Telebista itzalezinaren ipuina

  • Bazen behin, animaliek hizketan zekiten garaian, txakurrak ortozik baina katuak txarolezko oinetako arrosekin zebiltzan garaian, beraz ez hain denbora zaharretan ere, ume bat, nerabe bat, telebistari itsatsita bizi zena, atzamar erakuslea, erpuruaren ondoko eria telebistako aldagailuari josita zeukana.


2009ko azaroaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Olariaga-Basterretxea

Ez. Ez zen jaiotzatik hala. Ez zen amaren erraietatik munduratu aldagailua eskuari atxikirik. Normal jaio zen. Urduri munduratu zen, eta ipurmasailetan lehen txaloa jo ziotenean, negar batean lehertu ziren haren birikiak.

Jaio zenean, eguna zetorren gauaren ondoren. Heze ernaltzen zen lurra, euria egindakoan. Hizketa normalak ziren txakurren zaunkak, eta ulergarriak. Katuen miauak berdin, ozenak eta konprenigarriak. Ilargiaren eta eguzkiaren distirek ez zezaketen iragarri gerora etorriko zena.

ALDAGAILUA JOSI ZITZAIONEKOA. Bada, normal abiatu ziren gauzak. Baina, bizitza lege, hazten hasi zen haurra. Hitz egiten ikasi zuenean, telebistari begira jartzen zuten gurasoek, “bake pixka bat” edukitzeko. Eta, isildu egiten zen umea.

Gerora, maitasun goxoetan aritu nahi izaten zutenean nagusiek, Disney faktoriak ekoitzitako film melenga horietako baten aurrean jartzen zuten haurra, ezti-jariotan isildu zedin.

Nerabezarora heldu zenean, kontuak ez zeukan jada aterabiderik: ezin zitzaion aldagailua kendu eskuetatik, ezta ur irakinarekin ere.

Ordenagailu bat erosi zioten gurasoek, ea telebistatik askatzen zen eta probetxuzko zerbait egiten ikasten zuen. Euria itsasoan.

Norbaitek aholkatu zien hobe zutela auto telegidatu horietako bat erostea, asko gustatzen omen zitzaizkiela nerabeei halakoak. Saio alfer eta hutsala.

Itsaspeko ontzi nuklear itxurako bat erosi zioten. Eta moto elektrikoa, bateriadun horietakoa. Eta MP4a, e-book bi... eta nik zer dakit zer!

Medikuetara eraman zuten. Botika konplexuak hartu zituen. Odol eta gernu frogak egin zizkioten. Ebakuntza-gela sofistikatuetara eraman zuten.

– Ez dago zereginik –esan zuen zirujau nagusiak.

Telebistara deitu zuten orduan gurasoek, emititzeari utz ziezaioten. “Horiek pretentsioak!”, esan zien Zuzendari Nagusiak.

“Programazioa aldatu!”, eskatu zien aitak. “Edo aurkezleak kanbiatu!”, amak. “Edo gezurrak kontatu!”, izeba mojak.

Etsiak jota geratu ziren denak, bere horretan segitzen baitzuen aldagailuak.

EGUNSENTIAREN ETORRERA. Halako batean, herrialde hartan geratzen zen etxalde bio bakarra bisitatzera joan zen familia osoa, Nekazaritza- eta Abeltzaintza-ministro zen aitatxo buru zutela. Eskoltarekin heldu ziren. Burrunba ezinago handiarekin.

Telebista-kamerak han zeuden. Hitzaldia hasi zuen aitatxok. Ondoan zeukan ama. Eta nerabea haiekin zegoen, tribunan.

Halako batean, erakuslean aldagailua josita zeukan gazteak behi urdin baten atzealdea ikusi zuen kortako ate-zirrikitutik. Haren errape jori eta guriari so geratu zen.

Amaren eskua askatu eta kortara abiatu zen. Begiekin segitu zion amak, protokoloak ez baitzion oholtza uzterik ametitzen.

– Probatu nahi al duk? –behia jezten ari zen baserritarrak.

– Ezin dut, pegaturik daukat aldagailua.

– Utzi aulkitxo horretan eta ekin lanari.

Behia jezten hasi zen mutikoa. Gero, oiloei eman zien jaten.

Bekorotz eta zirin artean galdu zen aldagailua, betiko.

Hitzaldiak bukatu zirenean, aitatxok esan zion gazteari “zerri-zerri eginda zaude laguna, hau nazka!”. Eta amak: “politagoa zinen telebistari begira egoten zinenean".

[ARGIAren 2.007. zenbakian argitaratua]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hamaika telebista
Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago

Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle... [+]


2015-01-30 | Iure Eizagirre
IDEMtitateak: "Emakumeak denonak diren gaiez hitz egiten jartzen ditugu"

Hamaika Telebistaren IDEMtitateak saioak jaso du 2015. urteko Telebistako Argia Saria.


2014-06-30 | ARGIA
Beñat Zamalloak jaso du Rikardo Arregi sari nagusia, bertsolari txapelketaren jarraipenagatik

Andoainen banatu dituzte Rikardo Arregi katezaritza sariak. Beñat Zamalloak eskuratu du sari nagusia, Berrian, Bizkaia Irratian, Radio Vitorian eta Hamaika Telebistan egin zuen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren jarraipenagatik. Kazetari berriaren saria Garikoitz... [+]


2013-07-08 | Xuban Zubiria
Hamaika eta Xaloa telebistei lizentzia eman die Nafarroako Gobernuak

Hamaika telebistak Iruñerrian emititzeko lizentzia lortu du. Xaloa telebistari berriz, Nafarroa osoan emititzeko lizentzia eman dio gobernuak.


Eguneraketa berriak daude