Elizondotik Iruñerrira jauzia

  • Xaloa Telebistak lehen urratsak 1997an eman zituen Elizondon. Inguruko eskualdeetara iristen da seinalea. Urte erdi da telebistak Iruñerrira jauzi egin duela. Zazpi langile ari dira Iruñerriko lantaldean. 

Ezkerretik eskuinera, zutik: Josu Santesteban, Xabier Sobrino, Larraitz Amadotz eta Joseba Igarabide. Eserita, Maialen Epaltza, Eider Madina, Iñaki Atxa eta Haritz Sanz.
Ezkerretik eskuinera, zutik: Josu Santesteban, Xabier Sobrino, Larraitz Amadotz eta Joseba Igarabide. Eserita, Maialen Epaltza, Eider Madina, Iñaki Atxa eta Haritz Sanz.Xaloa Telebista

Iruñerriak euskara hutsezko tokiko telebista du otsailaren 2az geroztik. Xaloa Telebistak 2013an Iruñerrian Lurreko Telebista Digital bidez emititzeko lizentzia lortu zuen. Urtebete geroago, 2014ko azaroan, crowdfounding kanpaina martxan jarri zuten, besteak beste errepikagailuek izan zituzten kostuei aurre egiteko. Berriozarko kulturgunean dute egoitza, eta emititzen hasi zirenetik bost hilabete bete behar dituzten honetan, egunero hiru orduko ekoizpen propioa egiteko bidean dira.

1997an Elizondon duten egoitzatik emititzen hasi zirenetik Baztan, Bidasoa, Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdi eskualdeetako herritarrengandik gertu izan dira. 2013an Nafarroa osoan eta Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu bazuten ere, inbertsioari aurre egin ezin ziotenez, Nafarroa osoan emititzeari uko egin zioten. Ostera, Iruñerrian emititzen hasteko proiektua garatzen hasi ziren. 

53.760 euro hasteko

Xaloa TB ez da telebista handi bat; poliki-poliki hasi eta Iruñerriko herritarrei zerbitzua eskainiko dien telebista baizik. 2014ko azaroan, Tokikomekin (tokiko komunikabideen bateragunea) batera crowdfounding kanpaina martxan jarri zuten Karena plataformaren bidez.

Proiektuak Udalbiltza, Topagunea, AEK eta beste hainbat erakunderen babesa jaso eta 53.760 euro bildu zituen, herritarren, erakundeen eta herri mugimenduetako taldeen ekarpenari esker. Horrela, besteak beste, emititzen hasteko beharrezkoak ziren errepikagailuak eskuratu zituzten. Errepikagailu nagusia Elomendin daukate, eta horri esker, Xaloak ez ezik Hamaika Telebistak eta Nafar Telebistak ere emititzeko aukera dute. Ezkaba menditik ere seinalea emititzen dute.

Euskaratik eta euskaraz, Iruñerria euskalduntzeko tresna

Bost hilabeteko ibilbidean Iruñerriko elkarte eta erakundeek parte hartzeko aukera izan dute. Horixe da Xaloa Telebistaren helburuetako bat: elkarte eta erakundeek haien asmoak, gogoetak eta kaleratu nahi duten informazioa emateko euren esku izanen duten tresna izatea, alegia. Horrek lana eskatzen duela argi dute Xaloa Telebistako kideek, horregatik informazio hori zabaltzeko modua oso ongi finkatzea dute erronketako bat.

Xaloa Telebistaren lan egiteko modua elkarlana da eta hurbiltzen den edozein erakundek, elkartek eta herritarrek harrera ona izanen du esku artean duen proiektua aitzina ateratzeko orduan. Elkarlanean aritzea du xede Xaloak, dituzten tresnak eta baliabideak, euskaratik eta euskaraz, gizartearen zerbitzura jarriz.

Xaloa Telebista Iruñerria osoko etxeetan ikusi beharko balitz ere, Ezkaba menditik ateratzen den seinalearen indarrarekin arazoak izaten ari dira. LTDko 38. kanalean sintonizatu behar dute herritarrek Xaloa ikusi ahal izateko. Irailerako seinalea indartu eta Iruñerria osoan ikusteko aukera egonen da.

Ekoizpen propioa helburu

Otsailaren 2an hasi baziren ere emititzen, 2014ko abenduan proba saioak egin zituzten Xaloa Telebistaren bestelako saioak emitituz. Urtarrilean albistegia egunero egiten hasi ziren eta gerora bi magazin jarri zituzten abian: bata goizean eta bertzea arratsaldekoa. Programa berezituak emititzen hasi dira duela gutxi. Egingo dituzten bost saio berezituetako protagonistak haurrak, kultura eta kirola izanen dira. Dagoeneko hiru orduko ekoizpen propioa egiten dute eta irailerako eguneroko emisioa egonkortzea dute helburu.

Lantalde gaztea

Berriozarko kulturgunean du egoitza Xaloa Telebistak. Oraindik estudioak egokitzen ari dira, grabazio plato egokiak izan daitezen. Zazpi kazetari eta teknikariz osatutako taldea ari da lanean. Eider Madina eta Josu Santesteban albistegia zuzentzeaz eta edukia sortzeaz arduratzen dira. Maialen Epaltza izan da orain gutxi arte goizeko magazineko gidaria. Larraitz Amadotz da arratsaldeko magazineko gidaria. Arratsaldero gai zehatz bat ardatz hartzen dute: astelehenetan kirola, astearteetan udal kontuak, asteazkenetan kultura, ostegunetan ekonomia eta politika, eta ostiraletan aisialdia. Xabier Sobrino aipatutako saio berezituak egiten ari da. Horien inguruan, editatzen eta kontrol mahaian, Iñaki Atxa eta Haritz Sanz dabiltza. 


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xaloa
Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago

Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle... [+]


2014-11-13 | ARGIA
Xaloa telebista Iruñerrian ikusi ahal izateko diru-bilketa hasi dute

Iruñerrian euskarazko tokiko telebista martxan jartzeko diru-bilketa hasi du Xaloak Karena crowdfunding plataformaren bidez, emisioak abenduan hasteko helburuarekin. 50.000 euro lortzea du xede.


2013-07-08 | Xuban Zubiria
Hamaika eta Xaloa telebistei lizentzia eman die Nafarroako Gobernuak

Hamaika telebistak Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu du. Xaloa telebistari berriz, Nafarroa osoan emititzeko lizentzia eman dio gobernuak.


2012-11-21
Hekimen sortu da, euskal hedabideen elkartea

Euskara hutsean lan egiten duten hainbat hedabidek Hekimen elkartea sortu dute. Donostiako Koldo Mitxelenan egin dute aurkezpena gaur eguerdian, eta han aurkeztu dute zuzendaritza. Iban Arantzabal izango da presidentea lehendabiziko urtean.


2012-10-26
Europak eskatu dio Nafarroari irrati eta telebista pribatuak euskaraz bermatzeko

Espainiako Estatuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatua dauka. Europako Batzordeak Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen egoera aztertu du eta emaitzekin txostena argitaratu.


Eguneraketa berriak daude