La Engaña tunela: burdinbiderik gabeko trenbidea

  • Alferrikako tren azpiegiturak ez dira atzo goizeko kontua, eta Espainiako trenbide sarea abandonatutako zatiz josita dago. Horien adibiderik larrienetakoa Euskal Herritik gertu daukagu, Kantabriako Pas haranean. Kantauriar mendilerroa alderik alde zeharkatzen duen La Engaña tunela eraikitzeko 17 urte eta milaka langile behar izan ziren, tartean preso politikoak. Guztiak ere alfer-alferrik, sekula ez baita bertatik trenik igaro.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pas haraneko bihotzean, Kantabrian, Vega de Pas herria aurki dezakegu, ikuskizun txundigarria osatzen duten mendi malkartsuz inguratuta. Herritik kilometro gutxira, 1.153 metroko horma berde eta grisa nabarmentzen da: Estacas de Trueba mendatea da, Kantabria eta Burgosko lurraldeak banatzen dituen muga naturala.

Handik Burgosera doan errepidea hartuta, mamu erraldoi bat agertuko zaigu bidearen eskumatara, bailararen beste aldean: hiru solairuko eraikin horixka, mendiari atxikitako porlanezko balkoi baten gainean eraikita. 50 urtean trenik ikusi ez duen Yerako tren geltokiaren hondarrak dira.

Denbora izanez gero, merezi du autoa geltoki ondoan utzi eta bertatik abiatzen den bideari oinez jarraitzea. Lau tunel txiki eta 40 bat minutu pasatuta, barrenetik hats izoztu eta umela darion zulotzarrera iritsiko gara. Harri landuzko kartel batek harro-harro iragartzen duenez, La Engaña tunelean gaude, Kantabria eta Burgos mendi azpitik lotzen dituen 6.976 metroko zuloan.

Santanderretik Mediterraneora

Yerako geltokia eta tunelaren beste aldean, Pedrosa de Valdeporres herrian dagoena lotzen dituen trenbidea Santander (Kantabria) eta Sagunto (Valentzia) portuak lotu behar zituen Santander-Mediterraneo trenbide-ardatz erraldoiaren zati bat besterik ez da.

Hainbat gorabeheraren ondoren, 1925ean hasi ziren Santander-Mediterraneo trenbidea eraikitzeko obrak, Primo de Rivera diktadorearen agintepean, Bizkaiko Golkoa eta Mediterraneoaren arteko komertzioa bizkortzeko asmoz.

Errepublikak ere aurrera jarraitu zuen lanekin, baina zatirik konplexueneko lanak atzeratuz joan ziren aurrekontua tarteko, Gerra Zibilak proiektu osoa erabat gerarazi zuen arte. Gerra amaituta, Francoren diktadurak Burgos eta Kantabria lotzeko lanari ekin zion. 6.976 metroko tunela  erregimenaren propaganda tresna izugarria izan zitekeen, baita Santanderri eman nahi zitzaion “Gaztelako portu” izaera finkatzeko bide aparta ere.

Presoen lana

Lanak 1941ean hasi ziren, diktadurak Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresarentzako lan egitera behartutako preso errepublikarren eskutik. Andaluzia, Extremadura eta Cuencatik bidalitako 560 preso jarri zituzten lanean, tunela Burgos aldetik irekitzen. Baina langileen kualifikazio ezak, bitarteko eskasek eta muturreko baldintza fisikoek infernua bilakatu zuten proiektua. Aurreikuspenen arabera 52 hilabeteko lana zena 19 urtez luzatu zen: 17 tunela bera egiteko, eta beste bi ibilbideko bi geltokiak eraiki eta burdinbiderako lur-berdinketa osatzeko.

