Garapen komunitarioa enpresa ikuspegitik

  • Krisi sakonen testuinguruan, ekonomiari beste norabide eta zentzu bat emateko saiakerak gero eta ugariagoak dira. Bergarako Berrekin.Berregin programa eraldaketa soziala helburu duen ekintzailetasunerako formazio gunea izan da bi hilabetez.

Formazioa jasotzeaz gain, ikuspegi soziala duten ideia enpresarial berrien hazitegi ere izan dira Bergarako saioak.
Formazioa jasotzeaz gain, ikuspegi soziala duten ideia enpresarial berrien hazitegi ere izan dira Bergarako saioak. Lanki

Ekintzailetasuna. Hitz usatu eta murtxikatu horrek zentzu oso diferenteak izan ditzake testuingurua, subjektua eta, batez ere, helburua kontuan edukita. Ezin dira berdin ulertu norbere burua soilik lukratzeko start-up bat sortu duena edo komunitatearen premia bati aurre egiteko kooperatiba eratu duena.

“Badago ekintzailetasun on bat, eta beste bat tranpatia eta engainagarria dena”. Amalio Rey-ren hitzak dira, berrikuntza kolektiboaren arloan erreferentziazko aditua eta Emotools enpresaren sortzailea. Malagan bizi den kubatarra Bergaran izan da Berrekin.Berregin programan bere esperientzia kontatzen. Reyren ustez pertsona batzuek “desesperazioagatik” ekiten diote negozio berri bati, lana lortzeko edo lanez aldatzeko, beste batzuek ordea ekiten diote uste dutelako gizarteak bestelako irtenbideak behar dituela: “Ekintzaletasun sozialaren funtsezko helburua da jendarteak dituen arazoak konpontzea, ez dio zuzenean erantzuten enplegu bat lortzeko beharrari”.

Bergaran ekintzailetasun sozialaren inguruan jardun dira azken bizpahiru hilabeteotan, Bergarako Udalak, Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen sareak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak antolatutako formazio programan. Eragile anitzen esperientziak ezagutu ez ezik, eskualdeko beharrak identifikatu eta horiek gazteen motibazioarekin konektatzea izan du helburu programak: “Guk hasieratik argi geneukan garapen komunitarioaren logikan kokatu behar genuela ikastaro hau, bertatik sortu zitezkeen ekimenak autoeraketaren paradigmara bilduz –dio koordinatzaile lanetan aritu den Lankiko Aritz Kanpandengik–. Hasieratik oso harrera ona izan du ikuspegi horrek”.

Hala, formazioaz gain hazitegi ere izan da Bergarakoa eta ikasleek zazpi proiektu marraztu dituzte. Orain, enpresa-ideia horiek martxan jartzea izango dute erronka nagusiena, eta ondo bidean, eskualdean ekimen berriak jendarteratzeko balioko dute.

Ekintzailetasun sozialaren “aterkia”

Ekintzailetasun sozialaren inguruko teorizazioak ez dira herenegungoak. 90eko hamarkadan zenbait adituk gai horien inguruan azterlanak publikatu zituzten eta ekintzaile sozialak biltzen dituzten Ashoka moduko mundu sareak hedatzen hasi ziren. Garai haietan, esaterako, Jimmy Wales finantzariak ezagutza kolaboratiboan oinarritutako kode irekiko entziklopedia sortu zuen: Wikipedia.

Bistan da “ekintzailetasun soziala” kontzeptua definitzeko orduan gaur egun ez dagoela adostasunik. Kanpandegiren iritziz sentsibilitate ezberdinak biltzen dituen “aterkia” da: “Badira ‘sozial’ hori soilik marketing estrategia gisa erabiltzen dutenak; gure abiapuntua beste bat da eta ‘ekintzailetasun soziala’ gaur egun bizi ditugun gizarte erronken baitan kokatzen dugu, besteak beste erronka energetiko-anbientala eta gizarte orekatu eta justuagorako premia”.

Marko teoriko horretan guztian sakontzeko jende askoren esperientziak eta hausnarketak ezagutu ahal izan dituzte Bergarako ikasleek –denera 18 hizlari izan dira–. Horietako askoren iritziak programaren blogean (berrekinberregin.org) daude entzungai. 

Kanpoko bisitak ere izan dituzte programan. Berrikuntza sozialaren bueltan Katalunian aitzindari diren Xarxa d’Economia Solidàriako Ruben Suriñachek eta EstArter-eko Alvaro Porrok erakunde komunitarioek herrialde hartan duten eragina azaldu dute: “Esperimentaziorako espazioak dira, jendearen beharrak beste modu batean asetzeko egiturak eta sistemak sortzen dituzte, eta lortu dute jendarteko geruza zabalagoetara iragaztea”, dio Suriñachek.

“Canvas soziala” erreminta gisa

Berrekin.Berregin programaren helburua enpresa edo ekimen sozialak sortzeko habeak jartzea izaki, garatu beharreko erremintei garrantzia handia eman diete Bergaran egin diren saioetan: “Ikastaroan zehar behin eta berriz azaleratu da galdera bat –dio Kanpandegik–: ekintzaletasun sozialak tresna konkretuak behar ditu ala nahikoa da ‘ohiko’ enpresa-erremintak beste zentzu batez erabiltzea?”. 

Lankiko kidearentzat seguruenik bi ikuspegiak izan litezke baliagarriak. Hala, erreminta propioak zein izan daitezkeen ezagutzeko parada izan dute parte-hartzaileek, tartean REAS (Red de Economía Solidaria) sareak sorturiko “Canvas soziala”. 

Enpresa bat martxan jarri aurretik ekintzaileek negozioaren gakoak aurreikusteko metodo erraza da Canvas delakoa. Nolabait esateko: enpresa plan bat folio malgu batera ekarria. Metodo hori, baina, ikuspegi soziala emanez moldatu daiteke, eta proiektu berriak komunitatean izan ditzakeen eragin positibo eta negatiboak identifikatu daitezke. Iratxe Atxa Saiolan Enpresa eta Berrikuntza Zentroko kidea da: “Canvasa erreminta sinoptiko bat da, modu oso batez ikus daitezke enpresa aktibitate berri baten gakoak. Noiz erabili? Ideia zirriborro bat besterik ez dugunean; proiektua ondo landuta edukirik ere, laburrean aurkeztu nahi dugunean; edota jada martxan dagoen enpresa batek aberastasuna zein modutan sortzen duen zalantzan jarri nahi dugunean”.

Atxaren esanetan proiektu hasi berriei bete ezin duten epe motzeko bideragarritasun ekonomikoa exigitzen zaie askotan, kontutan eduki gabe hastapen horretan sortzen duten “aberastasun soziala”.

Bergarako programatik atera diren ideiak proiektu ekintzaileak eta sozialki jasangarriak izateko hazia jarrita dago, orain Kanpandegiren ustez, herri mugimenduak eta administrazio publikoa ondoan dituztela sentitu behar dute. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude