “tokatzen ez den” ezer egiteko aukerarik ez daukatelako.

Lan honen zailtasun handienetakoa da nagusi diren botere-harreman, balore-sistema eta inertzien kontra aritzea. Horiek kolokan jartzeko moduko galderak egiten hasten garenean eskaintzen diogu zerbitzurik onena gizarteari.

Bestela ere zaila zena asko oztopatzeko legea jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak 2015ean. Herritarren segurtasunaren kontzeptua desitxuratzen duen “Mozal Legea” kazetariek beren buruei logika prebentiboa aplikatzeko pentsatuta dago: ezer esan aurretik, kasu eman ondorioez. Zuzenbidearen alorreko hainbat adituk nabarmendu duten moduan, ez die herritarrei argi uzten zergatik zigor ditzaketen eta zergatik ez; eta horrek indar polizialei euren legea ezartzeko modua ematen die.

“Badaezpada isildu” dio Mozal Legearen sen arruntak

Adibidez, 52. artikuluan zehazten da gertakari baten lekuko izan den agentearen deklarazioa nahikoa dela isuna jartzeko. Baimenik gabeko manifestazioak deitzen eta promozionatzen dituztenentzat ere, isunak. Baina manifestazioa promozionatzen ari al da haren berri emateko sare sozialetan argazkia publikatzen duen kazetaria? Ez dakigu. “Badaezpada ez egin”, dio legeak ezarri nahi duen sen arrunt berriak. “Gorde kamera hori”, “amatatu telefonoa”, “circulen, aquí no pasa nada”. 36. artikuluan arau hauste oso larritzat jotzen da “herritarren segurtasuna asaldatzea”: zer esan nahi du horrek? Parlamentu bateko osoko bilkura etetea, kalean protesta egitea, trafikoa moztea? Ez da zehazten. Eta ez da zehazten zer den poliziari “errespetu falta” adieraztea: keinu itsusi bat? Bideoz grabatzea ote? Non jartzen da muga? Nork jartzen du?

Galdera horietako batzuen erantzuna jaso dugu ARGIAn joan den astean: Axier Lopez kazetariak martxoaren 3an egindako lana delitutzat jo du Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak. Zergatik eta poliziak egun argiz kalean egin zuen atxiloketa erakusten duen argazkia Twitter bidez zabaltzeagatik. Askotan egin izan dugun lan mota da eta oztopoak oztopo, egiten jarraituko dugu, horrelako gertakarien berri ematea gure jardun normalaren parte baita. Ez dugu uste, jasotako zigorrean iradokitzen den bezala, inori “baimenik eskatu” behar diogunik gure lana egiteko. Mozal Legea bidegabea dela diogu, problema legea dela eta ez kazetaritza, eta horregatik erabaki dugu isuna ez ordaintzea eta helegitea jartzea.

Gure kazetaritzak ez du baimenik eskatzen

Proiektu hau inori baimenik eskatu gabe sortu zen, debekuak eta zentsura ezagutu ditu, gure lankideen atxiloketa eta tortura. Eta gure ibilbideak erakutsi digu eman dezakegun erantzunik onena grabagailua martxan jartzea dela, kamerarekin fokatzea, argiak piztea. Jakin dezazuela. ARGIA jarraitzen duten horienganakoa da gure konpromisoa. Haiek baitira Mozal Legeak ezartzen duen ordenaren kaltetu nagusiak. Bi modutara: batetik, hau ez da ARGIAren aurkako erasoa bakarrik; komunitate bati esker bizirauten duen hedabidea izanda, isun honek eta etor daitezkeenek eskatzen diguten dirua ARGIA babesten duten pertsona guztiei kendu nahi dietela ulertzen dugu. Bestetik, gure lana orain arte egin dugun bezala egiteari utziko bagenio, euren informazio-eskubidea urratuko litzateke.

Zer pentsatua ematen du Mozal Legea kazetari baten kontra aplikatu den lehenbiziko kasuan isuna jaso duen profesionala Euskal Herrikoa izateak. Komunikazioaren esparruan ere, bizi garen lekuak demokrazia batean gerta ezin direnak ezagutu ditu. Bi egunkari itxita, Egin eta Euskaldunon Egunkaria; eta Egin irratia; eta Ardi Beltza aldizkaria; baita Gaztesarea, Apurtu.org eta Ateak Ireki webguneak ere, besteak beste. Mozal Legea beste marka bat da, aipatutakoen aldean txikiagoa dirudiena, baina indarrean dagoen bitartean kazetaritza egiteko modu batzuk –Espainiako Estatuko botereek nekez onartzen dituzten horiek–, asko baldintzatuko dituena. Zer pentsatua eman beharko luke zigorra jasotzen lehena euskaraz argitaratzen den hedabide bat izateak ere. Hizkuntza bakarrean idatzita zegoen isunaren berri emateko jasotako idatzia eta, bistan denez, ez da informatzeko erabiltzen dugun hau. Gaztelaniaz zigortzen da euskaraz ari den proiektua, egunero darabilgun hizkuntza ez den beste horretan, euskaraz ez dakien euskal herritarrak ere, ulertu ahal izateko birritan irakurri behar duen Gobernuaren hizkera administratiboan. Hedabide honen ildo editoriala baldintzatzen saiatzeko neurri honek gogoeta eskatzen du: ezaguna da gure konpromisoa lan eginez aurrera egiten duen jendearekin, lan egin nahi baina ezin dutenekin, gure hizkuntzarekin, feminismoarekin, mugimendu sozialekin, ingurumenarekin, kulturarekin, elikadura burujabetzarekin, herri hau bere lurralde-osotasunean irudikatzearekin. Ezaguna, halaber, ekonomia sozial eraldatzaileko enpresa garela: langileek hitza eta erabakia duten lantokira gatoz goizero, bizitza erdigunean jartzen duen ekonomia-eredua bultzatzen dugu informatzen ari garen bitartean.

Zigortuko al gintuzten hori guztia ez bagina?

Erakundeen babesarekin Mozal Legea indargabetu daiteke

Zorionez Mozal Legearen lehen kolpeak hedabide honen lan taldea hunkitzerainoko erantzuna jaso du euskal herritar askoren partetik. Kopuruagatik, ezin diegu erantzun azken astean jaso ditugun babes mezu guztiei, baina lerro hauen bidez den-denak eskertu nahi ditugu. Bai hemengoak, bai atzerritik etorri direnak ere: horiek gabe nekez iritsiko zen albistea, argitaratu eta bi egunera, mundu mailako oihartzuna eman dion Associated Press agentziara. Horren ondotik nazioarteko hedabide handietan irakurri ahal izan da, besteak beste The New York Times eta The Guardian egunkarietan.

Ez genuke aipatu gabe utzi nahi, halere, oihartzun handi hori garrantzitsua den arren, Mozal Legea indarrean dagoen euskal lurraldeetako erakundeen inplikazioa ere ezinbestekoa dela. Hego Euskal Herriko alderdi politiko nagusiek bozkatu dute Mozal Legearen aurka, eta hori egitea adierazpen askatasuna bermatzeko pauso garrantzitsua den arren, ez da nahikoa. Legearen aplikazio zehatzen aurrean erakundeek erreakzionatu behar dute, osterantzean babesgabetasun sentsazioa areagotu egiten da kazetarion artean. Beharrezkoa da bidegabekeria honen aurrean jarrera aktiboa hartzea, jokoan dagoena demokraziaren zutabeetako bat den informazio-eskubidea baita.

Euskal Herriko erakundeetan badago kontsentsu nahikorik Foru Pasearen filosofia aplikatzeko: Madrilen legea atzera bota bitartean hura ez betetzeko baldintzak jarri behar dira, azken finean, euskal hedabideen informatzeko askatasunaren aurkako neurriak autogobernuaren aurkakoak ere badirelako. Eta gure erakundeak ezin dira Moncloak hemen ezarri duen ordezkari baten apeten menpeko izan.

Asko dugu jokoan herritarren askatasunak murrizten dituen lege hau indarrean dagoenetik. Axier Lopezek eta beste zenbait kazetarik argi ikusi zuten hori iaz Kazetaritza ez da Delitua ekimena martxan jarri zutenetan. Egin zituzten aurreikuspenak betetzen ari dira, eta lege bidegabea salatzen nabarmendu den profesional bat bihurtu da, gainera, mozalaren lehen helburu. Guztion esku dago azkena ere izan dadila: interes partikularren, momentu politiko konkretuen eta alderdikerien gainetik, herritar guztiona den eskubidea defendatzea ezinbesteko zeregina da. Alternatiba isiltzea da. Eta isiltzen bagara, dena galtzen dugu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA mozalik gabe
2021-01-15 | ARGIA
Gasteizko Herritarren Defendatzaileak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea eskubidea da

Gasteizko udaltzain batek polizia operazio baten irudiak hartzea debekatu nahi izan zion mehatxuka ARGIAko kazetari bati 2020ko maiatzaren 7an. ARGIAk salaketa aurkeztu zuen Gasteizko Herritarren Defendatzailearen aurrean. Sindikoak arrazoia eman dio ARGIAri: Polizia grabatzea... [+]


2020-06-25 | Hala Bedi | ARGIA
ARGIAk eta HALA BEDIk kexa bana aurkeztu dugu Sindikoan eta Arartekoan, Poliziaren jarrera salatzeko

Iragan maiatzaren 7an eta 8an ARGIAko eta HALA BEDIko kazetarion lana oztopatu zuen Poliziak Gasteizen, mehatxuak eta gezurrak erabilita. Bi hedabideok Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoaren jarrera salatu dugu Arartekoan eta Gasteizko Sindikoan aurkeztutako kexen bidez.


2020-05-12 | Z. Oleaga
Informazio eskubidearen aurkako erasoa
Gasteizko udaltzain batek ARGIAko kazetari bati: "Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Gasteizko Udaltzaingoa legea urratuz sartu zen okupatutako etxebizitza batean ostegun gauean. ARGIAko kazetari bat han zen lanean. Udaltzainetako bat, legeak dioenari muzin eginez eta gezurrak erabiliz, kazetariaren lana oztopatzen saiatu zen desalojoaren lekukotasun grafikorik... [+]


2019-11-10 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2017ko martxoaren 19a

Eguneraketa berriak daude