1945ean Francok indultua eman zien presoei, eta horrek gauzak okertu zituen enpresarentzat. Lanen erritmo motelak oso kalteturik zituen ABCren aurrekontuak, eta langile libreak kontratatu behar izateak estu eta larri utzi zuen. 1950erako 500 metro baino ez zituzten zabalik, eta lanak erabat geldituta likidezia faltagatik. Diktadurak Portoles y Cia enpresari eskualdatu zion enkargua. Enpresa berriak estatu osoko langileak kontratatu eta biziki azkartu zuen lana: eguneko metro erdi zulatzetik, hiru metrora pasatu zen.

Bertan behera

Hala ere, bederatzi urte pasatu ziren tunela hegoaldetik eta iparraldetik zulatzen ari ziren bi lan taldeek topo egin arte, 1959ko apirilaren 26an. Erregimenak azkar egin nahi zuen inaugurazioa, eta maiatzaren 1erako iragarri zuen. Bezperan, hala ere, sabaitik jausitako harlauza batek langile bat hil zuen, eta astebete atzeratu zuten ekitaldia, maiatzaren 8ra arte.

Harrezkero, zurrumurrua baino gehiago zen trenbidea bertan behera geratuko zela. Ekitaldiko otorduan, Portoles berak zein Santander eta Burgoseko gobernadore zibilek estututa,  trenbideetako zuzendari nagusiak, Lorenzo Ochandok, Santander-Mediterraneo linea erabat osorik gauzatuko zela hitz eman zuen jendaurrean, “nazioaren egoera ekonomikoa dela eta, denok nahi genukeena baino astiroago bada ere”.

Maiatza amaierarako, Francoren gobernuak hartua zuen linea bertan behera uzteko erabakia, arrazoi ekonomikoak tarteko. 31 kilometro baino ez ziren falta Yerako geltokia Saron herriarekin lotu eta 700 kilometroko linea ixteko. Iparralderantz, Santanderreraino, luzatzen zen zatia eginda  zegoen jadanik, baita hegoaldetik Dosante (Burgos) eta Calatayud (Zaragoza) lotzen zituena ere, handik Saguntorekin lotzeko.

Tunela amaitu arren, La Engaña inguruko lanak 1961era arte luzatu ziren. Ordurako jakina zen bertatik ez zela trenik pasatuko, eta horregatik ez zen ez burdinbiderik, ez seinalerik instalatu. Hantxe geratu ziren, alfer-alferrik, bi geltoki ederrak, tunel handia eta lau txikiagoak, langileen herrixkak eta lanean hildakoen bizitzak. Harri jausiek, txarto kontrolatutako eztandek eta muturreko bizi baldintzek 16 langile akabatu zituen Portoles y Ciaren garaian. Presoak lanean zebiltzaneko datu zehatzik ez dago. Ezta lanak amaitu eta urteetara birikietako gaitzek jota hildakoei buruz ere. Tunela bera ere hiltzen hasia dela esan daiteke: 1999an, kupularen zati handi bat behera jausi zen Burgoseko sarreratik hurbil, eta harez geroztik beste hainbat zati ere eroriz joan dira.

Etorkizuna

1980ko hamarkadan, Espainiako gobernu sozialistak erabat deuseztu zuen Santander-Mediterraneo linea osoa, artean martxan zeuden tarteak ere. Tunelean zehar errepidea egiteko aukera ere guztiz baztertu da, gehiegizko inbertsioa litzatekeelako oso trafiko urria eta bide nagusiekin lotzeko aukerarik ez duen tarte txiki baterako.

Azken hileotan, Kantabriako gobernuak iragarri du turismo gunea eraiki nahi duela Yerako geltokiaren inguruan: teleferiko ikusgarri bat, geltokitik Estacas de Trueba mendatera igoko litzatekeena eta handik, harana zintzilika zeharkatuz, parean dagoen Castro Valnera gailurrera eramango lukeena. Denborak esango du, baina 50 urte pasako eskarmentuaren ondoren, bertako jendea eszeptiko samarra da inguru hura berreskuratzeko enegarren promesaren aurrean.


Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude